Eka 03 13

Nazim Hikmet hil zela 50 urte

1963ko ekainaren 3an hil zen Nazim Hikmet poeta turkiarra. Bere bizitza eta idazletza militantzia politikoari estu lotuak joan ziren; Alderdi Komunistako kide, hainbat aldiz kartzelatu zuten. Azken espetxealdian 12 urte iragan ondoren, Varsovia eta Moskura alde egin zuen, eta han idatzi bere azken lanak. Hantxe hil zen, 62 urte zituela. Gabriel Arestik ekarri zion euskarari lehendabizikoz Hikmet, 1971n, Lau gartzelak liburua itzulita. Iñigo Aranbarrik ere poeta turkiarraren 12 poema euskaratu zituen, Susa argitaletxearekin kaier txiki batean 2007an plazaratuak. Horiez gain, poema solterik ere itzuli eta argitaratu denez, denak bildu ditugu.

Api 19 13

Txikiaren bertso eta poemak

Gaur 40 urte dira Eustakio Mendizabal “Txikia” tiroz hil zutela Algortan. Itsasondon jaio zen 1944n eta 28 urte zituela hil zuten 1973ko apirilaren 19an. Galduta ez dauden Txikiaren bertso eta olerkiak bildu zituen Jon Arano poetak 1992an eta Hitz etena liburuan argitaratu zituen, hitzaurre argigarri batekin. Bilduma hura osorik paratu dugu orain sarean. Baina tamalez, Txikiak klandestinitatean idatzitako poema guztiak aurkitzeko lana oraindik betetzeko dago.

Api 11 13

Cesar Vallejo hil zela 75 urte

Mikel Lasa, Josu Landa, Edorta Jimenez, Joseba Sarrionandia, Jesus Lete eta Luigi Anselmik itzulitako Cesar Vallejoren poema batzuk bildu ditugu, gorazarre egitearren poeta perutarrari, datorren astelehenean, apirilaren 15ean, 75 urte izango baitira Parisen hil zela. Durango, Gernika, Bilbo ageri dira gerra garaian idatzitako poema batzuetan (“España, aparta de mí este cáliz” bildumakoak). Bestalde, bost bertsio ezberdin ditugu euskaraz “Piedra negra sobre una piedra blanca” poema ezagunarenak.

Mar 15 13

Takiji Kobayashi, 1928-03-15

Japoniako literatura proletarioa deitutakoaren idazle behinena da Takiji Kobayashi. Obra laburreko idazlea –29 urte zituela hil zuten torturaturik–, langile klaseak eta mugimendu obrero eta komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu bere literaturak. Japoniako historian data lazgarria da 1928ko martxoaren 15a; egun hartan hasi eta hilabete batzuetan milaka lagun atxilotu zituzten, torturatu eta, epaiketa luze baten ondoren, zigor gogorrak ezarri. Senki (Bandera Gorria) aldizkarian 1928-03-15 kontakizuna argitaratu zuen Kobayashik, gertakari haiek azaltzen. Hiromi Yoshidak ekarri du euskarara, ez ingelesez, ez espainolez, ez frantsesez aurki ez daitekeen lana.

Ots 19 13

Rene Char hil zela 25 urte

Gaurko egunez, 1988ko otsailaren 19an, ordu biak laurden gutxitan Rene Char hil zen Parisen. Urte hartako apirilean Maiatz aldizkarian Zazpi poema euskaratu zituen Itxaro Bordak. Eta sarrera lagungarria egin zion Aurelia Arkotxak: “Rene Charrengana lehen aldiz hurbiltzen denak sekulako inarrosaldia sentitzen du (…). Errana izan da idazle zaila dela, baina insistitzen baldin badugu, poetaren munduan sartzen baldin bagara, ohartuko gara hermetismoa gure buruan dagoela bakarrik, guk erabiltzen ditugun hitzen eta hitz multzoen higaduran. Rene Char irakurtzean, kolpez mundu sortu berri baten dentsitatean, bortizkerian, biziaren lehen daldaran, edertasunetik jalgitzen den pindarrean sartzen gara”.

Urt 24 13

Dideroten 300. urteurrena

Jeinu bat izan zen Denis Diderot. Drama burgesaren sortzailea, nobelagile berritzailea (Jacques le fataliste et son maître), saiogile aparta eta Encyclopédie erraldoiaren arduraduna. Urriaren 5ean beteko dira 300 urte Diderot jaio zela eta Frantzian ekitaldi ugari izango dira urte osoan. Iñaki Iñurrietak lau ipuin itzuli zituen 1995ean Hau ez da ipuina izenburupean (duela lau urte eman genituen sarean). Orain Pedro Diez de Ultzurrunek euskaratutako Teosofoak (“menturaz filosofia mota denik eta bitxiena”) digitalizatu dugu, 1998an argitaratua. Saiatuko gara urrian ekartzen Rameauren iloba nobela elkarrizketazkoa eta satirikoa, Joxan Elosegik 2005ean itzulia.

Urt 10 13

Larzabal hil zela 25 urte

1988ko urtarrilaren 11n hil zen Piarres Larzabal, euskal teatrogile handienetakoa, hogeitaka antzerki obraren idazlea. Haren obra osoa Piarres Xarritonek bildu zuen zazpi liburukitan, besteak beste: Nork hil du Oihanalde? (1950), Etxahun (1951), Bordaxuri (1952), Herriko botzak (1956), Mugari tiro (1959), Ibañeta (1968), Matalas (1968). Kontakizun eta hitzaldiez gainera, kronika oso biziak dira Larzabalen Oroitzapenak, 1922tik 1979 bitartekoak. Denak batuta dituzu Armiarma atariko Klasikoen Gordailuan.

Urt 05 13

Beneten Lehenengo alegia

Espainiako literaturako XX. mendearen bigarren erdialdeko idazle nagusienetako bat, hainbat idazleren narrazio estiloan eragina izan zuen Juan Benetek, duela 20 urte, 1993ko urtarrilaren 5ean zendu zenak. Madrilen jaiotako idazlea Región izeneko eskualdean kokaturiko bere eleberriengatik ezaguna bada ere, baditu zenbait ipuin eta alegi bilduma ere. Horietako laburtxo bat, Lehenengo alegia izenekoa, Jon Kortazarrek euskaratu zuen 1982an eta Idatz & Mintz aldizkariaren 3-4 zenbakian argitaratu.

Ira 12 12

Igerilaria, John Cheever

Jasone Larrinagari esker, estreinako aldia da John Cheever idazle amerikarraren kontakizun bat ekarri zaiola euskarari. Igerilaria Cheeverren ipuin onenetako bat dela esan ohi da, 1964an The New Yorker-en argitaratua. Hasiera batean nobela izateko asmoa zuen, 150 orrialde bete ohar idatzita zeuzkan, baina narrazio moldea eman zion azkenean. Hartan oinarrituta, Frank Perryk film bat egin zuen 1968an, Burt Lancaster protagonista zuela. Igerilaria ipuina entzun ere egin dezakezu Xerezaderen Artxiboa-n, Bilbo Hiria irratian grabatua. Aurten 100 urte dira John Cheever jaio zela eta 30 hil zela.

Ira 04 12

Orain 100 urte jaio zen Erkiaga

Gerra osteko literatura murritzari hiru nobela ekarri zizkion idazletzat daukagu gaur egun Eusebio Erkiaga, nahiz eta genero guztiak probatua izan: gaztetan poesiarekin abiatu eta ondoren antzerkia, ipuina zein itzulpena ere bai. Erkiagaren nobelak etika kristauaren ardatzari estu lotuta sortuak dira; sarean emanak dituzu lehen hirurak: Arranegi (1950ean idatzi eta 1958an argitaratua), Araibar Zalduna (1958an idatzi eta 1962an argitaratua) eta Batetik bestera (1961ean idatzi eta 1962an argitaratua), baita liburu elektronikoz irakurtzeko moldean ere. Aldizkarietan plazaratu zituen poemen zerrenda jasoa dugu, 1931tik hasita. Erkiaga 1912ko irailaren 4an jaio zen Lekeition, duela 100 urte.

Abu 29 12

Maeterlinck jaio zela 150 urte

Lauaxetak poema bat eta Lizardik artikulu bat euskaratu zituzten gerra aurrean, baina gero, guk dakigula, ez da Maurice Maeterlincken lanik itzuli gurean. Flandriako idazle frantsesa jaio zela 150 urte dira abuztuaren 29an. Haren obra ezagunenak antzerkiak dira, hala nola: Arrotza (1890), Pelleas eta Melisande (1892), Monna Vanna (1902), Txori urdina (1908). Literatura Nobel Saria jaso eman zioten 1911n. Lauaxetak Hiru neskatilak (1896) poema itzuli zuen 1930ean eta Lizardik Txindurriak (1930) dibulgazio eta fabulazkoa 1933an. Maeterlinck 1949an hil zen Nizan.

Abu 22 12

Garcia Lorca eta Lauaxeta

Zura musika taldeak 2005ean plazaratutako Ilargi Handi Zauri Zarae diskotik erauzi ditugu Federico Garcia Lorcaren hiru poemaren euskarazko itzulpenak, Lauaxetak gerra aurrean eginak. Eta baita ere, Lauaxetarenak oinarritzat harturik, Bitoriano Gandiagari espresuki eskatu zizkioten hiru itzulpenen egokitzapenak. Garcia Lorca 1936ko abuztuaren 18an torturatu eta fusilatu zuten, eta 1937ko ekainaren 25ean Lauaxeta.

Abu 16 12

Kanpion hil zela 75 urte

Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Euskaltzaindiaren fundatzaileetako bat izan zen Arturo Kanpion politikari eta idazlea –Iruñeko haren etxean egiten zen batzar bat urtero–. Gazteleraz idatzi zuen batik bat; adibidez, Blancos y Negros (1898) eta La Bella Easo (1909) eleberriak, edo saiakerak: Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884) eta Nabarra en su vida histórica (1914). Euskaraz idatzi zituen lan bakanak Klasikoen Gordailuan jasoak dituzu (horien artean Orreaga), eta itzulitakoak Euskarari Ekarriak gunean zerrendatuta datoz (besteak beste Gartxot, Itzaltzuko koblaria). Azken urte mordoa itsurik eman zuen Kanpionek, eta gerra sasoian estutasun eta mehatxuz itota hil zen 1937ko abuztuaren 18an Donostian, 83 urte zituela.

Abu 08 12

Heroi anonimo brasildarrak

Jorge Amado idazlea jaio zela 100 urte dira abuztuaren 10ean. Haren gorazarrez, Jubiaba nobela digitalizatu eta osorik eskaintzen dizugu sarean, gazte zela 1935ean argitaratua eta 1997an Balentin Olaetxeak euskarara ekarria. Kontakizuna hasi orduko ezagutuko duzu Antonio Balduino (Baldo), boxeolari beltz brasildarra, Bahiako txapelduna pisu handitan, alemaniar ilehori baten kontra borrokan; bigarren kapituluan (Baldoren haurtzaroa gogoan) agertuko da Jubiaba, azti ihar buruzuria, deabrua botila batean gatibu omen zeukana. Nelson Pereira dos Santos zinegileak eleberrian oinarrituta Jubiaba filma egin zuen 1987an, Gilberto Gilen musikarekin.

Uzt 12 12

Baroja hil zen duela 100 urte

Barojatarrek Beran erositako Itzea etxean hil zen Serafin Baroja 1912ko uztailaren 16an. Donostiako Plaza Berriko (gaur Konstituzio Plazako) etxeetako batean 1840an jaioa, ingeniaria izan zen, ideologiaz liberala, lau seme-alabaren aita: Dario, Ricardo margolaria eta Pio eta Carmen idazleak. 1875ean Gazi-gezak poema liburutxoa argitaratu zuen. Eta hiru urte geroago idatzi zuen Pudente lehen euskal operaren libretoa, 1894an Donostian taularatua Jose Antonio Santestebanen musikaz. Geroago Santestebanen Lutxi opera (1904) eta Hamahiru damatxo zarzuela ere jantzi zituen. Barojaren kantu denontzat ezagunena San Sebastian martxa da, Sarriegiren doinuaz. Idazlearen bizitzako zertzeladak Joxemiel Bidadorrengandik ezagutu ditzakezu, baita ere Patri Urkizuk 1988an Txertoa argitaletxearekin plazaratutako bilduman.

Agenda

Efemerideak

Kritikak