Urr 14 04

Tarradellas eta Krutwig

Astebeteko pausaren ostean, mamitsua ekarri zuten Oh Euzkadi atala Saizarbitoriak eta Izagirrek Zeruko Argiaren 847. zenbakian. Tarradellas (beharbada ez hain) honorablea hartu zuten ahotan eta Katalunia eta Euskal Herriaz jardun, eta amaieran Federiko Krutwigek euskal literaturaz La Voz egunkarian esandako “harribitxi” batzuk ekarri, gezi pare bat jaurti aurretik. Artista gonbidatua Ermi Madariaga izan zen.

Urr 14 04

Urtzi Urrutikoetxearen Borroka galduetatik gatoz

Enbata indartsu baten gisa azaldu zitzaigun Urtiz Urrutikoetxea bilbotarra letren plazara: Borroka galduetatik gatoz. Susa argitaletxearekin 1997n argitaratua, indar eta era berean sentsibilitate handiko poema liburua zen, gazte baten ahots freskoak zekarrena. Poesia idazten jarraitu du eta Utzidazu karmina kentzen eman zuen argitara, Kutxaren sariaren irabazle gisa, 2002an. Ernestina de Campourcin saria zela eta Gaur ere ez du atertuko poemarioa ere atera zuen. Imre Kertesz-en Zoririk ez euskaratu du 2003an.

Urr 14 04

Gabriel Arestiren 12 poema entzuteko

Gaurkoa bezalako egun batean (baina 1933an) jaio zen Gabriel Aresti. Idazlea gogoan, Euskeraren izen poetikoak hitzalditik 8 poema-audio ekarri ditugu, Hernanin 1967an Jesus Mari Olanok grabatuak: Besteak beste: “Bilbaoko kaleak”, “Euskal Harria”, “Marea-gora bizia”, “Aurresku eta acesku”. Gabriel Arestiren 4 poema-audio eman genituen duela bi urte: “Egia bat esateagatik”, “Nire aitaren etxea”, “Gizonaren ahoa” eta “Azken euskaldunaren heriotzea”. Beraz, hamabi poema dira orain entzungai.

Urr 14 04

Andolin Eguzkitzaren liburu amaitu gabea

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izenburuarekin 1998ko urriaren 12ko iluntzean abiatu zuen azken liburua Andolin Eguzkitzak, oraintxe sei urte. Astiro, oso astiro idazten zuen poesia, eta 29 poemaz baina liburua amaitu gabe hil zen 2004ko martxoaren 24an. Liburua urriaren 19an (asteartea) 11:30etan Bilboko Bidebarrieta Liburutegian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Hitzaurrea Juan Ramon Madariagak idatzi du.

Urr 07 04

Antonio Arzak hil zela 100 urte

Antonio Arzak duela 100 urte hil zen Donostian.  25 urterekin lehen poema argitaratu zuen, Azken agurrak gure etsaigoari Jose Manterolaren Cancionero vasco obraren barruan. Poema eta lan ugari argitaratu zituen gerora Donostiako Euskal Erria aldizkarian eta bi poesia liburu txiki ere plazaratu zituen: Amona 1900. urtean eta Sufritzen 1929an.
49 urterekin hil zen jaiotako etxe berean.  Euskaraz.net gunean bere bizitza eta obra irakurtzeko aukera paregabea daukagu.

Urr 07 04

Loreak udan intza bezela

Donostiako Oriamendi baserrian jaiotako Segundo Kalonje (1910-1986) bertsolariaren Loreak udan intza bezela bertso bilduma jarri du sarean euskaraz.net-ek. Auspoa liburutegian argia ikusi zuen liburu honek egunkari eta aldizkarietan argitaratutako, nahiz Segundoren eskuz idatzitako paperetan aurkitutako bertsoak biltzen ditu.

Urr 07 04

Martin Ugalderen omenez

Beste zenbait alorretan bezala, euskal literaturan ere toki berezia egina da Martin Ugalde, 2004ko urriaren 4an hil dena. Produkzio zabalekoa, hainbat jenerotan jardundakoa, narrazioen eremuan eman zituen lanik gogoangarrienak. Hiltzaileak, bere lehen narrazio liburua dakargu hona, 1985ean Erein argitaletxeak plazaratutakoa (lehenik 1961ean kaleratu zuen, Iltzalleak, Venezuelako Cromotip argitaletxearekin ): bere lehen liburua da, eta agian enblematikoena literaturaren alorrean. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakurri ahalko dituzu, bestalde, Egan aldizkarirako egindako ipuin eta artikulu bat, eta, bere jardun ez hain ezagunean, Plazara aldizkarian 1985ean argitaratutako poema bat, Aberria, Hendaian 1975 izenekoa, Martin Ugalderen erretratua ongi islatzen duena.

Urr 07 04

Jon Alonsoren Hodei berdeak

Jon Alonsoren Hodei berdeak nobela 2003ko maiatzean argitaratu zen. Orain osorik emana dator Susaren webgunean. Aurtengo Euskadi Sariko epaimahaikideek finalistatzat aukeratutako bost liburuetarik bat da, nahiz eta saria hutsik lagatzeko aukera ere baztertu ez duten.

Ira 30 04

Iraultzaile eta konfliktibo

Aurreko astean heldua zioten iraultzaile eta konfliktibo gauza bera ez dela gaiari Oh Euzkadi sailean, eta sakondu zuten Zeruko Argiaren 845. zenbakiko artikuluan. Euskaltzaletasuna izan zuten hizketagai zehatza iraultzaile eta konfliktiboaren eremuan. 25 urte beranduago ondo asko irakurtzen diren hitzak. Iraileko bigarren emanaldi honetan errekuperatu zuten idazle gonbidatuaren saila, eta Ladix Arrosagarairen testua eskaini.

Ira 30 04

Jon Iñaki Lasaren Andaluziari ene bilduma

Andaluziari ene bilduma deritzo Jon Iñaki Lasak Susa argitaletxearekin 1984an kaleratu zuen poema-liburuak. Poeta ez zen berria, Alizia eta biok publikatua zuen Ustela Sailean 1982an. Han hasitako bidearen sendotzea erakutsi zuen orain osorik eskaintzen dizuegun Andaluziari ene bilduman. Literaturari lotua jarraitu badu ere —itzulpenak, poemak Galeuscan…—, hauxe izan zuen argitaratutako azken liburua.

Ira 30 04

Xabi Bordaren Birika zatiak

Literatuzta aldizkariaren hiru aleetan irakurriko zenizkion poemak Xabi Bordari (1981, Azpeitia). Birika zatiak izenburuarekin plazaratu du bere lehendabiziko liburua, datorren astean (urriak 8) aurkeztuko duena Jon Benitoren laguntzaz. Aurrerapen gisa dakartzagu liburuko sei poema. Argitaldaria: Susa.

Ira 23 04

Bakantzen amaiera

Zeruko Argiaren 844. zenbakiarekin, 1979ko irailaren 23an, orain hogeita bost urte, berrekin zioten Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek Oh Euzkadi! sailari. Aldizkariak baino hiru aste gehiagoko “oporrez” jarduten dute, beren aldizkariko jardunaz eta jardun ezaz, eta bestelako jardunez ere bai, “sexuari” buruzko notizia bat dela eta.

Ira 23 04

Hemen gauak lau ertz ditu

Bizitza honek lau ertz ditu / Lau ertz ditu ene pentsamenduak ere / Eta denboraren diktadurak / Geroaren aldabak apurtu dituelarik / Zure ametsaren sabelean bizi nahi nuke. Ziegako lau ertzen barnetik idatzitako poema liburu eder batekin plazaratu zitzaigun 1996an, Susa argitaletxearekin, Mikel Ibarguren: Hemen gauak lau ertz ditu. Espetxean eta espetxetik egina, baina, ahotsa goratu gabe, irudi ederren bitartez paretak gainditzen zituen poemak dakartzana. 2002an kaleratu zuen bere hurrengo liburua, poemarioa hau ere: Deserriko karrikak.

Ira 16 04

Manuel Maria hil da

2004ko irailaren 8an hil da, 75 urte zituela, Manuel Maria idazle galiziarra. XX. mendeko literatura galegoaren zutabe nagusietako bat, “herriaren poeta” deitua, 50-60etako urteetan hasi zen ezaguna egiten hala poeta nola Galiziako kulturgile eta militante politikoa. Hainbat lanen egile, poema liburuak batez ere, euskarara lehenbiziko itzulitakoa bere bi antzerki-lan izan ziren, Koldo Izagirrek euskaratu eta Antzerti aldizkarian plazaratuak 1985ean: Maiatza zorabiatuaren pastorala (Auto do Maio esmaiolado) eta Berengela izeneko otarantza baten ibilketak eta biribilketak (Aventuras e desventuras dunha Espiña de Toxo chamada Berenguela). Gerora bi poema ere euskaratu zaizkio. Joseba Sarrionandiak Gure amari hitzak euskaratu zuen Susa aldizkariaren separata moduan banaturiko Poemas naufragos liburuan, 1991n, eta Itxaro Bordak Haur begiak, Maiatz aldizkariaren 30. alean, 1998an.

Ira 16 04

Rafa Egigurenen Mugarrien garraioan

Ustela Saila bildumako liburuak sarean jartzean eskaini genuen sail hartan mustu zen poeta bat: Rafa Egiguren. Liburua Txipiroiren bat edo beste zen, 1981ekoa. Lan hark poeta zorrotza erakutsi zigun, ironia oso fin batez jantzia, dotorea. Bere bigarren poemarioak, aste honetan eskaintzen dugunak, baietsi zuen: Mugarrien garraioan. 1986an kaleratu zuen Susa argitaletxearekin. Gerora, urte hainbat "isilik" eman eta gero, eleberria plazaratu zuen 1990ean Ereinekin, berak oso ondo ezagutzen duen mundu batean kokatua, Txinan: Ilargia putzuan ageri. Eremu horretakoa, VII-X. mendeetako poema txinatarren itzulpen ederra eskaini zigun 2003an: Mandarin dotore disko-liburua. Lana Jose Luis Zumeta artista eta Joserra Senperenarekin musikariarekin batera egindakoa, Paper Hotsak-ek kaleratu zuen.

Agenda

Efemerideak

Kritikak