Abu 22 07

Bertsogintza klasikoa

Ez dira gutxi izan, ahoz ahoko tradizioari esker, klasikoak izatera ailegatu diren bertso sailak. Horietako batzuk topatu ahal izango dituzu Klasikoen Gordailuaren aste honetako emanaldian. Horietako zaharrena, Agustin Basterretxearen Jesu-Kristo gure Jaunaren pasioa da; 1760. urte inguruan sortua, 61 bertsoz osatutako sail honek hamaika aldaera jaso izan ditu mendetan. Guk paperean argitaratutako lehen bertsio ezaguna sareratu dugu, 1777koa. Beste bertso sail famatua Juan Kruz Zapirainen Brabanteko Jenobeba (1899) duzue, hau ere behin eta berriro argitaratutakoa. Multzoa osatzeko, Pello Errota bertsolari ezin klasikoagoak Jarritako bertsoak ere dasta ditzakezue.

Abu 15 07

Antzinako bost doktrina

Kontrakoa dirudien arren, Klasikoen Gordailuaren helburua ez da inor kristau legera makurtzea. Haatik, irudipen hori indartzera gatoz aste honetan ere, antzinako bost doktrina berrargitaratuta. Haien balio nagusia, antzinakoak izatea, 1656tik 1739ra bitartean argitaratu ziren eta. Zaharrena, Martin Otxoa Kapanagaren Dotrinea, XVII. mendekoa. Ondotik dator Jose Otxoa Arinen Doktrina kristianaren explikazioa (1713), argitaratu izan den gipuzkerazko lehen liburua. Beranduxegokoak dira beste hiruak: Martin Arzadunen Doktrina kristianeen explikazinoa (1731), Franzisko Elizalderen Apezendako dotrina kistiana uskaraz (1735), eta Juan Irazustaren Doktrina kristiana (1739), ostera berragitalpen eta moldaketa gehien izan dituena.

Abu 08 07

Mende osoko idazlea,
Eusebio Erkiaga

Antzerti yayan izan naz antzezlanaren eta Irribarrea galtzen denean eleberriaren artean 50 urteko tartea dago, eta urte horietan guztietan jardun zuen —hainbat urtetako isilaldiez, jakina— Eusebio Erkiagak, poemak idazten, kazetaritzan —Eguna egunkariko erredaktore izan zen—, euskararen aldeko lanetan… Lekeition jaioa 1912an, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan hasi zen poemak argitaratzen, eta 1936ko Lekeitioko Olerti Egunean aipamenik erdietsi zuen. Olerkiak idatzi eta argitaratzeari utzi ez bazion ere (liburu gisa ere bai, baina batez ere aldizkarietan: Olerti, Karmel, Egan), gerraren etenaren ostean eleberrigintzara jo zuen. Poemetan erakutsitako hizkuntza jori eta aberatsean, sei eleberri idatzi zituen, hiru 1950-60etako aroan —gaur Klasikoen Gordailura dakartzagun Arranegi (1958), Araibarko zalduna (1962) eta Batetik bestera (1962)— eta hiru 80etan, lanetik erretiroa hartuta: Txurio Txoria, Jaioko dira eta Irribarrea galtzen denean. Eleberri kostunbristak dira gaur Gordailura dakartzagunak, batez ere Arranegi, Txomin Agirreren Kresala-ren ildokoa dena, itsas giroko nobela. Hirira garamatzate besteek, eta pertsonaia diferenteagoeara, janzkera modernoa ematen diotenak, nahiz eta protagonisten bizibideetan —galbideetan batik bat— idazlearen ikuspegi morala larregi nabaritzen den. Hementxe hiru eleberriok.

Abu 02 07

Augustin Anabitarte, narrazioaren gozoa

Euskarazko bidaia kronika lehenetakoa da Aprikako basamortuan, Augustin Anabitarterena (bereaz gain, Martin Ducq, Jon Izurrategi, Jean Etxepare aipatu ohi dira). 1891n Donostian jaioa, merkataria, aldizkarietan ekin zion idazle lanari: Argia, Euskal Esnalea, Euzkadi. Dibulgazioko lan batzuez gainera, 36ko gerra aurretik giro eta eduki kostunbristako bi eleberri idatzi zituen —Klasikoen Gordailuan jada dauden Usauri eta Donostia—, prosagile fina erakutsiz. Kostunbrismotik haratago, edukiari dagokionez ausartagoa da Poli eleberria, 1958koa, Donostiako kai eta kaleetan bizi den Poli umezurtzaren istorioa kontatzen diguna. Barojaren protagonisten eiteagokoa, Anabitarte eleberrigile destakatu moduan berretsi zigun. Aprikako basamortuan izan zen euskarazko bere azken lana, Poli bezala Itxaropena argitaldariaren Kuliska Sortan plazaratua (1961ean). Bidaia kronika, idazleak —bidaiaria zaletasunez, bere bidaien argazki sortak ere egiten zituena— Marseillan hasi eta Aljeriako basamortuan 1954an egindako ostera kontatzen du, paisajearen, herriaren, bidailagunen eta bizilagunen kronika bixia osatuz. Gerraosteko Anabitarteren bi lanok bildu ditugu Klasikoen Gordailura.

