Urr 22 07

Aurten ere diferente izanen da

1985eko hainbat narrazio bilduz, aurreko urtean kaleratutako bildumaren ildotik (Urte guztiak dira diferente), Aurten ere diferente izanen da liburua plazaratu zuen Susa argitaletxeak 1986an. Zortzi ipuin zekartzan, zortziak Susa aldizkarian ibitzen ziren egileenak, batzuk ordurako argitaletxearekin liburua kaleratua zutenak: Xabier Mendiguren, Joxean Sagastizabal, Xabier Zorroza, Laura Mintegi, Jokin Ansorena, Eukene Martin, Iñaki Ugarteburu eta Gorka Setien. Hemen dituzu denak.

Urr 17 07

Eremu berrien bilatzailea: Nemesio Etxaniz

Nemesio Etxanizen hainbat lan dakartza Klasikoen Gordailuak aste honetan. Klasikoetan tokia duen idazlea, baina ez behintzat bera iraganari begira gelditu zelako. Berak bere testamentu moduan izendatzen duen lana dakargu, Lur berri billa (1967). Eta izenburuak oso ondo islatzen du Nemesio Etxaniz, hala literaturan nola euskalgintzan, lanean bultzatu zuen gogoak: lur berriak bilatzea euskararentzat. Aurrera begirako idazlea, belaunaldi gazteagoen konplizea, bere obran ere inspirazio hori nabaritzen da. Eleberri labur bat, sei ipuin, irratsaioetako gidoiak, olerkiak eta kantuak dakartza obrak. Nabarmena da batez ere irratietako gidoi, ipuin eta antzerkietan. Pertsonaiak gazteak dira maiz, euren arteko harremanak eta gizarte arloko gatazkak dituzte bizitzen… Narrazioez eta irratirako lanez gain, bere olerkien antologia dakar, eta Nemesio Etxanizek landutako beste alor inportantea: kantak. Lur berri bila-z gain, Kuliska Sortan 1958an argitaratutako lau antzerki-lan ere badakartzagu: Gabak zekarren eguna, Maite ere… neurriz, Zotzean bizia eta Gabon zauria. Estiloa, nolanahi den, XX. mendeko euskal antzerkigintzan nagusi izandakoa da, kostunbrismoaren ondorengoa, ukitu moralista batekin.

Urr 15 07

Western Basque Festival 1959

Nevadako Reno ondoko Sparks-en egin zen aurreneko Western Basque Festival, 1959ko ekainaren 6 eta 7an. AEBetako euskaldunek ordu arte burututako ospakizun handiena izan zen, 5.000-6.000 lagunekoa. Lau urte lehenago, 1955ean, Dick Graves eta Flora Agirre senar-emazteek Nugget kasinoa sortu zuten Sparksen, eta otu zitzaien jaialdi handi bat egitea hantxe bertan. Zazpi lagun elkartu zituzten kasinoan: Peter Echeverria senatari demokrata, Robert Laxalt idazlea eta bere anaia John, Peter Supera, John Micheo, Martin Esain, John Ascuaga… eta dena antolatzen hasi ziren. Jaialdi hartako lekukoak elkarrizketatuz, agiriak eta kazetak batuz, kontakizun bizi batera ekarri ditu orain Miel A. Elustondok. Western Basque Festival 1959 kronika liburua osorik eskaintzen dizugu –liburuaren aurkezpena urriaren 17an (asteazkena) 12:00etan izango da Donostiako Elkar megadendan–.

Urr 11 07

Salbatore Mitxelena: bizi nahiaren eta minaren poeta

Pasio moduan antzezteko drama da Erri bat gurutzbidean obra, Salbatore Mitxelenarena, eta bere obra osoaren ardatzak laburbiltzen dituen hitzak ditu gaia aurkezteko: “Azken mendeko Euskal Bizinaiaren sentimendu trajikoa”. Hitz horietan laburbiltzen baita XX. mendeko idazle —bereziki poeta— handiaren obraren funtsa: Euskal Herria, 36ko gerrak azpiratu duena, bizi nahian, agonia horretan: iltzen doakun enda zarraren / zotiña naiz eta asperen. Sentimendu horiek, hasperenaz gain aldarrikapen ere badirena, goi mailako lirika batetik kantatua, idazlea den apaiz frantziskotarrak erantsitako doinuan. Poeta da Mitxelena, eta Arantzazutik, baina baita misioetan ibili den Ertamerika edo Suitzatik bizitzaren sentimendu tragikoa kantatzen du, bere obran nahitaez lotuta doazen ikuspegi pertsonaletik nahiz kolektibotik. Klasikoen Gordailura Salbatore Mitxelenaren lanak bildu ditugu. Aipatu dramaz gain, poemarioak —liburu gisa argitaratuak eta bere lanen bildumetan jasoak—, Arantzazu, Arraun ta amets, Beste olerkiak; eta Unamuno ta Abendats, Migel Unamunoren euskaltasunari buruzko lana, azterlari zenbaiten iritziz euskal saiakeragintzan obra aintzindarietakoa dena.

Urr 03 07

Biziaren olerkaria,
Xabier Iratzeder

1920an Donibane Lohizunen jaioa, oraindik ere Beloken bizi da Jean Diharce elizgizona, Xabier Iratzeder poeta. Piarres Laffiteren itzalean euskal letren mundura jalgia, XX. mendeko euskal lirikorik gorenetakoa dugu Xabier Iratzeder. Obra oso zabala idatzi duena, kronika eta bestelako testuez gain —salmoen itzulpengintzan lan handia egina—, poemak eta kantuak ditu bere obraren ardatz. Natura, erlijioa, Euskal Herria kantatu dituen poeta, lirismorako joera berezikoa, erritmo eta konposizio aldetik olerki bikainak osatu ditu. Biziaren olerkia izeneko obran bildu ditu bere poema lan guztiak, eta Klasikoen Gordailura horietarik bost dakartzagu: Pindar eta lano (1920-41), Zeru-menditik (1941-46), Argiz argi (1947-57), Uhaineri nausi (1958-71) eta Jaunaren hegala (1972-80).

Urr 02 07

Eukene Martin Sanpedoren Amets bizia

Lau Sasoitako Zipristinak eleberria kaleratu zuen Eukene Martin Sanpedrok 1985ean, eta urtebetera, Susa argitaletxearekin hau ere, Amets bizia argitaratu zuen. Barne monologoari tiraka bigarrengoan ere, baina narrazioarekin eta elkarrizketekin tartekatuz, mundu onirikoa eta erreala konpartitzen ditu lanak, maitasuna eta harremanak ardatz nagusi dituen kontakizunean. Orain osorik duzue.

Ira 18 07

Urte guztiak dira diferente

Narratiba 1984 azpizenburu modukoarekin kaleratu zuen Susak, 1984an, bere bilduma hasi berriko laugarren liburua, Urte guztiak dira diferente. Zazpi ipuin eta antzerki piezatxo bat bildu zituen, Susa aldizkariaren inguruan “mugitzen” hasiak ziren zortzi autorerenak, gazteak batzuk, gazteagoak besteak: Mikel Antza, Joxerra Utretx, Xabier Mendiguren, Pello Lizarralde, Iñaki Uria, Gorka Setien, Iñaki Iñurrieta eta Eneko Olasagasti.

Ira 12 07

Pierre Urte, itzultzaile

Euskal Literatura klasikoak utzi dizkigun autoreen artean, ez da ezagunenetakoa 1664an Donibane Lohizunen jaiotako Pierre Urte. Agerikoa da, halaber, haren lanak ere aski ezezagunak dituela irakurleak. Hark ondutako Grammaire Cantabrique Basque eta Dictionarium latino-cantabricum bukatugabea ahaztu gabe bada ere, Klasikoen Gordailuak Bibliatik euskaratutako atalak eskaini nahi ditu gaurkoan. Ethorkia eta Ilkhitzea (c. 1700; 1894) izenarekin datoz, bada, Bibliaren lehen liburua (osorik) eta bigarrena (22 kapitulu baino ez).

Ira 11 07

Eukene Martin Sanpedroren Lau Sasoitako Zipristinak

Eukene Martin Sanpedro idazle bilbotarraren lehen lana da Lau Sasoitako Zipristinak, Susarekin 1985ean kaleratutako eleberria. Urte berean Andre Zuria antzerki-lana ere plazaratu zuen, Bilboko Aurreki Kutxarekin. Emakume baten narrazioa dakar liburuak, bizikizunak eta gogoetak, tonu intimoan kontatuta, Antonio Vivaldiren Lau sasoiak obra aitzakia hartuta; batez ere negua. Hementxe daukazu.

Ira 06 07

Pouvreauren lanak

Silvain Pouvreauk lehendik sareratuak zituen Filotea (1664) eta Iesusen imitazionea (1669) liburuen bilduma osatzera dator gaurko eskaintza. Oraingoan, euskaldun berri honek itzuli eta prestatu zituen beste hainbat obra izango dira irakurgai Klasikoen Gordailuan, hala nola Giristinoaren dotrina (1656), Gudu espirituala (1665) eta garrantzi gutxiagoko lanak biltzen dituen Obra txipiak izenekoa (c. 1648-1659; 1892). Inork zalantzan jar balezake ere, arretaz irakurtzeko obrak dira, inoiz baino gaurkotasun gehiago baitute. Izan ere, haren Dotrinaren hasieran “Iaun eskaldunei” gaztigatzen zaienez, “inguruz inguru dabiltza Turkoak eta Mairuak zuen gizonak atzeman nahiz hei Fedearen galarazitzeko, eta hetaz, karga-abrez bezala bere lanen egiteko”. Kasu, beraz!

Ira 05 07

Koldo Izagirreren nobela bat katalanez

Virus argitaletxeak Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) nobela katalanez argitaratu zuen iaz, Luis Carmonak itzulia. Oraintxe, abuztuan, 110 urte bete dira Michelle Angiolillo anarkistak Canovas del Castillo agintari espainiarra tiroz hil zuela Arrasaten, eta epaiketa bizkor baten ondoren Angiolillo Bergaran jendaurrean exekutatu zutela garrotez. Gertakari haiek gogoan, Izagirreren nobela eskaintzen dizugu katalanez ere: Jo també haguera volgut cridar Germinal!

Abu 30 07

Errealismoaren bidetik:
Jon Andoni Irazusta

Gorespen handiegiak jaso gabea, merezi ez duen ahanzturan eduki izan dute azterlari gehienek Jon Andoni Irazusta idazlea. 1884an Tolosan jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen, eta lanbide horretan eta politikan jardun zuen (Gorteetarako diputatu izan zen hiru biderretan) gerrak erbesteratu zuen arte. Puerto Rico, Kolonbia, Argentinan eta Perun bizi izan zen, Liman hil zela 1952an. Antzerti aldizkariaren sortzaileetakoa, antzezlan baten euskaratzailea, bi eleberrik sartu dute euskal letren plazan: Joañixio eta Bizia garratza da… Erbesteari buruzko eleberriak biak, erbeste ekonomikoaz lehena eta politikoaz bigarrena, 1946an Ekin argitaletxeak Joañixio argitaratzean lehenengoetariko euskal eleberri errealistarekin egin genuen topo. Ohiturazko eleberriaren kontrara (Agirrerenak, Donostia, Uztaroa), Joañixio-n protagonista benetako gizarte bateko partaide da, ez gizarte-ideia batekoa. Prosa ederrekoa, nahiz eta estiloan batzuetan zabar, Leturia bitarteko euskal eleberririk aipagarrienetakotzat jo genezake. Ildo berekoa, ez hain biribila, da gaur Klasikoen Gordailura dakargun Bizia garratza da… (Ekin, 1950) Gerrari ihesi Ameriketan patu zorionekorik topatuko ez duten Ander eta Andoniren istorioa kontatzen duen narrazioa.

Horrekin batera, 2001ean zendu zen Mariano Izetaren Dirua galgarri polizi nobela dugu, 1962koa. Elizondoko seme zen Mariano Izeta aldizkari eta egunkarietan, Zeruko Argia eta Herria-n batez ere, hainbat artikulu idatzia da, herri kronista handia izanik. Ipuinak ere baditu, bertso munduan lan handia eginikoa da, eta Klasikoen Gordailura dakargun honetaz gain, Nigarrez sortu nintzan nobela ere ondu zuen. Herri hizkeran idatzitako polizi eleberri bixia duzu Dirua galgarri.

Abu 22 07

Bertsogintza klasikoa

Ez dira gutxi izan, ahoz ahoko tradizioari esker, klasikoak izatera ailegatu diren bertso sailak. Horietako batzuk topatu ahal izango dituzu Klasikoen Gordailuaren aste honetako emanaldian. Horietako zaharrena, Agustin Basterretxearen Jesu-Kristo gure Jaunaren pasioa da; 1760. urte inguruan sortua, 61 bertsoz osatutako sail honek hamaika aldaera jaso izan ditu mendetan. Guk paperean argitaratutako lehen bertsio ezaguna sareratu dugu, 1777koa. Beste bertso sail famatua Juan Kruz Zapirainen Brabanteko Jenobeba (1899) duzue, hau ere behin eta berriro argitaratutakoa. Multzoa osatzeko, Pello Errota bertsolari ezin klasikoagoak Jarritako bertsoak ere dasta ditzakezue.

Abu 15 07

Antzinako bost doktrina

Kontrakoa dirudien arren, Klasikoen Gordailuaren helburua ez da inor kristau legera makurtzea. Haatik, irudipen hori indartzera gatoz aste honetan ere, antzinako bost doktrina berrargitaratuta. Haien balio nagusia, antzinakoak izatea, 1656tik 1739ra bitartean argitaratu ziren eta. Zaharrena, Martin Otxoa Kapanagaren Dotrinea, XVII. mendekoa. Ondotik dator Jose Otxoa Arinen Doktrina kristianaren explikazioa (1713), argitaratu izan den gipuzkerazko lehen liburua. Beranduxegokoak dira beste hiruak: Martin Arzadunen Doktrina kristianeen explikazinoa (1731), Franzisko Elizalderen Apezendako dotrina kistiana uskaraz (1735), eta Juan Irazustaren Doktrina kristiana (1739), ostera berragitalpen eta moldaketa gehien izan dituena.

Abu 08 07

Mende osoko idazlea,
Eusebio Erkiaga

Antzerti yayan izan naz antzezlanaren eta Irribarrea galtzen denean eleberriaren artean 50 urteko tartea dago, eta urte horietan guztietan jardun zuen —hainbat urtetako isilaldiez, jakina— Eusebio Erkiagak, poemak idazten, kazetaritzan —Eguna egunkariko erredaktore izan zen—, euskararen aldeko lanetan… Lekeition jaioa 1912an, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan hasi zen poemak argitaratzen, eta 1936ko Lekeitioko Olerti Egunean aipamenik erdietsi zuen. Olerkiak idatzi eta argitaratzeari utzi ez bazion ere (liburu gisa ere bai, baina batez ere aldizkarietan: Olerti, Karmel, Egan), gerraren etenaren ostean eleberrigintzara jo zuen. Poemetan erakutsitako hizkuntza jori eta aberatsean, sei eleberri idatzi zituen, hiru 1950-60etako aroan —gaur Klasikoen Gordailura dakartzagun Arranegi (1958), Araibarko zalduna (1962) eta Batetik bestera (1962)— eta hiru 80etan, lanetik erretiroa hartuta: Txurio Txoria, Jaioko dira eta Irribarrea galtzen denean. Eleberri kostunbristak dira gaur Gordailura dakartzagunak, batez ere Arranegi, Txomin Agirreren Kresala-ren ildokoa dena, itsas giroko nobela. Hirira garamatzate besteek, eta pertsonaia diferenteagoeara, janzkera modernoa ematen diotenak, nahiz eta protagonisten bizibideetan —galbideetan batik bat— idazlearen ikuspegi morala larregi nabaritzen den. Hementxe hiru eleberriok.

Agenda

Efemerideak

Kritikak