Gai korapilatsua da haurdunaldi subrogatuena, eta Lisipe bilduma feministaren 14. aldeak horri heldu nahi izan dio, June Fernandezen lumatik. Aingeruak eta neskameak izenburuko kazetaritza-saiakeran, ordezkapen bidezko ernalketak planteatzen dituen ertz ugariri buruzko analisi feministak plazaratzen ditu, jarrera moraletatik harago. Zein izan daiteke bidea emakumeen eta umeen eskubideak defendatzeko, gorputz autonomia errespetatzeko, ugalketa-merkatuen gosea frenatzeko eta punitibismoaren lokatzetan ez erortzeko?
Gaurko egunez 1964an plazaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri, Kuliska Sorta bilduman (55. zenbakia), Zarauzko Itxaropenak inprimatua. Argitalpena 972 alekoa izan zen; horietatik 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 hartu zituen idazleak, 29 zentsurara eta lege gordailura eta liburutegietara eraman zituzten, eta gainerakoak dendetara zabaldu ziren. Profeta bati izeneko poeman Arestik berak argi azaltzen du bere poetikaren ardatzetako bat: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari“. Harri eta herriliburuak zalaparta sortu zuen, Zeruko Argia astekariaren ekaineko eta uztaileko artikuluak lekuko. Irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian egindako hitzaldian Arestik Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea irakurri zituen, Patxi Mujikaren grabazioari esker jasoak izan direnak. Liburuaren lehen edizioari Juan San Martinek egin zion hitzaurrea, eta 2000. urtean egindako edizio berrian Koldo Izagirrek idatzi zuen sarrera.
Opari osagabe baten oroitzapena, hildakoen ilarak eta hiltzaileenak, Lizasoko komuna eta haren itzalean hartutako bainua, biribilguneen utopikoak, gazte bat pintadak garbitzen, andre bat katu baten marruen eta amaren azken egunen artean, sasoiz kanpoko norbaiten itzulera, infinitura multiplikatutako tximinoak, balizko pailazo bat, txanpon-makinen zarata eta hondoko konplizitatea, une batez den-dena geratu uste izan zuen isiltasun bat. Giroz, garaiz eta tonuz, eremu zabal bat bildu du Iñigo Astizek bere lehen narrazio bilduman. Aro bakoitzean jendeak elkarri eusteko botatzen dituen sokez ari da, komunikazioaz eta haren faltaz, eraikuntza historiko, politiko, kulturalen alde makurraz zein absurdoaz. Argitasunez eta ironiaz, soiltasunez eta saturazioz, bizidun ororen orekari urratsak datoz kontakizunotan. Osorik irakur dezakezue sarean.
Hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du Gotzon Barandiaranek bere hirugarren poema liburuan. Maitasunaz ari da, bere belaunaldiaz, elkarbizitzarako baldintzez, baina baita hildako deserosoez, isilean errepikatutakoez eta harrapatutako kultura baten nekeez ere. Memoria ardatzeko gaia izanik, amaren heriotzak ere zeharkatzen du liburua. Hark berretsi dio poetari, hain justu, galbahearen beharra. Osorik irakur dezakezue sarean gaurtik aurrera.
Duela 40 urte, apirilaren 29z, egin zituen azken pilpirak Manex Erdozaintzi-Etxarten bihotzak. Hainbat gairen inguruko bere pentsamendua aldizkaritan emana, kantugilea, poeta da ororen gainetik Erdozaintzi-Etxart. Bizi zela argitaratu gabeko hiru poemario bildu zituen liburu batean Maiatz argitaletxeak 1994an, idazlea hil eta 10 urtera: Bizitza pilpirak da liburu hori, orain osorik dakarkizueguna. Lehenagotik argitara emanak zituen Hinki hanka (Elkar, 1978) eta Herri honen erraietan (Maiatz, 1985) poemarioak, eta Gauaren atzekaldean eleberria (Elkar, 1982). Susak plazaratutako XX. mendeko poesia kaieretan ere bada haren poemen antologia. Gipuzkoako Foru Aldundiak Erdozaintzi-Etxarti eskainitako webgunea osatu zuen, idazlearen lanak eta idazlearen ingurukoak bilduz.
Hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du Gotzon Barandiaranek bere hirugarren poema liburuan. Maiatzaren 3an (osteguna) aurkeztuko dugu, Donostiako Konstituzio plazako liburutegian, 12:00etan, eta Galbahea poema liburuaren aurrerapen bat jarri dugu irakurgai sarean.
Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen duItxaro Bordaren Itzalen tektonika. Erdian du epizentroa, eta hark hedatzen dituen uhinak dira albo bietara datozen olerkiak. Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol, Olot. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Hotelak eta geltokiak, haranak eta ur-jauziak. Ostatuak eta hiztegiak aizolbe diren herri bat, basamortua eta gerra. Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordaren poema liburu berriak. Osorik irakur dezakezue gaurtik aurrera sarean.