Uzt 24 07

Erramun Maruri: Barne sentimenduen olerkigintza

1884an Bizkaiko Maruri herrian jaio zen Alejandro Bilbao, Erramun Maruri izenaz ezagutzen dugun idazlea. Apaiz kaputxinoa, hainbat komentutan jardun zuen, elizgizon, Hondarribian, Iruñea eta Tuteran. 1932an ordena utzi eta gazteleraz ateratako komentuko bizimoduari buruzko gogoeta liburuan —Memorias o ¿Una esclavitud ignorada?, Errenteriako Makazagarenean— eliz agintarien hainbat jarrera gaitzesten zituela eta zigortua izan zen —ezin zuen jaunartu…—. Armintzara aldatu eta han bizi izan zen 1966an hil zen arte. Eta han jarraitu zion, tarte luze baten ondoren, 1920ko hamarkadan hasitako idazle lanari. 1920ko hamarkadan hasi zen, beraz, aldizkarietan olerkiak argitaratzen —Gure Herria, Euskal Esnalea, Arantzazu—, eta 1927an bertan plazaratu zuen bere lehen liburua, gaur hemen dakargunetako bat: Biotza abeslari. (gehiago…)

Uzt 19 07

XIX. mendeko medikuntza, Martin Aranbururen eskutik

Euskarazko prosa klasikoak oso eremu murritzetan jardun izan du oro har: erlijioa eta morala batez ere. Salbuespena den Martin Aranbururen kasua dakarkigu aste honetan Klasikoen Gordailuak. Gutxi dakigu haren bizitzaz, 1886tik 1931ra arte Deban mediku aritu zela izan ezik. Argitaratu zuen lehen idazlana 1899koa da, Manuel Bagorekin batera idatzitako Manual de higiene y medicina popular elebiduna, euskarazko izenburua Erriko jendeentzat osasun legeak eta medikantzako argibideak izan zuena. Handik gutxira, Erari espirituzkoak geiegi eratetik… idazlan laburragoarekin, Azpeitiko Itz Jostaldietako saria lortu, eta 1901an kaleratu zuen, hau ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Merezi du irakurtzea tartean hain “espirituzkoak” ez diren edari batzuen apologia, sagardoarena batik bat.

Uzt 11 07

Gerraosteko eleberria:
Jose Eizagirre

1881ean Tolosan jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen Jose Eizagirrek, eta legegizon jardun. Ez zuen, jakina, jarduera bakarra izan: lan politikoa eta idazle lanak ere egin zituen. Euskal kulturgintzari eta euskalgintzari gaztetatik lotua, hainbat aldizkaritan agerrarazi zituen idazlan eta artikuluak —Euzkadi, Euskal Esnalea Gure Herria—, eta Euskal Esnalea-n zuzendaritzako kide ere izan zen. Madrilen diputatu izan zen bi aldiz, EAJren ordezkari, 1918an eta Espainiako II. Errepublika garaian. Antzerkia eta narratiba landu zituen, batez ere, idazle gisa. Basotarrak da bere lehen obra, 1913an Euzkadi egunkariak plazaratu, opera baterako libretoa, 1911n Segurako euskal jaietan saria irabazi zuena. Basajaun eta euskal bikote gaztea —Santzo eta Intz— Gaztelako arrotzengandik defenditzen. Publikazio aldetik etena izan zen, bestelako lanetan ez. Bere idazlanik ezagunena gerraostean, bera zendu zen urte berean argitaratu zen, 1948an: Ekaitzpean eleberria. Buenos Airesko Ekin argitaletxean kaleratua, gerraosteko literaturan lehenengoetako eleberria dugu —Ekinek ere 1946an ateratako Irazustaren Joanixio-rekin batera—, urte haietan irakurgai bakanetakoa izan zena. Gerra du hizpide nobelak: gerrak hondatuko duen Aitzondo baserria eta hango senideen gorabeherak. Hiru atal ditu eta atal bakoitzak, narrazio zati baten ondoren, egoeraren eta hainbat gertakizunen berri ematen duena, zati nagusia dialogoa du, forma aldetik antzezlan gisa antolatu eta emana. Hementxe dauzkazu Jose Eizagirreren bi lanak, Basotarrak eta Ekaitzpean.

