Aza 23 16

Elkarrekin esnatzeko ordua

Kirmen Uriberen nobela berriak egiazko gertakariak eta pertsonaiak dakartza: Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistentzia politikoa. Klandestinitatea, espioitza, tortura, kartzela, exilioa… XX. mendeko gure historiaren 50 urte lazgarriren kontakizuna egiten du. Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak. Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen Letamendi-Urresti senar-emazteek Caracasera ihes egin zuten, baina Agirre lehendakariaren agindu batek atzera bueltan ekarri zituen Bilbora 1943an, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzera. Elkarrekin esnatzeko ordua nobela osorik eskaintzen dizugu sarean.

Aza 22 16

Jack Londonen Bizi nahi

Gaur 100 urte, 1916ko azaroaren 22an hil zen Jack London. Idazle oparoa, zabalkunde handia izan du haren obrak, gehienbat abentura generokoak, baina idazlearen konpromiso sozial eta politikoa ere ageri da haren lanetan. Euskarara hainbat lan itzuli izan dira, horien artean Bizi nahi, gaur hemen eskaintzen dizueguna, Gillermo Etxeberriak euskaratu eta Hordago etxearen Tximista sailean plazaratua. Nadezhda Krupskaia iraultzaileak idatzia utzi zuenez, ipuin horixe irakurri zion hil-hurran zen Lenini hau zendu baino egun pare bat lehenago.

Aza 17 16

Franco hil zuten egunak

Bederatzi narrazio mardulek osatzen dute Koldo Izagirreren ipuin liburu berria: Franco hil zuten egunak. Denak 1975 urte inguruan kokatuak, denak garai politiko eta ekonomiko berezian girotuak: maiatzaren leheneko ekitaldi debekatua, manifestazioan tirokatutako mutila, Saharan soldadutza egiten ari diren euskaldunak, futboleko atezainaren doluzko xingola beltza, propaganda klandestinoa darabilen neskaren atxiloketa, diktadorearen heriotza eguneko bizipenak herrian, generalisimoaren monumentuaren eraistea… Francok behin eta berriz hil behar izan zuen egun zoragarri haiek ekarri ditu Koldok, emendatuz Basques’ Harbour-eko kontakizunen bilduma. Bederatzi narrazioak osorik eskaintzen dizkizugu sarean.

Aza 16 16

Antonio Arrue euskal umoreaz

Berrogei urte azaroaren 16an Asteasuko Beltza esaten zioten Antonio Arrue hil zela. Beltzean eskas ordea, liberala ez baina Francoren diktaduraren aldeko karlista amorratu haietakoa baikenuen. Hala ere, txapela batekin bi buru estaltzeko trebetasuna aitortu behar zaio Arrueri: buruetatik bat frankista zuen, bestea euskalduna. Kontrakarrekoa dirudi euskaldun kultu batentzat, garatu ezin zitekeen esparruan nahi baitzuen frankismoak euskara: familian, folklorean, ahozkoan, erlijioan. Arrueren figura ederki kokatua dute Joan Mari Torrealdaik eta Pako Sudupek, eta bion lanetatik atera genezake infiltratuarena egin zuela nolabait euskalgintzan. Agente onek bezala, jakin izan zuen euskaltzale antifrankistak ere xarmatzen, goi samarreko kontaktuei esker bilerak egiteko, liburuak zein aldizkariak argitaratzeko eta bertsolari txapelketak antolatzeko baimenak lortzen zituenez. Mesedeak eginik botere bat erakusten zuen, eta botere nabarmen horrek autozentsura eragiten zuen mesede premian ziren idazle eta euskaltzaleen artean, baita epaimahaiko izaten zen txapelketetan kantatu behar zuten bertsolarien artean ere. Noiz edo noiz mehatxu egiten omen zuen «Oraindik ez dugu orrazi estua pasa!» esanez. Idazle bezala, gaztelaniaz jardun zuen euskal gaiez, eta euskaraz gastronomia eta autore zaharrak aipu zituela. Hori dena egia izanik, belzkeriak egiten omen zituen abokatu honen Euskal umoreaz artikulua eskaintzen dizuegu, non antifrankista sutsu askok erakutsiko zutena baino espiritu zabalagoa duen agertzen… Taktikoki? Bi buruen arteko borrokan? Luis Villasantek, H-zale gorrietara saldua omen zegoen Euskaltzaindiko buru frantziskotarrak, nekrologikan: “Lagunduko ahal digu orain ere zerutik!”. Zerua irabazi zuenentz, ordea, ez da inoiz segurtatu ahal izango: agente doblearen patua izan zuen Antonio Arruek, zeruko infernutarra eta infernuko zerutarra dugu aldi berean.

Aza 11 16

Mattin, Mari Trekuk kontatua

Gaur ehun urte jaio zen Mattin Treku, Mattin bertsolari eta idazlea Ahetzen. Haren efemeride egunean, baina, hura baino idazleago zen Mari Trekuren lana gogorarazi nahi dugu, haren emaztearena. Senpertarra, Herria aldizkarirako Ahetzeko kronikak eta irrati kolaborazioak egiten zituen Mari Olandegik, eta senarraren biografia idatzi zuen, Mattin, nere gizona, osorik eskaintzen dizueguna.

