Per Denez edo jaiotzez Pierre Denis hizkuntzalari, irakasle eta idazle bretoia duela mendea jaio zen, 1921eko otsailaren 3an. Per Denezek bretoiera gaztetan bere kabuz ikasi, unibertsitatean jarraitu eta idazle garrantzitsuenetako bilakatu zen.
Gurean Jon Mirandek euskarari ekarria, 1950. urtean lehenbizi Euzko Gogoa aldizkarian eta hurrengo urtean Breizera izenburuko beste artikulu bat ere itzuli zuen. Maiatz aldizkariak ere Denezen Negro son poema argitaratu zuen 1987an. Hiru testuak batu ditugu Per Denez idazlearen mendeurrena kari.
Idazlea eta itzultzailea da Jaume Subirana (Bartzelona, 1963). Zazpi poesia liburu argitaratu ditu (Final de festa; Una pedra sura…) eta hainbat sari irabazi. Saiakerak eta “ohar liburuak” ere argitaratu ditu, aforismo, apunte eta kronikez osatuak. Billy Collins, Seamus Heaney, Ted Kooser, Berta Piñan, Gary Snyder eta Robert Louis Stevensonen lanak, besteak beste, itzuli ditu katalanera. Artifiziorik gabeko poesia da berea, bizitzan zuzen arakatzen duena. Haren hamar poema ekarri dizkio euskarari Leire Bilbao poetak.
Irakurraldia egin zuen 2020ko urtarrilean, orain urtebete, Iban Zalduak, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak izenburukoa, Koruko Heras piano-jotzaileak lagunduta. Elkar argitaletxearekin 2018an kaleratutako izen bereko ipuin liburutik bi narrazio irakurri zituen idazleak, eta baita Ipuin euskaldunak (Erein, 1999) obrako ipuin bat eta hiru ipuin argitaragabe. Herasek Aita Donostia, Eduard Pütz, Bern Alois Zimmermann, Maurice Ravel, Edith Piaf, Erik Satie, Richard Rodgers eta Lorenz Hart egileen piezak jo zituen. Hemenirakur ditzakezu orain sei narraziook.
1961eko urtarrilaren 10ean, duela 60 urte, zendu zen Dashiell Hammett. Eleberri beltzaren maisu handienetako bat, haren obrak itzal handia utzia du mundu osoko literaturan. Maltako belatza,Uzta gorria, Gizon Argala, klasikoak dira. Eta euskaraz irakur daitezke, bereziki Igela argitaletxeak eta Xabier Olarrak egindako lanari esker. Hammetten heriotzaren urteurrena dela, ilbeltz hau haren ipuin batekin epeldu nahi izan dugu: Behin bakarrik urka zaitzakete.
1896ko urtarrilaren 8an hil zen poeten printzea, Paul Verlaine. Frantziako, eta Europako, XIX. mendeko poesia ardaztu zuten mugimenduetan pisu handikoa, parnasianismoa eta sinbolismoa, bere garaiko eta bere garaiaren seme izan zen Verlaine. Charles Baudelaireren eraginpean, Poèmes saturniens-ek artearen ateak ireki zizkion, eta hala jarraitu zuen Romances sans paroles eta, neurri apalagoan, bere bizitza amaierako poemekin. LesPoètes maudits liburuak poetikaren abanguardian ere jarria, Rimbaudekiko harremanak asko markatu zuen. Garaiko musikariek (Debussy) eta pintoreek (Manet) haren poemak lan-iturri izan zituzten. Lauaxetak haren lana ezagutu eta estimatua, haren hainbat poema euskaratu zituen, eta geroztik Gabriel Aresti, Joakin Balentzia, Luigi Anselmi, Koldo Izagirre eta Hedoi Etxartek egin dute.Hemen eskaintzen dizkizugu guztiak.
Friedrich Dürrenmatt idazle alemana Suitzan jaio zen 1921eko urtarrilaren 5ean. Bere antzerki-lanek egin zuten ezagun, eta izaera existentzialistako bere polizi-eleberriek. Justizia, errua, heriotza, behin eta berriro bere lanetan ageri diren gaiak dira. Euskarara Antonio M. Labaienek ekarri zuen lehenbiziko, 1963an, Egan aldizkarian argitaratu zuen Gizona eta Kidea antzezlan laburrarekin. 1992an Ereinek argitaratu zuen, Bartleby bilduman, Matxura narrazioa, Xabier Mendigurenek euskaratua, Andres Urrutiaren hitzaurrea duena. 1999an, Labayru institutuak euskaratu zuen Hizketaldia gauezantzezlan laburra Zubizabal aldizkarirako. 2018an Literatura Unibertsala bilduman Epailea eta haren borreroa argitaratu zuten Erein eta Igela argitaletxeek, Idoia Santamariak euskarari ekarria.
Nigeriako eta ogoni nazioko idazle eta ingurumen-ekintzaile garrantzitsua izan da Ken Saro-Wiwa. Gaztetan antzerkian jardundakoa, literatur-irakaslea, Nigeriako Gerra Zibilean estatu federalaren alde egin zuen, eta izan zuen administrazioan posturik. Telebista ekoizle arrakastatsua izan zen, baina agintearekin arazoak izan zituen, gobernu militarrarekin oso kritiko ageri zelako. Herri ogoniaren eta haien lurraren defentsan nabarmendu zen 80etatik aurrera —haien lurrak petrolio ustiapenek hondatuak izan dira—, eta naturaren aldeko borrokagatik hainbat errekonozimendu jasotakoa da. Eta baita idazle lanagatik ere, hainbat eleberrik (Sozaboy: A Novel in Rotten English ezagunena, Lemona’s Tale), narrazioek eta antzerki-lanek osatzen dute haren obra. Beste zortzi kiderekin batera haien herriko lau agureren hilketaz salatua, epaitua eta heriotzara zigortua —gezurrezkotzat jotzen diren salaketa eta epaiketa—,1995eko azaroaren 10ean hil zuten, urkatuta. Nigerian bertan protesta handiez gain, Afrikako hainbat estatu eta lider esanguratsuren (Mandela, Mugabe, Arap Moi…) eta Mendebaldeko estatuen kritikak eta bahimenduak, eta baita Nazio Batuen Erakundearen kontrako ebazpena eragin zituzten exekuziook. Urkamendian hil zezaten baino sei urte lehenago Afrikak bere eguzkia hiltzen du ipuina kaleratua zuen, nolabait ere bere heriotzaren iragarpena bilakatu dena. Saro-Wiwa hil zutela 25 urte bete direnean, euskaraz eskaintzen dugu.
Aurten (H)ilbeltza bertze urteetan bezala egiteko modurik ez dute ikusi Baztango antolatzaileek, “baina ez egitearen aukera ere, ez genuen maite” adierazi dute sarean zabaldutako mezuan. Hil ala beltz! izanen da aurtengo lema.
“Ez gara ilbeltzan elkartuko, ez aste batean, ez betiko moduan, baina (H)ilbeltzakideok bidea emanen dugu kulturak eta literaturak beren tokia izan dezaten, modu erosoan egiteko aukera izatarekin. Eta toki hori zurekin konpartitu nahi dugu. Urte osoa dugu hortarako!“. Eta Emailuetan ere (H)ilbeltzak igorritako bideoa zabalduko dugu.
125 urte bete dira abenduan Paul Eluard poeta jaio zela. XX. mendeko poesiaren gailurretako bat, hainbat poema ditugu euskarari ekarriak, ezaguna gure artean Gernikako bonbardaketari eskaini ziona. 2013an Ekaitz Sirventek Capitale de la Douleur (1926) liburuko zortzi poema euskaratu zituen eta Ataramiñe aldizkarian argitaratu. Orain hemen ere irakur ditzakezu.
Testu ederrak irakurtzeko leku bat. Literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna konpartitzeko proiektu bat. Gustatzen zaizkigun testuak hautatu ditugu, ederrak eta edertasunaren aldekoak, humanoak eta humanitatearen aldekoak, ezagutzaz beteak eta ezagutzaren aldekoak. Horrela aurkeztu dute Deabruaren eskola;Irati Jimenez, Esteban Montorio Monti eta Mikel Sotok sortutako literatur edukien webgunea. Hautatu dituzten testuak iraganekoak dira askotan, baina ez beti. Elkarrizketak batzuetan, baina ez soilik. Fikziozkoak sarritan, baina ez halabeharrez. Eskola, Aker larrea, Leizeko eskola, eta index prohibitorum zubitegia sortu dute egile, liburu, eta bestelako edukien loturekin.
XX. mendeko Italiako poesiako izen ezinbestekoa da Alda Merini idazlearena. 1931n Milanen jaioa, oso gaztetandik hasi zen publikatzen. 50etan buru-osasun arazoak izan eta hainbat urte egin zituen ospitale psikiatrikoan, La altra verità. Diario de una diversa liburuan kontatzen duen esperientzia. 80etan berriro ekin zion poesia idatzi eta argitaratzeari, obra luze eta aberatsa onduz, eta kritikaren errekonozimendua jasoz. 2009an zendua, haren bederatzi poema ekarri dizkio euskarari Iñigo Aranbarrik.
Duela mendebete, 1920ko abenduaren 10ean jaio zen Clarice Lispector. Ukrainan munduratutako idazle brasildarra, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da, Brasilgo literaturan ezinbesteko erreferentzia. Emozioen lirika baten jabe, ez-estilo oso berezia lortu zuen poeta, 56 urte zituela hil zen, minbiziak jota. Iñigo Roquek Zorion klandestinoa ipuin-liburua ekarri zuen euskarara (Igela/Erein, 2015); bi urte lehenago obra horretako Zorion ezkutua ipuina emana zuen Elearazi agerkari digitalean Danele Sarriugartek. Mendeurrenaren karietara, Lispectorren bederatzi poema dakartzagu orain, Mikel Elorzak itzuliak.
Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plazaren lehendabiziko edizioa egingo da datorren astean, abenduaren 14tik 20ra. Miren Agur Meabek, Leire Bilbaok eta Lizar Begoñak beren liburu berrietako poemen errezitaldiak egingo dituzte astearte arratsaldean, abenduaren 15ean, Arkaitz Miner musikariaren doinuz. Eta abenduaren 19an Ahotseneaegitaraua izango da, idazle hauen solasaldiekin: Miren Amuriza, Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Mikel Begoña, Karlos Gorrindo, Jabi Elorza, Asel Luzarraga eta Peru Magdalena.
Zazpi eguneko egitarau zabala du Sormenek: ilustrazioa, bertsoa, ipuin kontaketa, antzerkia, dantza eta musika…, esate baterako: Eñaut Elorrieta, Hatxe, Peru Galbete, La Basu, Miren Amuriza, Eider Eibar, Kai Nakai, Hilotz eta Ro, Andra Mari dantza taldea edo Aiko.
Berriki argitaratu du Txalaparta argitaletxeak Margaret Atwood idazlearen Neskamearen ipuina, Zigor Garrok euskaratua. Eta azaro honetan bertan The Guardian egunkarian Biziki(Dearly) poema eta horren inguruko saiakera ederra argitaratu ditu kanadarrak, dementziaz hildako senarrari hiru urte lehenago idatzitako poema. Egungo garaietan ere irakurgarria dena, Atwooden iritziz, Nere Arrutik geurera ekarri du.
Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen. Besarkada bat astero-astero Emailua jasotzen duzuen 1400 irakurle baino gehiagori ere, zelan ez.