maiatza 30 18

Pita Amorren zoro ederra

Ehun urte maiatzaren 30 honetan, edo ehun eta bat (1917an jaio ote zen ere ez omen da segurua) Pita Amor, poeta izan zitekeenik inork espero ez zuen emakume eder, nartziso, lotsagaldua jaio zela mailadi sozialean gainbehera zetorren aristokraziako familia batean. Hala ere etxepe hartan Rivera eta Siqueiros bezalako artistek erakusten zituzten beren oihalak. Riverak, hain zuzen, Amorren biluzi bat margotu zuen. Maite zuen biluzia Pita Amorrek, azpikorik gabe jantzi ohi zen eta are gainekorik gabe ere, parranda gauetan. Artisten eta intelektualen musa bihurtu zen. Lainezan bizi zen ume liluragarri haren eskandaluen gorienean, Neu dut etxe azaldu zen (Yo soy mi casa, 1946). Ezin sinetsikoa. Nondik poema haiek? Alfonso Reyesek eta Xavier Villaurrutiak, besteak beste, bazekiten Pitaren idazteko premiaz. Paper soltetan, ezpain-lapitzarekin badere. Haiek lagundu zioten idatzitakoari koherentzia ematen liburuan. Publikoaren harridura ulergarria da: gorputzaren plazeretan bizi zen hark itomenak zeuzkan, kezka existentzialak, panpinak ezereza eta errautsa hartzen zituen gai… Eta zehatz idazten zuen, sakon idazten zuen, hitzak ankerki hautatuz. Pitaren iloba den Elena Poniatowskak esana du perfektuak direla haren sonetoak. Gorputza biluzten zuen bezala biluzi zuen arima, eta emakumearen sexu askatasunaren sinboloak dimentsio berri bat hartu zuen. Emankorra, Pitaren zoroa. Hona haren zazpi poema.

Agenda

Efemerideak

Kritikak