Lurrikara baten dardara dakar Itzalen tektonika izeneko Itxaro Bordaren poema liburu berriak. Garai izugarri baten ikarak, poetaren paseoak eta desirak adinik ez duela ospatzen duten lerroak. Argitasunaren ehundurak eta larruaren hedadurak. Astelehenean aurkeztuko dugu, 11:30ean, Donostiako Konstituzio plazako liburutegian, eta aurrerapen bat jarri dugu sarean irakurgai.
Luis Ocañak, Mentéko mendatean behera jaisten ari zela erori eta min hartuta, 1971ko Frantziako Tourra utzi behar izan zuela jakitean, poztu egin zen Gorka Alkorta Ezkurdia Donostiako gotzaina (Azkoitia, 1963). Horrela hasten da, Juan Luis Zabala idazlearen Ospa liburuko kontakizunetako bat, 1974ko Italiako Giroa izenekoa.Ocaña txirrindulariaren istripuaren ostean, Eddy Merckxek ia-ia ziurtasun osoz galdua zuen Tour bat irabazteko aukera berreskuratu zuen. Eta istorio horrekin eta gotzainaren kontuekin narrazio aparta eskaini zigun Zabala txirrindularitzazale amorratuak. Euskal Herriko Itzulian izandako zorigaitzezko erorikoak, Ospa liburuko kontakizunera eraman gaitu. Eta Oletan behera gertatukoaren antzeko eroriko ezagunarekin, ipuina eta literaturaz gozatzera gonbidatzen zaitugu irakurle.
Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko dituzue aurten ere Susa literatura argitaletxeko liburuak. Abenduaren 6an (asteazkena) hasi eta abenduaren 10era (igandea) bitarte, aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen saiatzeko.
Denbora da Saioa eta Mara ez dabiltzala elkarren gertuan. Lehena irakasle dabil, haur bat izan du aspaldiko bikotekidearekin, eta utzita du musika, nahiz eta ezer gutxi bezala mugitzen den zerbait bere barruan aspaldiko diskoak entzutera giltzapetzen denean; bigarrena, kontrara, bete-betean dabil musikaren industrian, foku ugariren pean, eta apenas agertzen den hazten ikusi zuten kaleen artera. Han lotu ziren biak musikara, abesbatzako klaseetatik gaztetxeko oholtzara, eta biengan lorratza utzi zuen norbait hil da orain. Laguntasun harreman baten une fundatzaileak, poz partekatuak eta ezkutuko mindurak dira kontakizun honen hezurdura. Euskal Herriko historia hurbilean girotuta, zeharkaldi berean ageri dira Kilometroak jairako kantu-grabaketa, herritik hirirako distantzia, Bataplan, Friburgoko okupazio giroa, gurasoen etxeetako sukaldeak eta bizitzaren xake taula zuri-beltza. Etengabe eraldaketan diren urak Lide Hernando Muñozen lehen nobelan. Sarean duzue osorik irakurgai.
Zerk bereizten du ulu bat otoitz batetik? Eta otoitz bat poema batetik? Izan al daiteke zerrenda bat poema? Izatez, ba ote da poema ez den zerrendarik? Lapurtutako testuei forma aldatzea aski da testu baten jabetza geureganatzeko? Ekar ote liteke poema liburu batera Oteizaren Klarion laborategiaproiektua? Galdera horiei jarraiki osatu dira Ulu egiteko bolondres bila poemarioko atal ezberdinak, diziplinari berari buruz hausnartuz eta poemaren muga formalak ikertuz, librearen librez, neurri eta errima guztietatik aske, noiz jostari eta noiz mamitsu, beti arakatzaile. Osorik irakur dezakezue sarean.
Iruñea, 2016. Gobernu autonomiko berriak goi mailako kultur jardunaldi bat antolatu du, eta Sanchez Godin intelektuala ezusteko bat ematekoa da bertan: Manuel Vazquez Montalbanen nobela argitaragabe bat agertu da, Carvalho Euskadin izenekoa. Ezustekoa, ordea, nobelaren bat-bateko desagertzeak emango du, eta Jon Alonsoren protagonista ezagunaren, Enekoitz Ramirez Lanbasen, esku geldituko da kasua.
Bartzelona, 2003. Carvalho detektibea Ramblei begira dago, Guadalupe Agirre euskal enpresari handienetako baten enkargua jasoko duenean: 1982an desagertu zen Kokotxa militantearen neska-laguna aurkitzea. Ordainsari altua eskainiko dionez, aurrera egitea erabakiko du Carvalhok, giro arraro baten erditik: esan gabekoak, paper misteriotsuak, jarraipenak…
1922an Ingalaterran jaiotako Philip Larkin II. Mundu Gerra osteko poesia ingelesaren gailurretako bat da. Errealitate arruntaz mintzo arrunt batean poesia eginik, unibertso handia atzeman zuen. Eta maisua izan zen zirrararen mamia azaleratzen bizimodu itxuraz hitsenari ere. Juanjo Olasagarrek sen handiz dakarki orain haren mintzoa euskarara, Susa argitaletxea laster argitaratzekoan den antologian, Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan. Aurrerapen gisa, honasei poema.