Abu
17
06
“Liburu miragarria honakoa, eta miragarriak bertako poemak“. Horixe idatzi zuen Xabier Mendigurenek Argia aldizkarian 1988an Zoperna jenerala (Pamiela, 1987) poemarioari egindako kritikan. Eta segidan liburua aletzen zuen, poetaren berri ere emanez: Luis Berrizbeitia. Hainbat jende liluratu zuen Zoperna jeneralaren ostean, Elkarrekin 1992an Eremu karroinduak kaleratu zuen eta Susak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman sartu zuen. Osorik irakur dezakezu bere poemen antologia, Kaieran bildutakoa.
Abu
17
06
Abuztuaren sasoi honetan Joakin Lizarragaren beste idazlan luzaroan argitaragabe zenbaiti egokitu zaie sarea ezagutzea. Gaurtik aurrera, bada, Elkanoko abadearen hiru lan gehiago aurkitu ahal izango ditu irakurleak Klasikoen Gordailuan. Batetik, berrehun bat sermoik osatzen duten bilduma: Sermoiak (1771-1800: 2004); bestetik, beste horrenbeste himnoz, bertsoz eta kantuz osatutakoa: Koplak (1793-1821: 1983). Eta, hirugarrenik, nonbait Lizarragak berak luzatutako “persona senziloak pensa brebe aisa ala” leloarekin bat egin nahian, San Joanen ebanjelioaren itzulpena eta bi dotrina luze eransten dira Beste zenbait itzulpen (c. 1821: 2004) estekaren baitan.
Abu
10
06
Saiakera fikzioz margotua? Narrazio saiakeraz hornitua? Saioa eta eleberria maisuki uztartu zituen Jon Alonsok Camembert helburu liburuan. Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susa argitaletxeak 1998an kaleratua, Toulouse-Lautrec pintorearen bizitzaz eta lanaz azterketa zorrotz bat egiteaz gain, haren margolan baten inguruko eleberri bikaina josi zuen Jon Alonsok. Dena liburu berean, osorik irakur dezakezuna.
Abu
10
06
Toribio Altzaga Anabitarte (1861-1941), Donostiako idazlearen, beste bost antzezlan jarri ditu sarean euskaraz.netek: Arpuxa kalian eta Txingurri bakarrizketak, txotxongilo ikuskizunerako eratutako Kaskagogorra, Biyak bat elkarrizketa eta Osaba, hiru ekitalditan banatutako antzezlana. Aurreko lauak testu labur eta arinak dira, garaiko euskaldunen gozamenerako idatziak; Osaba antzezlana, berriz, asmo handixeagokoa da, umorea eta Altzagak hain bereak dituen elkarrizketa biziak alde batera uzten ez baditu ere.
Abu
03
06
1906ko uztailaren 26an jaio zen Iokin Zaitegi. Idazle, itzultzaile eta kultur ekintzaile nekagaitza, asko dira arrasatearrak jorratu zituen eremuak. Itzultzaile gisa egindako lanak azpimarragarriak dira, batez ere klasikoak euskaratzen egindakoa: Sofokles, Euripides, Platon, J. Benaventeren Abereen indarra, Ebanjeliñe… Euzko-Gogoa aldizkariaren sortzaile eta sustatzaile nagusia izan zen, Guatemalan lehenbizi eta Miarritzen gero. Eta sortzaile ere izan zen. Hitz lauz idatzitako Bidalien eginak lanaz gain, olerkari izan zen Iokin Zaitegi. Aldizkarietan plazaratu zituen poema asko, eta bi liburuetan bildu zituen: Goldaketan (Mexiko, 1946) eta Berriz ere Goldaketan (Guatemala, 1962). Osorik eskaintzen dizkizugu biak.
