Abu 29 26

Rene Depestrek 100 urte

Mendea bete du abuztuaren 29an Rene Depestre idazle haitiarrak. 40etako diktadura militarraren aurkako ekintzailea, espetxea eta erbestea nozitu zituen. Negritudearen mugimenduari lotua, Cesaire eta Senghorren bidaide Parisen, Kubara eta Hego Ameriketara itzuli eta 50-60etako mugimendu iraultzaileak bizi izan zituen. Poesian eta prosan aritua, euskaraz bere zenbait narrazio irakur daitezke, Joxan Elosegik euskaratuak. Igelak argitaratu zituen 2013an Eros tren txinatar batean izenburuko liburuan. Haitiarrak 100. urtebetetzea duela ospatzeko, liburu horretako narrazio bi dakartzagu, Urrezko faisaia eta Bazhou.

Abu 28 26

Andrei Platonoven Eguzkia sartalderantz

Errusiako literaturaren izen handien artean sailkatu izan ez den arren, tokia izateko adinako lanak idatzi zituen Andrei Platonov idazleak. XIX mendearen amaieran jaioa, 1899ko abuztuaren 28an. Iraultza osteko lehen idazleetakoa, komunista, bere eszeptizismoak eta lanetan zekarren sistemaren kritikak debekua ekarri zioten garai sobietarrean. Lubakia eta Txevengur dira haren lanik ezagunenak (lehena euskarara Iker Sanchok ekarria, Alberdania-Elkar, 2009). 1990ean, Hegats aldizkariaren 3. zenbakian, Karlos Santistebanek Platonoven ipuin bat euskaratu zuen, orain  dakarkizueguna: Eguzkiaren sartalderantz.

Abu 27 26

Luzearen idazle lanak

Politikari, kazetari, kulturgile… eremu askotan jardun zuen, eta eragina utzi, Ander Arzelus Luzear-ek. Argia aldizkariaren zuzendari, El Día-ko euskal orriaren arduradun, euskarazko irratigintzan aitzindari Joseba Zubimendirekin batera, EAJko kide, bere lan militanteak espetxera eta erbestera bidali zuen. Berrogeita hamaika urte bete berri, 1949ko abuztuaren 27an hil zen, espetxeko egonaldiak haren osasuna erasana. Antzerkia idatzi zuen batez ere, eta hemen eskaintzen dizkizuegu obra bi: Gibel Handi eta Neskamearen marmarrak.  Itzultzaile ere aritu zen, besteak beste Charles Dickensen Eguarri abestia.

Abu 26 26

Guillaume Apollinaireren poemak

Arte modernoaren lehen aldarrikatzaileetakoa eta surrealismoaren aitzindaria, izen ezinbestekoa da munduko poesian Guillaume Apollinairerena. Euskaraz zenbait poema irakur daitezke (eta prosazko lan bat), eta hemen bildu ditugu Joseba Sarrionandiak, Luigi Anselmik eta Hedoi Etxartek euskaratutako zazpi pieza. Bestalde, Alcools poemario enblematikoaren bi poema itzuli zituen Koldo Izagirrek, sarrera argigarri bat ere emanez. 1880ko abuztuaren 26an jaioa, gerrako zaurien ondorioz hil zen 1918an Apollinaire.

Abu 25 26

Negritudearen ukatzailea

95 urte beteko zituzkeen abuztuaren 25ean Tchicaya U’Tamsi idazleak. Frantziako lehen diputatu beltzaren semea, kongotarra zela aldarrikatu zuen beti, ez afrikarra, errealitate gordin bati atxikia zela eta hartaz arduratua. Idatzia utzi zuen «belztasuna» aldarrikatzea kolonizatzailearen ikuspuntua hartzea zela. Iraultza bat suposatu zuen letretan negritudearen ukoak, besteak beste, U’tamsik bere lehen lanarekin erakutsi zuelako posible zela bestela idaztea (Epitomé, 1962). “Bere herriari mintzo zaion hostotxoa” errealista, fabulatzaile, liriko eta surrealista izan liteke batera, sailkatzeko zaila beti ere, konplexua eta ederra izugarri: idazle handi bat. Hona bere bi poema.