Aza 07 16

Cecilia Meirelesen hamar poema

115 urte beteko dira azaroaren 7an Brasilgo literatura modernoan zigilu pertsonalenetako bat utzi zuen Cecilia Meireles jaio zela. Guraso biak oso umetan galdu zituen, eta gazterik hil zitzaion lehen senarra. Zorigaitz horietan bakardaderako  eta introspekziorako joera hartu zuen, gerora poemagintzan garatuko zituen ildoak. Bizitzarekiko jarrera patxadakoa da bere poesiaren ezaugarri nagusia, oihurik eta saminik gabea, fatalismorik ez daukan igarotze batean. Espectros (1919), Nunca mais e… poema dos poemas (1923), Baladas para El-Rei (1925) sinbolismoaren barruan kokatu ohi diren poema intimistez osatuak dira, eta Romanceiro da Inconfidência (1953), historiaren ikerketa poetikoz. Cecilia Meireles sinadura finkoa izan zen hainbat egunkari eta aldizkaritan. Artikuluotan kronikari bezala nabarmendu zen oroz gain, lehen ustean jenero horretan ezinezkoa den intimismoa landuz. Bizitza hezkuntzaren hedapenean eta hobekuntzan eman zuen. Hizlari ere ibili zen munduan barrena Brasilgo literatura ezagutarazten. Hemen dituzu haren hamar poema.

Aza 03 16

Euskal literaturaz Bartzelonan

Azaroan hasi eta 2017ko maiatza bitartean, Bartzelonako Biblioteca Esquerra de l’Eixample-n euskal literatur liburuez jardungo dute katalanez, hilero laugarren asteartean arratsaldeko 19:00etan. Liburu hauek izango dituzte mintzagai: Bernardo Atxagaren Zeru horiek azaroan, Itxaro Bordaren %100 basque abenduan, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat urtarrilean, Karmele Jaioren Amaren eskuak otsailean, Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion martxoan, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur apirilean eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik maiatzean.

Aza 01 16

Galiziako itsasotik poemak

Itsaso guztiak, itsaso bera izenburuarekin, lau poeta galiziarren lana ezagutzeko aukera izan da Ondarroan Literatur Amuak jardunaldien baitan. Iñigo Astizek euskaratuta, Galizaleak elkartearen ekimenez, lehen ere euskaraz irakur genezakeen Arsenio Iglesias Pazosez gain, Rosalia Fernadez Rial, Estevo Creus eta Eduardo Estevez ezagutu ahal izan ditugu. Hemen duzue bakoitzaren poema sorta bat, irakurgai.

Urr 27 16

Suheir Hammaden poemak eta promesa

Herria utzi behar izan duten guraso errefuxiatu palestinarren urari Brooklingo kaleetako iturrikoa gehituta, Suheir Hammad poeta palestinar-estatubatuarraren poemen emariaren indarra ulertzen errazagoa da. “Nora doaz errefuxiatuen bihotzak?” galdetzen du Hammadek, zapalkuntzaren aurka kantatzen duela: emakumearen zapalkuntza, Palestinaren zapalkuntza, inperioen larderia… Hip-hop erritmoen doinura hazia,  idatzi bezainbeste poemak esan egiten ditu, poemen aldarri egiten du Suheir Hammadek. Bi poema eta promesa bat, horiek dira Armiarmara eta euskarari Iñigo Aranbarrik ekarri dizkionak.

Urr 24 16

Miroslav Holuben poema antologia

Agian ez dira erraz uztartzekoak zientzia eta poesia, bataren arrazoimena eta bestearen sentsibilitatea. Hemen duzu adibide bat: Miroslav Holub (1923-1998), zientzilari inmunologoa. Nazioartean ezagunena den poeta txekiarra duzu, munduko 30 hizkuntza baino gehiagotara itzulia. Munduko Poesia Kaierak bildumarako Karlos Cidek atondu eta euskaratu du antologia bat. “Zientifikoen artean beti ezkutatzen dut poesia idazten dudala”, esan ohi zuen, “zientifikoek maiz ez baitute batere konfidantzarik poetenganako, arduragabeak irudituta”. Holubek eguneroko bizimoduko mintzaira konbinatzen du hizkuntza zientifikoarekin, eta beti da ironikoa errealitateari begiratzeko orduan, stalinismoaren garaiko gizartearen agerpena egiten duenez gero.

Urr 20 16

Mallarme lehen aldiz euskaraz

Josu Landaren itzulpenari esker, Stephane Mallarme (1842-1898) poeta frantsesaren obraren antologia bat badaukagu euskaraz, Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratua. Poesiaren historiako handienetako bat da Mallarme, XIX. mendeko gailurra eta geroko abangoardien aurrekaria. Sinbolismoa gainditu eta inpresionismoaren hastapena abiatu zuen. Sintaxi esperimentala, erritmoaren zentzu aparta, sonoritatearen lilura, hitzek sortzen dituzten efektuak eta sentipenak, irudi txundigarriak… dira haren poetikaren ardatzak eta helburuak. Horregatik dira konplexuak Mallarmeren lanak. Dado Kolpe batek sekula ez du abolituko Zoria (1897) da ziur aski pieza harrigarriena. Fauno baten arratsaldea (1865) poeman oinarritutako obra musikala konposatu zuen Debussy musikariak.

Urr 19 16

Miliauskaite poeta lituaniarraren antologia

Leire Bilbao poetak apailatu eta euskaratu du Nijole Miliauskaite (1950-2002) idazle lituaniarraren antologia Munduko Poesia Kaierak bildumarako, urriaren 25ean jendaurrean aurkezteko. Lituaniak independentzia lortu (1991) eta sobietarren garaiko zentsura bertan behera geratu zelarik hasi zen ezagun bilakatzen Miliauskaite. Haren neba preso politikoa izan zen arren (ospitale batean gatibatua), Miliauskaiteren poemak ez dira politikoak, ez behintzat zentzu hertsian, nahiz eta bai kontestuz. Itxura batean xumeak diruditen espresioak dira, erretorikarik gabeak, emakumezko baten eguneroko bizimoduaz dihardutenak, intimismo berezikoak beti, sakonean tragikoak ere badirenak. Iluntasun garaian argia, galeraren aurrean itxaropena, egoera mingarrienean edertasuna… hori da Nijole Miliauskaitek eskaini nahi izan zuena, bai proposamen estetikoz bai ideologikoz.

Urr 11 16

Mayi Pelot gogoan

Urriaren 6an hil zen Mayi Pelot idazlea Miarritzeko bere etxean. Zientzia fikziozko literaturari eskaini zizkion bi liburu Maiatz argitaletxearekin: Biharko oroitzapenak (1985) ipuinak eta Teleamarauna (1987) nobela laburra. Itxaro Bordari eta Josu Landari Susa aldizkarian eskainitako elkarrizketa batean kontatu zuen, Ray Bradbury irakurtzen zaletu zela generoan, “estetikarengatik, poesia fikzioan atxikitzen dakielako, eta mundu berri bat asmatzen”. Mayi Peloten gorazarrez, sarean osorik emana den Biharko oroitzapenak ipuin liburua irakurtzera gonbidatzen zaitugu.

Urr 08 16

Mongo Betiren Negrotasunaren hiztegia

Hamabost urte bete dira urriaren 8an sortzez Alexandre Biyidi-Awala eta idaztez Mongo Beti zena hil zitzaigula. Gurasoak lurjabe izanik, Pariseko Sorbonera jo zuen 1951n, Afrika frankofonoaren eliteek ohi bezala. Frantzian azkartu egin zen bere politizazioa, eta «panfletoak idatziz literaturan sartu nintzen», aitortu izan zuen. Kamerunera itzulirik nobelagintzari ekin zion. Le Pauvre Christ De Bomba (1956), Frantzia kolonialaren eta Eliza katolikoaren bortizkerien salaketa da, kritikaren erregarria areagotu egiten duen umore zorrotzean. Maisulantzat hartu zuten metropoliko literatur zirkuluek eta ikono bat bihurtu zen Mongo Beti. Ildo horretakoak dituen Mission Terminée (1957) eta Le Roi Miracule-k (1958) nazioarteko ospea ekarri zioten. Hala ere, bere belaunaldiari zegokion lanean murgildu zen, independentzien osteko Afrikan ezarritako neokolonialismoaren ikerketan eta kritikan. Horrek erbesteratu beharra ekarri zion, eta Frantzian jardun zuen irakasle 30 urtez. Horrela helduko zen Main Basse Sur Le Cameroun (1971), Frantzian bertan bahitu zioten saiakera, Ahidjo lehendakari kriminalekin gobernu frantsesak zeuzkan harremanak ageri zituenez. Nobelak idazteari utzi gabe, ezin konta ahala artikulu eta saiakera burutu zituen Odile Tobner emaztearen lankidetzarekin, La France contre l’Afrique (1993),  Peuples noires, peuples africains aldizkaria (1978-1991), sarean kontsultagarri, eta Dictionnaire de la Negritude (1989) besteak beste, guk Negrotasunaren Hiztegia izendatua, bost sarrera interesgarri eskaintzeko.

Urr 06 16

Lisipe bildumako lehen liburua

Zuriñe Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak idatzi dute Lisipe saiakera bildumako lehendabiziko liburua: Borroka armatua eta kartzelak. Erronka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertuko ditu Lisipe bilduma feministak, eta Jule Goikoetxea idazlea izango du editorea. Gorpuztutako historia, ohiturak eta pentsamendu markoak zalantzan jartzea du helburua, patriarkalak ez diren tresna analitikoak sortzea. Euskal Herriko gatazka armatuaren eta haren ondorioen inguruko irakurketa feminista egin dute Rodriguezek eta Etxebarrietak osorik sarean eskaintzen dizugun aurreneko liburu honetan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak