maiatza 21 07

Urizar eta Nabarroren Gizaeuropa

Gizaeuropa izeneko bi osagaiak aurkituko ditu irakurleak Joseba A. Urizar eta Omar Nabarroren Gizaeuropa (Susa, 1986) poema liburuan: gizakia eta Europa. Inoiz, Aintzina, Geroago, Oraintsu, eta Beti ataletan banatuta, Europako mitologia eta historian une garrantzitsuak izandakoen inguruko poemak dira lehen ataletakoak, beti ere gizakien iragazitik pasatutako historia. Pertsonaia historikoak dituzte oinarri hurrengo ataletan poemek: Lenin, Bertrand Russell, Friedrich Nietzsche, Albert Einstein. Europako gerrak —nolabait beti izan den bortxazko egoerak— hartzen du, azkenik, Beti izeneko azken atala. Osorik eskaintzen dizugu Gizaeuropa liburua.

maiatza 16 07

Itxaro Bordaren Basilika

1984an kaleratu zuen, Susa argitaletxearekin, Basilika bere lehen eleberria Itxaro Bordak. Eta baita iltzeari buruan eman ere. Eleberri zuzena, indartsua, mutiria, bere garaiko gizartearen erretratu ironiko gogorra egiten du. Jon Kapagorri euskal diputatuari bururatzen zaio, herriaren aitzinatzeko, Irulegin ama birjina agerraraztea eta haren karietara basilika bat eraikitzea. Pelerin gune nagusi bihurtzeko. Ipar Euskal Herriko politika, kultura eta literatura munduko pertsonaiak, aita saindua Mystere bere hegazkinean, Kapagorri diputatua, ama birjina azaldutako Elorri… Luma zorrotztuz idatzitako testuak hasieratik bukaeraraino eramaten zaitu eleberri bikain batean. Hementxe duzu osorik.

maiatza 09 07

Eta zergatik ez?… Sigrid

Lau baizen zortzi eskutara idatzi zuten Gorka Setienek, Eneko Olasagastik, Maripi Solbesek eta Ramon Agirrek Eta zergatik ez?… Sigrid poema-liburua. Susa argitaletxearekin 1983an argitaratua, hiru urte lehenagokoa da testua. Egileek diotenez, “Gazte gizarajoak, bere buruak amodioaren atzaparretan zeuden. Eta bestalde dirua irabazteko bide bakarra sari bat irabaztean ikusten zuten, eta ekin zioten lanari, gogor”, eta hain zuzen ere 1980ko Felipe Arrese Beitia poesia saria irabazi zuten. Poemarioak amaieran dakarren gutunak zehazki azaltzen du liburuaren ontze eta argitaratze prozesua. Osorik eskaintzen dizugu.

Api 25 07

Alfonso Maria Zabala, umorezko antzerkiaren beste adibidea

XX. mende hasierako antzerkigileen artean Alfonso Maria Zabala bada nor. Dozena erdi bat lan idatzi zituen 1911tik 1919ra, komedia arin estilokoak batik bat. Horietako batzuk eskaintzen dizkizu gaur Klasikoen Gordailuak: Periyaren zalapartak (1911) eta Melitonaren bi senarrak komediak (1918), Jauregi errotako astoa (1912) bakarrizketa, eta Urruti-izketa (1918) izenekoa, telefonoaren asmakizunaren inguruan. Azken hamabost urteetan Hernaniko erretore, pentsamendu politikoz integrista zen, eta talde horretako gazteek joka zitzaten idatzi zituen antzezlan ia guztiak. Narrazioak eta dibulgazio lanak ere idatzi zituen, eta horien bilduma egin zuen Antonio Zabalak Auspoa bilduman: Gabon zar bat eta beste ipui asko.

Api 25 07

Jon Arano Bileterik gabe

Bileterik gabe poemarioarekin plazaratu zen 1985ean Jon Mikel Arano. Bileterik gabe, apika, baina esateko gauza askorekin. Ahots indartsua, sujerentea, freskoa zekarren, Malezia sorta (Susa, 1990) bere poema liburuetan berretsi zuena. “Heriotza baina harago/ sugeak bizirik dirau / nerbioak esnatzen zaizkio, / era honetara, ez alferrik!, / maite zaitut gogoan ez / zaitudanean ere, / idazten dizut zoritxarreko, / ezin lortu askamina.” Zoritxarrez ez, zorionez idatzi idazten du. Irakur ezazu Bileterik gabe.

Api 19 07

Kaxa huts bat, Beñat Sarasola

Zolitasun eta indar espresibo berezia dute Beñat Sarasolaren poemek. Ozar eta jostaria batzuetan, arraitasun sotilekoa besteetan, kitzikaria gehienetan. Kaxa huts bat du izenburua Beñat Sarasolaren (1984, Donostia) lehen liburuak, eta Xabier Gantzarain lagun duela aurkeztuko du bihar apirilak 20 (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Kaxa ziztrin batean kabitzen ahal diren gauza eta auzien bilduma erakutsi digu, ironiaz eta zirtoz gerturik.

Api 11 07

Omar Nabarroren Egutegi esperimentala

Omar Nabarroren bigarren poema-liburua, Egutegi esperimentala, konfirmazio bat da. Bere ez-kristautasunetik, literatura eta poesiaren fedean “konfirmatzen” baita Omar Nabarro, poema liburu bikain honekin. Susa argitaletxearekin 1986an kaleratua, sarreran egileak berak dioena adierazpen nahikoa da: “Idatzitako edozertan datza mezu ideologikoa. Poemotan baita. Askok, ostera, ukatu egiten du egia hain sinplea. Poema “zuzenki” politikoa denean “politikotzat” jo eta estigmatizatu egiten dute. “Zuzenki” politikoa ez denean, orduantxe ei da “ez politikoa” eta, beraz, artistikoagoa edo literarioagoa. Kakazaharra!“. Murgil zaitez Egutegi esperimentala honetan.

Api 04 07

Aitxus Iñarraren Hirustea

Hitzez, hotsez, /egunerokotasuna / disfrazatu behar dugu. / Hitzez, hotsez, / mediokritatea ahazteko“. Hitzez eta hotsez betea dago Hirustea (Susa, 1986), Aitxus Iñarraren poema liburua. Baina inola ere ez mediokritatez. Egunerokoaz bai, eta egunerokoa ez ezik betierekoa ere badiren hirustaren hiru hostoen isletatik: heriotza, bizitza, amodioa. Poema motzetan, hitz justuez —zehatzez, alegia— mugitzen da Iñarra sentimenduen zelaian. Osorik irakur dezakezu Hirustea.

Api 03 07

Etienne Decrepten operak

Oholtzarako lanekin dator, oraingoan ere, Klasikoen Gordailua: Etienne Decrept baionesaren Maitena, Amatxi eta Semetxia obrekin. Decrepti buruzko aurkezpen-artikulu ederra idatzia duen Joxemiel Bidadorrek dioenez, “euskal operaren barruan lehenbiziko urratsak eman zituztenen artean, zalantzarik gabe, Etienne Decrept geneukake, nahiz, bati baino gehiagori, operagile baino, idazle soila iduri”. Baionan jaioa 1868ko azaroaren 1ean, margolari eta dekoratzaile aritu zen, lanbidez, bizilekua Bidarten izan zuen Decreptek. 1938ko maiatzaren 8an hil zen, Baionan, Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakari izandakoa, Charles Colin musikariarekin batera euskal operaren hastapenak ezarri zituen idazlea.
(gehiago…)

Mar 28 07

Juan Ignazio Urangaren umore berezia

Juan Ignazio Uranga idazlea dakar aste honetan Klasikoen Gordailuak: bere antzerki-lanak, zehazki. 1863an Errenterian jaioa, Donostiako Lore Jokoetan 1887an saritutako Urtearen lau erak poemarekin plazaratu zen, eta olerkigintzan jarraitu zuen, baina bere literatur lan nagusiena antzerkigintzaren alorrean egin zuen. Hala antzeztokietan jokatutako lanak (Aritzaren zumo gozua, kasu), nola aldizkarietan —Euskal Erria-n eta Euskal Esnalea-n— argitaratutako bakarrizketak.
(gehiago…)

Mar 21 07

Mendi-Lautaren Loretxo

1937ko martxoaren 21ean argitaratu zen, orain 70 urte, Loretxo-ren 11. atala Eguna egunkarian. Loretxo, eleberri-edestia, Zarauzko gudari kementsuei gelgarri eta maitasunez eskainia, Mendi-Lautak idatzia. 11.a eta azkena izan zen atal hura, eta amaitu gabe gelditu zen eleberria. Txomin Arruti Mendi-Lauta idazleak Loretxo neskatila gaztea eta Jon euzko gudarosteko gudariaren arteko harremana kontatzen ziharduen, Espainiako 36ko gerra tarteko zela, hala fikzioan nola errealitatean. Eta kontakizuna eten egin behar izan zuen. Osorik eskaintzen dizkizuegu jarraitu ez eta bestela inoiz argitaratu ez diren Loretxo-ren hamaika atal horiek. (gehiago…)

Mar 21 07

Kartxiren Ihesi

1986an plazaratu zuen Ihesi poema-liburua Txema Kartxik. Uda hartan Orgasmo Beltza ipuina kaleratua zuen Susa aldizkarian, eta gerora ere narratibaren bidea landu du (Triangulo hautsia, 1998; Bi ipuin harrigarri, Elkar 1999; Sei lore, Susa 2001). Baina poesiarekin plazaratu zitzaigun. Amorrazioaren eta etsipenaren arteko mugan dabilen poema liburuarekin. Hemen daukazu Ihesi liburua.

Mar 12 07

Gorka Setienen Ez sinkronia

Gorka Setienen bakarkako lehen liburua —eta oraingoz azkena— da Ez sinkronia, Susa argitaletxeak 1985ean argitaratua. Eta zergatik ez… Sigrid? liburuan plazaratuak zituen hainbat poema, eta baita lehenago narrazioak ere. Bakarka ekin zion 1985ean, poesiaren bidezko bere bilaketari. “zer ari zara bilatzen / zer bilatzen / egi librea akaso / edo gerri perfektoaren insinuazioa?“. Bost ataleko liburua, erritmoz betetako poemetan bere barne-mundua ehuntzen du Gorka Setienek. Osorik irakur dezakezu Ez sinkronia.

Mar 08 07

Gema Lasarteren Hitz antzuen azokan

1985ean plazaratu zuen, Susa argitaletxearekin, Hitz antzuen azokan poema liburua Gema Lasartek. Eta hitz antzuak akaso, eta baita hitz hutsak, arrotzak, alperrak, kamutsak, zaurituak… aurkituko dituzu poemarioan. Bere gorputz barrenetik kanporantz indarrez jaulkitako hitzak, idazlearengandik mundura indarrez datozenak: “Nere despoesia kaxkarra, labaina bihurtu / nahi nuke, / hitzak zorroztuz, esanahiak mikaztuz“. Azoka horretan buelta bat emanez, osorik irakur dezakezu Hitz antzuen azokan.

Mar 05 07

C. Day Lewis-en Nabarra

1937ko martxoaren 5ean, orain dela 70 urte, Matxitxakoko lurmuturraren aurrean, itsas bataila handia izan zen Espainiako Gerraren baitan. Francoren Armadako Canarias gurutzuntziari aurre egin zieten Euzko Gudontzidiko bouek. Matxitxakoko guda historiko hartan Nabarra ontzia azkeneraino borrokatu eta Kantauri itsasoko uretan hondoratu zen. Hantxe segitzen du. Batailaz George Steer kazetariak egindako deskribapena baliatuta, The Nabarra poema idatzi zuen Cecil Day Lewis poeta ingelesak 1938an, artean gerra amaitu gabe zegoela (Overtures to Death liburuan plazaratu zuen). Idatz & Mintz aldizkariaren 37. zenbakiak separata moduan plazaratu zuen poema, bertsio elebidunean, jatorrizkoa eta Luigi Anselmik egindako itzulpena. Hala batailaren ingurukoak nola bereziki Day Lewisen bizitza eta lanari dagozkionak Jesus A. Etxezarragak azalduta datoz, bestalde, liburuari egindako sarreran. 2006an Bassaraik argitaratu du berriro poema euskaraz, Jose Luis Padronen itzulpenarekin. Osorik eskaintzen dizugu Nabarra, Luigi Anselmik egindako itzulpenean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak