HONDAR SOLASA

Carlos Blanco Aguinagak Rulfori buruz

 

        Bere bizialdiko azken 10 edo 15 urteetan, gure garaiko literaturgile nagusietakotzat jotzen zenean eta, beraz, ordurako figura publikoa zenean, hainbat elkarrizketa eta hitzaldi ematen zituen Juan Rulfok, zeinetan, beste idazle batzuk bezala, ez baitzen soilik literaturaz mintzatzen, baizik eta bere obraz ere. Baina Lautada sutan (1953) eta Pedro Páramo (1955) argitaratu ziren urteetan jaliscotarrak utzi zigun irudia —José Emilio Pacheco-ren hitzetan— haren «hitz-urritasun ezinago»arena da, bere baitan sarturiko gizon batena, zeinak, Elena Poniatowskak zioenez, «hitz egin baino areago, bere bakarrizketa etengabea hausnartzen baitu ahapeka». Hain hitz gutxiko gizona zen orduan Rulfo, ezen esan bailiteke haren ekoizpen maisulanezkoan (40-50etan) idazkuntzak den-dena hartzen zuela, eta gero, aldiz, itxura guztien arabera, azalpen eta azterketa mintzatuek ordezkatu zutela idazkuntza.

        Jakina gizon hain bere baitan sartu, hain gogolarritu hark hitz egin egiten zuela (Antonio Alatorrerekin, Juan José Arreolarekin, Fernando Benítezekin, Jorge Portillarekin... eta batek daki zenbat jende gehiagorekin!); baina nire oroimenak esaten dit ezen —Carlos Fuentes edo Arreola batekin konparaturik, esaterako—, bere famaren sorburuko lehen une haietan, hitz gutxiko gizona zela Juan Rulfo.

        Eta gutxienik, hain zuzen, literaturaz hitz egiten zuen, bereaz bereziki. Gogoan dut nola, Carlos Fuentes-en kemen argiak bultzaturik, Revista Mexicana de Literaturaren lehen zenbakia (1955eko iraila-urria) prestatzen ari ginela eta erabaki behar genuelarik zertaz idatziko genuen bakoitzak zenbaki horretarako, Lautada sutan eta Pedro Páramo irakurri berri eta horrek ziplaturik nengoenez, ausartu nintzela esatera artikulu bat idatziko nuela Rulfori buruz, zeina ez bainuen artean pertsonalki ezagutzen. Artikulua idatzi nuen, eta, aldizkariaren zuzendaritzak onespena eman aurretik, Carlos Fuentesek Rulfori eraman zion. Hark irakurri —Fuentesek esan zidan ez zitzaiola gaizki iruditu—, eta, handik berehala, elkarren aurkezpena egin zigun Fuentesek.

        Ez dut sekula ahantziko niri jeniala, munstro bat, iruditzen zitzaidan idazle baten eta artean ni nintzen literatur kritikari ia hasiberriaren arteko lehen topaketa hura; itxia eta hitz gutxi-gutxikoa bata, bestearen talentuaren aurrean ia izutua bestea. Carlos Fuentesen ahaleginak goiti-beheti, solasaldia —bestela ere ez oso luzea— bizkor zihoan isiltasunerantz hitz-urritasunaren bidetik. Harik eta, azkenean, galdetzen ausartu nintzen arte: «Zer iruditu zaizu artikulua?». «Ondo, txo. Ondo», erantzun zidan Rulfok. Eta, berriro ausarturik: «Baina benetan uste duzu esaten dudana ondo dagoela?». «Bai, txo. Ondo zagok», erantzun zidan. Eta gero, geldiune labur baten ondoren: «Gainera, hik hala badiok, hala izango duk, ezta?».

        Ez daukat ahanzteko hitz bakan haiek eragin zidaten poz eta nahasmena. Alde batetik, egileek zer deritzoten bost axola diola, garrantzizkoa testua bera dela ordurako aski ongi leziaturiko literatur kritikari gisa, lasai asko geratu nintzen; beste alde batetik, ezin nuen burutik kendu tipo hark, orduan ia bere lagunen artean baino ezaguna ez zen Juan Rulfo hark (ez da ahantzi behar lehen argitaraldian beraren bi liburuen 2.000 ale baino ez zirela kaleratu), nik baino milaka aldiz gehiago zekiela literaturaz, eta bereziki bereaz. Zer dela eta, bada, bere testuen, bere sorkarien esanahiak edozein literatur kritikari kimu-berriren esku uztea?

