Ots
19
09
Andre Gide Parisen jaio zen 1869an eta hiri berean hil zen 1951ko otsailaren 19an. Hogeita hamabi urte zituela argitaratu zuen Inmoralista kontakizuna, 1902an, Michel pertsonaiak bere lagunei Aljeriatik egindako aitorkizun eta solas luzea. Liburua ez zen itxuraz ongi konprenitua izan, eta esan ohi da literatura bertan behera uztekotan egon zela gerora Nobel saria (1947) izango zen idazlea. Imanol Unzurrunzagaren itzulpenarekin argitaratu zen Inmoralista euskaraz 1992an (Literatura Unibertsala / Ibaizabal).
Ots
17
09
1933ko azkenetan egin zen Lehenengo Antzerki batzaldi eta sariketa, eta Jazinto Karraskedoren Etxe-aldaketa obrak jaso zuen lehen saria, bigarrena Andres Amonarrizen Iturrian obrak. Hurrengo urtean, orain 75 urte, argitaratu zituen Antzerti bildumak: 1934ko urtarrilean Etxe-aldaketa eta otsailean Iturrian. Ez hori bakarrik, urte hartan bertan Lehenengo Euskal Antzerti Eguna ere antolatu zuten, eta lehiaketa izan zen ea nork hobeto antzeztu Etxe-aldaketa bere herrian. Hamalau taldek parte hartu zuten: Alegi, Andoain, Bergara (bi taldek), Errenteria, Deba, Donostia (bi taldek), Ondarroa, Pasai San Pedro, Soraluze, Tolosa, Urnieta eta Zumaiakoak. 500 pezetako saria Andoaingo Euzko-Gaztediarentzat izan zen.
Ots
10
09
Gaurkoa bezalako egun batez baina 1837an, tiroz zauritua izan ondoren hil zen poeta errusiarrik handiena: Aleksandr Puxkin. Gaztetan Kaukasora erbesteratu zuen Alexandro tsarrak, bertso satirikoez agintariak kritikatzearren; eta Odesan zegoela ere, hango agintariak kexu zirenez bere idatziengatik, bakartu egin zuten. Hala eta guztiz, Alexandro hil eta Nikolas tsar berriaren aurka ofizial iraultzaileak matxinatu zirenean, Puxkinen poema berriak aurkitu zituzten iraultzaileen eskuetan. Azkenean tsarrak barkatu zuen, bere idatzi guztiak zentsuratuak izan ahal izateko baldintzapean ordea. Horrelako kontuak eta gehiago azaltzen ditu Jose Morales itzultzaileak Puxkinen Kapitainaren alaba nobelaren hitzaurrean. Pugatxov-en matxinadaren garaian Griniov gazteari soldadutzan gertatutakoak kontatu zituen Puxkinek 1836an idatzitako nobela bikainean, orain osorik sarean emana duzun honetan.
Ots
04
09
Hamlet (1952an Buenos Airesen) eta Platero eta biok (1953an Montevideon) itzuli zituelako da ezaguna gure letretan Bingen Ametzaga, baina Pizkundeko poeten artean ere txoko txiki bat egina zuen lehenago, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan poemak argitaratuta eta Olerti Egunetan parte hartuta. Ondoren, gerratik ihesi, Ameriketako erbestealdian, batez ere itzulpenari eskaini zion arreta osoa (ikus bibliografia). Ametzaga Algortan jaio zen 1901ean eta gaurko egunez 1969ko otsailaren 4an hil zen Caracasen. Xabier Irujok atondu eta Susa argitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologia osorik emana duzu orain sarean: 46 sortzezko poema eta 22 poesia itzulpen (garrantzitsuena, Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1954an Euzko-Gogoan agertu zena).
Urt
28
09
50 urte dira Kuban iraultzaileek Fulgencio Batistaren gobernu militarra eraitsi zutela. Gaurko egunez, baina 1959ko urtarrilaren 28an, Ernesto Guevarak hitzaldia egin zuen Nuestro Tiempo elkartean, Jose Marti gogoan hartuta. Gure literaturak Kubako bizitzaren erretratuak eskaini izan dizkigu, eta horietako biren gomendioa egiten dizugu: Koldo Izagirreren Ez duk erraza, konpai! kronika (1995) eta orain osorik sarean eskaintzen dizugun Chevrolet tropikala nobela, Rafa Egigurenek 2007an argitaratua. Izan ere, nobela honetako protagonista Migel Salaberria Iruñetik Kubara joan da 1992an, Che-ren heriotzaren 25. urteurrenean, eta espero ez zituen enkarguak egin beharko ditu.
Urt
19
09
Edgar Allan Poe Bostonen jaio zen 1809ko urtarrilaren 19an, orain dela 200 urte. Koro Navarroren itzulpenez Kontakizunak liburua (2000, Ibaizabal) osorik eskaintzen dizugu sarean, zortzi ipuinez osatua. Horietako bat, Amontillado upela, Jon Mirandek (1952an) eta Oskillasok (1963an) euskaratua zuten, biak Egan aldizkarian argitaratuak. Izan ere, Mirandek gogoko zuen idazleetarik zen Allan Poe, eta Euzko Gogoa aldizkarian emanak zituen lehenago Belea poema (1950ean) eta Ixiltze ipuina (1951n), azken hau urte batzuk geroago Ixiltasun izenburuarekin Santi Urrutiak ere itzulia (1984, Ttu-ttua).
(gehiago…)
Urt
15
09
Sei ipuin amodiozko izenburuarekin argitaratu zuen Xabier Mendigurenek bere lehendabiziko liburua (1986, Susa), Alvaro Matxinbarrenaren irudiez apaindua. Liburu haren edizio berria prestatzean, hamar narrazio gehiago batu eta 16 ipuin amodiozko eskaini zizkigun 2002an, batzuk lehenitdik aldizkarietan eta bilduma kolektiboetan agertutakoak, baina bat, luzeena, “Pastitxe” izenekoa, inoiz plazaratu gabea. 16 ipuin amodiozko osorik emana duzu orain sarean.
Urt
08
09
Liburuaren solapak zioen bezala, hauxe izan zen, bi poema libururen ostean, Felipe Juaristik “serio antzean eta narratibagintzan emandako lehendabiziko pausoa”. Ez zen azkenekoa izango. Poesia eta narratiba, ildo biak jorratzen jarraitu izan du, jarraitzen du, idazleak. Nekazari giroan kokaturiko eleberria, auzo baten gainbehera kontatzen diguna, protagonista guztiak emakumezkoak dituena. Hementxe duzue Intzensua lurrean bezala, 1988an Baroja etxeak inprimatua.
Abe
18
08
Kaliforniako Salinasen jaio zen John Steinbeck 1902an, eta inguru haietan kokatu zituen idazleak bere kontakizun gehienak. Urrezko kikara (1929) izan zen Steinbeckek argitaratu zuen lehendabiziko nobela, Zeruko Belardiak bigarrena (1932). Kolono espainiar batek XVIII. mendearen amaieran Kaliforniako bailara bati ezarritako izena da Las Pasturas del Cielo, eta hango jendearen bizimodua kontatzen da hamabi istorio egoki txirikordatu hauen bitartez. Steinbeck hil zela 40 urte beteko dira larunbat honetan, abenduaren 20an, eta idazlea gogoan osorik eskaintzen dizugu Zeruko Belardiak, Maria Garikanoren itzulpenarekin (1994, Ibaizabal). Steinbecken beste liburu hauek ere euskaratuak izan dira: Perla (Ruper Orodorikak), Tortilla Flat (Koro Navarrok) eta Arthur erregearen eta bere zaldun prestuen egintzak (Joseba Urteagak).
Abe
10
08
Lau narrazio eskaini zizkigun Joxean Sagastizabalek Inguratuta gatxeuden ipuin liburuan, 1989an Baroja etxearekin publikatu zuen hartan. Jolasean liburuko tankerako giro eta erregistroan, dialogo bizi eta prosa fresko batez bilbatu zituen istorioak. Garaiko errealitatearen erretratua egitea lortzen du, ironia eta umorea beti lagun, liburuko lau narrazioetan. Hemen irakur ditzakezu.
Abe
04
08
Hogei urterekin idatzi zuen Harkaitz Canok bere lehen nobela. Kea behelainopean bezala (1994) poema liburuarekin aurrena eta Beluna jazz (1996) eleberriarekin ondoren, idazle apartaren estilo berezkoa eta dirdiratsua agerian geratu ziren. Urte batzuetan agorturik egon ondoren Beluna jazz edizio gaurkotu eta berrituan agertu du orain Susak, eta aldi berean osorik eskaintzen dizugu sarean. Bob Ieregi tronpetajolea du protagonista, Beluna Moon klubean jotzen aritu zena. Zorigaiztoz, ordea, Alaska psikiatrikoan gatibu dago Bob Ieregi, eta handik ihesi beharra dauka nola edo hala.
Aza
27
08
Susa aldizkarian 1980-1994 urteetan argitaratutako ipuinetatik 25 aukeratu eta Aspaldiko lagunen bisita bilduma apailatu du Mikel Elorzak. Sekulan liburuetan agertu gabeko narrazioak dituzu hemen, idazle oso ezagunenak batzuk, liburu bakanen egileenak beste batzuk, eta baita aldizkarietan bakarrik idatzi dutenenak ere. Elorzak egindako antologia doi-doi iritsiko da Durangoko Azokara, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Hauek dira hogeita bost kontakizunen idazleak: Josu Landa, Pako Aristi, Mikel Hernandez Abaitua, Jose Luis Orokieta, Xabier Montoia, Pepe Zulaika, Edorta Jimenez, Iñaki Uria, Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Jon Arano, Mikel Reparaz, Maripi Solbes, Joseba Urizar, Eneko Olasagasti, Itxaro Borda, Iñaki Uriarte, Joxean Sagastizabal, Mikel Untzilla, Amagoia Gurrutxaga, Pablo Sastre, Kanko Ispizua, Mikel Antza, Joserra Utretx eta Jon Baltza.
Aza
25
08
Hiromi Yoshidak japonieratik euskarara itzuli zuen Yukio Mishimaren Arratsaldeko atoiontzia (1994, Ibaizabal) nobela osorik emana duzu hemen, Mishima gaurkoa bezalako egun batez 1970ean hil zela aitzakiatzat harturik. Gogo No Eiko izenburua du originalak, 1963an idatzia, eta Yokohamako portua du istorioak kokaleku. Hiromi Yoshida itzultzaileak argibide ederrak ematen ditu liburuaren hitzaurrean idazleari eta nobelari buruz, eta beraz ez dugu zertan luzamendutan jardun.
Aza
19
08
Putz aldizkarian agertu zituen Txili Lauzirikak (1975, Lekeitio) bere lehen poemak. Etsaiak, Parasma, Txapelpunk, Uek musika taldeek eta Aitor Gorosabelek abestiak egin zituzten bere letrekin. Apokaliftin elkartearekin argitaratu zuen lehen poema liburua, Euriaren mailukadak (2003), eta bigarrenak Tatuaia bat ene begietan du izenburua, Txili Lauzirikak azaroaren 27an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko duenak. Zapalkuntzaren oldarrari buruzko poemek eta amodiozkoek osatzen dute bildumaren bizkarrezurra. Tatuaia bat ene begietan osorik eskaintzen dizugu sarean.
Aza
12
08
1990ean Irun Hiria saria irabazi zuen Zotal egunak poemario onduan irakurri ahal izan zirenek Dena dela (Bezperaren kronika) liburuan dute aurrekaria, Joxerra Garziaren lehen poema liburuan. 1988an argitaratua, Baroja argitaletxearekin, erregistro anitzeko poeta erakusten digu, poema motz eta luzeetan dabilena, errimaduna eta errima gabea lantzen duena, formala eta askea. Eta, geroko bere lan eta jardueretan erakutsi digunez, hizkuntzaren muinera lotuta ageri dena. Honatx Dena dela.