Eka 22 09

Eztena teatro egunak Errenterian

Oreretako Mikelazulo kultur elkarteak Eztena teatro egunak antolatu ditu, ekainaren 25etik 28ra bitartean egitekoak. Joxe Mari Carrereren Zapatak, Lakrikun taldearen Greban gaude, J.B. Pedradasen Pepino ustelak (hozkailuan) eta Josu Florentinoren Zaramalogia piezak emango dira. Oier Guillanek eta Inaxito Albisuk Munduko jakintsurik tontoena testua aurkeztuko dute. Eta Gilkitxaro, Txerriki, Labea eta Gaitzerdi taldeek ere parte hartuko dute ekitaldietan. Hementxe duzu egitarau osoa zehatz jasoa.

Eka 16 09

Duela 25 urte sortu zen Ttu-ttuá aldizkaria

Hogeita bost urte dira Ttu-ttuá literatur aldizkaria sortu zutela Joanes Urkixok eta Laura Mintegik (Bilboko eta Algortako helbidez). Estreinako aleari zero zenbakia ipini zioten, eta idazle bizkaitarren testuz osatuta zetorren. Ttu-ttuá aldizkariaren lehen ale guztien azalak banan-banan eskuz margoturik daude, estraza paper gainean, Migeltxo Monforten maketa lanarekin. Urte eta erdiren buruan sei zenbaki argitaratu zituzten: 1984ko udaberri, uda, udazken eta neguan, eta 1985eko udaberri eta udazkenean (ale bikoitza azkenekoa). Besteak beste, idazle hauen lanak agertu ziren aldizkarian: Iñigo Barandiaran, Iñaki Bernaola, Kanko Ispizua, Amaia Iturbide, Eukene Martin, Laura Mintegi, Omar Nabarro, Karlos Santisteban, Joanes Urkixo.

Eka 14 09

G.K. Chestertonen
Ostegun izan zen gizona

XX. mendeko idazle ingeles jori eta ezaguna zen G.K. Chesterton, ia bi metroko gizon erraldoia. Idatzi zituen 80 liburuetako bat duzu Ostegun izan zen gizona, 1908an argitaratua eta euskaraz Juan Garziak 1997an emana. Londresen anarkisten kontrako lanean ariko da Gabriel Syme poeta (Scotland Yardek eskatuta) eta Ostegun izengoitia hartuko du. Nobela hau amesgaizto bat dela ohartarazi zuen Chestertonek azpi-izenburuan, eta hori ahantzi gabe irakurri beharko genuke. Kingsley Amis idazleak honela deskribatu zuen: “Ez da guztiz politikazko amesgaizto bat, ezta thiller metafisiko bat ere, ezta espioi-nobela baten itxurapeko broma kosmiko bat ere, baina badu hirurotatik zerbait”.

Eka 08 09

George Sand eta
Frederic Chopin Mallorcan

Aurore Dupin sortzez, George Sand goitizena erabili zuen Le Figaro egunkarian idazten hasi zenean. 1832an Indiana nobela argitaratutakoan iskanbila sortu zen, emazteak senarrarekiko zuen mendekotasuna eta hainbat gizarte hitzarmen salatzen zituelako, eta horrek ospea ekarri zion. Idazle oparoa izandako Sanden Negu bat Mallorcan liburua osorik emana duzu sarean, Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak 1999an euskaratua. George Sandek Mallorcan igaro zuen 1838-1839 arteko negua Frederic Chopin musikariarekin. Eguraldi onaren bila joanak baziren ere, ez zen negu gozoa izan. Espainia gerran zenez, uhartea setio egoeran zegoen; eta Chopin gaixorik, konposatzea besterik ez zuela gogoan. Egunez lo egiten omen zuen Sandek, eta gauez kafea edan eta idatzi.

Eka 03 09

Madariagaren poema liburu berria: Eroriaren logika

Erortzea tragedia bihurtzen da, gero berriz zutitzeko modurik batere ez denean. Ez da zorigaitz beltza, ordea, Eroriaren logika poema liburuaren gaia. Bizitzan izan ohi ditugun jausialdi eta altxa uneez dihardu Juanra Madariagak, une horietako bulkadak eta indarrak deskribatzen dizkigu, maluraren eta atseginaren artean oreka zailari eusteko ahaleginean. Eroriaren logika poema liburua asteon Larrabetzuko Literaturian aurkeztu aurretik, osorik eskaintzen dizugu Susaren webgunean.

Eka 01 09

Bederatzi argitaletxe Literaturian

Asteburu honetan Larrabetzun egingo da lehendabiziko Literaturia jardunaldia. Ekainaren 5ean (ostirala) 20:00etan abiatuko da, Hedoi Etxarteren errezitaldiarekin eta Pettiren musika emanaldiarekin. Ekainaren 6an eta 7an euskal literaturaren azoka izango da; aurtengo argitalpen berriak eramango dituzte bederatzi argitaletxe hauek: Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Maiatz, Pamiela, Susa, Txalaparta eta Utriusque Vasconiae. Goizetan liburu aurkezpenak egingo dira, hogei bat idazleren parte hartzearekin; arratsaldez hitzaldiak eta mahai-inguruak; gauez antzerki eta musika emanaldiak. Egitarau osoa hementxe daukazu.

Mai 27 09

Mila ezker, Garbiñe Ubedaren saiakera berria

Ezkerra baldin bazara, zeu protagonistatzat zaituen liburua aurkitu duzu. Artea, musika, literatura, kirola, logika, matematika, fisika, kimika, genetika, neurologia edo psikiatria gaiak arakatuta, ezkerra izateari buruzko saiakera idatzi du Garbiñe Ubedak: Mila ezker. Surrealisten adiskide zen Julian Ajuriagerra sendagilearen kezkak eta azterketak ezagutuko dituzu. Txundituta geratuko zara Goetheren oinekin. Maurice Ravelek konposatutako esku ezkerrarentzako piano kontzertua entzuteko irrika piztuko zaizu. Lee eta Yang fisikarien ikerketek harrituko zaituzte, Wolfgang Pauliren ateraldi honek bezalaxe: “Jainkoa ez da ezkerra”.

Mai 24 09

Lizardiren Umezurtz olerkiak argitaratu zela 75 urte

1934ko ekainaren 10ean Zarautzen ospatuko zen V. Olerti Egunean Xabier Lizardiri omenaldia egingo zitzaiola iragarri zuen Aitzolek Euzkadi agerkarian (maiatzaren 8an) Poesias postumas artikuluaren bitartez, eta Euskaltzaleak elkarteak Umezurtz olerkiak bilduma plazaratuko zuela Lizardik argitaratu gabe utzitako poemekin. Jose Markiegik atondu zuen Umezurtz olerkiak, Aitzolek idatzi zion hitzaurrea, Jon Zabalo “Txiki”k egin zuen azala eta Zarauzko Udalak ordaindu zuen argitalpena. El Dia egunkarian agertu zen Olerti Egun hari buruzko kronika zabala.

Mai 20 09

Blogak eta letrak Literaturian

Literaturia euskarazko literatura ardatz izango duen asteburuaren baitan Blogak eta letrak izeneko bilkura edo deskonferentzia antolatu da ekainaren 6rako (larunbata) Larrabetzun. Arratsaldean zehar Internet eta literaturari buruzko hitzaldi ezberdinak izango dira, garu egungo idazle eta blogariek eskainiak. Patxi Gaztelumendi, Juan Luis Zabala, Julen Gabiria, Beñat Sarasola, Gorka Bereziartua eta Katixa Agirre hitzaldi edo deskonferentzia banaren inguruan arituko dira. Ostean liburu elektronikoaren inguruko solasaldi bat burutuko dute egaroa.com eta armiarma.eus atarietako kideek. Azkenik argitaratzeko lizentzien inguruko eztabaida irekiarekin amaituko dira solasaldiok. Gau partean berriz, munduko poeta ezberdinen bideo emanaldia (PoetTube) eta hitzak eta musika uztartzen dituen Bi hitz izeneko performantze batek emango dio amaiera Blogak eta letrak ekimenari.