        Beti pentsatu izan dut umiltasun jator eta sakon batek eragindako zerbait zela; beti pentsatu izan dut Juan Rulfok —gure garaiko idazlerik jakintsuenetakoa zeinahi hizkuntzatakoen artean— berekiko zeukala dohain bat zela beraren hura, eta dohain hark, bizialdi ikaragarri zail batean zehar eta irakurketa mordo baten bitartez landurik, berak bere buruaz eguneroko pertsonatzat —ahal den moduan bizitzen ahalegintzen garenetariko bat gehiagotzat— zuen irudipena gainditzen zuela.

        Eta hain ederki egiten zuen Rulfok ez gizon isilaren papera bakarrik, baizik eta bere obraren zentzuaz, bere jeinuaz «ezjakin» zen idazlearena, ezen literaturan izango zuen eragin izugarriaren hastapen doi-doi haietan, bazuen nolabait —Cervantesek bere garaian bezala— «buruargi ikasigabea» izateko fama. Han zeuden beren intentsitate eta perfekzio harrigarrian Lautada sutan eta Pedro Páramo, baina bazebilen xorrotxen artean, soberajakinen artean, halabehar hutsez sortuak zirela bi maisulanok, txiripaz.

        Nik ez nuen sekula sinetsi. Aski izan zitzaidan bi liburuok eragiten zidaten harriduraren zioak aztertzea (egitura, esaldiaren erritmoa, zentzu dramatikoa, lexikoa...) ulertzeko, ikusteko, ezen, dena kontrolatuz, narrazio-jakituria eskerga bat zebilela jaun eta jabe haien orrietan. Liburuok —jakina— talentu berezko baten eta ikuskera bere kabuzko eta berezi-bakan baten fruitu ziren; baina begi bistakoa iruditzen zitzaidan abiapuntu ezinbesteko hori ez zela landu soilik irudimenaz eta lumaz (esan ohi zen ukondoak mahaiari ondo itsasten jakin behar zela idazteko), baizik eta narrazio-testu asko bai askoren irakurketa arretatsutik baino ezin etor zitekeen literatur ezaupideaz ere bai. Ezinezkoa zen orduan —esaterako— Lautada sutanekoak bezalako ipuinik idaztea Mexikon, ez bakarrik aurreko mexikar narratiba gabe, baizik eta Joyce-ren Dublinersetik pasatu gabe, edo eta Sherwood Anderson eta Hemingway-rengandik. Eta, sentikortasunaren, irakurketaren eta lanaren konbinaketari dagokionez, zer esan —adibidez— Rulforen pertsonaiek beren baitako lelo liluratu modura errepikatzen dituzten hitz, perpaus, are esaldi oso horiez? Efektuok lortzeko, norberaren hizkuntza eta hartan diharduen jendea ezagutu behar da, jakina; gainera, Juan Rulforena bezalako belarri bikainaren jabe izan beharra dago; baina inausketa-lanean —larri ere larria izan baita itxura denez, eta dudarik gabe senak gidatua— orobat atzeman daitezke literatur ereduak: ez kopiatuak, ez imitatuak, ez eratorriak, erabat bere eginak baizik.

        Ezagutu eta handik laster Rulfo bisitatzeko aukera izan nuenean, Nazas 86ko bere apartamentuan, ondotxo egiaztatu zen nire susmoa. Hango liburu-apal narratibaz beteak! Zer eleberri edo ipuin-liburu sekula idatzitakorik ez zuen irakurriko «buruargi ikasigabe» hark? Baina, noski, besteok egunak eta gauak ematen genituen literaturaz hitz egiten, zinemaz (italiar neorrealismoa zebilen artean nagusi), Sartrek hura eta Heidegger-ek bestea esan zuela, eta Juan Rulfo, aldiz, isilik zegoen. Eta iritsi ere zurrumurruak iristen zitzaizkigun ezen, Mexikoko Idazleen Bilgunean, berak nola oso ondo jakin gabe bururatu zitzaiola «buruargi ikasigabe» hari Pedro Páramoren egitura.

        Baina irakurlerik onenek —ezen ez soberajakin hutsek— ez zuten sinesten halakorik. Hori dela eta, Carlos Fuentesek, zeinak garai hartan, ez dakit orain, idatziz zihoanetik zatiak lagunei irakurtzeko ohitura baitzuen, galdetu zigun behin nire emazteari eta bioi ea axola zitzaigun Rulfo etortzea La región más transparente izango zenetik egin ohi zigun irakurketetako batera. Fuentes Tiber-eko bere etxetzarrean bizi zen, ia Melchor Ocampo-rekin izkina egiten dueneko horretan; Rulfo, Nazas-en, Sena eta Rhin artean; gu, Ebro kaleko apartamentutxo batean, Nazas eta Pánuco artean; lagun ez ezik, bada, auzo ere baginen. Proposamenak, beraz, erabat normala zirudien. Hala ere, Fuentes eta Rulfo iritsi, guk kafea zerbitzatu, eta eseri ginenean, ez dakit nor zegoen urduriago: Carlos Fuentes, irakurtzekotan baitzen, edo emaztea eta biok. Hirurok ere guztiz garbi baikeneukan, horixe geneukan garbi, inork han literaturaz jakitekotan, Juan Rulfok zekiela. Zer ausardia zen Fuentesen hura?

        Irakurri zuen Carlos Fuentesek, eta, espero izatekoa zenez, La región más transparenteko orrien irakurketaren ondotik, isiltasun zorrotz bat gertatu zen salatxo hartan. Ez Fuentesek eta ez guk biok genuen, jakina, ezer esateko asmorik: hitz egitea zegokiona Juan Rulfo zen, eta berriketa gutxiko gizona izaki. Handik puska batera, azkenean, «ondo, txo, ondo» edo antzeko zerbait esan zuen; eta gero, poliki-poliki, inolako anbiguitaterik gabe, Fuentesen orrien bikaintasunak azpimarratuz joan zen. Harik eta kritikara iritsi zen arte, halaxe baita gizalege jatorra batek zerbait kritikagarriririk aurkituz gero. Ez zion askorik esan zentzu horretan Carlos Fuentesi hain konplexua baina era berean laño eta begirunetsua zen gizon hark, zeina guretzat, inolako zalantzarik gabe, maisua baitzen. Gogoan dudanez, honako hau esan zuen, gutxi goiti-beheti:

        «Oso ondo zagok; baina tarteka ematen dik zurrun samar daudela pertsonaiak eta ez direla berak mintzo, hi mintzo haizela haien partez. Esaten eta egiten utzi behar zaiek; libre utzi behar zaiek, txo. Alde egin diezaatela, alde egin dezatela! Berak izan daitezela, eta ez hi, une hori bizitzen ari direnak.»

        Hori baino ez, baina harrapa ezak.

        Egia da garai hartan ideia bera —funts-funtsezkoa oraindaino ere— irakurgai genuela narratzeko arteari buruzko era askotariko ikerlanetan. Baina oso desberdina zen literatur kritikari arrunt bati irakurtzea hura edo narrazio modernoaren maisuetako bati esaten entzutea. Gure Juan Rulfori berari, alegia, zeinak handik pixka batera —bestela bezala— historia zoragarriak kontatu baitzizkigun, itxuraz erabat josi gabeak artean, Papaolapán-eko Batzordearekin lanean jardun zuen hilabeteetan ikusi eta entzun zuenaz: changarrito (txosna) baten irudi bizia, eta botilak lerrokaturik han sakonean; emakume jada zahar baten egitekoen eta ahotsaren oroipena, hura maratz-maratz langileei jaten ematen ahalegintzen zelarik; edo ibai miragarriaren eta hango landaretza haluzinagarriaren aurrean zur eta lur geratu zenekoa.

