Mai 06 04

Haize lainotuaren nekeak

Ustela bildumako 11.a izan zen Haize lainotuaren nekeak, Maripi Solbesek idatzi eta 1979ko azaroan kaleratua, aste honetan osorik eskaintzen dizuguna. Prosazko testu laburrek osatutako liburua, ikuspuntu berezi baten berri ematen digute testuok. Susa literatura aldizkarian jardundakoa, Susa argitaletxean zenbait egilek 1983an kaleratutako Eta zergatik ez… Sigrid poesia liburuan parte hartu zuen. Haize lainotuaren nekeak liburuko azala ere Maripi Solbesek berak egina da.

Mai 06 04

Eider Rodriguezen lehen liburua

Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburuko hamasei narrazioak Joseba Sarrionandiaren hitzaurre batekin datoz: “Ondo bereizi behar dira fantasiak eta mamuak. (…) Eiderrek, errealitateak duen mamu partearen kronika egiten du ipuinotan zehar, bere fikzioa ez dabil fantasien bila, baizik eta mamuen bila“.

Api 29 04

Euskal Pen kluba

Euskal Pen kluba hirugarrenez jarri da abian, iragan apirilaren 23an, liburu egunarekin. Lehenengoz PEN Euskal Bilkura Parisen sortu zen 1951an Andima Ibiñagabeitiaren eskutik. Hartan, Jon Mirande, Jokin Zaitegi eta Txomin Peillen ere aritu ziren. Jon Mirandek Andima Ibiñagabeitiari igorritako gutun batean hala azaltzen du: “Laster elkar ikusiko dugulakotan ene agurrik neopaganuenak, eta minenak igorten dizkizut. Euskal P.E.N.aren bilkurarako deiaren aiduru nago ere“.

Api 29 04

Salaberriaren Sagardotegiak

Sebastian Salaberriaren Sagardotegiak jarri du sarean euskaraz.net-ek. Sagardotegiak eskola, jolastoki, bilera leku eta, jakina, bertsolarien txoko kuttuna ziren garai hura dakarkigu gogora Salaberriak. Barbotegi, Azken-Portu, Oriamendi, Munto… sagardotegiak eta sagardotegietako bertso eta pasadizoak dira liburu honen hari eta arima.

Api 29 04

Manex Erdozaintzi-Etxarten oroiz

Parisko langile-etxe bateko gela batean, Migelen gelan, iragango duzu gaua Manex Erdozaintzi-Etxarten Gauaren atzekaldean narrazioan, Txomin eta Jose haren lagunekin. Gaua gelan emanagatik ere, ordea, ezagutuko dituzu toki eta gauza gehiago: pertsonaien barne paisaiak, Euskal Herriaren oroimina, erbestea, Mirentxu, langileen zapalkuntza…. Ipuin luze eta eleberri motzaren arteko mugan, bereziki poeta eta gizarte-eragile gisa ezagutu genuen Erdozaintzi-Etxart prosazko lana duzu Gauaren atzekaldea, Elkar argitaletxeak 1982an argitaratua, hemen irakur dezakezuna haren heriotzaren 20. urteurrenean.

Api 29 04

J.I. Garmendiaren Hitzakia

Aste honetan osorik eskaintzen dizugun liburua J.I. Garmendiaren Hitzakia duzu. Ustela Sailaren baitan 1978an kaleratua. Poema-liburua da, poemek maiz prosazko forma hartzen badute ere, hitzak eta ideiak, biak, korapilatuz eta askatuz. “Gaurtik aurrera / hutsik egin gabe / egunero idatziko dut zerbait” agindu zuen liburuko lehen poeman, eta disziplina horri eutsita burutu zuen orain artean Garmendiak argitaratu duen liburu bakarra. Dastatzeko modukoa.

Api 22 04

Gernikako arbola hil da

Jose Maria Iparragirrek Madrilgo San Luis kafetegian abestu zuen 1853. urtean Gernikako arbola, eta ereserki bihurtu zen gero euskaldunen artean. Lehenago kantua egina zion ingeles batek ere: 1810ean idatzi zuen The Oak of Guernica poema William Wordsworth erromantikoak (gero Karmelo Etxegaraik euskarara itzulia). Eta ezagutzen ez baduzu, agian bitxia irudituko zaizu Miguel Unamunoren artikulu hau ere: Agur, Arbola bedeinkatube! (1888).

Api 22 04

Manex Erdozaintzi-Etxarten oroiz

20 urteko beteko dira apirilaren 29an Manex Erdozaintzi-Etxart zendu zela. Idazle, eragile, bultzatzaile, literaturan bezala beste zenbait arlotan ere jardun zuen baxenafarrak. Bizi zela poema liburu bakarra argitaratu zuen, Hinki-Hanka, baina hura hil ostean beste bi ere kaleratu ziren: Herri honen erraietan eta Bizitza pilpirak. Susa argitaletxeak XX. mendeko Poesia Kaierak bilduman egin zuen bere poesiaren bilketa bat, eta berau eskaini nahi dizuegu osorik. Poesiaz gain, eleberri bat ere idatzi zuen, Gauaren atzekaldeak, hurrengo astean eskainiko duguna.

Api 22 04

Alex Azkueren Poemak

Alex Azkueren Poemak izeneko poemarioa 1981eko apirilean plazaratu zen, Ustela bildumaren baitan. Alex Azkue ezizenaren atzean Jokin Ansorena zetorren ezkutatuta eta liburuaren barruan autore gazte baina kementsu baten hitzak. Koldo Izagirreren sarrera dakar poema-liburuak, Poemak, orain osorik irakurgarri eskaintzen dizuguna.

Api 15 04

Mikel Zarate eta Bizkaiko euskal idazleak

1580an hasi eta1968 urtera bitarteko Bizkaiko euskal idazleetarik batzuk batu zituen Mikel Zaratek liburu honetan. Aipatzen duen lehen idazlea Garibai Esteban (1533-1599) da, erderaz idatzi bazuen ere agertzen dira bere idazkietan “euskarazko errefran txorta bi ta kanta zaar batzuk bere“. Aipatzen duen azken idazlea Gotzon Garitanaindia da. Mikel Zaratek ohiko duen hitzatzearekin amaitzen da liburua.

Api 15 04

Jon Casenaveren Zutaz amoroski

1978ko abuztuan plazaratu zen Jon Casenaveren Zutaz amoroski poema liburua, Ustela Saileko bosgarrena, bere lehena. Bi ataletan banatutako liburua (Desioak eta Kardentasuna), baionesaren poemak irakurri ahal izango dituzu, Jean Marc Lanusse eta Javi Etxenikeren marrazkiez lagunduta. Handik gutxira Azkenean dilindan kaleratu zuen Ustela bilduman bertan Casenavek, Mattin Larzabalekin batera egindako lana, eta 1981ean Itsu mandoka narratiba liburua. Zutaz amoroski osorik daukazu orain irakurgarri.

Api 15 04

Ezinezko maletak

Ezinezko maletak Juanjo Olasagarreren nobela ziztatzailea duzu, gupida gabe egindako belaunaldi baten erretratua. Hiru nafar Londresera iritsi dira, koadrilakoa izandako laugarrena (Carlos) hil egin baita Londresen, eta haren hiletara joan dira elkarrekin haserreturik dabiltzan hiru adiskideak. Londresko krematoriora iritsitakoan, trabesti batek egiten die harrera. Denboran atzera begirakoak eginez, Sakanako koadrilaren ibilietan, sentipenetan eta bizimoldeetan arakatuko du irakurleak. Interneten osorik jarri dugu Ezinezko maletak nobela.

Api 08 04

Mikel Zarateren Euskal Literatura II

25 urte beteko dira apirilaren 10ean Mikel Zarate hil zela. Iragan igandean omenaldia egin zioten jaioterrian, Lezaman. Azken 10 asteotan liburu bana jarri dugu osorik Interneten. Asteon, Euskal Literatura Azterbideak, Azterketak eta Aztergaiak II jarri dugu on-line. Bere azterbide, azterketa eta aztergaietan, Lizardiren poesia eta prosa, Barbier, Iratzeder, Kirikiño, Bilbao, Txillardegi, Amaia Lasa eta Urretabizkaiaren lanak aztertzen ditu.

Api 08 04

Bost liburu berri euskaraz.net-en

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak bost testu berri jarri ditu osatzen ari den Donostiako idazleen testu bilduman. Martzelino Soroaren Iriyarena zarzuelatxo elebiduna euskal antzerki modernoaren lehen obra bezala aipatzen da eta orain testua irakurtzeaz gain, doinuak midi formatuan entzun ahal izango dituzu. Egile beraren Ezer ez, eta festa antzezlana ere jarri dute sarean. Fermin Imazen Bertso guziak izeneko argitalpenean, Donostiako bertsolariak Txirritarekin izandako eztabaida garratzaren berri ematen dutenak aurkituko dituzue, besteak beste. Tiro tartean bertsotan bertso bilduman “trentaiseis”-ko gerran izandako gorabeherak eta ibilerak kontatzen dizkigu Patxi Lazkanok, Ametzagainako bertsolariak. Aita Larrokaren Esku liburua, zeinean dauden mezaco… da sarera ekarri duten sorta honetako azken liburua.

Api 08 04

Gaztetxeak eta literatura, Galdu arte

Gaztetxeak eta literatura izango ditu aztergai datorren apirilaren 15ean (osteguna) eguerdiko 12:00etan Juan Luis Zabala idazleak, botatzeko arriskuan dagoen Larrabetzuko gaztetxean. Galdu arte bere nobela dagoeneko klasiko bat bihurtu da eta horren inguruan berba egiten saiatuko da aipatu hitzaldian. Guk ere, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxearekin elkartasunez Galdu arte liburua osorik jarri dugu Interneten.

Agenda

Efemerideak

Kritikak