Zergaitik Arantxa?
T. Irastortza
Berri oraindik
bere azken liburua. Azal berean hiru ipui argitaratuko ditu Arantxak. Berarekin
egon ginen Bilboko poesia ihardunaldietan, bere liburugintza eta euskal literaturaz
mintzatzeko eta idazle bezain solaskide goxo, oparo eta aberats topatu genuen.
Arantxa Urretabizkaia,
euskal munduan aspaldidanik murgildua ibili zaigun emakume gaztea. Badira hamairu
urte bere lehen liburua kaleratu zenetik: San Pedro bezperaren ondokoak.
Poema Liburu honek GIPUZKOA saria irabazi zuen 1971.an. Ondoren Zergatik
Panpox nobela idatzi zuen, arrakasta haundikoa eta katalanerera ere itzulia
izan dena. Eta azken urte honetan bere lanak merezi dituen sariak irabazi dituenez,
sarri entzun ditugu aipamenak prentsa eta komunikabideetan: Maitasunaren
magalean liburuak Irun Hiriko saria irabazi zuen eta liburu berak Españako
Premio Nacional de la Critica Literaria jaso du. Bestalde, Euskaitzaindiko laguntzaile
izendatu dute eta gainera ipuin liburu berriaren aztarranak eman zizkigun.
Zer
suposatu du zuretzat liburu bakoitzak?
Niretzat
nere lehen liburua izenarekin azaldu zenean oso inportantea izan zen. Aurretik
egin nuen ekonomiaren historia beste batzuekin eta asko ikasi nuen, dena den
San Pedro bezperako poemak garrantzizkoak izan ziren niretzat, batipat LUReko
jendearen aldetik nirekiko errespetua gustatu zitzaidan. Hori oso inportantea
izan zen niretzat, Arestik berak ere asko animatu ninduen.
Zergaitik
Panpoxen garaiean aste bukaeretan bakarrik idazten nuen, ez nekien zer egin,
nondik jo, denok izaten ditugun momento txar hoietan kritikaren harrera ona
kasualitatea izan zela pentsatzen nuen, ez nuela beste horrelako gauzarik egiten
asmatuko... Orduan, eta beti, eh, Heminguay-ri Fitschelarrek esan ziona nik
ere pozik hartuko nuen: alegia, zuk hau ondo egiten duzu, beste honi ez nioke
ukitu behar eta horrelako kritikak. Nik neuk egin behar izan dut bide hori nahiko
bakarrik, asko nabaritzen dut idazte munduan dabilen jendearekin ez ibiltzearen
eskasia.
Okerrago ere
ibili naiz, badut orain Ibonekin horrelako harreman berezi bat eta Andurekin,
Maite deritzan lagun batekin eta abar... Baina bestela idaztean ditudan prolemak
niretzat bakarrik nituzke, horrela behintzat...
Horregatik izango
da Euskal Herrian aldizkariek duten indarra.
Orain
arteko zure liburu guztietan lirikotasunak berebiziko indarra du. Nola ikusten
duzu zuk?
Beno,
nik oraindik ere lirikarekiko sekulako erreparoa dut. Esate baterako nik San
Pedro bezperaren ondokoak liburuarekin soziala egin nahi nuen baina hura
atera zitzaidan eta lotsatu egin nintzen nola hala. Eta nik oraindik badaukat
joera liriko hori eta onartu nahi dut, baina asko kostatzen zait... nik berez
ez nuke hori egin nahi.
Oraingoan ere
bai, eh. Liburu berri honetan hiru ipuin daude, hiru dira eta hiru maitasun
moeta: pertsonai bat moja bat, bestea emakume zahar bat eta azkena neska bat,
baina hiruak maitasun historiak dira. Eta hori oso sakona da, gauza lirikoak
ukitu behar dira baina zaila da, zine gidoietan oso kamutsa da baina saiatzen
naiz.
Zu
izan zara harreman erotikoak gehien ukitu duzun idazleetarikoa, azken bolada
honetan asko komentatzen da nobela erotikoaren premia. Zer deritzozu?
Nik neuk
nobela erotiko bat egin nahi nuke, baina orain beste proiektu batzuk dauzkat
eta gainera lotsa haundia ematen dit. Beti sartzen dut zerbait han edo hemen,
baina asko landuz... ez da erreza: nik emozionatu nahi dudanez buruan behar
dut irakurlearen emozioa eta agian niretzat erotikoa den zerbait ez da erotikoa
irakurtzen duenarentzat, igual ez dio sortzen zartada erotiko bat (ez dut esan
nahi sexuala). Bai erotikoak niretzat garrantzi haundia du, ez du agian hori
pentsatuko ondo ezagutzen ez nauen jendeak baina horrela da. Euskal literatura
buruz erotismoa letretatik atzerriratze hori aranismo eta eleiza katolikoaren
ondorioak ditugu, baina, gauza bat... euskaldunek ez ditugu emozioak azaltzen
eta jakina emozioak izkutatzen ditugunez gauz hoiekin ibiltzea oso gatigatua
dago.
Tousquets-ek
dionez Maitasuna banakako jokua omen. zuk nola planteatzen duzu maitasuna?
Nik uste
dut, niretzat, eh, maite dudan jendearekin egotea baina gustatzen zaidala bakarrik
egotea eta egin dudana gogoratzea. Ez dakit erantzungo dizudan baina begira
nere azkeneko liburuaren titulua hauxe da: Aspaldian espero zaitudaluko ez
nago sekula bakarrik. Nik beste titulo bat pentsatua nuen baina Antton eta
Andurekin egon eta Andu Lertxundik hori asmatu zidan. Liburuko hiru ipuien izenburuekin
osaturikoa da eta gainera esaten duena egia da. Hori da maitasuna eta zahartzaroan
hezurrak goxatzeko zerbait, gogoapen onak edukitzeko sistema... inportantea.
Zuk
oraindik idazten segitzen duzu, zure belaunaldiko gehienek utzi dute ordea,
eta hazaldi berriak sortu ere bai. Nola ikusten duzu egungo giroa?
Begira
aurten ari dira gauza dexente ateratzen. Ibonek esaten du euskal literatura
gazte kontua dela eta jendea heltzen hasten denean beste gauzetan sartzen da
eta denborarik ez dauka, eta salbuespenak oso gutxi dira, egia da. Esperientziak
baietz dio, eh, edadekoak zein dira gure artean? Gereño eta Txillardegi,
eta gero gure jenerazioa: Lete, Andu, ni...
Gero, poesian
ez nizuke esango, baina egungo idazle eta aurreragokoen artean nik uste dut
badagoela alderik, nik uste egun narratiba polito dagoela.
Euskal
Herriko egungo literatura eta kanpokoa erkagarri al dira?
Nik esperientzia
bakarra dut hortan. Nire iritziz goi mailarik ez daukagu baina bai erdiko maila
errespetagarria: falta zaiguna Mercé Rodoreda edo Espriu bat dira. Baina
Panpox katalaneraz atera zenean, nik, beldur haundia pasatu eta gero hemen baino
kritika hobeak eta arrazoizkoagoak hartu nituen. Horregatik pentsatzen dut,
zergatik ez gehiago eta gehiagotan? Itzulpenak beharrezko dira; zeharo anormala
da nere hurbileko pertsonak eta lagunak eta... ezin leitu izatea nik idazten
dudana. Ez da posible. Nik nahi badut autore erdaldun bat irakurriko dut baina
Euskal Herriko erdaldunok ezin dute irakurri guk idazten duguna... hain zatiketa
zorrotza ez da normala eta gainera ez da ongarri.
Eta
zuri zein dira gehien atsegin zaizkizun egileak?
Autore
oso bezala Mercé Rodoreda, Margarite Yourcenar... biak emakumeak, Horiek
bolada horretan, gero, bakarka gustatzen zaizkidan egile asko ditugu, Mujika
Lainez eta beste zenbait.
Lehen
aipatu dituzunak emakumeak dira. Ba al dago diferentzia kualitatiborik gizonek
eta emakumek egiten duten literaturan?
Nik ez
dut uste berdinak direnik, baina ezberdintasunak ez dira jenetikoak, materialak
baino: zer ikasi duzun ikusten da. Dena dela nik autore hoiek aipatu dizkizudanean
momentu honetan gustatzen zaizkidalako da; dela urte pare bat galdetu bazenit
Fischerald esango nizun. Baina pasa egiten zaizkizu boladak.
Zein
da emakumek idazten dituzten liburuetan gairik garrantzizkoena?
Emakumeok
jeneralean emakumeei buruzko literatura idazten dugu, beti ez baina hala ere
nekez lortzen ditugu gizonezkoen pertsonai baliagarriak.
Gure inguruko
jendea Mendebaleko Europako jendea, gure, nere sasoiko emakumeek giro berdintsua
bizi dugu eta guk idatzia egoera sozial horren erantzuna da.
Nik orain hurrengoan
gizon bat hartu behar dut. Bi prolema ditut: gizona dela, batetik, eta bestetik
ikuspundua, izan ere ezberdina da pertsonaia ikuspunduen arabera; nik orain
gidoiean hiru pertsonai nagusi egin ditut, bi nagusi eta biak gizonezkoak eta
hau da sekula egin ez dudana, baina nik gizonak nola mugitzen diren, zer egiten
duten, kontatu behar dut, eta hori obserbazioak egiten du. Zer sentitzen duten,
sentimenduak gizonengan zer bideetatik doazen ezin dut somatu. Eta pertsonai
bat barrutik azalduko badut... kostatzen zait. Inguruko gizon asko eta asko
ikustean ez bait dut ulertzen nondik ailegatu diren horra. Oso zaila zait barruko
mekanismoa ezagutzea.
Pertsonaien
ikuspundua aipatu duzu. Zer garrantzi maila ematen diozu teknikari?
Normalean
historia eta pertsonai nagusiak topatzen dituzu, prolema ze narradore aukeratu
da. Baina, hala ere, euskaraz orain idazten dugunok ez gara nahiko apalak. Nik
ikusten ditut Marguerite Yourcenar eta horrelako idazleak. Honek esate baterako
Memorias de Adriano egitean konbentzio literariotik urruntzen ez den
zerbait egin du, baina guk ez, guk ezin dugu hartu eta nobela bat egin karta
moduan, guk asko zailtzen ditugu gauzak, gehiegi, sarri.
|