 

        Comala, Luvina eta Papaloapán aldea La región más transparenteko Distrito Federalaren testuinguruan, hogeita hamar edo berrogei urteko bortizkeriatik eta gogolarritasun nazionaletatik urrundu nahian zebilen «Garapen»aren Mexiko hartan: hori guztia lur eta garai historiko zehatz batzuetan kokatzen da, eta pentsa genezake, beraz, ez duela horrek zertan izan mugak gainditzeko kontua. Hala eta guztiz, ondo ere ondo dakigu hori guztia, Macondo bezala, unibertsalizatu egin dela. Ez naiz xuxen iristen jakitera zergatik «unibertsalizatzen» den literatur testu bat, eta ez dut uste sekula iritsiko naizenik. Baina badakit ziurtasun osoz Rulforen mundua, bere lurreko errealitate historikoan hain sakon errotua, urrun heltzen dela. Gogoan dut beste anekdota bat horren kariaz.

 

        1967-1968 inguru hartan Madrilen bizi ginen eta, hemen aipatzea harira ez letorkeen arrazoiengatik, aldian-aldian etortzen zitzaigun bisitan unibertsitateko sindikatu demokratikoko ikasle-jende gaztea eta artean klandestinoa zen Comisiones Obreras sindikatuko militanteetarikoa. Vargas Llosa, Cortázar, Fuentes eta Carpentier zeuden orduan puri-purian, eta eztanda egin berri García Márquezen sona; baina Rulfo ez zen artean oso ezaguna Mexikotik kanpo. Bagenuen etxean UNAMek egindako diskoa, «Luvina» alde batean eta «Diles que no me maten» bestean zeuzkana, Rulfok irakurriak ipuin biak, eta noizbehinka ipintzen genuen, zera, alegia, madrildar haiek hezi beharrez. Diskoak entzuleengan eragiten zuen zirrara, jakina, berebizikoa zen beti. Baina guztiz aipagarriena zera da: diskoa jartzen genuen aldiro, gurean etxe-garbitzaile zebilen emakume gaztea, Mari Carmen Burgos, Avilako herri txiki batekoa bera, artean analfabetoa, buru-belarri liluraturik geratzen zela, salako ate-orpoaren kontra bermaturik. Eta etxera ohi baino goizago itzuli nintzen arratsalde batez, han aurkitu nuen Mari Carmen, diskoa beretzat bakarrik jarri, eta, hainbatgarrenez, hura entzuten pasmoak jota bezala. Orduan galdetu nion ea zergatik gustatzen zitzaion horrenbeste hura, azken batean oso lur urrunetako historiak izaki. «Bai zera! —esan zidan— zer izango da hori kontu urruna! Nire herria bezalaxe da eta! Animalien bazkarena, eta hautsarena, eta heriotzak, eta isiltasuna, hain bakarrik denak. Hain errukarri gaixoak. Nire herrian bezalaxe.»

        Uste dut ulertu nuela, eta uste dut ulertzen dudala. Esaterako: Machadok «Gaztela miserablea» deitzen zion haren bihotzean hazia zen Mari Carmen Burgos (José María Arguedas eleberrigile eta antropologo handiak Peruko alde batzuekin konparatzen zuen Gaztela hartan berean); gainera, Gerra Zibilean, eta gerora, frankistek haren ahaide batzuk asasinatu zituzten. Miseria, erresumina, heriotza indarkeriazkoak, bakardadea... Horretan ote zetzan Jaliscoko idazleak eta haren hartzaile urrunak beren arteko zuten kodearen sekretua? Beharbada; bazukeen horrek noski zer ikusirik. Baina, egia esateko, bada oraindaino ere Mari Carmen Burgos-en hitzetan ihes egiten didan zerbait; guztioi ihes egiten digun zerbait, susmoa dut, literatura handiaren sakontasunaz, gizatasunaz, Juan Rulforen obraren handitasunaz. Handitasun hori hortxe daukagu, eskura, testuek dioten horretan; baina nago ez ote dagoen oso lotua ez bakarrik Juan Rulfok idatziz esaten segitzen duenarekin, baizik eta hark hitz egiten ez zuen guztiarekin: beraren bi liburu paregabeetako isilaldi ikaragarriokin, alegia.

Carlos Blanco Aguinaga

 

 

 

© Carlos Blanco Aguinaga

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Juan Rulfo / Pedro Páramo" orrialde nagusia