Urt
01
12
Urtarrilaren lehena, Nazioarteko dominio publikoaren eguntzat izendatuta dago, izan ere, egun horretan berrizten da urtero dominio publikora igarotzen diren obren zerrenda. Eta gurean aurten, legeak eta arauak lege, Pernando Amezketarrak osatzen du zerrenda hori.
Gregorio Mujikak 1925. urtean argitaratu zuen Pernando Amezketarra eta Klasikoen Gordailuan osorik dago irakurgai.
Gregorio Mujika 1931. urtean hil zen Donostian, eta beraz bere lana aurten igaro da dominio publikokoa izatera. Nazioartean berriz, James Joyce irlandar idazlearen lanak edota Virginia Woolfenak dira, besteak beste, zerrenda horretara gehitu direnak, eta euskarari ekarriak ditugu horietako batzuk. Joyce eta Woolf 1941. urtean hildakoak dira. Hego Euskal Herrian hamar urte barru dominio publikokoak izango diren arren, Ipar Euskal Herrian aurtengo urtarrilaren 1etik dira jadanik, Espainia eta Frantziako legeak aintzat hartuta.
Aurrerantzean, Literatur Emailuetan urteko lehen albistegian dominio publikodun izaera eskuratu duten lanak gogoraraziko ditugu.
Abe
15
11
Pierre Urte, J. Bautista Agirre, Etxahun, J. Ignazio Iztueta, J.M. Hiribarren, J.P. Arbelbide, Kirikiño, Larreko, Emeterio Arrese, Orixe, A.M. Labaien, Nemesio Etxaniz, Telesforo Monzon, Lotsati, Piarres Larzabal, Mariano Izeta, Salbatore Mitxelena, Martin Ugalde, Jon Mirande, Mikel Zarate, Manex Erdozaintzi-Etxart… euskal literaturako 127 klasiko gehiago ekarri ditugu Armiarmako Liburu Elektronikoa gunera: 39 poesiazko, 32 antzezlan, 19 narratibazko, 19 kronika eta saiakera, 18 erlijiozko. Gisa honetan, joan den urtarrilean abiatu genuen egitasmoan orain 377 liburu elektroniko dauzkazu guztira, epub eta pdf formatuetan doan emanak.
Aza
05
11
Aurrerantzean Literatur Emailuak twitter bidez ere zuzenean jaso ahalko dituzue.
@armiarma helbidean automatikoki argitaratuko dira, egunez egun.
Aza
02
11
Poesia eta narratiba bildumetako liburuak e-book moldean eskainiko ditu aurrerantzean Susa literatura argitaletxeak. Katalogoa 66 idazleren 142 libururekin abiatu da, bi formatutan emanak: epub eta pdf. Deskargak DRM kontrolik gabe egingo dira, irakurleak testuak kontsultatu ahal izango ditu erosketa egin aurretik, eta titulu guztiek prezio berbera izango dute: 3,54 euro.
Urr
27
11
Naturaren edertasunak sortutako durduza agertuz eta bizitzaren laburraz hausnartuz murgiltzen da Tomas Tranströmer giza kondizioaren muinean. 1931ko urriaren 15ean jaio zen Stockholmen eta Literaturako Nobel Saria izan da 2011n. Zeru amaitu gabea eta beste poema batzuk izenburupean, Kirmen Uribek zazpi poema eta haiku sorta bat itzuli ditu Armiarmarako, Tranströmerren poesigintzara amiñi bat hurbiltze aldera, datorren urtean haren liburu bat euskaraturik argitaratu bitartean.
Ira
08
11
Susa argitaletxeak astero Literatur Emailu bat argitaratu du 2002ko urtarriletik hona, eta dagoeneko 500. zenbakira iritsi da. Gure literaturaren zabalkundeaz arduratzen den albistegi literario honek ekitaldi nagusien agenda osatzen du, literaturako une gogoangarriak ekartzen ditu gomutara eta, aldi berean, liburu bat on-line ematen ahalegintzen da astero: klasikoak, deskatalogatuak, itzulpenak, aldizkariak eta, baita ere, Susak plazaratutako liburu berrienak.
maiatza
17
11
Armiarma atariko Kritiken hemeroteka guneak 5.000 kritika bildu ditu dagoeneko. Euskal literatur liburuei buruzkoak dira 4.100 inguru eta 900 euskarara itzulitako liburuei buruzkoak. 2001ean abiatutako gunea da hemeroteka hau, astero hedabideetan argitaratzen diren literatur kritikak jasotzea helburu duena.
maiatza
07
11
Rabindranath Tagore Kalkutan jaio zela 150 urte direla-eta hainbat ekitaldi badira Bangladesh eta Indian. Guk ere aitzakia hori baliatu dugu, idazle bengaliarrak 1892an idatzitako Chitrangada antzezlanaren itzulpena, Txitra, Balendin Aurre Apaizek 1962an Egan aldizkarian argitaratua digitalizatzeko eta teatro-testuak.com webgunean paratzeko.
