Abu
25
05
Hemezortzi urte zeuzkan eta esateko gauzak eta haiek esateko grina eta modua. Hartara, indarrez kaleratu zuen Xabier Aldaik Bala zeru urdina poemarioa, 1993an, Susa argitaletxearekin. Lubaki Bandako kide zen, eta hain zuzen bera izan zen talde hartan liburua argitaratzen lehena. Zazpi urteko isilune baten ondotik, 2000. urtean narrazio liburua kaleratu zuen, Bazterrekoak. Osorik daukazue Bala zeru urdina.
Abu
18
05
1955eko abuztuaren 12an zendu zen Thomas Mann, Alemaniako literaturak XX. mendean ezagututako idazle handienetako bat. II. Mundu Gerrara bitarteko gizarte alemaniarra erretratatu zuen bere eleberrietan, estilo aldetik ere ekarpenak eginez eleberrigintzari. 1929an Nobel saria jaso zuen. Buddenbroktarrak, Mendi magikoa eta Fausto doktorea dira bere lanik esanguratsuenak, euskaraz dagoen bakarrarekin batera: Herioa Venezian. Literatura Unibertsala bildumaren baitan kaleratu zen, Ibaizabal etxearekin, 1992an, Xabier Mendigurenek euskaratua. Osorik eskaintzen dizuegu.
Abu
11
05
Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin nobela jarri dute irakurgai euskaraz.net gunean. 1915ean Oiartzunen jaioa Donostiako Udaleko langilea izan zen urtetan, eleberrian bertan kontatzen digun eran. 1964ko Agora saria jaso zuen nobelan haurtzaroko eta gerra garaiko kontu lazgarrien berri ematen du Salaberriak euskara bizi ederrean. Beste bi liburu ere eman zituen argitara Auspoa liburutegian: bertso jarriak biltzen dituen Nere soroko emaitzak, eta Sagardotegiak, Donostia inguruko sagardotegi ezagunen berri ematen duena.
Abu
11
05
Ttu-Ttuá aldizkariko bultzatzaileetarik bat, Bilboko Aurrezki Kutxaren saria irabazi eta antzerki-lan bat izan zen Joanes Urkixoren lehen publikazioa: Eta beharbada ispilu beltz bat. Narrazioak argitaratu zituen ondoren, Elur gainean (1984) eta Lurra deika (1991), biak Erein argitaletxearekin. Tartean, 1990ean, oraingoz bakarra duen poema liburua kaleratu zuen Susarekin, orain osorik aurkezten dizuegun Berbak legezko aiztoak.
Abu
03
05
Duela 100 urte, 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Estepan Urkiaga Lauaxeta Laukizen. Senez prosista, bokazioz baino konbikzioz poeta, hizkuntzaganako maitasunak eraginik idatzi zituen bere poemak. Honela aitortu zuen: “eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño”edo “soluan atxurretan Aberrija goralduko nebala uste baneu, laster itxiko neuke lan au”. Poesia europarrari begira, formetan eta gaietan euskal poesia bide berrietan abiarazten saiatu zen, baina betiere idazkeraz eta ideologiaz bere alderdiari loturik: “Olerkarija barik Jeltzale benetakua nazala entzutiak atseginduko nau”. Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935) liburuak bezalaxe, hemen irakurriko dituzu poema solteak (1925-1937) eta poema itzuliak (1927-1931), adibidez: Tennyson, Hugo, Jammes, Baudelaire, Verlaine.
Abu
03
05
Lauaxetak bost antzerki lan idatzi eta itzuli zituen. Horietako bat, Gotzone izenekoa galdu egin da, eta Mungian eta Lekeition 1931ko udan antzeztu zela bakarrik dakigu. Euzkadi egunkarian argitaratutako lau antzerkiok irakurgai dituzu Klasikoen Gordailuan; sortzezkoak, asmo komikoz: Asarre-aldija (1931ko maiatzean plazaratua) eta Epaya (1932ko otsailean); eta itzulpenak, asmo dramatikoz eta politikoz: Maurice Maeterlincken Balbia (1932ko abenduan) eta Manu Sotaren Iru gudari (1933ko urtarril-otsailean).
Uzt
28
05
Joakin Balentziaren lehen poesia lana izan zen Espaloian dago munduaren xilkoa, 1989an Susa argitaletxearekin kaleratua. Aurreko urtean narrazio liburua kaleratua zuen Pamielarekin, Heriotzaren ipurdikoa izenekoa. Gerora, beste bi poema liburu argitaratu ditu, Gipuzkoa Donostia Kutxarekin saria irabazitako Amaigabeko zikloa 1995ean, eta 2002an, Hatsa Elkartearen bitartez, Egunkari ezkutua. Argitaratzen hasi aurretik, orduan ohizkoa zenez, literatur aldizkarietan egina zuen bidea, Korrok aldizkariaren atzean ziharduen taldean ibili baitzen. Osorik eskaintzen dizuegu Espaloian dago munduaren xilkoa.
Uzt
21
05
1987ko azaroan kaleratu zuen Omar Nabarrok Gaua zulatzen duten ahausietan poemarioa. Lehenago hiru poema liburu kaleratuak zituen, hirurak Susa argitaletxearekin: Itxastxorien bindikapena (1985) eta Egutegi esperimentala (1986) berak bakarrik, eta Gizaeuropa (1986) Joseba Urizarrekin batera. Handik bi urtera kaleratu zuen Odoleko eskifaia, Elkar argitaletxearekin, oraingoz bere azken poema liburua. Gaua zulatzen duten ahausietan liburuari Iñaki Goitioltzak (Iñaki Uriarte) egin zion hitzaurrea. Hemen duzu osorik.
Uzt
14
05
1985eko uztailaren 16an, orain hogei urte, zendu zen Heinrich Böll idazlea. Alemaniako Kolonia herrian jaio zen 1917. urtean, eta II. Mundu Gerraren ondorengo Alemaniako prosaren gailurretako bat izan da. Gerran parte hartu eta preso egon ondoren, 1947tik aurrera hasi zen idazten. Bere eleberriek Alemaniako gizartearen erretratu kritikoa osatzen dute. 1972an Nobel saria jaso zuen. Bere bi lan ezagunenetakoak euskaratuta daude, Pailazo baten aburuak eta Katharina Blumen ohore galdua (horrez gain nabarmentzekoa da Talde eta anderearen erretratua lana ere). Lehenik, baina, Aingeru Epaltzak ekarri zuen euskarara bere narrazio bat, 1985ean, Korrok aldizkarian kaleratua: Lanerako zaletasuna gutitzeko pasadizoa. Jose Antonio Azpirozek euskaratu zuen Pailazo baten aburuak (Elkar, 1986), eta Pello Zabaletak Katharina Blumen ohore galdua (Elkar, 1989). Azken hau osorik eskaintzen dizugu.
Uzt
07
05
1985eko udaberrian elkar ezagutu zuten Mikel Antzak eta Joseba Sarrionandiak. Sarrionandiak Fernando Pessoaren O Marinheiro antzezlana euskaratu zuen, eta Mikel Antzak testuarekin antzezlana prestatu, eta Susa argitaletxearekin Marinela lana kaleratu. Liburuak, testuaren jatorrizko bertsioaz gain, Iurretakoaren hitzaurre eta oharrak dakartza. Elkar ezagutze horren ondotik etorri ziren Martuteneko espetxean antolatutako kultur ekitaldiak, batez ere azkena, 1985eko uztailaren 7koa (igandea), orain 20 urte, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak kartzelatik hanka egin zutenekoa. Hemen daukazue Marinela liburua osorik.
Eka
30
05
Orain 15 urte, 1990eko ekainaren 25ean hil zen Manuel de Pedrolo idazle katalana. 1915ean L’Aranyon jaioa, Bartzelonara jo zuen gaztetan, eta CNT sindikatuan militante jardun. 36ko gerra galduta, kontzentrazio-eremutik irten eta gero hainbat lanbide izan zituen, idazle bizitzen aritu zen arte. Antzezlanak eta eleberriak idatzi zituen batik bat, gai-eremu oso difenreteak landuz: kronika, zientzia fikzioa, eleberri beltza… Kataluniako literaturako izen garrantzitsua, 1985ean ekarri zuen euskarara Jokin Lasak: Bigarren jatorriko makinizkribua argitaratu zuen Elkar argitaletxeak. Osorik eskaintzen dizuegu.
Eka
23
05
1905eko ekainaren 21ean jaio zen Jean Paul Sartre, duela 100 urte. Pentsalaria, idazlea, aktibista… XX. mendea ulertzeko pertsonaia klabeetako bat dugu. Euskal Herriarekin izan zuen harremanik eta eraginik, eta Literatur Emailu honetara ekarri nahi izan dugu. Markos Zapiainek artikulu bat idatzi du, M’ongoloon malura, eta horretaz gain Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuari Jean Paul Sartrek egindako hitzaurrea euskaratu du. Jarri dugu, baita ere, hitzaurre horixe, Txillardegik 1971n euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zena. Eta horiez gain bere literatur lanak: Paretaren kontra narrazioa, Mikel Lasak euskaratua eta Nekrassov antzezlana, Xabier Olarrak itzulia. Eta beste zenbait kontu ere, guztiak Jean Paul Sartreri buruzko gune berezian.
Eka
16
05
2004ko udazkenean kaleratu zuen Gotzon Barandiaranek bere lehen poema liburua, Arrakalak. Liburua itxi zuen, baina arrakalek izan zuten segida. Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia aurkeztu eta egin du hainbat tokitan, eta egiten dihardu. Hurrengoa ekainaren 25ean, Lesakan. Liburuko poemak errezitatzeaz gain, musika ere egiten dute eta poemen gainean egindako animazioak ikus daitezke. Arrakala libruua osorik eskaintzen dizuegu.
Eka
09
05
Idazle handi eta literatur eragile handiagoa da, seguruenik, Nikolas Ormaetxea Orixe. Idatzi zituenenegatik ez ezik bere garaiko idazle eta kultur eragileengan izan zuen itzalagatik. Pizkunde garaiko protagonista, Euskal Olerkiak eta Barne muinetan 30eko hamarkadan argitara emana, poesiaren alorrean Euskaldunak lan eskerga ere plazaratu zuen. Itzultzaile, kronikagile, saiogile eta nobelista ere izan zen. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Susa argitaletxeak bere poemen antologia bildu zuen.
Eka
09
05
Euskaraz.netek Frantzisko Lopez Alen, Donostiako idazlearen, eta Udal Liburutegiko nahiz Euskal Erria aldizkariko zuzendari izandakoaren Josetxo olerki liburua jarri du Liburutegi Digitalak atalean. Lopez Alenek bat batean galdutako semearen oroimen samina agertzen digu olerki hauetan. Ramon Illarramendi antzerki gilearen – Iztundek 1924an antzestu zuen “Bateko Urrea”ren egilea – zenbait antzezlan ere jarri ditu euskaraz.net-ek sarean: Bateko urrea, Tomax Iñaxio Donostian, Josepe albaiteroa, Artzain Pillipe eta Testimonio faltsua.