martxa honetan, seguru azkenean arrazoia dutela
Joan den astean euskaldunok konfliktiboak garela zalantzan jarri ezin daitekeen gauza dela genion, baina horrek ez duela esan nahi derrihorrez herri iraultzailea garenik. Norbait harritu ere egin da afirmazio honekin eta ez dakigu zergatik, gauza aski argi baitago.
Guretzat lapur normal eta korrientea ez da iraultzailea, edo ez behintzat zenbait modelnok uste duen bezala propietate pribatua atentatzen duelako; gure irudiko lapurrak lapurtzeaz aparte zenbait kondizio gehiago bete beharko lituzke iraultzaile tituloaz jabetzeko.
Era berean betidanik gustatu ohi zaigu lumpenaren eta proletalgoaren arteko distantziak gordetzea, eta beti bigarrenaren alde, lehendabizikoaren kontra gaudenik esan nahi ez badu ere, baina beti bigarrenarekin, etxearen eta autoaren letraz aburgesaturik badugu ere, eta beti bitarteak markatuz. Horretarako baitaude bitarteak, markatuak izateko.
Ba konfliktibitatea eta iraultzarekin berdintsu, eta atxikituko gatzaizkio berriz ere gaiari, ez baita bi hitzetan bentilatzekoa.
Eta paradojekin, paradojak badira, jarraitzeko, oraingoan esan genezake gure herri hau intenzio deklarazio mailan euskararen aldeko mementurik gorenera heldu bada, praktika mailan berriz memento desgraziatuenetakoan aurkitzen dela.
Inoiz ere ez dugu ezagutu euskaraz eskolatuak izanik gaztelania hutsean mintzo den hainbat haur ez eta Cervantesen Zerbantes Leioako? hizkuntzan idazten duen hainbat euskal idazle.
Bestalde harriduraz, harriduraz bai, idealista hutsak baikara, oraindik mapa linguistiko hipotetiko batetan euskararen koloreetan pintaturik egongo lirateken herrietan, guraso gazteak beren artean gaztelaniaz, eta ez oso gaztelania dotorean beti gauzak diren bezala esateko beren seme Aitor eta alaba Oihanari euskaraz hitzegiten entzun ditugu Donostiako eskema kopiatuz beraz, baina hemen errekuperazio bezala interpretatu zitekeena, konfunditurik geunden agian, dekadentzia zihurra deritzagu Gernikan edo Lazkaon. Alderantziz, dakizuenez, euskalzale porrokatuak ditugu hormetako paperak. Eta ez dakigu noiz arte izango diren, politikoak, gaur egun hormak gehienbat enpaperatzen dituztenak, ez baitira boluntarismo zaleak.
Abixaturik zaudete, laister errealitatea onartu beharraz mintzatuko zaizkigu eta boluntarismoak uzteko premiaz.
Norbaitek esaten zuen konsensu politikoak euskara ikasteko beharrik gabe ere euskaldun izan daitekeela esatera ausartuko balitz Euskalerritik zabalduko litzatekeen atseden suspirioa Marten ere entzun ahal izango litzatekeela. Ez dakigu, baina ez ginateke asko harrituko politikaren marketineroren bat euskara ikaste eta hitzegitearen alde presio egitea errentagarri den ala ez estudiatzen dabilela esango baligute.
Guk jakin ordea aitak gaztelaniaz mintzo ginen bakoitzean, belarrondokoa eskeintzen zigun arabera euskaldun garenez, munduko erakunde guztiak gureganatuko bagenitu ere euskararen arazoa gutako bakoitzak aurrera atera behar duen arazoa dela eta euskaraz hitzeginez, euskaraz hitzeginez batez ere, hitzeginez bakarrik ez esateko.
Eta neri zer esango duzu edozein alderditan militatuz ere minoritario ostia bat besterik ez zaren Zeruko Argiaren irakurle euskalzale maite horrek. Enteratu behar luketenak enteratzeko gaztelaniaz esan behar.
Katxis, betiko hiperrealismoaren truko ez dialektiko badaezpadakoa. Nafarroa Euskadi da eta punto.
disfrazatu asko dabilela ustela saltzen
Homosexualitatea ez da iadanik bekatutzat hartzen jakingo duzuenez, gu baino azkarragoak ere mintzatu dira honetaz. Gauza gutxi epaitzen da gaur egun erlijio ikuspundu hutsetik, eta homosexualitatea ere ez da kulpabletzat jotzen, aspaldiskoan utzi da moral maila, arazo patologiko bat bihurtu dute homosexualitatea. Teologiatik zientziara pasa da: gaixo edo eriak hartu du bekatariaren lekua. Homosexual trastornoa kongenitoa zela erabaki zen, eta beraz, errurik gabea.
Ez da ez, gaur goizekoa arazoa. Grezia Helenikako gimnasioetan gizon adineko eta gazte loretsuren arteko irkontru atsegingarriak gertatzen omen ziren, izen handiak ere heldu zaizkigu geroztik: Wilde, Withman, Proust adibidez. Homosexualismoa uste baino ugariagoa gertatu da, eta kopuruari bagagozkio, kontutan hartzekoa.
Homosexualitatea, ez gutxitan, ar kondizioaren hondamenarekin berdintzen da, ekuazio ezaguna egin da homosexualitatea = emekatzea. Emekatu, afeminatu edo maripoxa esaten diogu irudi morbido, ibilera kulunkaria, jarrera preziosista edo hitz bitan esateko, persona lumadunari.
Baina ez da, urrik eman ere, emekatze edo afeminamendua homosexualitatearen nahitaezko kutsua: badago emekatua ez dagoen homosexualik, eta alderantziz. Homosexualekin gertatzen dena da, askotan, fenomeno mimetiko bat, hau da, arra izatearen atzerakada inkonszientea, problematikoa duen faktorearen ukoa. Ofenditua sentitzen da bere izatearen oinarrian bertan, eta ondorioz, hainbeste kasutan, kontestatuak diren kondizio arren gordeketa bat gertatzen da, eme azalaz hain zuzen ere. Bigarren natura bat sortzen da, fiktizioa. Eta hala mixtifikazio prozedura bat hasten da, benetako intentzio homosexualaren aldaketa bat. Eta hala azaltzen dira «gustatu» egin beharra, «enkantoa» eta gainerako adulterazio motak, gautxoriontzat hain arruntak dagoeneko.
Horrela sortzen da, Gil Alberten hitzetan, «maitasunaren hibai nagusiaren adar probintzianoa». Probintzianoa aipatuta gogorazio berdina denori: gipuzkoarra, probintzianorik probintzianoena. Izan ere, gure probentzi edo proontxi maitean badago denetako fauna, jendaila eta gixajea.
Ba horixe. Haza eta dotorezia nahasten duen asko dagoela. Eta guk beti urbanitatea gogoan.
ramon saizarbitoria
koldo izagirre
gonbidatua
ladix arrosagarai
pareta
Ez daki nora doan, nondik datorren, baina hor dabil. Norz hasi den bidai hori? Oihartzunak ez dakar arraposturik. Galdurik dabil. Bazterrak ez ditu ikusten. Forma mugagabe batzu agertzen desagertzen dira etengabeki. Behin pertsonak zirela ohartu zen, bera bezala, bidaia bera egiten ari beharbada. Korrika hasi zen heiengana, urrutitzen zirela ikusiz oihuka ari ere, baina haren belarrietara ez zen soinurik heldu, formak desagertu ziren eta berriz ere bakarrik gelditu zen. Bide erdian etzan zen, hor geldituko zen, ez zuen balio aintzina joaiteak.
Akidurak eta bidaiaren pisuak laister gainditu zituzten bere gogoetak, lokhartu zuen. Amets bat egin zuen, bide berri bat atxemaiten zuen, dena kolorezkoa, non formak mugatuak ziren, ez zuen gehiago ibiltzeko beharrik, atsedena hartzen zuen, izerditan zegoen, haize bortitzak ametsa hautsi zuen. Denbora aldatu zan. Begien irekitzean harriturik so egin zien bazterrei, ez ziren berdinak, ilunago, abandonaturikagoak ziruditen. Ez zekien zenbat denboraz egon zen lo. Arrotz sentitu zuen bere burua ingurumen hontan. Zerua ere beltzatu zen, hodeiak beherago jautsi ziren.
