Urt 22 04

Iratzeder olerkiz olerki

Euskal Kultur Erakundeak Xabier Iratzeder idazlearen gainean “Iratzeder olerkiz olerki” literatur emanaldi bat prestatu du. Datorren urtarrilaren 29an (osteguna) 19:30etan Andoaingo Bastero kultur gunean emango dute eta otsailaren 12an (osteguna) 15:00etan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel entzutegian.

Urt 22 04

Lezaman Mikel Zarate gogoratuz

Datorren apirilaren 10ean (larunbata) beteko dira 25 urte Mikel Zarate idazlea hil zela. Bere jaioterrian, Lezaman Zorrizketan euskara elkarteak ekitaldi andana prestatu du urtarrilean hasi eta apirila bitarte. Lezamako eskolako ikasleek “Bilbo irribarrez” liburuan oinarrituta antzerki obra bat estreinatuko dute urtarrilaren 30ean (ostirala) 18:00etan, Kukubiltxok Zaraten alegorietan oinarritutako Ekidazu antzezlana emango du 31an (larunbata) 20:00etan Derioko kiroldegian. Otsailaren 27an bihotz bakartien klubak Zarateren poesiekin prestatutako errezitaldia egingo du. Martxoaren 5ean “Mikel idazlea” mahai-inguruan batuko dira Joseba Butron, Gotzon Garate, Ander Manterola, Jon Kortazar eta Manu Etxebarria.

Urt 22 04

Pedro Mari Otañoren Alkar

Pedro Mari Otañoren bertso (olerki) liburua dakarkizugu aste honetan osorik. 1904an, orain 100 urte, Buenos Airesen argitaratua, bertsolari zizurkildarra bizi zela kaleratutako bakarra hauxe duzu. Hementxe irakurri ahalko dituzu bere bertso-sail ezagunenetako batzuk: Limosnatxo bat, Zazpiak bat, Amerikako panpetan…

Urt 22 04

Louis Zukofsky: zazpi poema

Duela ehun urte jaio zen Louis Zukofsky poeta New Yorken, 1904ko urtarrilaren 23an. Objectivist taldearen sortzaileetarik izan zen, George Oppen eta Charles Reznikoff lagun zituela. Talde hartara batuko ziren William Carlos Williams, Lorine Niedecker, Carl Rakosi, Basil Bunting eta Kenneth Rexroth. Louis Zukofskyren zazpi poema euskaraturik ekarri dizkigu Anton Garikanok.

Urt 15 04

Periferiak Bilbon

Livornon buruturiko Memorie Perifericheren ondoren, Periferikek bigarren ekitaldia Bilbon egitea pentsatu du. Berton izango ditugu topaketok 2004ko otsailaren 23a (astelehena) eta 29 (igandea) bitartean. Solasaldiotan izango dira John Berger, Lydie Salvayre, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano. En contre izeneko literatur ikuskizunean, otsailaren 25ean (asteazkena) 22:00etan Lydie Salvayre, Serge Teyssot- Gay, Marc Sens batetik eta Harkaitz Cano, Meritxell Cucurella, Pako Aristi, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe izango dira Bilboko Kafe antzokian.

Urt 15 04

Linterna Gorria literatur aldizkari berria

Linterna Gorria izeneko literatur aldizkaria aurkeztuko du Bihotz Bakartien Klubak urtarrilaren 17an (larunbata) Larrabetzun. Literatura Eskolan literatur aldizkariei buruz egindako tailerrean sortutako eztabaida aproposak aldizkari bat ekarri zuen, eta Eskolaren inguruan batutako jende multzoak emaitza gauzatu du Interneten. Aldizkarian, manifestuaz gain, editoriala, poesiaren tartea, narrazioak, elkarrizketak eta literatura laborategia topatuko ditu irakurleak. Hilabete bakoitzeko 17an berriztatuko da aldizkari elektronikoa eta ekainean paperezko bertsio berezi bat argitaratuko dute.

Urt 15 04

Joan eta Ane zigarro bat erretzen

Astindu ederra ekarri zion Ustela Sailak euskal literaturari, makina bat ate berri ireki balira bezala. Aste honetan osorik eskaintzen dizuegun liburua Ibon Sarasolaren narrazioa da, bildumako bigarrena, Joan eta Ane zigarro bat erretzen. 1977an argitaratua, zigarroa erre bitarteko bikotearen jarduna eta gehiago jasotzen du narrazioak, euskal literaturan garai hartan diferentea zen estiloan kontatua. Ibon Sarasolaren bigarren literatur lana izan zen hau, 1969an Poemagintza plazaratua baitzuen. Jarri Borodin-en Koartetoaren andantea, eta gozatu.

Urt 08 04

Web argitalpenak fitxategi bakarrean

Literatur Emailuen bidez zabaldu izan ditugun web argitalpenetatik batzuk, fitxategi bakarrean konprimituta eskaintzen ditugu hemen, batez ere fitxategi kopuru handikoak eta bolumen aldetik oso handiak ez diren kasuetan. Modu horretara, inork bere ordenadorera jaitsi nahi izanez gero, errazagoa eta erosoagoa izango delakoan.

Urt 08 04

Pako Aristiren Narrazti ozena

"Literaturarik gabeko herri bat, hizkuntzarik gabeko zerbaitengandik gertuegi dago, eta hizkuntzarik gabeko herri bat berriz, kulturarik gabeko herri batetatik gertuegi, ezerrezaren pare alegia". Horrela, hain gordin eta hain eder hasten da Pako Aristiren Narrazti ozena liburua. Sarrerako hitzak Ramon Etxezarretarenak dira, Azpeitiko Udaleko euskara arduraduna orduan, liburua argitaratzearen eragilea. 19 urterekin plazaratu zuen Narrazti ozena bere lehen lana Pako Aristik eta egun ia 30 libururen egilea da. Liburu honetan zazpi narrazio batu zituen: "Hots, hots! Lurrean oñok", "Loreak eta txinaurria", "Kakalerdoaren suizidioa", "Kasik Philippe bezala", "Tergalezko zine-kamera hutsa", "Opaizko dultzaina" eta "Moxalak Baigiren ortze gorrian".

Urt 01 04

262 liburu kritika

2003ko urtarriletik abendura bitarteko 262 liburu kritika batu ditugu kritika-hemeroteka sailean, helduen literatura alorreko ahalik eta gehienak jasotze aldera. Astero-astero berritzen den hemeroteka duzu. 2002an, 2001ean eta 2000n argitaratutakoak ere kontsulta ditzakezu (831 kritika orotara gaur arte). Zuk eskura daukazun kritikaren bat ahantzi badugu, susanews@armiarma.eus helbidera igorri eta ahalik eta lasterren paratuko dugu.

Urt 01 04

10 urtez Zapataren oihanean

1994ko urtarrilaren lehen egunean mexikar gerrilari multzo baten matxinadarekin esnatu zen mundua. EZLNk bere burua eta borroka ezagutzera eman zuen. Geroztik ezagun egin zaizkigu Marcos komandanteordearen idatziak eta esanak. 10 urte igaro dira baina gurean, Iñigo Aranbarrik Chiapasera abiatu, eta Zapataren oihana kronika liburua ekarri zigun 1997an. Orain osorik irakur dezakezu, gu ere Sua eta hitza altxamenduaren aldeko ospakizunetan murgildu garelako.

Abe 25 03

Kandela aldizkaria

20 urte igaro dira 1983ko abenduan, Gasteizko Filologia fakultatean Kandela aldizkaria plazaratu zutenetik. Bi zenbaki baino ez zituzten kaleratu (bigarrena 1984ko maiatzean). Julen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, Tere Irastortza, Manu Lopez eta Xabier Etxanizek sortu eta idatzi zuten. Lehen zenbakian Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatu zuen Tere Irastortzak, eta bigarrenean Jon Juaristi Manu Lopezek.
Aurretik Stultifera navis aldizkariak beste bi zenbaki kaleratu zituen fakultate berean.

Abe 25 03

Paper Hotsak argitaletxea sortu da

Gaztelupeko lagunek beste pauso bat eman dute. Kantagintza eta musikari lotutako disketxe izatetik, paperezko edizioak ere egingo dituzte aurrerantzean. Paper Hotsak bilduman “apurka, musikarekin eta bereziki kantagintzarekin zerikusirik duten materialak ditugu argitaratuko: bertako eta atzerriko kantarien letrak, memoriak, elkarrizketak, bertsoak, lan teorikoak…” aipatu digute. Horrela kaleratu dituzte aurten Rafa Egigurenek txineratik euskaratutako “Mandarin dotore” poemak, Kirmen Uriberen testuak “Zaharregia txikiegia agian” CD liburuan edota “Karibetik Kantaurira” bertso sorta.
Lehenago ere, literaturari lotutako proiektu batzuek izan dute aterperik Gaztelupeko Hotsaken.

Abe 25 03

Irigarayren Kondairaren ihauterian

Poema liburua da aste honetan osorik dakarkizuguna, Kondairaren ihauterian. Jose Angel Irigarayren lehen poesia lana, 1978an kaleratu zuen Gipuzkoako Kutxarekin, 77an Irun Hiria literatur saria irabazi zuen obra baita hau. Bere lehen poema-liburua, gerora Bizi minaren olerkian eta Urdinkara plazaratu zituen, Kondairaren ihauterian obran hasitako bidea sendotuz: tradizio eta ohiturei begirada modernoa, kantuetarako joera… 2002an kaleratu du oraingoz azkena duen poema liburua: Joan-jinaren labirintoan.

Abe 25 03

Ataramiñe Interneten

Euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoak dira “Ataramiñe” liburuan batutakoak.Orain arte bi zenbaki argitaratu dira, iaz lehenengoa eta azkena aurtengo Durangoko azokaren bezperetan. Lehen zenbakia osorik Interneten jarri dugu eta bertan idazle hauen lanak irakurriko dituzu: Mikel Ayllon, Iñaki Ojeda, Jon Mirena San Pedro, Zorion Zamakola, Harriet Iragi, Jokin Urain, Karmen Gisasola, German Urizar, Joseba Arregi, Julen Larrinaga, Josu Ormaetxea, Joseba Garmendia, Idoia Lopez Riaño, Piston Turbinaga, Peru Alvarez, Jon Gaztelumendi, Enrike Letona, Iñaki Gonzalo, Iñaki Rekarte eta Xanti Iparragirre.

Agenda

Efemerideak

Kritikak