maiatza
07
16
Galitzia eskualdeko Lwow herrian jaio zen Stanislaw Jerzy Lec (1909-1966), Polonian. Poema eta artikulu satirikoak publikatu zituen gaztetan. Judua zenez, Tanopol kontzentrazio eremura eraman zuten alemanek Polonia inbaditu zuteneko (1941). Bi urte geroago ihes egin zuen suntsimenetik, eta partisano poloniarrekin ekin zion erresistentziari. Gerra amaitutakoan Szpilki aldizkari satirikoaren sorreran hartu zuen esku, baina, gerraurreko ildoari jarraituz, poemagintzan saiatu zen bereziki: Bizitza umorezko poema da (1948), Poema berriak (1949) eta Israelen bizi izan zen bi urteren emaitza zuen Jerusalemgo eskuizkribua (1956). Estalinismo aroaren amaierarekin (1956), trabarik gabe publikatu ahal izan zituen bere senaren emaitzarik onenak, aforismoak, arrazoiketa sakonik eta argudiatze sendorik behar ez duten pindarrak, espiritu zorrotzaren txinpartak (Ilea laztutako pentsamenduak, 1959). Bitxia da nolako argitasunak ematen dituzten Jerzy Lecen pentsamenduok estalinismoaz honatago ere kritika eta kontzientzia manipulatu nahi zituen sistema bati buruz. Agian, ez zaigu hain bitxia gertatuko egilea alderdi komunistako kidea zela eta Poloniako Herri Armadako itzulpen eta propaganda unitatean jardun zuela jakinik.
maiatza
05
16
Gaur 40 urte eraman zuten, gaur arte. Argentinako Armadaren Inteligentziako 601 Batailoiak hartu zuen preso Haroldo Conti idazle eta irakaslea, eta desagerrarazi. Hainbat eleberriren egilea (En vida; Mascaró), bere belaunaldiko idazle aipagarrienetako bat da. Idazlea eta ezkerreko militantea, Argentinako diktadurak jasaten ez zuen konbinazioa. Haren omenez, idazle buenosairestarraren eguna da Maiatzaren 5a, eta guk Anaia baten heriotza narrazioa eskaintzen dizuegu, Gotzon Barandiaranek euskaratua.
maiatza
03
16
1916ko maiatzaren 3an, gaur 100 urte, fusilatu zituzten Dublinen Tomas O Cleirig, Tomas Mac Donnchadha eta Padraig Mac Piarais, Pazkoko Altxamenduko buruzagietarik hiru. Altxamendua amaitu eta astebetera exekutatu zituzten matxinadaren lehenengo buruzagiak. Politikariak, iraultzaileak eta langile mugimenduko liderrak izateaz gain, haietako batzuk idazleak ere baziren. Inoizko iraultza literarioentzat joa izan da Irlandakoa. Eta haien artean, nabarmen, Padraig Mac Piarais, izen ingelesarekin ezagunagoa, Patrick H. Pearse (Thomas Clarke eta Thomas MacDonagh, kideenak). Poeta eta antzerkigilea (MacDonnchadha ere hala zen), euskaraz paratu ditugu haren hamar poema.
Api
28
16
Estatuari dirua lapurtu ote dion esamesaren zama bizkarrean bizi da Axdar, ezkutuan, eta lapur fama horren eraginpean lotuko da Sarvar ere, berak salatu ez duen adisideak traizionatu duelakoan. Axdarren jokabidean, baino, bada ezagutzen ez den konturik. Badaki zer den jendearen, bereziki boterearen, pisua nabaritzea Akram Aylisli azerbaijandarrak. Idazle ezaguna, behiala errekonozimendua jasoa, armeniarren genozidioa salatu izana, bera azerbaijandarra izanik, larrutik ordaindu du, bere herrian guztiz bazterrera geratu arte. Azerbaijango idazlerik ezagunenetako bat, euskarara ipuin bat ekarri dugu, Josu Zabaletak itzulia, Bihotzak baditik horrelako gauzak.