Uzt 05 07

Kostunbrismoaren uztaroa:
Barrensoro eta Juan Iruretagoiena

XX.mendeko bi autorerekin datorkigu Klasikoen Gordailua: Toma Agirre Barrensoro eta Juan Iruretagoiena. 1898an eta 1899an jaioak, joan den mendeko 20ko eta 30eko hamarkadan eman zituzten argitara euren lanak, garai horretako literatur testuingurukoak izanik hala gai nola forma eta edukietan. Euzkadi egunkarian plazaratu zituen lanak Barrensorok. 1937koa da bere lanik ezagunena, Uztaro eleberria, narrazio kostunbrista klasikoa. Lehenagokoa da, hala ere, gaur Gordailura dakarkigun Gazigozoak lana, 1933an publikatua Verdes Atxirikarenean. Beren hainbat irakurgairen bilduma da, lehenago prentsan agertuak: Loreti maitasun ipuina, sei ataleko narrazio luzea dena, Errusiari buruzko edo Papini elizgizonari buruzko artikulu bana, Walter Scott-en poema baten prosazko moldaketa, Barojaren atal batzuen itzulpena… Gipuzkera zein bizkaiera baliatzen ditu idazkiotan (bera errezildarra zen). 1936an Sevillara joan eta euskal lanetatik aldendu zen.

Barrensororen nobela toki duen Zarautz herrikoa izan genuen Juan Iruretagoiena. Hasiera batean Euskal Esnalea-n eman zituen argitara bere lanak: pare bat antzerki pieza oso labur (Otarka aza; Atso poxpolina), poema pare bat eta bere lanik ezagunena, Gau ostatua antzezlana. XX. mende hasierako euskal erromantizismo ildokoa, gau ilun bateko gertaera, baserri bakartua, emaztea hil zioteneko gizon arranguratua, hiltzailea apopilo hartzen duena, hiltzailearen damua… Iruretagoienak ere 1936ko gerratik aurrekoak ditu lanak, gerra ostean apaiz lanari lotu zitzaion, argitara apenas lanik eman gabe (poema bat 1957an Egan-en, eta itzulpenen bat). 1982an zendu ziren biak.

Eka 27 07

Txomin Agirreren bidaiak

Txomin Agirreren idazlan guztiak eskaintzeko ahaleginarekin jarraituz, ezagunegiak ez diren bi liburu berrirekin dator Klasikoen Gordailua oraingoan. Bidai-liburua lehena, eta poema-liburua bigarrena. Ioan-etorri bat Erromara (1899) izenburua daraman idazlana, hirurogei bat apaiz euskaldunekin batera Agirrek 1892an Erromara egin zuen bidaiaren kronika da, kronika “interesgarria”, erantsiko genuke, idazlan honek haren kezkak eta bizipenak erakusten baititu era aski garbian: sinesmena, herrimina, katalanekiko mirespena, etab. Bestalde, laburragoa izan bazuen ere poesiaren arloko bidaia, Agirrek idatzitako poemak eskaintzen zaizkigu Olerki guztiak (1890-1918: 1995) delakoan.

Eka 21 07

Bingen Aizkibel: Aberriaren lurraldean

Bingen Aizkibelen Ipuin aberkoyak eta Urretxindorra lanak dakartza aste honetan Klasikoen Gordailuak. Mende hasierako lanak —1917 eta 1918, biak ere Abandoko Grijelmorenean botatakoak—, pizkunde abertzalearen eremukoak ditugu, hala edukietan nola forman eta hizkuntzan —bizkaieraz idatzi zuen Ubideko seme izan zen Luis Gonzalez Etxabarrik, Bingen Aizkibel-ek—. Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea —Euzko Gaztedija-ko buruzagitzan ibili zen Eli Gallastegirekin—, Primo de Riveraren diktadurapean Argentinara erbestera joan behar izan zuen. Eta hantxe geratu 1971n hil zen arte. Desterru aurretik eta ondoren ere, hainbat aldizkaritan eman zituen argitara bere lanak —euskaraz eta gaztelaniaz, politikako artikuluak, olerkiak…— Bingen Aizkibelek. Gaur Gordailura dakartzagunak, ildo berean, desberdinak dituzu. Poemak dituzu Urretxindorra liburukoak. Berrikuntza formalik gabeak, gai aldetik ere aberria, natura, neska maitatua… orduko joera poetikoen baitan dihardu. Are gehiago Ipuin aberkoyak lanean, gaiari dagokionez, non Euzkadi idealizatua pertsonaia arketipikoen jokaleku den. Idazkera jorikoa, dena den, ondo egituratutako narrazioak dira, kontakizun molde bixi batez bilbatuak.