Abu 18 26

Garcia Lorca tiroz isilarazia

Duela 90 urte, 1936ko abuztuaren 18an, Espainiako gerra hasi eta hilabetera, hil zuten faxistek Federico Garcia Lorca. Izen ezinbestekoa literatura unibertsalean, asko izan dira euskarara ekarritako haren lanak. Poeta New Yorken (Erein, 2003) osorik itzuli zuen Juan Luis Zabalak, eta baita poeta granadarraren antologia ederra bildu ere Munduko Poesia Kaierak bilduman. Horretaz gain, Lauaxetak, Gandiagak, Arestik eta beste zenbaitek euskaratu dituzte Garcia Lorcaren lanak, gehienak Armiarman irakurgai daudenak.

Abu 14 26

Czeslaw Milosz euskaraz

Gaur egun Lituania den Szetejnien jaioa 1911n, 2004ko abuztuaren 14an hil zen Cracovian Czeslaw Milosz idazle poloniarra. Poeta handia, 1980an Nobel saria jaso zuen. 1984an Pamielak karrikaratutako Alkohola poemak libururako haren bi poema euskaratu zituen Tere Irastortzak. Maiatz aldizkariaren 9. zenbakian, berriz, 1985ean, beste poema bat argitaratu zen. Eta Literatur Gazeta-k Nobel saria jaso zuenean eginiko hitzaldia plazaratu zuen, Eduardo Zabalak. Testuok orrialde batean bildu genituen. 2011n, berriz, Iñigo Astizek euskaratu zituen 11 poema.

Abu 11 26

Ahotsaren indarra

Hogei urte abuztuaren 11n Mazisi Kunene idazlea hil zela. XX. mendeko Afrikako kulturan izen erreferentziala, euren identitatearen oinarriak berreskuratzeko ezinbestekotzat jo zuen Aime Cesairek. Poeta, kultur eragilea, apartheid-aren aurkako ekintzailea, zulueraren ahalduntzea bultzatu zuen, hizkuntza hegoafrikarren ondarea ere bilduz eta lehen mailara ekarriz. Beren hizkuntzetan egindako lanak ingelesaren parera igotzeko lan egin zuen, bereziki hizkuntza eta kultura zuluaren aldarri eginez. Poeta, haren zazpi pieza ekarri zizkion euskarari Gotzon Barandiaranek. Arantxa Hirigoienek ere poema bat euskaratua zuen Susa aldizkariaren 33. zenbakian.

Abu 09 26

May Ayimen poesia kaiera

Hogeita hamasei urte zituela, duela 30 hil zen, 1996ko abuztuaren 9an, May Ayim idazlea. Hanburgon jaioa, ama alemaniar eta aita ghanatar banaren alaba, gaztetatik izan zuen interesa kultura afro-alemaniarrarekiko, eta Ratisbonako Unibertsitatean defenditutako tesiak ere horixe izan zuen gaitzat. Bere saiakerez kanpo, gai hori jorratzen dute Ayimen poema ugarik. Bereziki gurasokeriazko diskurtsoak zituen jomugatzat, arrazakeria isil hori, etorkorra dena ulerkorra bainoago. Irakurleari atsedenik ematen ez dion poesia da berea, ez boteretsuen ez besteen hobenik garbitzen ez duena. Munduko Poesia Kaierak bilduman irakur daiteke Garazi Ugalde Pikabeak egindako itzulpenean.

Abu 03 26

Gutun lotsagabea

XX. mendeko autore katalan polemikoenetako bat izan zen Maria Aurèlia Capmany (Bartzelona 1918-1991), idazle eta itzultzaile katalana, frankismoaren kontrako eta feminismoaren aldeko ekintzaile sutsua. Familia ezkertiar, katalanista eta oneko kide izanik, txikitatik piztu zitzaion gai sozial, politiko eta kulturalekiko garra, eta lur horretan errotu zen bere literatura. Eleberriak eta antzerki-lanak ditu ezagunenak, baita haur literatura ere. Gutun-liburu bat ere badu, Gutun lotsagabeak Emakumetik emakumerako gutun lotsagabeak, eta hango bat euskaratu zuen Danele Sarriugartek, Hiltzaile batek emakume zintzo bati.