Mar
07
11
Joan den astean Apuleioren Urrezko astoa nobela eskaini genizuen, Igerabidek eta Lertxundik itzulia. Asteon Augustin Anabitartek egindako ahalegin bat dakarkigu: Izaera-aldakuntza ala urrezko astoa izenburuarekin Apuleioren liburuaren lehen bi kapituluak euskaratu zituen, Aristomen izengoitiz sinaturik, ziur aski lehiaketaren batera bidaltzeko. Gotzon Egiak bidali digu itzulpen originala, Anabitarte sendiaren eskutik jasoa. 15 orriko faksimilea ere paratu dugu bildumazaleentzat.
Urt
28
11
Etxepare eta Shakespeare, Lizardi eta Puxkin, Kirikiño eta Flaubert, Anabitarte eta Mansfield. E-bookaren olatua handitzen ari omen denez, eta euskarazko tituluak eskas, irakurgailu elektronikoetara deskargatzeko 249 e-book paratu ditugu Armiarma atariko Liburu elektronikoa gunean, epub eta pdf formatuetan. 249 tituluetatik 191 euskal literaturako klasikoak dira eta 58 literatura unibertsaletik ekarriak. Twain eta Xaho, Conrad eta Zerbitzari, Baudelaire eta Lauaxeta, Virginia Woolf eta Mirande. 14 poema liburu, 28 saiakera, 39 antzerki-lan, 56 nobela eta ipuin bilduma… dohainik nork bere gailura ekar ditzake.
Urt
13
11
2004ko apirilaren 1ean plazaratu zen Literaturaren Zubitegia webgunea Armiarma atarian. Euskal literaturaren amaraunean puntu batetik besterako bidea egiteko tresna sortu genuen, idazleengandik abiatuz euren lanetara hurbiltzeko: bibliografiak, sarean osorik eskainitako liburuak, idazleen ahotsez entzuteko poemak, liburuen kritikak, interneteko beste gune batzuetan agertutako edukiak… Zubitegia informazioz eta diseinuz berritu dugu aste honetan: 823 idazle, 3.860 liburuko bibliografia, 3.674 kritika, 5.254 esteka.
Abe
29
10
Frantziako Liburutegi Nazionalaren Gallica Liburutegi Digitalak Bernard Etxepareren Linguae Vasconum primitiae liburuaren faksimilea eman zuen sarean 2010eko azaroaren 9an. François Morpain-en Bordeleko inprimategian 1545ean argitaratutako ale baten erreprodukziorik onena duzu, irakurtzeko bi moldetan eskainia: tamaina handiko iruditan alde batetik eta bestetik liburu simulazioa eginik.
Aza
01
10
Uxue Alberdik eta Oier Guillanek Hitzen uberan literatur aldizkari digitala abiarazi zuten joan den astean, Euskal Idazleen Elkartearen babesean. Erreportajea, elkarrizketa, audioak, bideoak, kantua, argazkiak… orotarik bildu dute. Imanol Ubedak hilero kantu bat sortuko du: Itxaro Bordaren Bakarrik nabil poema musikatu du estreinakoz. Elkarrizketa Ur Apalategirekin egina da, Fikzioaren izterrak ipuin liburu berriaren karietara. Eta Literatura Eskolari buruzkoa da erreportajea.
Urr
06
10
Gabriel Arestik idatzi izan zituen sei antzezlanetatik lau Egan aldizkarian plazaratu ziren, orain teatro-testuak.com gunean jaso ditugunak. Mugaldeko herrian eginikako tobera obrak Toribio Altzaga Saria jaso zuen 1961ean eta urte berean argitaratu zen. Berehala idatzi zuen beste bat: Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua (1962). Ondoren Arantzazuko fraideen enkarguz egin zuen …eta gure heriotzeko orduan (1964) Aste Santuan taularatzeko, baina azkenean ez zitzaion onartu. 1965ean idatzi zuen Justizia txistulari (1967an argitaratuko zena), azken moldaketa lana egiteko Xabier Leteren esku utzia.
Abu
10
10
Egan aldizkarian 80etan argitaratutako hiru antzerki ekarri ditugu Teatro testuak gunera: Jean Etxeberriren Arroltze ohoina; Alejandro Tapia Perurenaren Kattalin umezurtza, gerra aurrean idatzia baina 1985ean plazaratua; eta Xabier Gereñoren Euskal Ikastola, 1970ko abuztuan idatzia eta 1983an argitaratua. Datorren astean Jon Etxaideren hiru antzerki digitalizatuko ditugu.