Ots
17
17
Latinoamerikak eman duen idazlerik berezienetako bat eta ipuinlari unibertsala da Horacio Quiroga. Uruguain jaioa, Argentinara egin zuen ihesi, eta han, maisu zeukan Leopoldo Lugonesen laguntzaile argazkilari gisa, Misiones eskualdea ezagutu zuen. Heriotzek eta suizidioek inguratua bizi izandakoa, haraxe erretiratu zen, oihan tropikalera, bakartasunera, bizitza burgesaren axalkeriari eta lantegietako alienazioari uko eginez. Eta hantxe aurkitu zuen bere literaturaren gaia, oihaneko piztiak eta gizakiak, natura eder bezain ankerra… “ukabilka idazteko”, berak zioen bezala, eskoletatik eta modetatik urrun, bizitza bortitza, inperfektua eta gizatasunik gabea izan zitekeen giroan. Horrelako biluztasuna estetika etiko baten bilaketa ere bazen. Zarpailak eta gaizki idatziak zirela bere ipuinak esan zuten literatur komisarioek bere garaian. Beste mundu batekoa zen Quiroga, eta mundu hark eskatzen zion bezala idatzi zuen: izua, alkohola, eromena, heriotza… Horacio Quirogaren ipuinen bi bilduma bikain dauzkagu euskaraz, Oihaneko ipuinak (Desclee De Brouwer, 1994) eta Eguzki kolpea (Alberdania-Elkar, 2009). Idazle handi honen omenez, bildumotan ageri ez den Yaguaí ipuina eskaintzen dizuegu, naturak eta gizakiaren zabarrak eragindako endekatze moral baten istorioa.
Ots
17
17
Berrogeita hamar urte bete dira otsailaren 17an Ciro Alegria nobelagile perutarra hil zela. Guraso lurjabeen etxean entzundakoek, amona mestizoaren ipuinek eta indioen borroka ezkutatuek esnatu zuten politikara. APRA alderdi iraultzaileko militantea bihurturik, formakuntza sendo bat hartu zuen ekintzetan eta kartzelaldietan. Erbesteratu zelarik idazteari eman zion eta Urrezko sugea (La Serpiente de Oro, 1935), Zakur gosetuak (Los perros hambrientos, 1938) eta Zabala eta arrotza da mundua (El mundo es ancho y ajeno, 1941) nobelekin abiatu zuen Indigenismoa esan izan zion mugimendua, bere ondotik Jose Maria Arguedasek jarraitu eta zabalduko zuena Perun bertan. Indigenismoa, alegia, folkloretik atera eta testuinguru sozial batean —terratenienteak, armada eta transnazional yankien zerbitzura dagoen gobernua— indioa kulturaren eta transformazioaren eragile bihurtzen duen literatura. Urrezko sugea-ren kapitulu bat eskaintzen dizuegu Ciro Alegriaren estiloaren osagarri lirikoaren adibide.
Ots
05
17
Txileko musikaren eta musikarien eguna da urriaren 4a, Violeta Parraren jaioteguna. Halakoa da haren lanaren garrantzi eta oihartzuna. Aurten mendea egingo du jaio zela, eta gaur, otsailak 5, 50 urte hil zela. Hainbat sormen-eremu landutakoa, kantari eta kantu-egile gisa egin zen munduan ezagun, eta hainbat lurraldetara iritsi ziren haren ahotsa eta haren kantuak. Baita euskarara ere, Ez Dok Amairuren bitartez, Julen Lekuonarekin-eta. Eskerrak bizitzari kantu ezagunaren bi bertsio dakartzagu, Amets Arzallusena bata —Aire ahizpek kantatua— eta Garazi Arrularena bestea. Eta, urteurrenaren karietara, Josu Landak euskaratutako sei kantu. Hemen eskaintzen dizkizuegu denak.
Ots
02
17
Hogeita bost antzerki obra idatzi zituen Ugo Betti italiarrak 1926-1953 urte bitartean, bi hauek ezagunenak: Corruzione al Palazzo di Giustizia (1944) eta Delitto all’isola delle capre (1946). Bigarren hori euskaratu zuen Gabriel Arestik, baina ez dakigu zehazki noiz; makinaz jotako kopia Gabi del Moralengandik eskuratu zuen Karmelo Landak, eta Susak plazaratu zuen 1986an. Ugo Betti jaio zela 125 urte beteko direnez otsailaren 4an, Arestik itzulirik Ahuntz-herriko bidegabea antzezlana eskaintzen dizugu sarean. Misterio honekin hasten da: etxalde bakarti batean hiru emakumezko bizi dira, haietako bat alarguna; halako batean gizonezko arrotz bat iritsi da urrundik, esanez duela bost urte hil zen Henriko irakaslea ezagutu zuela preso zeudenean, eta haren azken hitzak eta mandatu bat jaso zituela alargunarentzat.