Abu 01 26

Ernst Jandlen poesia

Egile esperimental garrantzitsuenetakotzat jotzen da Ernst Jandl idazle austriarra, duela 101 urte abuztuaren lehenean jaioa. Tradizio dadaistan hasia, hitz-jokoak, esperimentatzea, umorea… izan dira bere poesiaren ezaugarri nagusiak. Antzerkia eta opera ere idatzitakoa, Iñigo Astizek eta Samara Veltek euskarara ekarri zituzten hamar poemetan testuen edukiak bezainbat antolamenduak ere duen garrantzia nabari daiteke. Luigi Anselmik Bertzerenak (Pamiela, 2006) liburuan itzulitako bi poema ere jarri ditugu irakurgai.

Uzt 29 26

Nathalie Handalen ahotsa

Jatorri palestinarreko poeta eta antzerkigile frantziar-estatubatuarra da Nathalie Handal. Haitin jaioa 1969ko uztailaren 29an, Palestinako Bethleemgoa da haren familia, eta bera hainbat tokitan bizi izan da (Suitza, AEBak, Erresuma Batua…). Hogeitik gora poema-liburu, antzerki eta zinema alorreko lan egin ditu, eta hedabide askotarako idatzi. Xabier Monasteriok itzuli zuen ipuin bat, Umm Kulthum gauerdiz izenburukoa, Qissat, Palestinako Emakumeen ipuinak antologian. Munduko Poesia Kaierak bildumako Biziei ere omen antologian, berriz, Iñigo Aranbarrik euskaratu zuen Atlas poema.

Uzt 27 26

Mikhail Lermontov euskaraz

Errusiar erromantizismoaren adierazpen nagusienetakoa da, literaturaren alorrean, Gure garaiko heroia eleberria, Mikhail Lermontoven idatzirik behinena, Jose Moralesen itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeena. Eleberriez gain, baina, haren bost poema ere ekarri izan dira euskarara, 80etan aldizkarietan (Hotsizki, Maiatz) eta  itzulitako poemen bilduma batean (Hezurrezko xirulak, Elkar, 1991). Uztailaren 27 batez hil zen Lermontov, duela 185 urte, eta hemen dituzu irakurgai bere poemak.

Uzt 14 26

Henri Caleten uztailaren 14ko abertzaletasuna

Sortzez Raymond-Théodore Barthelmess genuen Henri Calet, eta senez idazlea, idazlea artikuluak eta oroitzapenak ematen zituenean ere. Erdi kronika erdi nobela, autobiografiaren eta fikzioaren arteko obra berezi bat eraiki zuen, bere burua erakusten duen historiagile baten gisan. Caleti interesatzen zaion historia ordea ez da orri handiena, XX. mendearen lehen erdiko Parisen jasotzen dituen hosto xeheena baizik: klase apaletan, beren bizitzaren jabe ez direnen historiarik gabeko historian, proletalgotik marginalitatera sartu-irten bizi den mundu garratz eta hunkigarri horretan aurkitu zuen gaia. Erresistentzian sartu zen, atxilotu egin zuten, ihes egin zuen, erresistentzian jarraitu zuen. Gero, 1945ean, Fresnesera itzuli zen ostera eta paretetan idatzitako guztia bildu zuen, argitaratzeko, historiaren higieneak oihu haiek isil zitzan baino lehen (Les murs de Fresnes, 1945). Henri Caleten aipatu ezaugarriok ederki islatzen dira kolaboratzaile finkoa izan zen Combat aldizkarian azaldu eta Koldo Izagirrek itzulitako Danbor hotsik gabeko abertzaletasuna artikuluan (Patriotisme sans tambour, 1945). Uztailak 14 zituela hil zen orain hirurogeita hamar urte.

Uzt 13 26

Monique Wittigen pentsamendua

XX. mendeko pentsalari feminista erreferenteetako bat da Monique Wittig (1935-2003), uztailaren 13an Dannemarien jaioa. Eta Pentsamendu heterozuzena (The Straight Mind and Other Essays) artikulu-bilduma, haren obra esanguratsuena. Lisipe bildumaren baitan, Susa argitaletxeak plazaratu zuen 2017an. Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; militantziaren eta aktibismoaren parte bat dira haren artikuluak. Lehenagotik, dena den, Itxaro Bordak euskarari ekarriak zizkion haren Hiru ipuin (Maiatza, 2013) eta Ikuspuntu berezia ala unibertsala artikulua (Utriusque Vasconiae, 2010).

Agenda

Efemerideak

Kritikak