Mai 18 09

Mario Benedettiren
Pedro eta Kapitaina

Mario Benedetti hil zen atzo Montevideon, 88 urte zituela. Bezpera ezabaezina poema bilduma (1945) izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Marcha astekariko erredaktore jardun zuen 1945-1974 urteetan, Juan Maria Bordaberriren diktadurak aldizkaria itxi zuen arte, eta erbesteratu egin zen. 1968an Habanako Casa de las Americas-eko literatur ikerketen saila sortu eta zuzendu zuen hiru urtez. 1971n Movimiento 26 de Marzo taldearen sortzaileetako bat izan zen. Poesia, ipuin, eleberri eta saiakera ugariren egilea da Benedetti, horien artean ezagunenak Menia (1960) eta Mila esker suagatik (1965) nobelak, zinemara eramanak. Intxixu taldearekin, Josu Makuso eta Joxe Mari Carrere antzezleek 1987an taularatu zuten Mario Benedettiren Pedro eta Kapitaina obra, Iñaki Alberdik euskaratua. Lau agerraldiko antzezlana osorik duzu Susaren webgunean.

Mai 16 09

Juan Rulforen Pedro Paramo

Koldo Etxabek Baroja etxearekin 1986an Lautada sutan ipuin sortaren itzulpena plazaratu eta urte batzuetara, Pedro Paramo euskaratu zuen Juan Garziak 2002an, Literatura Unibertsala bildumarako. Juan Rulfok 1955ean argitaratutako eleberri labur honek Mexikoko herri txiki bateko jendearen bizimodua kontatzen du. Honela hasten da: “Nire aita, Pedro Paramo delako bat, hemen bizi zela esan zidatelako etorri nintzen Comalara. Amak esan zidan. Eta nik promes egin nion bera hil bezain laster etorriko nintzela haren bila”. Nobela amaitu ostean, Carlos Blanco Aguinagak idatzitako epilogoak Juan Rulfori buruzko argigarri ederrak dakartza.

Mai 13 09

Orixeren Barne-muinetan argitaratu zela 75 urte

Zarauzko Itxaropenan inprimatua, Orixek duela 75 urte argitaratu zuen Barne-muinetan, bere aurreneko poesi liburua, hemezortzi poema mistiko biltzen dituena (sei ataletan hiruna pieza), Xabier Lizardi zenari egindako eskaintzarekin eta Jose Maria Estefaniaren hitzaurrez. Garai hartan idazten ari zen Euskaldunak poema luzea ere, baina gerra ostera arte ez zuen argia ikusi, 1950ean. Antonio Maria Labaien Ayanbek agertu zuen Barne-muinetan liburuari buruzko lehen iruzkina 1934ko maiatzaren 16 eta 17an El Dia egunkarian, eta bigarrena Lauaxetak maiatzaren 26an eta ekainaren 8an Euzkadin.

Mai 09 09

William Shakespeareren sonetoak euskaraz

Duela 400 urte (1609an) argitaratu ziren William Shakespeareren Sonetoak, 154 poemako bilduman. Bingen Ametzagak eta Gabriel Arestik bana euskaraturik, Euzko-Gogoa aldizkariak plazaratu zituen 1954an. Santi Onaindiak sei soneto gehiago itzuli zituen 1959an eta Juan San Martinek beste hiru 1964an Olerti aldizkarian. Baina itzulpen lan handiena Juan Garziak egindakoa da: Soneto hautatuak liburua argitaratu zuen Alberdaniarekin 1995ean.

Mai 07 09

Maiatz literatur topaketa Baionan

Maiatz elkarteak antolatuta, maiatzaren 13 eta 14an literatur topaketa egingo da Baionako Euskal Erakustokian. Asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean Odon Nobliak eta Mixel Tikoipek beren liburu berriak aurkeztuko dituzte, eta jarraian Eñaut Etxamendiren obraren garrantziaz mintzatuko dira. Ostegunean, Xabaltxek eta Peio Jorajuriak aurkeztuko dituzte beren liburuak, eta ondoren Antton Lukuren Euskal kultura? saiakera berriaz jardungo dute.

Mai 06 09

Honore de Balzacen lanak

Idazle etengabearen sinboloa bada Honore de Balzac, baina baita eleberri errealistaren ikur, eta XIX. mendeko Frantziako literaturaren zutabeetako bat. La Comédie humaine, hainbat eleberrik eta narraziok osatzen duten obra erraldoia du ezagun, eta geroko idazle askorentzat iturri. Baroja argitaletxeak Balzacen hiru erlatu eman zituen argitara 1987an, Anjel Valdesek euskaratuak, Gauezko Españarik gauekoena titulupean. 1996an, berriz, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, eta Pedro Diez de Ultzurrunek euskaratuta, Goriot Zaharra kaleratu zuen Ibaizabal argitaletxeak. Hona hemen biak. (gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak