Paco Urondoren poemak
Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat izan zen Paco Urondo idazle eta ekintzaile politikoa; kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituena. “Trelewko masakrea” deritzona kontatu zuen La patria fusilada liburuan, fusilamendutik bizirik atera ziren hiru kideei espetxean egindako elkarrizketan oinarrituta. Militante montoneroa, bera ere espetxean egona, beste askok legez errepresioaren gordina jasan zuen —bera eta bere bikotekidea hil zituzten, eta alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi—. “Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen, baina ez zioten baimenik eman: Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondo poeta, 46 urte zituela. Euskaraz irakur daiteke haren lanaren lagin bat: Jose Luis Otamendik euskarari ekarri zizkion zortzi poema 2016an, eta 2020an 14 poema Josu Jimenez Maiak.