Abu
03
06
Elkanoko apaiz izan zen Joakin Lizarragaren unea iritsirik, bi labealditan eskainiko ditu Klasikoen Gordailuak haren idazlan garrantzitsuenak. Eta oraingo honetan hagiografiaren ildokoei eman bazaie lehentasuna, hurrengoan sermoigintzarekin eta liturgiarekin zerikusirik dutenak sareratuko dira. Hori horrela, bada, honako hauek dira gaurkoan gordailuratuak: Jesu Kristoren eta Ama Birjinaren bizitzak (c. 1793: 1994) izenekoa, ehun eta laurogei bat sainduren bizitza jasotzen dituen Sanduen bizitzak (c. 1793, 1994) eta, azkenik, beste saindu mordo baten bizitzak biltzen dituen Zenbait sanduen biziak asteaz datozinak (1793-1813, 1994).
Uzt
27
06
1856ko uztailaren 26an jaio zen George Bernard Shaw, Dublinen. Antzerki autore handia, botereari kritika egitea presente dago hala bere antzerki lanetan nola saioetan, bereziki kritika lanetan, literatura eta musika alorreko kritika lanetan. 50etik gora antzerki-lan idatzi zituen, batzuk oso arrakastatsu eta ezagunak: Alargunen etxea; Candida; Pigmalion; Patuaren gizona; Armak eta gizona; Santa Joana… 1925ean Nobel saria eman zioten. Candida obra dugu euskarara itzulia, Jon Agirrek euskaratua eta Ibaizabalek argitaratua 2002an, Literatur Unibertsala bilduman, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Uzt
20
06
Duela 10 urte, 1996ko uztailaren 18an hil zen Martin Ugarte Saletxe idazle legazpiarra. Baserri eta artzain giroaren eta batez ere hizkuntza-ondarearen ekarpenak literaturara ekartzen ahalegindu zena, hitz lauzko On egiñaren obariak (Kuliska Sorta, 1972) da bere lehen argitalpena, non Arriantxo sasi-medikuaren bizitza nobelatu zuen. Gutxi argitaratuagatik, bertso eta olerki lana izan zuen jardunik oparoena. Sari hainbat irabazitakoa, bere poemarik ezagunenak eta esaera zaharren bilduma argitaratu zituen Legazpiko Udalak 1986an, Jatorriaren errotik liburuan, zeina osorik eskaintzen dizuegun. Horretaz gain, bildu ditugu hainbat aldizkaritan —Legazpiko Hots-en, besteak beste— argitaratu zituen poemetarik ia gehienak.
Uzt
20
06
Gure literatura klasikoak nagusiki erlijioaren esparruko gaiak izan ditu ardatz, eskuarki, teologiaren labarretan ausartu gabe, eliz mezua zabaldu baino egiten ez zutenak. Horren erakusgarri, eta J. A. Mogelen idazlan guztiak biltzeko ahaleginean, haren Kristaubaren ikasbidea (XVIII.mendea: 1987) eta Kristau Erakasle Euskalduna (XVIII.mendea: 2004) eskaintzen ditu Klasikoen Gordailuak gaurkoan, bi-biak katiximen arlokoak. Beste multzo batean datoz Juan Mateo Zabalaren Sermoiak-I (1816-1833: 1996) eta Sermoiak-II (1816-1833: 2000). Txomin Agirreren Sermoiak (1898-1916: 2000) izeneko bildumak emango dio amaiera gaurko irakurraldiari. Nolanahi ere, erlijio-literatura urruti duenari interesgarri egingo zaizkio Mogelen lehen liburuaren erdarazko hitzaurrea eta Agirreren sermoien artean galdutako harribitxia, hots, Euskeraren alde izeneko hitzaldia.
Uzt
13
06
1989an Balizko erroten erresuma kaleratu eta zortzi urtera publikatu zuen Koldo Izagirrek bere hurrengo poema-liburua, Non dago Basques’ Harbour (Susa, 1997). Eta beste mugarri bat ezarri bere literaturgintzan, pauso bat areago emanez bere hizkuntza poetikoan, estiloan, unibertso literarioaren eraikuntzan. Lehendik bagenekiena berretsi baizik ez zuen egin: euskal poesiaren ahotsik garrantzitsuenetakoa dela berea. Osorik dauzkazu irakurgai -eta entzungai gainera, batzuk- Basques’ Harbour-eko poemak.
