Ots
02
17
Hogeita bost antzerki obra idatzi zituen Ugo Betti italiarrak 1926-1953 urte bitartean, bi hauek ezagunenak: Corruzione al Palazzo di Giustizia (1944) eta Delitto all’isola delle capre (1946). Bigarren hori euskaratu zuen Gabriel Arestik, baina ez dakigu zehazki noiz; makinaz jotako kopia Gabi del Moralengandik eskuratu zuen Karmelo Landak, eta Susak plazaratu zuen 1986an. Ugo Betti jaio zela 125 urte beteko direnez otsailaren 4an, Arestik itzulirik Ahuntz-herriko bidegabea antzezlana eskaintzen dizugu sarean. Misterio honekin hasten da: etxalde bakarti batean hiru emakumezko bizi dira, haietako bat alarguna; halako batean gizonezko arrotz bat iritsi da urrundik, esanez duela bost urte hil zen Henriko irakaslea ezagutu zuela preso zeudenean, eta haren azken hitzak eta mandatu bat jaso zituela alargunarentzat.
Urt
25
17
Ez gatoz idazle bakoitzarentzat kale edo enparantza bana eskatzera, gaur ez behintzat. Aspaldiko liburu bat dakargu sarera, 1975ean Kriselu bilduman argitaratutako saiakera labur bat, Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, non Ibon Sarasolak bizi-bizi aztertu zituen Txillardegiren lehen hiru eleberriak eta Saizarbitoriaren aurrenekoa: Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Peru Leartzako (1960), Elsa Sheelen (1969) eta Egunero hasten delako (1969). Irakurleentzat gida moduan balio zezan plazaratu zen saiakera hau duela berrogei urte, baina bistan da Ibonek iritzia eman ere nahi zuela, 1969an argitaratutako bi nobeletatik Saizarbitoriarena goraipatzearren, ez baitzitzaion bidezkoa iruditu izan zituen “kritika negatiboak”.
Urt
20
17
Errealitateari eta existentziari so egiten dion idazlea da David Tijero, poesiara hurbildutakoa “inguruak eragiten diona deskribatzera”. Baina ingurukoa behatzean bere barne mundua kanporatzeko ere baliatzen ditu poemak. Molde narratiboan gehienetan, barnekoari bezala kanpokoari begi zoliz erreparatzen dio. 2001ean Kutxa saria irabazitako Dendako leihotik eta Birmingham etxearekin 2007an kaleratutako Porroten bilduma, Pasaia hiria saria irabazitakoa, eslaintzen dizkizuegu, Tijeroren mundu poetikoaren erakusgarri.
Urt
12
17
2002ko urtarrilean abiatu genituen Literatur Emailuak, oraintxe 15 urte. Ostegunero emailez bidaltzeko astekari elektroniko bezala hasi zen asmoa, alde batetik gure literaturaren dinamismoaren berri emateko (agenda baten bitartez) eta bestetik albiste laburrak zabaltzeko: dela zerbait historikoa (efemeridea), dela liburuen digitalizazioa, dela testu literarioaren itzulpena… Gaurdaino egindako 780 Literatur Emailuez sortu diren edukiak Armiarma atariko web ezberdinetan gorde ditugu: Zubitegia, Euskarari Ekarriak, Klasikoen Gordailua, eta abar. Literatur Emailu edo albistegi hauek beren bloga dute, etenik gabe osatzen dena astero. Eskerrik asko hamabost urteotan lagundu diguzuen guztiei. Harpidetu nahi izanez gero, klik egin hemen.
Urt
10
17
1957ko urtarrilaren 10ean hil zen Gabriela Mistral idazle txiletarra. Hispanoamerikako literaturgintzako izen handietariko bat —gaztelaniaren lehen Nobel saria, emakumezkoa— hezkuntza alorrean hasiera batean eta bere herriaren ordezkari diplomatiko gisa jardun zuen, baina literatur lanari emana gaztetandik. Poesia intimoa da berea, sentimenduek hartzen dutena, musikaltasun handikoa, neurtuan egina gehienetan. Olerti eta Egan aldizkarietan lehen ere euskarara ekarria (Etxaniz, Onaindia, Aresti), haren heriotzaren 60. urteurrena den honetan Josu Landak euskaraturiko sei poema dakartzagu.
Urt
07
17
Urtarrilaren 16tik 22ra egingo dira nobela beltzari buruzko (H)ilbeltza jardunaldiak Baztanen. Patxi Larrionen Feriatzaileak nobelaren inguruko solasaldiaren abiatuko dira, eta astean barrena hitzaldiak, mahai-inguruak, irakurraldiak eta liburu aurkezpenak izango dituzte. Arreta berezia eskainiko diete Gotzon Garateren nobela beltzei, aurten beteko dira-eta 40 urte Esku leuna eta Elizondoko eskutitza argitaratu zirela: “Esku leuna Azpeitiko Enparangain baserrian bukatu nuen, gero Elizondoko eskutitzak Amaiurko Iriartea baserrian”, kontatu zuen Gotzon Garatek.
Urt
05
17
Ehun urte bete dira urtarrilaren 5ean “Gizakietan espezie bakarra dago” deklaratu zuen gizakia jaio zela. Begi bistako baieztapena dirudi, baina Buchenwalden, Gandersheimen eta Dachaun jasan zuenaren ondorioa zen Robert Antelmeren esana, eta Primo Leviren Hau gizon bat bada (Alberdania, 2001) lanaren mailan kokatu beharreko lekukotzaz haratagoko hausnarketan frogatu zuen (L’espèce humaine, 1947). “SSkoek erakutsi nahi izan dute espezie goren batekoak direla, eta hori frogatu beharrez erakutsi dute borreroak zein biktimak espezie batekoak garela”. Egia jasanezin honek agerian uzten du deportatuaren helburua: krimenaren berri ematearren bizirautea ez baina bizitzea, botereak hala erabakitako bizitza “heriotzaren aurka zuhurki borrokatuz”. Horrela da gizakia gizaki. Robert Antelmek erresistentzian jardun zuen, baja eman zuen PCFn 1950ean Sobiet Batasuneko gulag sistema ezin onartuz, intsumisioaren eskubidea aldarrikatu zuen Aljeriako gerran 1960an, De Gaulleren aurka eta manifestarien alde agertu zen 1968an. Nobelagintzarako proiektu batzuk zeuzkan arren nahiago izan zuen liburu bakarreko egile iraun. Suntsimendu eremuetako errealitatea profanatzea iruditu zitzaion fikzioa baliatzea. Gizakiaren espeziea izendatu dugun liburu bakan, sakon eta durduzagarri horren zati bat euskaratu dugu idazle izugarri bezain diskretu honen omenez.
Urt
02
17
2017ko urtarrilaren 2an, urtea hasi berri, hil da John Berger, “begi gainean izarak zabalduta, lekutu da mundutik”. 1926an Londresen jaioa, margolari izana eta arte kritikari zorrotza, idazletzari lotu zitzaion ondoren eta obra oparoa eskaini. Into their Labours trilogiak oihartzun handia izan zuen, lurra eta hura bizi dutenen kantu gordin eta ederra, baina haren obra osoa da azpimarratzekoa. Narratibaz gain, saiakera landu zuen —arte eta estetikaren alorrean bereziki, begiradaren munduan— eta baita poesia ere. Haren heriotzan, Iñigo Aranbarrik euskararatutako hamar poema eta ipuin bat eskaintzen dizkizuegu.
Abe
29
16
Gaur aurkeztuko da Iruñean Joxemiel Bidadorren Klasiko bitxi, arront klasiko (Pamiela) bilduma. Ezaguna genuen Arrotxapeakoak sortzaile eta ikerlari gisa egindako lana, gaurkoan Bidador itzultzaile dakargu emailuetara. Aipatu liburu hori apailatzeko xerka Juan Ramon Jimenez poeta espainiarraren Barne-gaiazko animalia itzulpena ageri baitzen. Moguerrekoaren hondar lan honetan olerkaria eta olerkia bat eginik ageri zaizkigu, adimena inspirazioaren zerbitzuan jarririk. Nobel sariak poesia ukiezina eta trinkoa darabilkigu. Bidadorren itzulpena pasa den mendearen akaberakoa duzue. Arront klasiko bat klasiko bitxi baten eskutik.
