Poema luze bakar batek osatzen du Ispiluaren aurrean gogoetak poemarioa, Aritz Mutiozabalen lehen lan argitaratuak. Pasaiako Hiria saria irabazitakoa, 2001ean argitaratu zuen Bermingham etxeak. Poema bisuala, ezinbestean ispiluari begira egonik, poetaren begiradak eta ikusten duenak gidatzen gaitu norbanakoaren hainbat gairen bihurguneetan. Beste hiru poema liburu kaleratua da Mutiozabal, azkena Hutsartea, Maiatz-ek argitaratua 2016an.
Duela 80 urte, 1938ko otsailaren 22an, amaitu zen Espainiako gerrako batailarik latzenetako bat, Francoren Armadak Teruel hartu zuenean. Asteetako borroka gordina, hotz eta negu hiltzaile baten erdian, oso gogorrak dira han borrokatu zirenen oroitzapenak, George Orwellenak, besteak beste. Lubaki bietan jardun zuten euskal herritarrek, eta Auspoa sailean argitaratutako Tiro tartean bertsotan liburuan gerrako bere ibilerak kontatu zizkion Antonio Zabalari Patxi Lazkanok. Francoren Armadarekin borrokatutakoa, liburuak kapitulu bat Teruelgori eskainia da. Hemen irakur dezakezu.
Legegizon, ekintzaile, kazetari eta idazle galiziarra, Valentin Paz-Andradek poesiaren alorrean egin zituen literaturan lanik aipagarrienak., Pranto Matricial poema, besteak beste. Galego, portuges, katalan, gaztelania eta euskaraz argitaratutako ediziorako, 1975ekoa, euskaratu zuen Gabriel Arestik. Duela 25 urte, Eganaldizkariak eman zuen argitara, eta orain hemen eskaintzen dizuegu osorik, euskara batuaren aurkako erresistentzian zirenei muturreko paradoxikoa eman nahian Arestik baliatu zuen grafian: Uma-oncitic negarra.
XX. mendeko intelektual handi bat izan zen Idea Vilariño, eredugarria, kontsekuentea bere pentsamenduarekin eta bere estetika poetikoarekin, konprometitua Uruguaiko jendearekin eta gizartearekin. Euskarara haren poemak ekarri dituen Josu Jimenez Maiak halaxe aurkezten digu poeta eta idazle uruguaitarra. Eta estetika poetiko hori erakusten duten hogeitaka poema eman ditu argitara Maiatzaldizkariaren 65. alean. Hemen dituzu.
36 urte besterik ez zituela hil zen arren, Argentinako poesiaren gorengo izenetako bat da Alejandra Pizarnikena. 50etako kultura giro porteño-an barneratu zen literatura-formazio handiko emakume hau, eta 60etan Parisen egindako egonaldian lortu zuen heldutasun poetikoa. Bizitza kontziente eta inkontzientearen artean kulunkatzen den obra baten egilea, depresioaldi handiek erasandakoa, 1972an bere buruaz beste egin zuen. Labayruk argitaratzen duen Idatz & Mintz aldizkariaren 63. zenbakian haren 15 poema ekarri ditu euskarara Xabier Bovedak.
Gaur 100 urte jaio zen Muriel Spark. Berrogei urte betetzeko zituela azaldu zen bere lehen obra, “berandu samar” esan ohi dute literaturaren historialariek. Oso garaiz, esan genezake irakurleok: aurreneko lan hartan (The Consolers, 1957), hurrengo hemeretzi nobeletan eta berrogeita bat ipuinetan ageri behar zuen heldutasun berak darama istorioa, pultsua sendo. Sparken literaturan mozorroa eta disumulua da pertsonaia askoren zeregin nagusia, eta fartsa giro batean kokatzen dizkigu egileak, ironiaz eta maltzurki. Serios hartzen du mundua eta aldi berean zoragarri arin. Batak bestea behar du, kontatzen digunak urruneko posibilitate bat dirudi baina egileak gure begi bistan antolatzen duen makinariak gaitza eta gaizkia uste ez dugun hartan daudela erakutsiko digu. Ezin imitatuzko obra landu zuen, inondik ere. Muriel Spark izen handia da Bigarren Mundu Gerraren osteko literatura ingelesaren panoraman. Bere narrakeraren eta bere estiloaren adibide, Atzean utzia naizen neska (The Girl I Left Behind Me) hautatu diogu ingelesei ironia irakatsi zien eskoziar honi, gure artean apur bat ahaztua den obra handiko ipuin eder eta garratzen arteko bat.
Frantziako Errepublikak derrigorrezko soldadutza atzera ezartzeko egitasmoa buruan dabilkien honetan, Boris Vian-en Desertoreapoemarekin akordatu gara. Marcel Mouloudjik abestu zuen lehenbizikotz 1954an, kantu antimilitarista ezagun bihurtuz. Koldo Izagirrek euskaratua, 2013an Ibon Rodriguezek kantua grabatu zuen. Denak eskaintzen dizkizugu.
Ehun urte gaur Elisa Mujica jaio zela, XX. mendeak Kolonbiako letretan eman zuen idazlerik interesgarrienetako bat jaio zela. Elisa Mujicak erakutsi egin zuen bere nobeletan, ez da meritu makala, nola definitu lezakeen batek bere burua emakumezko eta herritar bezala gizarte maskulinotu batean. Gaur egun, ikuspuntu maskulinoa hegemonikoa izaten jarraitzen duen arren hainbat alorretan, Mujicaren obra kultura eta ideologia uztartzen duen corpus zorrotz bat bihurtua da: bazterketa bizitza publikoan, matrimonioaren itogarria, historia ofizialaren isiltasuna… Artikuluak, kritikak, ipuinak, nobelak, umeentzako literatura, idazle oparoa. Latinamerikako boom ospetsuaren aurrekoa izanik, ez da gaur egun asko irakurtzen (saltzen?) den egilea, tamalez. Ipuin bat eskaintzen dizuegu, Zirkulua (El círculo, 1959), egilearen engaiamendu sozialaren eta ipuinlari onek ohi duten estilo zehatzaren adierazgarri. Elisak bazekien Mujica azken silaba indartuz ahoskatzen dela euskaraz, baina lekuz aldatu zuen azentua, bere abizenak errima egin zezan musika hitzarekin (gaztelaniaz behintzat).
Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Horrela hasten da Hamahiru ate, 1985an Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak aukeratu eta euskarari ekarritako ipuin liburuko Atearteko aurkezpena. “Umorerik egiazkoena beltza” dela aitortzen dute itzultzaileek. “Umore beltzean irribarrez gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira”.
Txiroa delako, oparirik ezin duela egin dio, poema batean, Iker Bidegorrik. Poesiaren alorrean bat egin zuen, Emeki itxaropendutako egunkaria izenburuko poemarioa, 1982an Euskaltzaindiaren poesia sariketa irabazitako lana, obra intimista eta barnekoia. Beste opari asko egin ditu, egin dituenez, Jose Ignazio Ansorena Iker Bidegorri-k. Gaur poesiaren alorrean egindakoa dakarkizuegu.
Urtarrilaren 15etik 21era Baztanen euskal nobela beltzaren inguruko ekitaldiak antolatu dituzte (H)ilbeltza aurten ere. Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste. Itxaro Borda idazleak adierazi moduan, “krimen bakarra, huts egitea da“.
Ponte-izenez Gerardo Murillo Cornado eta pintore gisa ezagunagoa bada ere, idazlea ere bazen Dr. Atl. Idazle eta beste hainbat talentutako pertsona: pintura sustatzaile, sukaldari, belarretan aditu, politikari, geologo… Mexikoren mende ia oso baten lekukoa, bere ipuinek, laburrak gehienetan, gizartearen erretratu gordina egiten dute. Heriotza da maiz Dr. Atl-en narrazioetako protagonista, pertsonaiak marrazteko balio duena, Iñigo Aranbarrik euskaratu duen Beila ipuinean adibidez. Hemen duzue.
Agirre lehendakariaren zerbitzu sekretuetakoa izan zen Koldo Mitxelena, Joseba Rezolaren agindupean, kide zituela Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Ander Arzelus “Luzear”, Bernabe Orbegozo “Otarbe”. Madrilen lan egiten zuen Mitxelenak, kontulari Jose Urangaren Maderas Decorativas enpresan, eta bitartean Clasicas ikasten zuen unibertsitatean; baina atxilotu egin zuten 1946ko apirilaren 10ean, eta preso eduki zuten 1948ko urtarrilaren 30a arte. Alcala de Henaresko kartzelan ipuin bat idatzi zuen 1947an, Motivo español izenburua ipini ziona; 1977ra arte gordeta eduki zuen, eta Elizalde sinadurarekin orain 40 urte argitaratu zuen Egan aldizkarian. Preso egondako bat du narratzailea, oso gaixorik zegoen beste preso batez gogoratzen dena.
Marokoko idazle handietako bat, Fatima Mernissiren izena derrigorrean lotzen zaio islamari eta feminismoari. Mendebaldearen aurrean emakume musulman gisa azaldu eta aldarrikatu zuen bere burua Mernissik (1940-2015), eta emakumearen aldeko borroka egin zuen, erreferentzia bihurtuz, herri arabiarretan. Harem-a eta Mendebaldea obran (2001), gizonezkoak kontrolpean dituen modak eta estetikak Mendebaldeko emakumea nola duten menperatua kontatzen zuen azken kapituluan, zapiarekin zegoen eztabaida zela-eta argitaratu zenean sona handia izan zuena: Mendebaldeko emakumeen harem-a 38 talla da. Erosketa garai oparo hauetan irakurketa gomendagarria, euskarari dakarkiogu orain, Mikel Elorzak itzulita.