Urt
10
17
1957ko urtarrilaren 10ean hil zen Gabriela Mistral idazle txiletarra. Hispanoamerikako literaturgintzako izen handietariko bat —gaztelaniaren lehen Nobel saria, emakumezkoa— hezkuntza alorrean hasiera batean eta bere herriaren ordezkari diplomatiko gisa jardun zuen, baina literatur lanari emana gaztetandik. Poesia intimoa da berea, sentimenduek hartzen dutena, musikaltasun handikoa, neurtuan egina gehienetan. Olerti eta Egan aldizkarietan lehen ere euskarara ekarria (Etxaniz, Onaindia, Aresti), haren heriotzaren 60. urteurrena den honetan Josu Landak euskaraturiko sei poema dakartzagu.
Urt
05
17
Ehun urte bete dira urtarrilaren 5ean “Gizakietan espezie bakarra dago” deklaratu zuen gizakia jaio zela. Begi bistako baieztapena dirudi, baina Buchenwalden, Gandersheimen eta Dachaun jasan zuenaren ondorioa zen Robert Antelmeren esana, eta Primo Leviren Hau gizon bat bada (Alberdania, 2001) lanaren mailan kokatu beharreko lekukotzaz haratagoko hausnarketan frogatu zuen (L’espèce humaine, 1947). “SSkoek erakutsi nahi izan dute espezie goren batekoak direla, eta hori frogatu beharrez erakutsi dute borreroak zein biktimak espezie batekoak garela”. Egia jasanezin honek agerian uzten du deportatuaren helburua: krimenaren berri ematearren bizirautea ez baina bizitzea, botereak hala erabakitako bizitza “heriotzaren aurka zuhurki borrokatuz”. Horrela da gizakia gizaki. Robert Antelmek erresistentzian jardun zuen, baja eman zuen PCFn 1950ean Sobiet Batasuneko gulag sistema ezin onartuz, intsumisioaren eskubidea aldarrikatu zuen Aljeriako gerran 1960an, De Gaulleren aurka eta manifestarien alde agertu zen 1968an. Nobelagintzarako proiektu batzuk zeuzkan arren nahiago izan zuen liburu bakarreko egile iraun. Suntsimendu eremuetako errealitatea profanatzea iruditu zitzaion fikzioa baliatzea. Gizakiaren espeziea izendatu dugun liburu bakan, sakon eta durduzagarri horren zati bat euskaratu dugu idazle izugarri bezain diskretu honen omenez.
Urt
02
17
2017ko urtarrilaren 2an, urtea hasi berri, hil da John Berger, “begi gainean izarak zabalduta, lekutu da mundutik”. 1926an Londresen jaioa, margolari izana eta arte kritikari zorrotza, idazletzari lotu zitzaion ondoren eta obra oparoa eskaini. Into their Labours trilogiak oihartzun handia izan zuen, lurra eta hura bizi dutenen kantu gordin eta ederra, baina haren obra osoa da azpimarratzekoa. Narratibaz gain, saiakera landu zuen —arte eta estetikaren alorrean bereziki, begiradaren munduan— eta baita poesia ere. Haren heriotzan, Iñigo Aranbarrik euskararatutako hamar poema eta ipuin bat eskaintzen dizkizuegu.
Abe
29
16
Gaur aurkeztuko da Iruñean Joxemiel Bidadorren Klasiko bitxi, arront klasiko (Pamiela) bilduma. Ezaguna genuen Arrotxapeakoak sortzaile eta ikerlari gisa egindako lana, gaurkoan Bidador itzultzaile dakargu emailuetara. Aipatu liburu hori apailatzeko xerka Juan Ramon Jimenez poeta espainiarraren Barne-gaiazko animalia itzulpena ageri baitzen. Moguerrekoaren hondar lan honetan olerkaria eta olerkia bat eginik ageri zaizkigu, adimena inspirazioaren zerbitzuan jarririk. Nobel sariak poesia ukiezina eta trinkoa darabilkigu. Bidadorren itzulpena pasa den mendearen akaberakoa duzue. Arront klasiko bat klasiko bitxi baten eskutik.
Abe
27
16
80 urte bete dira abenduaren 27an Santu Casanova, korsikera idatziaren aita, hil zela. Frantziak 1769an inbaditu zuenetik, frantsesteak zekarren akulturazioari aurre egitearren, Italia aldera begira jarria zen Korsika. Hurbiltze honek bazuen arriskurik kulturan hala ere, italieraren dialektotzat baitzeukaten intelektual eta politiko italiar askok korsikera. Horretatik Europako konstituziorik aurreratuena izan zuen nazio txikia probintzia bihurtzera, pauso erraza zen. Santu Casanovak ordea, Italiazale izateari utzi gabe — Mussoliniren garaian italiarregia ere izan zela esan genezake—, hizkuntza bereiz eta berezkoa zuela Korsikak frogatu zuen praktikan: ortografia bat egokitu zion, eta idatzi egin zuen: poemak, ipuinak, artikuluak. A Tramuntanella, Fresca e Zitella aldizkaria argitaratu zuen 1889an, A tramuntana, Fresca e Sana bihurtuko zena 1896an. Bertan hasi zen idazten hainbat idazle gazte. Korsikera hutsean ateratako lehen aldizkari honek 1914 arte iraun zuen, eta luzeago iraungo zuen gerra sortu izan ez balute: aldizkaria politikoa eta satirikoa zen, inmorala eta antiabertzalea zatekeen Frantziako buruzagientzat. Primavera Corsa (1927), narrazio laburrak, eta Fiori di Cirnu (1930), poemak dira Casanovaren bildumarik ezagunenak. Azken honetako Negua Korsikan (L’Invernu in Corsica) eskaintzen dizuegu korsikar handi honen omenez.
Abe
20
16
Etxe oneko semea izanik, Leopold Sedar Senghorrek bide luzea egin ahal izan zuen ikasketetan, Afrikan aurrena, Europan gero. Parisen Revue du monde noir aldizkariko intelektualen ezagutza egin zuen, eta luze gabe sortu zuen L’Etudiant noir, afrikarrak zein antilarrak batzen zituena, Birago Diop eta Aime Cesaire besteak beste. Leo Frobenius etnologo alemanaren lanak irakurriz, afrikartasunaren ikuspegi liriko bat deskubritu zuten. Huraxe izango zen “negritude” kontzeptuaren oinarria, negrotasunaren abiapuntua. Presondegia pairatu zuen II. Mundu Gerlan. Itsasoaz Haraindiko Frantziaren Administrazio Eskolan hartu zuten irakasle 1945ean, eta han hasi zuen karrera politikoa: Senegal eskualdeko diputatua 1959 arte, eta Senegalgo Errepublikako lehendakaria 1960tik 1980ra. Bitarte honetan garrantzi bereziko poetika bat eraiki zuen, negrotasunaren erreferentzia nagusietakoa. Frankofoniaren eta mestizaiaren ideologoa, Senghorrek funtsezko lekua hartzen du mundu beltza zeharkatzen duten estrategia desberdinetan. Indar kontrajarrion argigarri eskaintzen dizkizuegu Leopold Sedar Senghor afrikarren ikuspegitik eta Leopold Sedar Senghor europarren ikuspegitik izendatu ditugun artikuluak.
Abe
16
16
Abenduaren 21ean izanen denez Giovanni Boccaccio italiarraren heriotzaren urteurrena, aproposa iruditu zaigu Dekamerona idatzi zuenari (eta han euskaldunak 70 eta 83 eta 89. ipuinetan aipatu zituenari) gorazarre egitea, sarean eskainiz Gabriel Arestik egindako itzulpena: Boccaccioren Dekamerone tipi bat, 1979an argitaratua. Joseba Sarrionandiak Anaitasuna aldizkarian liburu honi buruz jardun zuen 1980an, artikulu bat urtarrilean eta beste bat otsailean: “Ehun kontuk osotzen dute Dekameronea, guztiak tematika mugatu baten inguruan: fortuna, amodioa eta zuhurtziari buruz. Gabriel Arestik hautapen bat egin zuen itzulpenerako, 15 ipuin aukeraturik; erran behar da arras egokia dela hautapena. Amodioari buruzkoak dira gehienak eta egitura miresgarriz osatuak batzuk. Deabrua infernuan nola sar deritzana esate baterako antologikoa da, eta baita ere Purgatorioko anima benedikatu bat. Atsegina da itzulpena, lapurtera klasikoaren kultismo eta xarma dario ipuin guztietan zehar, baina ez du kultismo honek edertasuna deuseztatzen, aitzitik, zentzu berri bat eta irakurketa berri bat posibilitatzen baitu”. Bestalde, 1965ean Egan aldizkarian, Dekameroneko Hiru eraztunak ipuina euskaratu zuen Bingen Ametzagak, hau ere sarean irakurtzen ahal duzuna.
Abe
09
16
Gaur, 2016ko abenduak 9 dituela, ehun urte betetzen dira Natsume Soseki hil zela. Urte osoa dute Sosekiri eskainia japoniarrek kazetetan, telebistan, museoetan, eta omenaldia ez da aurten amaituko, heldu den urtean ehun eta berrogeita hamar urte izango baitira jaio zela. Soseki, balio literarioaz gain, Japoniak Meiji aldian (1868-1912) bizi izan zuen mendebaldetartzearen sinboloa dugu: 1900ean Europara jo zuen bere ingelesa sakontzeko, eta bertan bizi izan zen bi urteetan, Oxford eta Cambridgen saiatu gabe, irakasle partikular batekin jardun zuen Shakespeare ikasten. Aldi berean, Londres leku exotiko bat egin zitzaion, jende erraldoiz betea, emaztekiek lehoi adardunak ziruditela beren orrazkera eta kapelu bereziekin, lainoa nork bere burua bilatzera behartzen zuen itsumena… Mundu hark indibidualismora lerratu zuen, eta ikuspegi kritiko bat hartu zuen ez Europaz, Japoniaz baizik. Satiragile ingelesak ikertu zituen, Jonathan Swift eta Laurence Sterne bereziki, eta haien lanetan aurkitu zuen haikuak ez ezik, ipuinak eta nobelak idazteko ildoa. Horrela bihurtu zen Japoniako literatura modernoaren idazlerik handienetako bat. Esandakoaren adibide Gizakia izeneko satira eskaintzen dizuegu, frantsesetik ekarria.
Aza
28
16
2016ko azaroaren 24an hil zen, 96 urte zituela, Marcos Ana poeta. Idazle ez ezik ekintzaile politiko izan zenak, komunista, 1939an kartzelatua, 23 urte eman zituen Espainiako frankismopeko kartzeletan, urte gehien espetxeratuta egin zituen preso politikoa bihurtuz. Haren ibilibideari ezibestean lotua, “lubaki-poesia” deitu izan diote Marcos Anarenari. Haren heriotza kari, Iñigo Aranbarrik euskaratutako zenbait poema eskaintzen dizkizuegu.
Aza
22
16
Gaur 100 urte, 1916ko azaroaren 22an hil zen Jack London. Idazle oparoa, zabalkunde handia izan du haren obrak, gehienbat abentura generokoak, baina idazlearen konpromiso sozial eta politikoa ere ageri da haren lanetan. Euskarara hainbat lan itzuli izan dira, horien artean Bizi nahi, gaur hemen eskaintzen dizueguna, Gillermo Etxeberriak euskaratu eta Hordago etxearen Tximista sailean plazaratua. Nadezhda Krupskaia iraultzaileak idatzia utzi zuenez, ipuin horixe irakurri zion hil-hurran zen Lenini hau zendu baino egun pare bat lehenago.
Aza
07
16
115 urte beteko dira azaroaren 7an Brasilgo literatura modernoan zigilu pertsonalenetako bat utzi zuen Cecilia Meireles jaio zela. Guraso biak oso umetan galdu zituen, eta gazterik hil zitzaion lehen senarra. Zorigaitz horietan bakardaderako eta introspekziorako joera hartu zuen, gerora poemagintzan garatuko zituen ildoak. Bizitzarekiko jarrera patxadakoa da bere poesiaren ezaugarri nagusia, oihurik eta saminik gabea, fatalismorik ez daukan igarotze batean. Espectros (1919), Nunca mais e… poema dos poemas (1923), Baladas para El-Rei (1925) sinbolismoaren barruan kokatu ohi diren poema intimistez osatuak dira, eta Romanceiro da Inconfidência (1953), historiaren ikerketa poetikoz. Cecilia Meireles sinadura finkoa izan zen hainbat egunkari eta aldizkaritan. Artikuluotan kronikari bezala nabarmendu zen oroz gain, lehen ustean jenero horretan ezinezkoa den intimismoa landuz. Bizitza hezkuntzaren hedapenean eta hobekuntzan eman zuen. Hizlari ere ibili zen munduan barrena Brasilgo literatura ezagutarazten. Hemen dituzu haren hamar poema.