Abe
27
16
80 urte bete dira abenduaren 27an Santu Casanova, korsikera idatziaren aita, hil zela. Frantziak 1769an inbaditu zuenetik, frantsesteak zekarren akulturazioari aurre egitearren, Italia aldera begira jarria zen Korsika. Hurbiltze honek bazuen arriskurik kulturan hala ere, italieraren dialektotzat baitzeukaten intelektual eta politiko italiar askok korsikera. Horretatik Europako konstituziorik aurreratuena izan zuen nazio txikia probintzia bihurtzera, pauso erraza zen. Santu Casanovak ordea, Italiazale izateari utzi gabe — Mussoliniren garaian italiarregia ere izan zela esan genezake—, hizkuntza bereiz eta berezkoa zuela Korsikak frogatu zuen praktikan: ortografia bat egokitu zion, eta idatzi egin zuen: poemak, ipuinak, artikuluak. A Tramuntanella, Fresca e Zitella aldizkaria argitaratu zuen 1889an, A tramuntana, Fresca e Sana bihurtuko zena 1896an. Bertan hasi zen idazten hainbat idazle gazte. Korsikera hutsean ateratako lehen aldizkari honek 1914 arte iraun zuen, eta luzeago iraungo zuen gerra sortu izan ez balute: aldizkaria politikoa eta satirikoa zen, inmorala eta antiabertzalea zatekeen Frantziako buruzagientzat. Primavera Corsa (1927), narrazio laburrak, eta Fiori di Cirnu (1930), poemak dira Casanovaren bildumarik ezagunenak. Azken honetako Negua Korsikan (L’Invernu in Corsica) eskaintzen dizuegu korsikar handi honen omenez.
Abe
20
16
Etxe oneko semea izanik, Leopold Sedar Senghorrek bide luzea egin ahal izan zuen ikasketetan, Afrikan aurrena, Europan gero. Parisen Revue du monde noir aldizkariko intelektualen ezagutza egin zuen, eta luze gabe sortu zuen L’Etudiant noir, afrikarrak zein antilarrak batzen zituena, Birago Diop eta Aime Cesaire besteak beste. Leo Frobenius etnologo alemanaren lanak irakurriz, afrikartasunaren ikuspegi liriko bat deskubritu zuten. Huraxe izango zen “negritude” kontzeptuaren oinarria, negrotasunaren abiapuntua. Presondegia pairatu zuen II. Mundu Gerlan. Itsasoaz Haraindiko Frantziaren Administrazio Eskolan hartu zuten irakasle 1945ean, eta han hasi zuen karrera politikoa: Senegal eskualdeko diputatua 1959 arte, eta Senegalgo Errepublikako lehendakaria 1960tik 1980ra. Bitarte honetan garrantzi bereziko poetika bat eraiki zuen, negrotasunaren erreferentzia nagusietakoa. Frankofoniaren eta mestizaiaren ideologoa, Senghorrek funtsezko lekua hartzen du mundu beltza zeharkatzen duten estrategia desberdinetan. Indar kontrajarrion argigarri eskaintzen dizkizuegu Leopold Sedar Senghor afrikarren ikuspegitik eta Leopold Sedar Senghor europarren ikuspegitik izendatu ditugun artikuluak.
Abe
16
16
Abenduaren 21ean izanen denez Giovanni Boccaccio italiarraren heriotzaren urteurrena, aproposa iruditu zaigu Dekamerona idatzi zuenari (eta han euskaldunak 70 eta 83 eta 89. ipuinetan aipatu zituenari) gorazarre egitea, sarean eskainiz Gabriel Arestik egindako itzulpena: Boccaccioren Dekamerone tipi bat, 1979an argitaratua. Joseba Sarrionandiak Anaitasuna aldizkarian liburu honi buruz jardun zuen 1980an, artikulu bat urtarrilean eta beste bat otsailean: “Ehun kontuk osotzen dute Dekameronea, guztiak tematika mugatu baten inguruan: fortuna, amodioa eta zuhurtziari buruz. Gabriel Arestik hautapen bat egin zuen itzulpenerako, 15 ipuin aukeraturik; erran behar da arras egokia dela hautapena. Amodioari buruzkoak dira gehienak eta egitura miresgarriz osatuak batzuk. Deabrua infernuan nola sar deritzana esate baterako antologikoa da, eta baita ere Purgatorioko anima benedikatu bat. Atsegina da itzulpena, lapurtera klasikoaren kultismo eta xarma dario ipuin guztietan zehar, baina ez du kultismo honek edertasuna deuseztatzen, aitzitik, zentzu berri bat eta irakurketa berri bat posibilitatzen baitu”. Bestalde, 1965ean Egan aldizkarian, Dekameroneko Hiru eraztunak ipuina euskaratu zuen Bingen Ametzagak, hau ere sarean irakurtzen ahal duzuna.
Abe
09
16
Gaur, 2016ko abenduak 9 dituela, ehun urte betetzen dira Natsume Soseki hil zela. Urte osoa dute Sosekiri eskainia japoniarrek kazetetan, telebistan, museoetan, eta omenaldia ez da aurten amaituko, heldu den urtean ehun eta berrogeita hamar urte izango baitira jaio zela. Soseki, balio literarioaz gain, Japoniak Meiji aldian (1868-1912) bizi izan zuen mendebaldetartzearen sinboloa dugu: 1900ean Europara jo zuen bere ingelesa sakontzeko, eta bertan bizi izan zen bi urteetan, Oxford eta Cambridgen saiatu gabe, irakasle partikular batekin jardun zuen Shakespeare ikasten. Aldi berean, Londres leku exotiko bat egin zitzaion, jende erraldoiz betea, emaztekiek lehoi adardunak ziruditela beren orrazkera eta kapelu bereziekin, lainoa nork bere burua bilatzera behartzen zuen itsumena… Mundu hark indibidualismora lerratu zuen, eta ikuspegi kritiko bat hartu zuen ez Europaz, Japoniaz baizik. Satiragile ingelesak ikertu zituen, Jonathan Swift eta Laurence Sterne bereziki, eta haien lanetan aurkitu zuen haikuak ez ezik, ipuinak eta nobelak idazteko ildoa. Horrela bihurtu zen Japoniako literatura modernoaren idazlerik handienetako bat. Esandakoaren adibide Gizakia izeneko satira eskaintzen dizuegu, frantsesetik ekarria.
Aza
30
16
Barrenkale-ko 43-44-45 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua, Koldo Izagirreren Franco hil zuten egunak, Patxi Larrionen Feriatzaileak eta Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguezen Borroka armatua eta kartzelak dira udazkenean argitaratu berri ditugun liburuak, Munduko Poesia Kaiera hauekin batera: Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holub. Udaberrian plazaratu genituen: Jon Alonsoren Beltzaren koloreak, Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil, Pako Aristiren Arrotz eta eder, eta Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celan kaierak. Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuenei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen.
Aza
28
16
2016ko azaroaren 24an hil zen, 96 urte zituela, Marcos Ana poeta. Idazle ez ezik ekintzaile politiko izan zenak, komunista, 1939an kartzelatua, 23 urte eman zituen Espainiako frankismopeko kartzeletan, urte gehien espetxeratuta egin zituen preso politikoa bihurtuz. Haren ibilibideari ezibestean lotua, “lubaki-poesia” deitu izan diote Marcos Anarenari. Haren heriotza kari, Iñigo Aranbarrik euskaratutako zenbait poema eskaintzen dizkizuegu.