JOXEMARIREN URRE PUSKAK
Pedro Sarriegi
Duela 100 urte, 1906ko maiatzaren 26an, jaio zen Hernanin Pedro Sarriegi, 1968an hil zena. Paper fabrika bateko langile, euskal kultura, dantza eta bereziki antzerkia zaletasun izan zituen eta eremuotan jardun zuen. Gehienak argitaratu gabeak (Antzertiren artxiboetan dauden makina-izkribuak), hainbat antzezlan idatzi zituen, denak ere estilo kostunbrista batekoak: Etxerako... nor? (1964) Jarrai antzerki taldeak jokatu zuen, Jokaldi txar bat (1966) «Agora» saria, Gazteak; Zauritutako lorea; Biotzaren neurria, 1965; Ama izaten lanak dira orratik eta Jose Mari'ren urre puskak. Azken honen testua eskaintzen dizuegu, idazkera gaurkotuta. |
JOXEMARIREN URRE PUSKAK
Sarriegi'tar Kepa'k idatzitako antzerki barregarria.
Hernanin.
EGINTZA BAKARRA
ANTZEZ-LAGUNAK
Alkatea
Idazkaria
Joxemari: Kalegarbitzailea
Lukax: Aguazila
Karmen: Arrain-saltzailea
Terexa: Dendazaina
LEHENENGO EKITALDIA
Antzez-tokia Udaletxeko idazkaritza. Mahai gainean karpeta handi xamar bat; idazteko makina, orri batzuk ere bai. Lau eseri-aulki. Eseri-aulki baten gainean izango dira antzinako «kapa eta sonbrero kopalta»; beste eseri-aulkian berriz, Kalegarbitzailearen panazko txamarra. Sarrera erditik. Ezkerretara, Alkatearen gela.
(Oihala jaso, eta agertzen da, Idazkaria eserita mahai aurrean zer edo zer eginaz. Itxoinaldi bat, eta Alkatea sartuko da.)
ALKATEA: Arratsalde on, Idazkari jauna.
IDAZKARI: Bai zuri ere, Alkate jauna.
ALKATEA: Ezeren berririk, bai al dugu?
IDAZKARI: Zaharrak berrik. Ikastola horiekin zer edo zer egin beharko da.
ALKATEA: Bai. Horrexek emango dizkigu lanak. Osteguneko jaia antolatua egongo da, ezta?
IDAZKARI: Bai. (Altxa) Ekarri dituzte janzki-zabal eta zapela; horra non dituzun. (Hartu, eta eman egiten dio, Alkateari)
ALKATEA: (Jantzi, eta gero) Dotore ez al nago ba?
IDAZKARI: Oraintxe jantzi zara benetan, Alkate.
ALKATEA: Halaxe da ba. Datorren ostegunean, zuhaitz-landaketa hortan ahal den egokiena azaldu beharrean gara.
IDAZKARI: Ahalegin guztiak egingo dira, Alkate jauna.
ALKATEA: Ez dadila beraz, ezertxo ere bete gabe gelditu; denik eta gauzarik txikiena izan arren.
IDAZKARI: Ez, Alkate jauna. Guztia gertu dago; aguazila eta kalegarbitzailea ere, jakinaren gainean daude zer egin behar duten.
ALKATEA: (Kaskailu antzera) To! Horiek bai egingo didatela agindutakoa zuzen asko. Hauek baino kirten paregabekorik ez da izango herri guztian.
IDAZKARI: Agindutakoa egiten dute behintzat.
ALKATEA: Zaude ixilik! Lukax hor nonbaitekoa duzu, baina, Joxemari!, honek erotuaraziko nau ni.
IDAZKARI: Ez da horrenbesteraino izango, Alkate jauna.
ALKATEA: Ez al dakit ba, zer esaten dudan nik?
IDAZKARI: Uste al duzu ba, motel horietako bat dela, Joxemari?
ALKATEA: Motela! Tatar egindako pelota baino motelagoa.
IDAZKARI: Borondatea azaltzen du behintzat,
ALKATEA: Horrekin ez dugu ezer egiten ordea!
IDAZKARI: Zer gehiago eskatuko diogu ba.
ALKATEA: Eskatu ezer ez. Ostegunean ez dadila azaldu gure aldamenera.
IDAZKARI: Gure aldamenean ez da izango, zuk ematen dituzun aginduak betetzen ariko da baizik.
ALKATEA: Ezta ere; oker egingo ditu-ta.
IDAZKARI: Hori ez ezazula egin, Alkate jauna, gizarajo bat da-ta.
ALKATEA: Ezin zaio agindu «bando» bat jotzeko herriari zer edo zer adierazi nahi zaionean.
IDAZKARI: Hori besterik ez baldin bada!
ALKATEA: Ezetz, ez dutela nahi. Horrek ez digu gauza zuzenik egingo.
IDAZKARI: Lukax eta bera elkarrekin izango dira, eta ez dira galduko.
ALKATEA: Ez dira galduko ez, horiek biak elkarrekin badira.
IDAZKARI: Joxemari ere dotore azalduko da; jai handietarako txamarra ere ekarri diogu.
ALKATEA: (Eskua kopetara eramanaz) Hara; oraintxe honeraino nago. Ez nago ahaztuta herriko jaietan zer «bando» jo zuen kirten horrek.
IDAZKARI: Hori ahaztu egin behar da, Alkate jauna.
ALKATEA: Ez, adiskide, ez.
IDAZKARI: Zer egin behar duten jakinaren gainean daude ba, Lukax eta Joxemari.
ALKATEA: Ez, ez, ez, ez... Joxemari ez dadila ezertara azaldu ostegunean; ezertara ez gero.
(Joxemari sartzen da, bruxa argi bat jantzita, kalegarbitzaile baten antzera azalduko da.)
JOXEMARI: (Atean) Bada baimenik!
ALKATEA: (Beretzat) Hau agertu da ba hemen. A zer burrundara eraman behar duen. (Joxemariri deiadarka) Zertara zatoz honera; nork deitu zaitu.
JOXEMARI: (Apal) Deitu... deitu inork ez.
ALKATEA: Orduan zertara etorri zara? Alde hemendik, ez dugu zure beharrik.
JOXEMARI: Zera... bai... zera... hor daozte, nola... (Etxaferuak airetzeko keinu eginaz) Fuit...
ALKATEA: (Deiadarka) Zer zera, eta zer bai, eta zer fuit. Alde hemendik. (Joxemari abiatu)
IDAZKARI: Itxoin, Joxemari. (Alkateari) Zer edo zer adierazi nahiko du, Alkate jauna.
ALKATEA: Zer adierazi beharko du horrek.
IDAZKARI: Entzun akiozu.
ALKATEA: Pakearengatik doala hemendik.
IDAZKARI: Onenean... entzun zaiogun.
ALKATEA: Zatoz aurrera. (Joxemari aurreratu) Zer adierazi nahi duzu.
JOXEMARI: Zera, Txukun eta Harroxko, hor daoztela.
ALKATEA: (Beretzat) Nik esaten dudanean. (Joxemariri) Nor dira, ordea, Txukun eta Harroxko hori?
JOXEMARI: Nola etxaferuak, haiek biak.
ALKATEA: Baina...
IDAZKARI: Bai, Alkate jauna.
ALKATEA: Tira, hitz egin dezagun jator.
IDAZKARI: Lehengo gauean zure baimenik gabe, nola etxaferuak airetu zituzten haiek dituzu.
ALKATEA: (Eskuak gora jasoaz) Behingoan! Eta hori adierazteko, horrenbeste fuit eta fat esan behar al zuen? Nik esaten dudanean! (Joxemariri) Dagozela ba, nik deitu arte. (Joxemari abiatu) Nora zoaz?
JOXEMARI: Zuk deitu arte, doazela esatera.
ALKATEA: Doazela ez. Horiek dagozela hor ni aspertu artean... Eta orain, zurekin, hitz egin behar dut.
JOXEMARI: Bai, jauna, bai.
ALKATEA: (Apal) Joxemari, egia esan nahi badut, oraintxe asper-asper egina nago.
JOXEMARI: Hala esan didate, bai.
ALKATEA: Orduan zu ere jakinaren gainean zaude?
JOXEMARI: Bai, jauna, bai.
ALKATEA: Hola hobea da. Nork esan dizu ba?
JOXEMARI: Txukun eta Harroxkok esan didate.
ALKATEA: Txukun eta Harroxkok?
JOXEMARI: Bai, jauna, bai. Denbora asko daramatela zuk deitu zain, eta aspertu direla zain egoten.
ALKATEA: (Beretzat) Nik esaten dudanean... (Deiadarka) Ni nagoela asper-asper egina zurekin, Joxemari. (Eskua kopetara eramanaz) Oraintxe honeraino naukazu-ta.
JOXEMARI: A...! Ez dakit ba zergatik, Alkate jauna.
ALKATEA: Ez dakizula zergatik?
JOXEMARI: Ez, jauna, ez.
ALKATEA: Ba, nik esango dizut. Nork esan zizun zuri, herriko jaietan «bandua» jotzeko?
JOXEMARI: Lukaxek.
ALKATEA: Lukaxek e... Nik hari eman nion «banduak» zion! Goizean eguraldi txarra baldin bada, arratsaldean izango dela pelota partidua; eta ez zuk adierazi zenuena. Arratsaldean eguraldi txarra baldin bada goizean izango da pelota partidua. Eta hori entzun zuten guztiak barre.
JOXEMARI: Ez nintzen konturatu, uste gabean esan nuen.
ALKATEA: Eta hori asko ez delarik; hau ere esan zenuen. Bihar arratsaldeko bostetan, Nagusi Plazan, lau xexen izango dira, eta azkena aterako duten xexena, urruxa izango da.
JOXEMARI: Hala zen eta, Alkate jauna.
ALKATEA: Hala zela?
JOXEMARI: Bai, jauna, bai.
ALKATEA: Baina... Zuk ikusi al duzu xexenik, urruxa denik?
JOXEMARI: Han azkena atera zuten xexena, urruxa zen, Alkate jauna; hortan oso ziur nago.
ALKATEA: Urruxa bai; xexena ez baina.
JOXEMARI: Xexena ez zen izango, baina han azkena atera zuten urruxa, xexena zen.
ALKATEA: (Beretzat) Jaungoiko laztana, eman akidazu pazientzia puska bat, kirten honen kirtenkeriak haserretu ez nadin. (Joxemariri) Joxemari, zure kirtenkeriak entzuteko nagoela uste al duzu?
JOXEMARI: Ez, jauna, ez.
ALKATEA: Ez, jauna, diozu?
JOXEMARI: Bai, jauna, bai.
ALKATEA: Joxemari, nahikoa dugu, zurekin ezin da-ta. Orain zoaz, Jaungoikoaren izenean, eta ez zaitezela ezertara azaldu Ostegunean.
IDAZKARI: (Altxa) Alkate jauna...
ALKATEA: (Deiadarka) Entzun duzue bada. Eta orain, alde hemendik, Joxemari. (Joxemari abiatu) A! Eta hor nire zain dauden Txukun eta Harroxko hori, honantz ekarri itzazu.
IDAZKARI: Bai, jauna. (Joan)
ALKATEA: Konturatu al zara, kirten horrek esan dituen kirtenkeriak?
IDAZKARI: Joxemari izan. Nik uste dut ez ditugula horrek esan dituenak aintzakotzat hartu behar; hori horrelakoxea da-ta.
ALKATEA: Osteguneko jai ospetsua horrek ahaztaraziko digu. Ikusiko duzu, zerbait sortuko digu geure onetatik atera gaitezen.
IDAZKARI: Bai zera! Zuri orain jarri zaizun irudipena da hori; horrek ez du txarkeriarik, Alkate jauna. (Exeri)
ALKATEA: Herri bakoitzean izaten da halako bat, eta herri honetan, hori dugu.
(Sartzen dira, Joxemari, Txukun eta Harroxko. Horiek biak arlote jantziak)
JOXEMARI: (Atean) Hona hemen, Txukun eta Harroxko.
ALKATEA: Aurrera.. Exeri zaitezte hor. (Exeri. Joxemari zutik atzean beren erdian) Nork eman zizuen baimena zuei, lehengo gauean etxaferuak airetzeko?
TXUKUN: Inork ez.
ALKATEA: Orduan zeren buruz aritu zineten lo zegoenari esnatuarazi nahian, ezta?
HARROXKO: Etxaferuak airetzeko gogoa genuen, eta...
ALKATEA: Bai, e... Duro bana multa. (Jira)
TXUKUN: Aixa botatzen duzu.
ALKATEA: E!
HARROXKO: Aixa botatzen duzula.
ALKATEA: Aixa, e... Erantzuteagatik, hiru gehiago. (Jira)
TXUKUN: Berriz ere esango dute.
ALKATEA: E!
HARROXKO: Berriz ere esango dutela.
ALKATEA: Esan, e... Bost gehiago. (Jira)
JOXEMARI: Jo akiozue hordago.
BIAK: Hordago.
ALKATEA: E!
BIAK: Hordago.
ALKATEA: Hordago!
BIAK: Bai.
ALKATEA: (Haserretuaz) Joxemari; sartu itzazu kartzelan horiek biak, eta dagozela bertan nik agindu arte.
JOXEMARI: Ondo da. (Biei) Tira, goazen. (Joxemari erdian dela, beso banatatik helduaz irtengo dute)
ALKATEA: Nortzuk dira horiek; zer egiten dute!
IDAZKARI: Inork zer edo zer eman zain egoten diren horietakoak dituzu.
ALKATEA: Nik emango diet ba irabazi duten saria. Onegiak izateak, ez du ezer balio hemen.. Non da, Lukax!
IDAZKARI: Honezkero hemen behar zuen izan; zerbait gertatuko zitzaion.
ALKATEA: Hark bazekien garai hontako izan behar zuela hemen.. Guk joan beharra daukagu, honezkero gure zain jarriak daude.
IDAZKARI: (Erlojuari begiratuaz) Hirurak dira oraindik.
ALKATEA: Hori dugu garaia, (Janzki-zabal eta zapela, eseri-aulki gainean utzi)
IDAZKARI: Zuk nahi bezala.
(Lukax sartzen da aguazil jantzian)
LUKAX: (Atean) Bada baimenik!
ALKATEA: Aurrera. Non zabiltza!
LUKAX: Garaiz netorren, baina, aldian behin izpar honen bat sortzen da herrian, eta horrek luzarazi dit honantzarako etorrera.
ALKATEA: Betiko baduzue.
IDAZKARI: Ze izpar duzu, ba, hori?
LUKAX: Ez al duzue ezer jakin?
IDAZKARI: Guk, ez.
LUKAX: Herri guztian zabaldua dago.
IDAZKARI: Zer gertatu da ba?
ALKATEA: Haserre-antxean) Esan ezazu, esan behar duzuna, gizona!
LUKAX: Joxemarik urre puska batzuk izan behar ditu aurkituak.
ALKATEA: Lukax, ez zaitezela ipuin txarrarekin etorri; lehenago ere nahiko ipuin izan dugu-ta.
LUKAX: Egia izan behar du, Alkate jauna.
ALKATEA: Tira, goazen gu.
IDAZKARI: Jarrai ezazu aurrera, Lukax. LUKAX: Ba, esan bezala. Joxemarik urre puska batzuk aurkitu omen ditu.
ALKATEA: Non edo nolaz aurkitu ditu ba, urre puska horiek, kirten horrek!
LUKAX: Hori, ez dakit.
ALKATEA: Aurrean jarrita ere, ez lituzke aurkituko horrek, gizona.
LUKAX: Ba, egia izan behar du.
ALKATEA: Zaude ixilik. (Idazkariari) Tira guk joan egin behar dugu. (Lukax'i) Zu geldi zaitez hemen, gu Ikastolara goaz eta ezeren berririk balitz, badakizu non garen.
LUKAX: Bai, jauna.
IDAZKARI: Honetara ezkero esan dezala, ba, entzun duena.
ALKATEA: Denbora galtzen ari gara. Tira goazen! (Joan egiten dira. Idazkariak karpeta mahai gainean utziko du)
LUKAX: (Ezkututakoan) Bai, Alkate kaskailua. (Atetik jira egiten dira)
ALKATEA: Zuk esan duzun hori egiatan al da?
LUKAX: (Beldurturik) Ez, jauna, ez.
ALKATEA: Orduan... Joxemarik aurkitu dituen urre puska horiena, ipuina al zenuen?
LUKAX: Ez, jauna; hori egia da.
ALKATEA: Hori galdetzen dizut, ba. Tira, esan ezazu zer gertatu den. (Exeri egiten dira. Lukax zutik)
LUKAX: Ba, esan bezala. Bazkaldu, eta beti bezala honantz netorren; eta horretan, Joxemari ostatu dagoen etxeko-andrearekin aurkitu naiz. Nik galdetu diot; Goiztar, Iñaxi! Eta orduan berak erantzun dit. Gure Joxemari horrek, lau egun badira pakerik ematen ez didala, eta, Donostiara noa. Orduan nik galdetu diot. Zer gertatzen zaio, ba? Eta hark erantzun dit. Joxemarik bakarrik jakingo du. (Bi eskuekin neurtuaz) Bi urre puska, honelakoak, beste lau, txikiagoak, eta beste sei edo zortzi, ukabil adinakoak. Donostiara eraman ezkero zenbat ordainduko lioketen diruz. Hori jaki nahi omen du, eta horretara bidaltzen nau.
ALKATEA: (Altxa) Egiatan?
LUKAX: Etxeko-andreak dioenez, berehala jakin nahi omen luke.
ALKATEA: Joxemari ikusi al duzu?
LUKAX: Bai, jauna. Txukun eta Harroxkorekin hor aurreko tabernan sartu da.
ALKATEA: Ederki zegok! Nik kartzelan sartzeko agindu, eta hark berriz, tabernan sartu. Zer zioen? LUKAX: Goibel zegoen, eta ez zeukan hitz egiteko gogorik.
ALKATEA: Orain poztuko da. Esan zaiozu igotzeko; berarekin egon nahi dudala.
LUKAX: Bai, jauna. (Joan egiten da)
ALKATEA: (Pozez eta bi eskuak igurtziz) Entzun al diozu?
IDAZKARI: (Altxa) Bai.
ALKATEA: Hori egia bada...!
IDAZKARI: Ea herrian urre-tokiren bat aurkitu digun!
ALKATEA: Litekeena da. Ameriketan ez al zen ba azaldu? A! Horrelakorik balitz.
IDAZKARI: Etxeko-andrea Donostiara bidali duenerako zerbait izango du.
ALKATEA: Hala esan daiteke.
IDAZKARI: Herriarentzat ez litzateke gaizki etorriko urre tokiren bat azaltzea,
ALKATEA: Ez horixe! Orduan bai, Ikastolak hasiko nituzkeela; eta gainera, negurako estalpe on bat egin, haurtxoek non jostatu izan dezaten.
IDAZKARI: Hartara, beren amatxoek ere, orduan izango lukete non ordu batzuk igaro. Negua luzea izaten baita.
ALKATEA: Egia diozu. A! Zenbat gauza egingo nituzkeen.
(Lukax eta Joxemari sartzen dira)
LUKAX: (Atean) Hona gu hemen.
ALKATEA: Aurrera. (Joxemariri bizkarretik helduaz) Ostegunean, badakizue; zu eta, Lukax, gurekin izango zarete.
JOXEMARI: (Pozik) Bai, jauna, bai.
ALKATEA: Baina zu, Lukaxen esanetara egon behar duzu.
JOXEMARI: Bai, jauna, bai.
ALKATEA: Txamarra ere ekarri dizugu. (Hartu, eta emanaz) Hau jantzita apainago agertuko zara... Hamar duroko hau ere, zuretzat.
JOXEMARI: Eskerrik asko.
ALKATEA: Egia al da, zu ostatu zauden etxeko-andrea Donostiara bidali duzula (eskuarekin neurtuaz) honelako urre puskak zenbat ordainduko lizuketen diruz jakitera?
JOXEMARI: Bai, jauna.
IDAZKARI: Ez dago gaizki! Urre tokiren bat, aurkitu al duzu?
JOXEMARI: Galdera hori, askok egin didate gaur.
IDAZKARI: Eta zuk, zer erantzun diezu?
JOXEMARI: Ui! Nik ez dakidala ezertxo ere.
ALKATEA: Ederki esana. Oraingoz behintzat, zuk ez ezer esan.
JOXEMARI: Ez, jauna, ez.
IDAZKARI: Nik bihar Donostiara joan beharra daukat, eta bidez jakingo dut.
JOXEMARI: Egia esan, hori jakiteko zaletasuna sartu zait.
ALKATEA: Bihar jakingo duzu ba. Orain guk, joan beharra daukagu, eta zu hemen gelditu zaitez, Lukax berehala etorriko da. Gu ere laster etorriko gara, eta orduan hitz egingo dugu patxada ederrean.
JOXEMARI: Ondo da, jauna.
ALKATEA: Tira, gu goazen. (Hirurak pozik asko joaten dira)
(Joxemari bakarrik)
JOXEMARI: Hori da gizonaren aldaketa! Lehen, hartu, ia airean bidali; ordea berriz, bertan geldiarazi; gainera, txamarra eta hamar durokoa eman. (Bruxa kendu eta txamarra jantziz) Ni azalduko naiz mutila. (Jantzi, eta gero)
Bapo, Joxemari! Hamar duro eta txamarra honekin, andregaia aurkituko duala ez zegok esan beharrik... Ni horren apain, eta nire lagun zaharra zakarretan ibiltzen dudan zaldi zuria... Ez dakit zer gertatuko zaion denbora asko baino lehen. Ezin da ibili gizarajoa daukan ahuleriarekin.. Herriak ez baitio nahiko pentsurik ematen! Merkezurrean baitaukate! Bi bertso jarri dizkiot nire zaldi zuriari; eta berehala abestuko ditut.
I Horra bi bertso berri
nik ditut gaur jarri
zeren nere izena
dan Joxemari
Errezatu nezake
hiru Abe Mari
indarra etortzeko
zaldi zuriari
Animali hori erruki zait neri
falta du ugari
egoteko guri
Kartoiakin egina
dala dirudi.
II
Lana sobra du baina
janaria falta
errukarria da-ta
dakarren planta
Gaixoak ez lezake
Luzaro aguanta
plakua da-ta ezin
mugitu du hanka
Pentsu gutxi jan-da
kalean jiraka
gaizki bizi da-ta
indarrik ez dauka
Ezin kateatu du
karro bat tra-tra.
(Bertsoak bukatutakoan, Lukax sartzen da)
LUKAX: (Atean) Joxemari, hemen nauk. (Aurrera)
JOXEMARI: Ez al nago ba, dotore? (Irriako bat eginaz) Iaup...
LUKAX: Dotore! Bai, mutil. Makinatxo bat aurtengo udaran, Donostiako hondartzan eta Igeldon, pasiatuko dituk hi baino traketsagoak.
JOXEMARI: Hori esan!
LUKAX: Joxemari, hi beti zoriontsu; guztiekin ondo antolatzen haiz.
JOXEMARI: Halaxe duk, ba.
LUKAX: Ez al duk ezkontzeko asmorik?
JOXEMARI: Ni ez natxiok inork nahi, motell.
LUKAX: Ikuste haut, ba, nik, Tomaxaren alabarekin.
JOXEMARI: Noiz edo noiz baliteke. Nire lantokia horrelakoxea dut ba.
LUKAX: Honezkero baten bat aurki edukiko duk begiz jota.
JOXEMARI: Badakik... berak nahi izan ezkero...
LUKAX: Uste diat... bietatik asmatuko nukeela.
JOXEMARI: Baliteke.
LUKAX: Mikelaren alaba.
JOXEMARI: Ez, hori ez.
LUKAX: Ixabelen alaba.
JOXEMARI: Toki onera joan haiz.
LUKAX: Orduan nor duk, ba, hire gogokoa?
JOXEMARI: Esango nikek baina...
LUKAX: Ez hadila lotsatu, gizona. Nik ere ezkondu baino lehenago izan niken, andregaia; gainera, hik nahi ez baldin baduk, ez dik inork jakingo.
JOXEMARI: (Belarri-ertzera) Paketsuren arreba-ordekoa.
LUKAX: Paketsuren arreba-ordekoa?
JOXEMARI: Bai.
LUKAX: (Bizkarrean joaz) Bejondaiokela, Joxemari. Ez duk begi txarra izan; eta gainera, neskame dagoen etxean ere oso ixtimatua egon behar dik.
JOXEMARI: Berak nahi izan ezkero, huraxe izango huke nire semeen ama.
LUKAX: (Bizkarrean joaz) Bapo, Joxemari; hori duk gizonaren arrazoia. Eta orain, hor Alkatearen gelan ispilua bazegok, eta hire burua han ikusiko duk ondo.
JOXEMARI: Horixe egin behar diagu, ba.
LUKAX: Goazen bada. (Joan egiten dira gelara)
(Horiek ezkutatutakoan sartuko dira, Karmen, Arrain-saltzaile antzera jantzita. Terexa, «txarkutera» antzera. Azalduko dira, poliki-poliki alderdi guzietara begira. Geroxeago, Idazkaria sartuko da)
KARMEN: Ez zegon inor.
TEREXA: Horixe dun gela apaina!
KARMEN: Ni ez nindunan behin ere izan hemen.
TEREXA: Ni ere gaur arte ez.
KARMEN: Ni, Alkatearekin egon gabe, ez naun joango.
TEREXA: Ezta ni ere. (Idazkaria sartzen da lasterka)
IDAZKARI: Zer nahi duzue zuek hemen?
KARMEN: Alkatearekin egon nahi genuke.
IDAZKARI: Gaur zaila izango duzue, ba.
TEREXA: Orduan, noiz egon gintezke, ba?
IDAZKARI: Gaur ez behintzat. (Mahai gainean utzi duen karpeta hartuko du). Hau ahaztuta utzi dudalako aurkitu nauzue hemen.
KARMEN: Berorri esatea berdin izango dinagu!
TEREXA: Bai, bai.
IDAZKARI: Lasterka nabil, eta esan, esan behar duzuena.
KARMEN: (Eskuarekin neurtuaz) Niri, bi izokin honelakoak lapurtu dizkidate.
TEREXA: (Neurtuaz) Niri berriz; lau oilagor honelakoak.
IDAZKARI: Mokadu goxoak!
TEREXA: Eta nik jakiten badut nor den, lepoa bihurrituko diot.
IDAZKARI: Arrano arranoa! (Beretzat) Lukaxek, Alkateari eman dizkion neurria dira!
KARMEN: Zer derizkiozu, gizon!
IDAZKARI: Ea, Joxemariren urre puskak, zuen izokin eta oilagorrak diren!
TEREXA: Horrekin zer esan nahi duzu?
IDAZKARI: Lukaxek, Alkateari zer edo zer esan diola-ta...
KARMEN: Lukaxek?
IDAZKARI: Bai, hementxe bertan.
KARMEN: Zer esan dio, ba?
IDAZKARI: Joxemarik, urre puska batzuk aurkitu dituela. Eta egia esan, zuek orain eman dituzuen neurri berdinak emanaz, Alkate jaunari hitz egin dio.
TEREXA: Herri guztian zabaldua dago, bai. Baina inork ez du ikusi, Joxemarik aurkitutako urre puskarik.
KARMEN: Hezur horrekin doala beste txakur batena.
IDAZKARI: Dirudienez, etxeko-andrea Donostiara bidali omen du jakitera, urre puska horiek zenbat ordainduko lioketen diruz.
TEREXA: Bai, bai. Herri guztia dantzan jarria daukate.
KARMEN: Ipuin horrekin, ostatuan jende gehiago bilduko baita.
IDAZKARI: Horrelakorik gertatu ote da ba!
KARMEN: Ez asko fiatu. Lehenago ere, ziri ederrak sartu izan ditu, horrek.
IDAZKARI: Orduan...
TEREXA: Joxemariren ateraldi bat dela hori!
IDAZKARI: Horrelako gezur bat herrian zabaltzea, erru handikoa da.
KARMEN: Dena dela. (Terexari) Hau garbi zegon. Joxemariren egitekoa izango dun guztia.
TEREXA: (Idazkariari) Joxemariren urre puskak, honen izokinak eta nire oilagorrak dira. Ez ezazula izan ezbairik!
IDAZKARI: Zuek ere, ez duzue aurreregi joan behar. Hori argituko da. Orain banoa ni, lasterka naiz-eta. (Joan)
BIAK: Zoaz bai, guk itxoingo diogu Alkate jaunari hemen. (Biak lotsagabetu)
KARMEN: Zer uste dute horiek; egun hauetan gure bizkar afari-meriendak eginaz ibiliko direla? Ez, horixe.
TEREXA: Ikusten al dun? Xaxpiki horrek euliari hegoak kentzeko kemenik ez zeukan, eta guri arraina eta ehiza kentzeko gertu egon dun.
KARMEN: Zer uste du horrek!, ez direla gauzak jakiten? Hobe liken goizean zakar biltzen ari denean, tabernak gutxiago bixitatuko balitu.
TEREXA: Sudurra ere, gorritzen hasi zaion.
KARMEN: Hori esan!
TEREXA: Alkate Jauna jakinaren gainean baldin badago, uste dinat antolatuko duela.
KARMEN: Entzungo zionagu zer esaten duen.
TEREXA: Ez hintzenan ba, makurtzen hasiko!
KARMEN: Ni! ezta batere! Orain hurrena ere bazekiat zer egin zuten, Antonio, Erramun, eta horien adiskide batzuk.
TEREXA: Nire senarra ez dun tarte hortan sartuko, noski?
KARMEN: A! Hori ez zekinat. Kandela duenak, jaso dezala.
TEREXA: Aizan, Karmen, «Bere adiskide guztiak» ez dun ondo esaten.
KARMEN: Terexa. Horiek denak berdinak ditun.
TEREXA: Nire senarra horien adiskidea dun, eta hire senarra ez bezalakoa.
KARMEN: Hik hori esatea... ez dun itxurazkoa, Terexa. Bazekin goizeko ordu bietan etxeratzen.
TEREXA: Hirea ere, hor nonbait ibiltzen dun.
KARMEN: Jator ordea!
TEREXA: Bai, galtzak ezin jasorik.
KARMEN: Hirea berriz, txapela galduta.
TEREXA: Hobe izango huke leihoan gutxiago egongo bahintzane.
KARMEN: Hara berriz, zer dion begi gorri horrek.
TEREXA: Begi gorria!
KARMEN: Bai.
TEREXA: Hago ixilik, Tarrat.
KARMEN: Eta hi, Xepu.
(Lukax sartzen da)
LUKAX: Zer gertatzen da hemen? Zertara etorri zarete? BIAK: Gu, Alkate jaunarekin egotea.
LUKAX: Edo, zeuen artean haserraraztera!
TEREXA: Hori hasi da. KARMEN: Ez andrea; hi hasi haiz.
TEREXA: Gezurra dion.
KARMEN: Egia dun.
LUKAX: Aski da! Zu, edo hori, jakin behar duzue, Udaletxean zaudetela.
(Joxemari sartzen da)
JOXEMARI: Ze iskanbila da hau?
BIAK: Hara bera hemen. (Bereganatuaz) Zuk, bai, zuk.
JOXEMARI: Nik, zer?
KARMEN: Ikusten al duzue katu-arrain hau? Ezer ez baleki bezala azaltzen dun.
LUKAX: Orain ere, egin al duk?
JOXEMARI: Nik zer zekiat ba! Horiekin bahabil.
TEREXA: Itxurak egiten ari zarete. A zer alproja parea!
LUKAX: Kontuz gero hitz horiekin!
JOXEMARI: Ez iezaieala jaramonik egin, motell. A zer bikote etorri dena!
KARMEN: Bikotea! Zer uste du sudur gorri horrek. Baratzetan dauden txaparroa dirudi-ta.
JOXEMARI: Kontu gero!
TEREXA: Zer kontu gero. Hemen jakin behar duguna da; izokin eta oilagorrak non diren.
JOXEMARI: Izokinak, ibaian, eta oilagorrak, airean.
KARMEN: Gu ez gaude zure kirtenkeriak entzuteko hemen; entzun al duzu? Non dituzu nire bi izokin?
TEREXA: Eta nire lau oilagor.
JOXEMARI: Baina... zuek burutik ondo al zaudete?
TEREXA: Ukatuko luke lotsa gutxirekin.
KARMEN: Ez naun ni batere harritzen. Joxe Migelek utzi zizkion prakak eta alkandora ere, ukatu egin zizkionan.
JOXEMARI: Zerorrek asmatutakoa da hori.
KARMEN: Orain ere, besteren txamarra duzu.
JOXEMARI: (Lukaxi) Aizak, hi. Hik esan al diek?
LUKAX: Ni ez nauk horiekin ezertarako egon, mutil.
KARMEN: Tira, tira. Guk jakin nahi duguna da; non dituzun nire bi izokin horiek.
TEREXA: Eta nire lau oilagor horiek.
JOXEMARI: Gezurra dirudi zuek niri galdera hori egitea. Ez al nauzue ezagutzen?
TEREXA: Zu? Alproja galanta.
KARMEN: Gezur-zulo. Bestela ez zenuen esango urre puskak aurkitu dituzula.
JOXEMARI: (Berotuaz) Ez da egia hori. Nik ez dut horrelakorik esan.
TEREXA: Orduan, etxeko-andrea ez duzu bidali Donostiara jakitera, urre puskak zenbat ordainduko lizuketen diruz?
JOXEMARI: Bai; hori egia da.
TEREXA: Orduan!
JOXEMARI: Hori, nire gain gelditzen da.
KARMEN: Bai. Gure izokin eta oilagorrak bezala.
JOXEMARI: Patarra edan al duzue?
BIAK: Patarra! (Besoetako arropa goratuaz) Oraindik bereak handiagoak. (Biak, Joxemari bultzaka eta bizkarrean joaz, kanpora atera eta ezkutatu egingo dira)
LUKAX: (Atzetik deiadarka) Nora daramazue? Zer egin behar diozue? (Hau atean geldituko da, eta zalaparta batzuk entzungo dira) Geldi! nahikoa duzue. (Emakumeak eta Lukax sartzen dira)
KARMEN: (Bidean) Zer uste du tripaki horrek? Patarra edan al dugun?
TEREXA: Galtzajario alaena!
LUKAX: Zuek ere, estuegi hartu duzue.
BIAK: Behar zen bezala. (Joxemari, begi-ondoa markatuta azalduko da)
KARMEN: Oraindik ere honantz dator! (Bereganatu eta Joxemari lasterka irtengo da)
LUKAX: (Sutsu) Zaudete ixilik, eta nahikoa dugu. Badirudi iskanbila bila zabiltzatela. Joxemarik ez dauka ezer ikustekorik zuek dakarkizuen ipuin txar horrekin.
KARMEN: Zuk jakingo duzu, Idazkariak baino gehiago.
LUKAX: (Harriturik) Idazkariak!, zer esan dizue, ba?
KARMEN: Zera...(Neurtuaz) Honelako izokin eta holako oilagorrak, zuk adierazi diozula, Alkate jaunari.
TEREXA: Berak, gure aurrean esan du hemen.
KARMEN: Eta, Joxemariren lana izango dela, eta, Alkatea ere jakinaren gainean dagoela.
LUKAX: (Beretzat) Horra! Nik emandako neurriak, izokin eta oilagorrarekin nahastu dituzte. (Emakumeei) Zoazte hemendik, ez duzue ezer galdu hemen eta.
KARMEN: (Abiatuaz) Ez da, ba, hau horrela geldituko.
TEREXA: Ez horixe. (Biak joan)
LUKAX: (Atera lagunduaz) Zoazte, zoazte, eta bakea eman ezazue. (Barrena sartuaz) Joxemari gizarajoa! Ezer jakin ez, ezeren errurik ez, eta honek entzun dituenak.. Entzutea asko ez delarik; zartatekoak ere hartu ditu.. Nik, urre puskaren neurriak eman, eta horiek, arrain eta ehizarenak hartu. Ederki zegok! Horiek sortu dioten trakamilak, bere onetik atera dute.
(Joxemari sartu)
JOXEMARI: Hobe ditek, bai, alde egin dute; bestela jorratuko nizkikek nik,
LUKAX: Hik ere, gaizki esan diek.
JOXEMARI: Zer?
LUKAX: «Patarra edan al duzue»?
JOXEMARI: Itxura hala zieken, motell.
LUKAX: Emakumeari horrelako gauza bat esatea... zenbat urte dituen galdegitea bezala duk.
JOXEMARI: Haiek ere niri, zer edo zer esan zidatek ba.
LUKAX: Bai. Baina... Tira, utzi ezak orain gai ori, odol txarra egin gabetanik.
JOXEMARI: (Begia erakutsiaz) Hi, eta hau?
LUKAX: Gatza eta urarekin igurtzi, eta berehala joango duk.
JOXEMARI: Betaurrekoak jartzen ez baditut...
LUKAX: Tira, tira. Utzi akiok betaurrekoei orain.. Alkatea laster diagu hemen.
(Alkatea eta Idazkaria sartzen dira)
ALKATEA: (Sartuaz) Ikasle talde handia dago.
IDAZKARI: Bai, eta saiatzen direnak.
ALKATEA: Berak ondoen igarriko die, eta berak sarituak izango dira.
IDAZKARI: Hori hala da, Alkate jauna. (Eseri)
ALKATEA: Joxemari, zurekin hitz bi egin behar ditut.
JOXEMARI: Bai, jauna.
ALKATEA: (Neurtuaz) Horrelako puska horiekin... zer egiteko asmoa hartu duzu?
JOXEMARI: (Beldurtuaz) Nik ez dakit ezertxo ere, Alkate jauna; eta gainera, begia kontrako aldera jarri didate.
ALKATEA: Zuk ez dakizula ezertxo ere?
JOXEMARI: Ez jauna, ez. Nik ez dakit, izokin eta oilagorraren berririk.
ALKATEA: (Kaskailu antzera) Jator hitz egingo al dugu?, edo...
JOXEMARI: Bai, jauna, bai. Karmen tarrat, eta Terexa xepu hemen izan dira.
ALKATEA: (Idazkariari) Hau burutik joana al dago?
IDAZKARI: Hemen izan dituzu, bai, Karmen, arrain-saltzailea eta Terexa, txarkutera.
ALKATEA: Eta horrekin zer ikusi beharra daukat, nik?
LUKAX: (Belarri ertzera, Joxemariri, baina entzuten dela) Urre puskak non dituan jakin nahi dik.
JOXEMARI: Nik ez diat urre puskarik, motell.
LUKAX: E! (Erori egingo da eseri-aulkian eseriaz)
ALKATEA: Zuk ez al diozu ba esan ostatu zauden etxeko-andreari, urre puska batzuk aurkitu dituzula?
JOXEMARI: Nik ez diot horrelakorik esan, Alkate jauna.
ALKATEA: Zuk ez al duzu ba, emakume hori Donostiara bidali jakin dezan, (neurtuaz) honelako urre puskak zenbat ordainduko lizkizuketen?
JOXEMARI: Bai, jauna.
ALKATEA: Orduan?
JOXEMARI: Nik jakin nahi dudana da; gaur edo bihar (neurtuaz) honelako urre puska batzuk aurkituko banitu, zenbat ordainduko lizkidaketen diruz.
ALKATEA: Zuk, jaki nahi duzuna da, gaur edo bihar urre puska batzuk aurkituko bazenitu, zenbat ordainduko lizkizuketen. Ez da hala?
JOXEMARI: Bai, jauna.
ALKATEA: Orduan zuk, ez duzu urre puskarik?
JOXEMARI: Ez, jauna.
ALKATEA: Hori da zotzari, ziria sartzea. (Idazkariari) Horra, gure ikastolak jasotzeak, eta negurako estalpe on bat egitea. (Eseri) Banengoen ba, gauza zuzenik egingo ote zuen, kirten honek.
IDAZKARI: Zure asmoak ez ziren txarrak, Alkate jauna.
ALKATEA: Txarrak ez ziren ez. Ezin naiz jantzi buruz, zer gertatzen den, gaur hemen.
JOXEMARI: Ni ere ez. (Lukax altxa)
ALKATEA: (Indar) Zaude ixilik. (Apal) Zure gaurko hau ere, ederra izan da-ta. Orain zoazte zuen egitekoa betetzera. Zu herria zaintzera, eta zu, kaleak garbitzera.
BIAK: Bai, jauna. (Biak joan)
ALKATEA: Esan dizut nik, Joxemari honek zerbait sortuko zigula.
IDAZKARI: Orain ez duzu goibelpean erori behar, Alkate jauna. Nork daki...
ALKATEA: Zaude ixilik.. Ze ordu dugu?
IDAZKARI: (Erlojuari begiratuaz) Laurak eta laurden,
ALKATEA: (Altxa) Orduan mugitu gaitezen gu ere.
IDAZKARI: Hitzalditxo bat egin beharko duzu, ba, ostegunean?
ALKATEA: Bai. Eta ondoren, umetxoak bi abestitxo abestuko dituzte. (Abiatu)
IDAZKARI: Jai horren bukaera, ederra izango da, Alkate jauna.
ALKATEA: Bai. Ez badituzte, bertsoetan abesten aitatuaz, JOXEMARIREN URRE PUSKAK.
Oihala jaitsi
|