Api
24
16
Gaur 100 urte, 1916ko apirilaren 24an aldarrikatu zen Irlandako Errepublika, Dublinen, Pazkoko Altxamenduan. Irlandako gizon eta emakumeei zuzendutako manifestu batekin, abertzale irlandarrek errepublikaren aldarrikapena egin eta Britainia Handiarekiko askatasuna deitu zuten. Urteetan ernatzen joandako abertzaletasunak eta nagusiekiko herrak 1916ko Aste Santuan egin zuten eztanda, eremu abertzaleak eta langileak batuz 5 egunez luzatu zen matxinada batean. Orduan bost egun, baina luzarora eragin erabatekoa izan zuen mugimendu batean. Britainia Handiko Armadak gogor borrokatu zuen bolondres irlandarrek armez hartutako Dublingo eremua, eta ondorengo errepresioa oso bortitza izan zen, altxamenduaren buruzagiak exekutatuz, eta zientoka lagun espetxeratuz. W.B. Yeats poetak hurbiletik jarraitu zituen gertakariok (Pizkunde 1916 poema ezaguna adierazgarri), eta egun haien inguruan ondutako beste bi poema eskaintzen dizkizuegu, mendeurrenaren karietara.
Api
18
16
Mundua aldatzeko tresna zuen poesia Gabriel Celayak, eta hala erabili nahi izan zuen, elite eta goi tokietatik urrun, humanizatuta, behe munduetara ekarrita. Baina konpromisoarena eta ikuspuntu sozialarenaz gain, gizakia ardatz hartzen duen kantua ere bada Gabriel Celayarena. Hainbatek euskaratua (Gabriel Aresti, Pello Zabaleta, Felipe Juaristi…), poetaren heriotzaren 25 urte betetzen diren honetan Koldo Izagirrek zazpi poema euskaratu ditu. Hementxe dituzu.
Api
14
16
Erreferente handienetako bat da, Mexikoko egungo idazleentzat, Jose Revueltas. Ekintzaile politikoa, langile eta nekazarien alde aritu zen. Eta hirutan eraman zuen jardun horrek espetxera, ezagunena 1968ko ikasleen matxinadaren karietara, Lecumberriko presondegi “izendun”era. Behartsuen, indioen munduak, behe mailako planetek: prostituzioa, espetxea… isla zuzena daukate haren literatur lanean, eleberri eta ipuinek osatua batik bat. El Apando narrazio ezaguna, eta beste asko. Gidoigile ere lan handia egin zuen. Klase arteko tentsioaren salaketa bikaina dago Inor gabeko hizkuntza ipuinean, Iñigo Aranbarrik euskarara ekarri diguna, Armiarman eskaintzen duguna Revueltas hil zela 40 urte bete diren honetan. Ipuinaz gain, Lecumberriko espetxetik Octavio Pazi bidalitako gutun bat ere irakurgai daukazue.
Api
07
16
Idazle italiarra dugu Annie (Anna Emila) Vivanti, ingelesez ere idatzi zuen arren. Lindau idazle familia alemanekoa zuen ama. Ingalaterran, Suitzan eta Estatu Batuetan ibili zen antzerkian eta literaturan. Exilioa amaiturik, Aitaren lurraldean kokatua, Carduzzi handiak bere poema bildumari eginiko hitzaurreak ekarri zion ospera. Idazle erraz eta popularra, arrakasta izan zuen Italiatik kanpo ere nobelagile bezala. Alabaina, Annie Vivantik jakin izan zuen literatura jasoa egiten, jasoa eta amorragarria: alemanek Belgikako emakumeei eginiko bortxaketak azaldu zituen (The Invader, 1915), Lehen Mundu Gerra osteko gizartea salatu zuen (Naja tripudians, 1920)… Lanok arazoak ekarri zizkioten, eta zentsura ere bai. Bizitza pribatuan, «maitasun molde libreegian» bizitzea zentsuratu zioten. Beti azaldu zen Britainiar Inperioaren aurka Egipton eginiko sarraskiak salatuz (Mea culpa, 1927), eta Sinn Feinekin kolaboratu zuen. Aurten 150 urte jaio zela eta, lau poema ekarri dizkiogu gurera.
Api
04
16
Intimitatea, desira, erotismoa, borroka, errepresioa, askatasuna, feminismoa, identitatea dira Ekhine Eizagirreren poema bildumako gaiak. Astelehenean Donostian jendaurrean agertu zuen Susa argitaletxeak Alde erantzira nabil, eta apirilaren 22an errezitaldia izango da Zarauzko Garoan arratsaldeko 20:00etan. “Hiru aro bereiziko dituzu liburuan” diosku idazleak: “lehenik, Euskal Herrian bizi nintzeneko garaia; bigarrenik, klandestinitatea; eta hirugarrenik, espetxealdia. Azken hamar urteetako oroitzapenek bizia gal ez dezaten, berreskuratu, elkarri josi eta atondutako hitzak”. Fresnesko kartzelatik aurkeztu du Ekhine Eizagirrek bere lehen liburua, audio honen bidez:
Api
01
16
Kunderak berak azaltzen duenez, “dibertigarri gisa” idazten hasi zen ipuinak, 1958an, Amodio barregarriak izeneko koadernotan bildu eta argitaratu zituenak. 1970ean liburu bakar batean eman ziren argitara, baina hortik Milan Kunderak bi ipuin baztertu zituen: Ni, Jainko nahigabetua eta Anuntziatzailea. Erein argitaletxeak publikatu zuen euskaraz Amodio barregarriak 1993an, Karlos Cidek euskaratuta (Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina ere itzulia duena, Alberdania-Elkar 2009). Bildumatik kanpo geratutako bi ipuinok ekarri dizkigu orain euskarara, amodio barregarrien inguruko egilearen beraren azalpenarekin batera.
Mar
28
16
Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Emakumeen idazkuntza tradizio patriarkalaren baitan hizpide hartzen duen saiakera hori 1929an argitaratu zen eta manifestu feminista inspiratzailea bihurtu zen berehala. “Fikzioa idatziko badu, emakumeak dirua behar du eta gela bat beretzat”. 2012an Consonni argitaletxeak Gela bat norberarena liburua itzuli eta argitaratu zuen, Maria Coleraren eskutik. Virginia Woolf hil zela 75 urte bete direnez 1941ko martxoaren 28an, liburua online partekatu nahi izan dute.
Mar
23
16
Hiru kaier berri plazaratu dira Munduko Poesia Kaierak bilduman, 13-14-15 zenbakiak: Audre Lorde (1934-1992) Danele Sarriugartek itzuli du ingelesetik, Angel Gonzalez (1925-2008) Gerardo Markuletak espainieratik eta Paul Celan (1920-1970) Xabier Montoiak alemanetik. Hirurak online eskaintzen dizkizu orain Susa argitaletxeak. Lorde ausart mintzatu zen emakume, lesbiana eta beltza izateagatik pairatutako azpiramenduari buruz. Gonzalezen poesia, sozialtzat jo izan diren beste poeta zurrun batzuenen aldean, ironiak zipriztinduta dator. Eta Celan XX. mendeko bigarren erdian alemanez idatzi zuen poeta garrantzitsuena duzu.
Mar
15
16
Soil, baina boz goran, definitu zuen bere poetika: “Eskribitzen dudanean / hitz egiten dut“. Eta idatzi zuen ozen, aldarrika, eta hitz egin luma zorrotzez, Blas de Oterok. 1916ko martxoaren 15ean sortu zen Bilbon, gaur 100 urte, eta XX. mendeko Espainiako poesiaren ahots inportanteenetakoa bihurtu zen, frankismopeko garai gogorrean. Lagun izandakoa, poetakide dei genezakeena, Gabriel Arestik haren hainbat poema euskaratu zituen, Egan aldizkarian argitaratuak 1960an eta 1962an. Denak bildu ditugu, eta hemen eskaintzen dizkizuegu. Orobat, Koldo Izagirrek euskaratu dituen poeta bilbotarraren 15 poema irakur ditzakezu.
Mar
05
16
Hasmentatik da gordina amaren lantua: “Atxilotu zintuzten egunsenti unean, / segizioan nintzen zugandik hurrean“. Preso dagoen semearen espetxerako bisitaldien kantua, indar handiko maitasun eta min kantua da Requiem. Errusiako poesiaren XX. mendeko izen handietako bat da Anna Akhmatovarena, bere lehen poemetatik hasi eta, isiltasun luze baten ondoren, 1960ko hamarkadako heldutasun aroko poemarioetara. Duela 50 urte, 1966ko martxoaren 5ean hil zen Akhmatova, eta urteurrenean Josu Landak euskarari ekarritako Requiem dakargu.
Mar
04
16
Nobela eta narrazio lanengatik ezagunagoa, itzulpen alorrean ere pieza bikain askoak eskainia, poeta ere badugu Joxe Austin Arrieta. 1983an Arrotzarena lana kaleratu zuenetik, poesiaren ildoa jorratzeari ez dio utzi, eta obra sendoa osatu du, eta horren erakusle gaur hona dakargun Graffitien ganbara (Kutxa, 1996). Gaiez oparoa da poemarioa, eta hainbat eremutan marrazten dizkigu bere poemak. Lanabesa, hizkuntza, menderatzen du eta trebe darabil Arrietak, poema libreak eta neurtuak konbinatuz, erreferentzia unibertsaletatik gogoeta lokaletara inolako arazorik gabe jauzi eginez, beti ere graffiitiak marrazten dituen horman arrakalak bilatzeko daukan errebeldia sena utzi gabe.