«DURA LEX SED LEX»

Hitzaurre posible baten gisa

 

        Orrialde hauexen protagonista, Alfredo Traps izenekoa, bere ezohizko ostatu-emailea legegizona zela ohartzea ez zen nolanahi gertatu. Izan ere, matxura baten ondorioz eta gau baterako apopilo zegoen egoitzako apaletatik, begira zegokion gure gizonari Savigny alemaniar jurista handiaren liburua, zelatan eta lanerako prest.

        Traps, oihal eta zuntz bidaiariak, banku kontudunak eta, areago, Studebaker berebil distiragarri baten jabeak, inola ere ez zuen espero arratsalde hartan epaitua izatea, jadanik justizia «egitetik» jubilatuak zeuden, baina oraino ere «beren» justiziaren bermatzaileak ziren Epaileak (Traps-en ostataria), Fiskalak eta Abokatuak (Epailearen lagunak) osaturiko Tribunale hirukoitzaren aurrean.

        Zein dugu, alabaina, erakunde honek erabiltzen duen «justizia»? Guztiok, modu batera zein bestera, «ezagutzen» ote duguna? Dürrenmatt idazlearentzat «justizia» delakoaren bidea ez doa hortik, antza denez. Frantziako Iraultzaren ondorioz, lege zigorrean (eta baita ordenamendu juridiko osoan ere, esan beharrik ez dago) oinarrizkoa den segurtasun juridikoaren eta estatuak sorturiko lege idatziaren nagusitasunaren aurrean, epai honetan aplikatuko dena ez da inola ere Arau, Kode, Lege nahiz Erregelamenduen «Justizia» izango, bertan epaitzen denak lege idatziaren letrari ihes egiten diolako.

        Letra larriz idatziriko «Justizia» dugu honako hau (geroxeago ere, Dürrenmattek adiera bera erabiliko du 1985. urtean, bere nobela sonatuenetariko batean) eta «Justizia» horri delitua zaio interesgarri, baina ez delitu formala, ez bada ere moralaren eta zuzenbidearen arteko lerro mugagabean kokaturik dagoen ekintzen ikuspegia.

        «In dubio pro reo» dio esaera zaharrak, mendetan zehar errepikatu dena barru hartuz. «Beti aurkitzen baitzen delituren bat» erantzuten du Epaitegi «amateur» horretako fiskalak bere aurreritziari tinko eutsiz. Joko, fikzio, errealitate? Tribunalak eta akusatuak berek ere ez dakite.

        Hasteko, Dürrenmatten «Justiziak» prozesua desakralizatu egiten du. Egiaren bila joatea den prozesua/bidea, Epaileak eduki dezakeen «dubium»-a («duo»-tik datorrena, hain zuzen ere) argitzeko, fiskal eta defendatzailearen partehartzea eskatzen duen bidetxidor hori, erabat antzaldatzen zaigu hemen. Prozesua oturuntza bilakatzen da, Auzitegi eta akusatuaren arteko elkarrizketa/ itaunketa gogor baten bidez bazkaltiar eta bazkalkide egiten dira eta prozedura barneko harreman formalak, partaideek —eta baita guztiok ere, zergatik ez— bazkari pantagrueliko baten bidez gozatzen duten/dugun delituarekiko konplizitatean gauzatzen dira, azkeneko hau egoeraren zerbait ezinbestekoa bailitzan.

        Gizon arruntak, maiz, eguneroko «Justiziaren» erritual eta formula ulertezinak harriturik ikusten eta sentitzen dituen moduan, Traps akusatuak ere, delituaren eskema penala nola leporatzen zaion nabaritzen du bere baitan. Legeen arabera somatu ere egingo ez zukeen (eta susmatu ere ez, noski) ekintza baten akusazioa bere gain datorkio; era berean, eta berak konturatu gabe, asmatzen ere jakingo ez zukeen erru baten jabe da bere burua, zeharkako modu batez bada ere («dolus indirectus» baina «dolo malo, dolo malo» oihukatzen du fiskalak) eta azkenez, zigorra ere heriotzarena du, horrela planteatzen zaigun jokoa/errealitatea interesgarri bihurtzen zaigularik.

        Azken hau da, izan ere, fikzioa eta errealitatea gogor baldintzatu eta bereizten duen muga. Akusatua, sinets ezinean, joko «amateur» horren galdera benetakoenari aurre egiten dionean, bere egoeraz konturatzen da. Bere argumentuak («herio-zigorra dagoeneko aboliturik baitago») ezabatuak izan eta gero, legezko tradizio okzidentalean Estatuari dagokion zigorren ejekuzio monopolioarekin ikusten du bere burua salbaturik, ironiaz beterik galdetzen dielarik bere epai-egileei, horiexek izan nahiko luketen juzkatzeko legitimitatea gutxietsi asmoz: «Eta borreroa ere baduzue noski, ezta?». Hor ere, usteak ustel. Pilet, mintzo dialektoduna (horra hor beheko klaseen kultura formalaren eskasia esanaz:... e' ingo det ahal de' ana...) «justizia» egile hauen eskuak odolarekin zikindu eta lohitzetik askatzen dituen borrero estereotipatua ageri zaigu.

        Honek guztionek garamatza joko/errealitate honen azken ospakizunera, hots, herio-epaira. Hizkuntza zaharraz eta molde akademikoz (horrela baita hizkera juridikoaren tankera) emana, Trapsek bere zigorra entzungo du, ejekutatua izan dadin lehen urrats derrigorrezkoa dena. Trapsek, haatik, edozein gizon arruntek egingo zuen legez, ejekutatua izan baino lehenago, bere burua hiltzen du, berea egiten du errua, prozesu berezi honetan izan diren dialektika, topika eta erretorikak mirestu eta gero, hauexek akuilatu eta bentziturik. Horrela, inoiz ere legearen ikuspegitik burutu ez zituen ekintzen aitorpena egin eta dagokion zigorra onartu eta barneratzen ditu, zerbait on eta gozogarri balitz bezala, legezko (ala legez kanpoko?) prozesuaren jostari hutsa bilakatu eta Tribunal horren arau pribatuari men egiten diolarik.

        Justizia materiala/Justizia formala, horra hor gakoa. Ea prozesu ofizialak justizia egiteko molde aproposak diren, ala edonork bide horietatik landa eskura ditzakeen justizia egiteko mekanismoak egokiagoak ez ote zaizkigun, hauexek daude hemen jirabiran. Lehen ere aipatua, bertan mugitzen den auzia zaharrenetarikoa dugu, gizona bera bezain antzinakoa eta hain zuzen ere, Kafkaren unibertsotik gaur egun ere posible diren historietara doan gune edo jite berekoa, aipatutako bi mutur horien arteko oreka gaitza eta askotan ere, ezinezkoan dabilena. Legea beti lege, ondorio eta guzti. «Dura lex sed lex» esan zuen behin latindarrak. Gaur, ostera, kontua bestelakoa dabilkigu, alegia, «dura lex sed lex» baina «quae lex»?

 

Andres Urrutia

 

 

© Andres Urrutia

 

 

Friedrich Dürrenmatt euskaraz