Bere bakartatea haunditu zen, etsaikeria zerion mundu honi. Mekanikoki bidean eman zen berriz, higigune eta heriotz-seinale baita. Haizea hotzago. Soinu batzu entzuten zituen, laburrak baina azkarrak, uhain baten hiltzea, oihu metaliko beldurgarri bat, zuhaitz baten erortzea, ezkilen hil-musika... Ez zuen gehiago so egin nahi, burua goiti-beheraz zebilen, soa oinen punttetan kokaturik. Bet-betan euria hasi zen, berehala sentitu nuen ez zela geldituko. Laster bustitu zituen jantziak, ez zen traba gehiagorik haren larrua eta euriaren artean. Usatuko zen. Usatu zen. Usatu zen ere agertu ziren bezala desagertzen ziren formei oihuka hasi eta deusik ez entzuteaz. Azkenik konprenitu nuen haren oihuak ez zituela entzuten oihartzunaren itzultzeko nehor ez zegoelakotz prest. Orduan zen ohartu besteek zutela bakotxaren egiaztatzen, bakartasunaren munduak ez duela ez oinarririk, ez neurririk.
Elurrak atera du bere gogoetatik. Ustekabean euria elurra bilakatu da. Zerbait sentitzen du elur horrentzat, oroitzen da nola haur zelarik liluraturik so egiten zion erortzen, xuri-xuri, miresgarria. Laket zaio elurraren kontakta gorputz osoan, barneraino sartzen zaio haren fereka. Hor nahi luke gelditu; hobe zukeen beharbada baina zerbaitek aintzina pusatu du. Bideari lotu zaio berriz. Elurra gero ta azkarrago. Baina haren edertasunak ez dio hozkura kentzen. Hotza da, izugarri hotza, eta tristezi sakon bat dario, arrotza iruditzen zaio. Hala ere jarraikitzen du. Elur eta ilunpean luzez eta nekez ibili da oraino, bere pentsaketak beldurra eta itxaropenaren artean partekatzen dira.
Somatu zuen, alta indarrik gabe gelditzen da: nekea ezina bilakatu da eta elurra izotza. Izotzazko pareta batetara eraman dute bere urratsek. Ez du deusik uzten pasatzen. Atea xerkatzen du, alferrik, ez da aterlk. Sentitzen du paretaren gibelean, alde gordetuan bizia kausi lezakela, bere bidaiaren helburua hortxe litekeela. Baina pareta hotz eta hits honek heriotz itxura baizik ez dauka. Borrokan hasten da horren kontra, eskalada nahi luke baina hodeietan galtzen da haren kaskoa. Igaiten eta erortzen. Desegin nahi luke baina bera da desegiten ari dena. Oldarra hartu, gorputza oro paretaren kontra botatu KRRRASH!
Isiltasun ikaragarri bat jarraikitzen dio, ez du izotza hautsi, izotzak hautsi du. Denbora luze baten ondoan zutitzen da, zauriturik bizkar ematen dio paretari. Ez du ikusi beharbada bere animaren berotasunagatik izotza urtu litekeela, ala nonbait irakurritako bertso hauek dizkiote itxaropena kendu, etsipena sartu
Izarren hautsetatik zetorkigun argia
datza gure amets eroen artean.
Argia itzalik, argia hilik, bizirik gabea.
Bideak ez dauka eguzki gehiagorik, ez hilargirik.
Ilunpean dabil buruaren xeka.
Surik ez da, bururik ere ez, sekulan
amaituko ez den huts sakon eta zabal hontan
Leku honetatik badoa emeki, ihes egin behar du. Badaki pareta eta haren gibela ahantzi behar dituela. Ikasi du ametsetan ez ibiltzen. Utzi behar ditu iraganean erortzen. Badoa emeki. Presarik gabe bere itzala galtzen da biziaren gausan. Bere urratsen soinua hiltzen da pittaka-pittaka, oihurik gabe, nigarrik gabe, biharamunik gabe.
|