Uzt
06
06
Euskal herritarrekiko harremana ez zuen Ernest Hemingwayk Iruñean soilik izan, ez horixe. Idazlearen Kubako etxea hainbat euskaldunen biltoki bilakatu zen, AEBetako zerbitzu sekretuentzat lanean. Ertamerika eta Hegoamerika osoan errepikatuko zen jarduera eta eskema. AEBetako artxiboetan egindako ikerketa baliatuta, harreman eta jarduera horri buruzko saiakera mamitsua idatzi zuen Edorta Jimenezek, eta Susarekin kaleratu 2003an.
Eka
29
06
2004an plazaratu zuen Paddy Rekaldek Bilbo dub kronikak poemarioa. Sex abaroa poema liburua lehen ere kaleratua, Txalaparta argitaletxearekin, bere unibertso literarioan sakontzen dute dub poema hauek, erritmoz jositako Bilboren kronikek. Whiskey koloreko gauak (Txalaparta, 1999) edo Rebel Mayo Colorao (Txalaparta, 2002) liburuetan landutako mundu ikuskeraren beste erretratu bat da, poesiaren prismatik iragazia. Osorik irakur dezakezu orain.
Eka
29
06
Francisco Ignacio Lardizabal zaldibiarra jaio zenetik berrehun urte betetzera doazen honetan (uztailaren 5ean, hain zuzen), Klasikoen Gordailuak haren aurretik ondutako ebanjelio-liburuen bi itzulpen-moldaketa eder sareratu nahi ditu omenaldi gisa. Lehendabizikoa J. Haraneder lapurtarraren Jesu Kristoren ebanjelio saindua (1740: 1990) da. Sinesmen katolikoan lehen Testamentu Berria izan arren (aurrekoa Leizarraga protestanteak burutu zuen 1571n), ehun bat urtez egon zen argia ikusi gabe, eta orduan ere (1855ean) lau ebanjelioak bakarrik kaleratu ziren. Gaurdanik oso-osorik aurkitu ahal izango du zaletuak sarean. Bigarren eskaintza P.A. Añibarro bizkaitarraren Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik (c. 1804-1821: 1991) dugu. Bi-biak, irakurleak ikusiko duen bezala, goi mailako lanak eta, zalantza gabe, omenaldi egokia euskaldunok gehien irakurri bide ditugun Testamentu kristauen apailatzailearentzat (Klasikoen Gordailuan ikus daitezke hark egokituriko Testamentu Berriko Kondaira eta Testamentu zarreko kondaira).
Eka
22
06
Narratibaren alorrean ezagutu genuen Joxe Austin Arrieta, Bidaia / Termitosti (Ustela, 1978) eta Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979), baina 80ko hamarkadan poesia bereziki landu zuen: Arrotzarena neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989). Hizkuntzaren lanketa, erritmo eta neurrien jokoa, Susa argitaletxeak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Joxe Austin Arrietaren poemen antologia. Osorik eskaintzen dizuegu.
Eka
22
06
Elezahar, kondaira, ipuin eta pasadizoak dira Klasikoen Gordailuak gaur sareratzen dituenak, serioak batzuk, umoretsuak besteak. Hizkuntz aldetik sinpleak bezain ideologikoki serioak dira, esaterako, Arturo Kanpionen Euskal lanak (1878-1909). Zirikatzaileak eta umoretsuak, berriz, XX. mendearen atariko aldizkarietan Pedro Migel Urruzunok argitaratutako pasadizoak, bertsoak eta ipuin modukoak, hemen Iru ziri (1899-1922, 1965) eta Sasiletrau baten ziria, eta abar (1897-1923, 1973) bildumetan ematen direnak. Ildo berekoa da, halaber, Paulo Zamarriparen Firi-firi (1935) idazlana. Egile bera du, azkenik, dotrinako haurrentzat egindako Anaiak gara (1929) ipuinak ere.