Eka 12 07

Krispin Beobide: Santutasunaren bidean

Beobideko Frai Krispin frantziskotarraren bi lan datoz gaurkoan Klasikoen Gordailua aberastera, biak urte berean kaleratuak: 1885ean. Alde batetik, “gure Aita len santu, Franziskoren bizitza labur” eta “txikia baña txit ona” eskaintzen du Asisko loria izenburua daramanak. Bestalde, Jesus Aurraren bederatzi-urrena izenburua duen liburua “gure Jesus aurraren maitatzalliai” zuzenduta dago eta bederatzi egunean egiteko bederatziurren ezin interesgarriagoa eskaintzen dio irakurle piadosoari. Jakina, irakurle, probetxurik aterako badiezu, bi-biak irakurri beharko zenituzke “ez nola nai, ez arinki, baizikan geldi ta arretarekin bera al dezun moduan iduritzeko, imitatzeko asmuarekin”.

maiatza 31 07

Jon Miranderen poemak eta artikuluak

Jon Mirandek 27 urte zituela, Andima Ibinagabeitiak elkarrizketa egin zion Parisen 1953ko otsailean. “Poema liburua orrazten ari omen zara, Jon, laster argitaratzeko”, eta Mirandek: “Bai, egia da (…); poematan irauli ditut nere maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nerak oro jaulki ditut, neuk entelegatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli ditut nere atsegin eta etsipenak ere (…); ene barne egia izan daitezen ahalegindu naiz. Hori bederik iritsi dut, zenbait eskandalizatuko badira ere”. Baina liburua ez zen inoiz plazaratu. Mirandek aldizkarietan argitaratu izan zituen poemak eta eskuizkribuak idazlea hil ostean agertu ziren liburura ekarrita (Andolin Eguzkitzaren, Txema Larrearen eta Xabier Olarraren edizioetan). Klasikoen Gordailuan Miranderen poemak batu ditugu, eta baita ere hogeita bat artikulu (1951-1962).

maiatza 23 07

Jon Miranderen eleberria eta ipuinak

Inork argitaratu nahi ez eta, azkenean, Gabriel Arestiren eskutik Lur argitaletxeak 1970ean argitaratutako Haur besoetakoa nobela dakarkigu Klasikoen Gordailura. Eleberria gipuzkeraz idatzi zuen Jon Mirandek, eta 1959an Andima Ibinagabeitiari bidaltzean honela azaldu zion: “Berrogeita hamar bat orrialde dauzka makinaz joak (…); maitasunezko ipuin-berri bat da (…); koformistek eta ergelek esango lukete noski abnormal den maitakeria bat kontatu dudala (…); ez dut uste euskaldunek abegi onik egingo diotenik (…); Mitxelenari igorri nion ea Egan-en argitararazi nahi zuenentz edo beste nonbait, liburuxka baten forman, zentsurari ihes egiteko bide bat aurki baleza. Ez dit oraindik jakinarazi zerbait aurkitu duenentz; zail baino zailago izango dela irudiarazi dit ordea. Zuk beharbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”. Gipuzkerazko bertsio hura ere ekarri dugu Gordailura, eta bide batez baita ere Miranderen ipuinak eta narrazio itzulpenak, 1951-1963 bitartean plazaratuak.

Api 25 07

Alfonso Maria Zabala, umorezko antzerkiaren beste adibidea

XX. mende hasierako antzerkigileen artean Alfonso Maria Zabala bada nor. Dozena erdi bat lan idatzi zituen 1911tik 1919ra, komedia arin estilokoak batik bat. Horietako batzuk eskaintzen dizkizu gaur Klasikoen Gordailuak: Periyaren zalapartak (1911) eta Melitonaren bi senarrak komediak (1918), Jauregi errotako astoa (1912) bakarrizketa, eta Urruti-izketa (1918) izenekoa, telefonoaren asmakizunaren inguruan. Azken hamabost urteetan Hernaniko erretore, pentsamendu politikoz integrista zen, eta talde horretako gazteek joka zitzaten idatzi zituen antzezlan ia guztiak. Narrazioak eta dibulgazio lanak ere idatzi zituen, eta horien bilduma egin zuen Antonio Zabalak Auspoa bilduman: Gabon zar bat eta beste ipui asko.

Api 03 07

Etienne Decrepten operak

Oholtzarako lanekin dator, oraingoan ere, Klasikoen Gordailua: Etienne Decrept baionesaren Maitena, Amatxi eta Semetxia obrekin. Decrepti buruzko aurkezpen-artikulu ederra idatzia duen Joxemiel Bidadorrek dioenez, “euskal operaren barruan lehenbiziko urratsak eman zituztenen artean, zalantzarik gabe, Etienne Decrept geneukake, nahiz, bati baino gehiagori, operagile baino, idazle soila iduri”. Baionan jaioa 1868ko azaroaren 1ean, margolari eta dekoratzaile aritu zen, lanbidez, bizilekua Bidarten izan zuen Decreptek. 1938ko maiatzaren 8an hil zen, Baionan, Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakari izandakoa, Charles Colin musikariarekin batera euskal operaren hastapenak ezarri zituen idazlea.
(gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak