Mar 06 14

Leopoldo Maria Paneroren
lau poema

Bart, Kanarietan gaueko 11ak zirenean hil da Leopoldo Maria Panero poeta. Aspaldidanik eroetxe ezberdinetan ingresaturik, harat honat ibili da azken urteotan. Ez da aspaldi, urte mordo bat Arrasateko Santa Agedan egin zituela, eta orduan hitzaldi eta errezitaldi ugari eskaini zituen Euskal Herrian. Josu Goikoetxeak  Paneroren zenbait poema hautatu eta euskarari ekarriak gunean ditugu orain irakurgai.

Mar 06 14

Luisa Villaltaren zazpi poema

Orain hamar urte, 2004ko martxoaren 6an hil zen Luisa Villalta poeta galiziarra, 46 urte zituela. Manoel Antonio, Luis Seoane, Xose Luis Mendez Ferrin eta abarren ildoa sakontzen duen belaunaldikotzat aurkeztu zigun Itxaro Bordak 1994an, Maiatz aldizkarian haren zazpi poema euskaratu eta aurkeztu zituenean. Hemen eskaintzen dizkizuegu poemok.

Mar 03 14

Ausias Marchen zazpi poema

Duela 555 urte, 1459ko martxoaren 3an hil zen Ausias March, Erdi Aroko poeta katalan handia, Valentzierazko Urrezko Mendea deitutakoaren ordezkari gorena. Bere kantu ezagunenetan trobadoreen ildotik aldendu zena, bere poesiak eragin handia izan zuen Erdi Aroko beste hainbat egilerengan. Ibon Sarasolak ekarri zituen euskarara haren zazpi poema, 2002an Hegats aldizkarian plazaratuak, orain hemen aurkezten dizkizuegunak.

Mar 03 14

William Burroughsen
Apaiza, halaxe deitzen zioten

2014ko otsailaren 5ean beteko zituzkeen 100 urte William S. Burroughsek, AEBetako idazle handiak. Malditismoaren ikurretako bat, beat belaunaldiaren ordezkari, efemeridearen karietara haren ipuin bat ekarri du euskarara Danele Sarriugartek, Apaiza, halaxe deitzen zioten. Kolaborazio berezian Kurt Cobainek izen bereko kantua egiteko baliatu zuen ipuin hau, 1973ko Exterminator bilduman argitaratua, Elearazi webgunean irakur daiteke euskaraz.

Ots 26 14

Oier Guillanen gabeziak
eta bakarrizketak

Lehiaketen zurrunbiloan gutxietsitako Oier Guillanen bi liburu dakarzkizugu gaurkoan. Gabeziak elementu gutxi batzuekin sortutako mundu poetikoa da, kontrastez antolatua: mugarik gabeko izarak eta gela bat, gela bat baino ez hiriaren erdian: besterik behar ote dute maitaleek, ordea, orainak eta orbainak trukatzeko? Baina amodioaren zurrunbiloak baditu bere pausaldiak, zalantza zirraragarri bihurtu beharrekoak. Poema labur eta gardenak, adimenaren eta sentimenaren uztarketa begia, iluna eta azala bitarte. Bakarrizketa poetikoak lana jokalari bakarrerako lau bakarrizketak osatua da, lauak gaiaren garapenaren zerbitzuan: jokalekurako poesia, genero zaila eta Oier Guillan bera lantzaile bakarra dukeena gure literaturan. Mundua, benaz, hilapaindegia da, itxaropenak esperantza gutxi. Heriotza, argi dago, ezoroitzea da: zer da lekukotasunik gabeko bizitza hau? Heriotza ekiditea, ez dago besterik, horixe da guri eskaini zaigun mandatua. Itzaliko da jokalekua argitzen duen argi xumea. Larruazala ezpain bihurtuko zaio ikusleari, oroitzen ez zuen ahots huraxe etorriko zaio akordura.

Ots 19 14

Mikel Peruarenaren
poesia edanez, ase arte

Hiru urte geroago Zarama taldeak izenburu berarekin atera zuen abestiaz oso bestelakoa da Mikel Peruarenaren aldarria bere bigarren poemategian (Edan ase arte): bizitzatik edan behar dugu, bizia edan bizi ahal izateko, hilobiko lauza bizkar gainean daukagula ibili behar dugunez. Eraispena modako hitza zen garaiko animalia mindua dugula aitortu zigun poetak, eta horrek eskubidea eman zion noski zorrotza eta egiatia izateko, “Literatura bergizarteratzeko neurriak” edo “Zapatak hutsik” bezalako poema gogor eta ederretan (aukera dago liburuan) mintasuna argigarrizko kontzientzia bihurtzerainokoa. Eta batzuetan sarkastikoa den irriñoa behin eta berriz irakurlearengana. Jexux Aranbururen bandoneonak nostalgia erantsi zion egin zituen errezitaldietan, poemen mezua biderkatuz. Edan poesiatik, edan poesia ase arte.

Ots 13 14

Adanen poema amaigabea

Bestela abisatzen zigun arren, Joseba Zulaika kartzela edo erbestea sufritzea inoiz merezi ez izanaren erru konplexu handirik gabe azaldu zitzaigun letretan, “bizi ala hileko uste ditugun arazoetaz bakarrik” atrebitzen zen poesia baten emaile. Arestiren eraginetik urrun, “ni” pertsonal bat ageri du: Adan, zuztarreko gizakia (ni, Adan hura; zu, irakurle hau), inguramenik eta gizarterik gabeko mundu batean, ur, lur, gau, eguzki, bide aurrean  pentsamenduaren lehen pausoak ematen, bizitza ulergarritasun batean kokatzen. Hori, 1975ean, ildo gainditua zela uste genuen. “Ni / —Adan— / ni gizona naiz / Eta / ni nagoen toki guztietan / entenimendua / eta / nahimena / daude”. Eta erabakitzeko eskubidea: “Goazen beste zerbaiten bila / zori ona / eta / zori txarra / ez dira nire mundua”. Horra Adanen poema amaigabea. Joxe Azurmendiren epilogo mamitsuak argitzen digu garaiko egoera poetikoa.

Ots 05 14

Mikel Ibargurenen
Ahapetik poema liburua

2007ko Kutxa Sariaren irabazle, liburu sarituek, bereziki poesia liburuek, izaten duten bazterketaren biktima dugu Ahapetik bilduma. Ez dateke erakunde antolatzailearen errua bakarrik. Mikel Ibarguren poeta ezaguna zen ordurako, indar handiko bi poemategiren egilea, bata kartzelan eta kartzelaz, bestea aterpeturik eta aterpeaz. Indar handikoak, hain zuzen, gaiaren interpretazioa nitasun batetik ematen zigulako autoreak. Poeta zela, alegia. Ahapetik tituluak berak iradokitzen duen tonu apalean dago emana testuaren poesia bere hirugarren obran, aitorpenetan ari zaigu: zalantzak, esperantza apurrak, maitaleen aurka antolatua dagoen oraina eta eguna, gorputz urrunduak, absentzia, ezaldia… Maitemina harresiez haratago ere, mugez haratago. Mintasun garden bat.

Ots 03 14

Pete Seegerren hamahiru kantu

Duela astebete hil zen Pete Seeger kantari eta kantugile estatubatuar handia. Haren itzala begi-bistakoa izan da mundu osoko kantari ugarirengan, baita Euskal Herrian ere. Herri xehearekin lotura estua, konpromiso politikoa eta ekoizpen erraldoia dira ia ehun urteko bizitza horretako ezaugarri nagusiak; langile mugimendua, eskubide zibilak, Vietnamgo gerra… nondik norako horretako zenbait mugarri. Azken urteetan ere tinko eutsi zien Seegerrek bere ibilbide osoko hatsarreei: 2002an, Irailaren 11ko atentatuen ondoren eta Irakeko gerraren bezperan, Luther King-i ikasi kantua sortu zuen, eta 2010an, Mexikoko golkoan izandako petrolio isurketaren kariaz, Jainkoak behar nau…. Kantu horiek eta gehiago ere euskaraz paratu ditu Josu Landak, orain eskaintzen dizkizugun hamahiru kantu horietan.

Ots 01 14

Jose Emilio Pachecoren heriotza

Joan zen igandean, 2014ko urtarrilaren 27an hil zen Jose Emilio Pacheco, 74 urte zituela. Mexikoko XX. mendeko idazle inportanteenetako bat, hainbat poema liburu eta saio idatzi ditu. Luigi Anselmik haren Traduttore traditore poema euskaratu zuen Bertzerenak liburuan; eta Mikel Elorzak Traizio gorena. Hemen dituzue biak.

Urt 28 14

75 urte W.B. Yeats hil zela

1939ko otsailean zendu zen, 73 urte zituela, William Butler Yeats, irlandartasunak izan duen poetarik gorenak. Antzerki idazle eta zuzendaria, Irlandako elezaharrek blaitu dute bere olerkigintza, baina baita bere herriarekiko konpromisoak, eta kantatu die bere inguruko jendeei. Literatura Nobel saria jaso zuen 1923an. Andolin Eguzkitzak  ekarri zuen euskarara 1980an, Joseba Sarrionandiak dozena erdi poema itzuli zituen eta Josu Lartategik ere hiru eman zituen Enseiucarrean aldizkarian. Gerora  Luigi Anselmik eta Hedoi Etxartek ere euskaratu dute. Denak eskaintzen dizkizuegu, Koldo Izagirrek euskaratu duen Easter 1916 poema ezagunarekin batean.

Urt 22 14

Joxean Muñozen
poesia apurtzailea

Poetak, oro har, gazterik jalgi ohi dira plazara. Barne sukar batek umotzen ditu azkarki hitzeraino. Autore gazte hauen estreinako obrak, gainera, pindarka egiten du batzuetan begira. Horrela jo gintuen 1984an Joxean Muñozen Parentesiak (etabar) bildumak: zehaztasun obsesiboa sekulako estiloan. Gaur, 30 urte geroago, harrigarria egiten zaigu gramatika apurtzaile hura, poetak jauzi estetikora ematen digun bultzazo gupidagabea. Ildo bereko lirikan eta planteamendu ausartean publikatu zuen Begien bizkar, maitasun poema sorta bat (Susa aldizkariaren separata, 1992), Jose Luis Otamendiren sarrera argigarri batekin: “Luze isilean gordetakoak peto-petoan deklaratzen dakizki, ez da amarrurik, ez eskupekorik, ez keinu lagunkoirik. Zauri zahar eta berriek zimelduak ditugu barnemuinak. Estimatzen diogu. Muñozek ez dio beldurrik poesiari”.

Urt 20 14

Gaur 50 urte hil zen
Anibal Machado

1964ko urtarrilaren 20an hil zen Anibal Machado, idazle brasildarra. XIX. mende amaieran jaioa, XX. mendeko Brasilgo literatur mugimenduen eta idazle handien garaikide eta lankide izan zen, eta Idazleen Elkarteko presidente, Getulio Vargasen diktaduraren kontra jardunez. Antzerki munduari lotua, hainbat talde sustatu zuen, obren egile eta itzultzaile ere aritu zuen. Prosan ipuinak idatzi zituen, eta obra oso handia ez duen arren, pieza eder askoak utzi ditu, Hamahiru ate liburuan (Elkar, 1985) Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak euskaratu zuten Biaduktoko suizida, gaur hemen eskaintzen dizueguna, kasu. Herri giro eta gai arruntetan zentzu ezkutuak eta poesia berezia atzematen dakiten idazle brasildarren artekoa da Anibal Machado. Biaduktoko neskatila suizidatuaren istorio laburrean ere, hiriko jendearen kronika legez beti, gertaera goibeletik giro harrigarri eta poetikora eramanen gaitu.

Urt 15 14

Juan Gelmanen oroigarri

Juan Gelman poeta argentinar handia atzo hil zen Mexikon. Diktadura militarrraren aurka jardun zuen, montoneroen erakundean. 1975ean erbesteratu zen, eta ez zen inoiz Argentinara itzuli. 1976an militarrek bere bi seme-alabak eta erraina desagerrarazi zituzten. Alaba ostera agertuko zen, baina semea 1990ean aurkitu zuen, ibai batera jaurtitako igeltsuzko ontzi batean, hilda. Bahiketa garaian jaiotako biloba, 2000era arte ez zuten aurkitu, Urugain. Poesia ekintza politikoarekin lotuz, idazkera herritarra erabiliz ekin zion gaztetan, eta gerora inozentziaz eta oinazez kargaturiko maisu lana garatu zuen. Joserra Egiluzek 1991n eta Koldo Izagirrek 2004an itzulitako poema banaz gain, Kevin Herediak 2007an euskaratu zituen 9 poema. Hamaika poema denera, Gelmanen oroigarri.

Urt 15 14

Ibon Sarasolaren Poemagintza

Ibon Sarasolak (Donostia, 1946) hogeita hiru urte zituela argitaratu zuen Poemagintza liburua (Kriselu, 1969). Gure inoizko poetarik goiztuenak ordea nortasun poetiko heldua agertu zuen titulu xume eta aldi berean fierraren azpian: arruntkeriaren aurkako borroka bat, delikateziaz eta espiritu landuan egina. Irudi eta baliabide klasikoen ukoa, banalitateak izan zitezkeen gaien hautua, gauzen deskripzio sotil eta sutila… Ildo berri bat, zaila, ausarta, ebaki zuen Sarasolak. Estilo biluzi eta erritmikoan garatuak, Poemagintzako poemek intimitate hauskor batean biltzen gaituzte, pianoak sortuak balira bezala.

Agenda

Efemerideak

Kritikak