Eka 22 15

Jean Joseph Rabeariveloren bost poema

Erreka jotako familian sortua, ozta jesarri ahal izan zuen eskolan. Inprimategi batean aurkitu zuen akulturazioa gainditzeko modua, frantses okupatzaileen literatura irentsiz. Alabaina, malgatxez publikatu zituen bere lehen idatziak. Ez zuen inoiz galdu herri hizkuntzak zekarkion ondare poetikoa. Bizitza kaotiko baten erdian, hiru mila folio bete utzi zituen bi hizkuntzetan. Poemak, prosa poetikoak eta egunkari bat, izugarria, heriotzaren azken unea arte: zianuroa edan dut oraintxe azukrearekin, etzan egin naiz. Frantsesentzat ez zen aski zuri, herritarrentzat ordea frantximanta zen. Urradura horrek ere izan zuen zer ikusia egitate garratz hartan, bere heriotza bazterketa salatzeko garrasia ere izan zen. Rabearivelok modernitatea ekarri zuen Madagaskarrera Baudelaire eta Rimbauden ondotik ibili ondoren indar handiz eraiki zuen obra pertsonalarekin. XXI. mende honetan hasi dira Parisen “lehen idazle afrikar frankofonoa” omen denaren obra osoa argitaratzen. Hona bost poema, hurrengo batean ekarriko dugu sortatxoa malgatxez idatzi zuenetik.

Eka 18 15

Gerla Handia:
Umezurtzen nonbrea

Gerlak anitz umezurtz utzi ditu pausaleku orotan. Eskualduna-ren aburuz bilatu behar da zer egin “Umezurtzen nonbrea bederen ttipitzeko ahalaz, eta heien zorigaitza eztitzeko”. Wilson AEBetako presidenta eta Bryan atzerri-ministroaren arteko liskarra bildu du kazetak. Gallipoli garaipen gisara ageri da. Aurreko ostiralean,  Parisen mundu bat omen zen Bihotz-Sakratuaren Pariseko elizan, gizon anitz, gehienak soldaduak, eta kronikariak fermuki gaztigatzen digu, gerra hasiz geroztik kazeta honek ez du ezer txarrik aipatu lehenagoko gure etsai naturalez, gorriez. Gorri batzuk aldiz, gezurrak hedatzen jaioak dira, eta Aita Santuaren inguruan esandakoak gezur hutsa direla salatzen du kazetariak. Hona galdea, frantses zenbaiten begietan katolikoak ez ote dira Alemanak baino etsaiago?

Eka 15 15

W.B. Yeatsen zazpi poema

Irlandako literaturaren berritzaileetakoa dugu poeta dublindarra. XIX. mende amaiera eta XX.aren hasierako urteetako ur nahasiek dantzarazia, hala politikan nola literaturan, Irlandako nazionalismoaren gatazkak, tradizioaren berritzeak, zurruntasun moralaren aurkako borrokak, Abbey Theatreren sorrerak eta bultzadak  eta bere barne krisiek astindu zuten  duela 150 urte Dublinen jaiotako poeta eta antzerkigilea. Euskararara lehendik ere hainbatetan ekarria, zazpi poema gehitu dizkio Koldo Izagirrek William Butler Yeatsen euskarazko obrari.

Eka 11 15

Gerla Handia: Ele makurrak

Mihi gaiztoak gaizki esaka ari diren honetan, ele makurrak zokoratu behar direla ohartarazten digu Eskualduna-k. Italiak ireki fronte berriaren berri eman digu kazetak. Greziako Konstantin hil zorian omen, hilez gero Grezia aliatuen alde jarriko omen da. Espainiako gobernuak galdatu die bertako kazetei gerla honen berri ez emateko. Aldaketa Frantziako su zelaietan, eguzkia Euskal Herrian baino goiztiarragoa da Arras aldean. Xori gizonen gerla moldea berria da Gerla honetan, etsaiaren hegazkinlariek preso dituztenen zerrendak airetik jaurti dituzten, batzuk hiltzak zituzten soldadu euskaldunek. Donibane Lohizunen hogei bat gerla zakur hautatu dituzte. Euzkadi-k ohartarazten digunez, Alemanen alde su eta gar ari direnak haserre dira Espainiako gobernuarekin. Italia gerlan sartu aurretik Espainiatik Italian barna hainbat merkantzia bidaltzen ziren Alemaniara, orain bidalketa hori eten da. Kirikiñok doixtarren aldeko Vazquezen jokabidea salatzen du. Bestalde, ezaguna denez, Gezurroff eta Patatenberg herriak elkarren ondoan dira.

Eka 08 15

Robert Desnosen
hiru poema-sorta

Gaur 70 urte, 1945eko ekainaren 8an, hil zen Robert Desnos poeta, 44 urte zituela, Theresienstadteko kontzentrazio-eremuan. Gerra amaitua zen Europan, baina Erresistentziako kide izandako Desnosen gorputz ahulak ezin izan zion eutsi. Haren poemek bai. Benjamin Peret poetaren eskutik dadaisten taldera sartuta, 1920ko hamarkadan surrealismoa ezagutu eta mugimenduaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen, Andre Breton lagunarekin batera. Beste batzuek izandako oihartzuna lortu ez bazuen ere, idazle oso inportantea dugu Desnos. Hiru poema-sorta ekarri ditugu Armiarmara, Koldo Izagirrek euskaratuta, haurrentzat egindako poemek osatuak, idazlearen trebetasuna erakusten dutenak: Tristanen Piztiategia, Hiazintaren parterrea eta Danielen Geometria.

Eka 05 15

Gabriel Arestiren hilondokoak

1975eko ekainaren 5ean hil zen Gabriel Aresti Segurola, gaur 40 urte, berak 41 zeuzkala. Haren heriotzak euskal literatura eta oro har euskal mundua astindu zituen, handia izanik poeta bilbotarraren indar eta eragina. Hainbat idazle eta kulturgilek hartu zuten haren heriotza lumatan, eta hil-albistea eman garaiko zenbait mediotan. Hildakoa definituz, seguruenera gure burua ere definitzen dugu. Bederatzi ekarri ditugu Emailuetara.

Eka 03 15

Hamahiru poema Nepaletik

Hainbat hizkuntza ditu Nepalek: maithili, newari, yakka rai, yalung rai, racha rai, limbu, tamang, gurung, magar, tharu, bhojpuri, sherpa eta hedatuena eta bateko zein besteko herritarren harremanetarakoa den nepalera. Denek daukate herri literatur aberatsa, eta guztietan dihardute egungo poetek ere. Hamahiru poemok, alabaina, nepaleraz idatziak dira denak. Ingelesetik euskaratu ditugu, bi lan nagusi baliatuz: Shailendra Kumar Singh-ek hautatu eta ingelesera itzulitako Contemporany Nepali Poetry, Katmandun publikatua Sing Prakashan-ek 1989an, eta hainbat itzultzaileren lana izan zen Emerging voices, Vishnu-Chandra Vangmaya-Mandir zigiluak kaleratua 2002an hiriburu berean Kanshan Pudasaini-ren ardurapean. Hona hemen irakurgai.

Mai 30 15

Errusiako abangoardiatik, Salbokonduktoa

Boris Leonidovitx Pasternak (1890 -1960) maiatzak 30 zituela hil zen aurten berrogeita hamabost urte. Ibilbide luzea eta bihurrria ere egin zuen ikasketetan eta zaletasun literarioetan, Salbokonduktoa izeneko kontakizun ederrean islatua: “Neu naizena egin ninduten inguruabarrak ikertu ditut”. Inguruabarretan erraldoi bat, Maiakovski. Poeta handiari kontakizun horretan eskainitako orrialdeetako batzuk euskaratu ditu Koldo Izagirrek urteurren honetarako.

Mai 28 15

Gerla Handia: Hortzak luzatu zaizkio Italiari

Poza du erakutsi Eskualduna-k, ordua zen, Italia gerlan sartu da, ez da itsu-itsuan aritu, aterpea preparatu du. Italiak Alemaniari hitza emana eman zion ez ziola kontrarik eginen, baina hortzak luzatu zaizkio gure Italiari eta Austria beheiti zihoala ikusiz Biba gerlaka hasi da. Ez da iritzi berekoa Euzkadi, Italiaren jokamoldea kritikatu du kazeta jeltzaleak, egokiera profitatu duela dio Kirikiñok dioskunez abertzale batek ezin du jokamolde hori onartu, begi bistan baita bereak ez diren lurrak erdietsi nahi dituela. Kontu batean bat datoz bi kazetak, biek italiarrek musikarako duten dohaina ekarri dute gogora. Batxik ez daki geldirik, Glasgowetik Genoara bidean da.

Mai 28 15

Paul Nizanen Aden Arabie

Lehenengo esalditik durduzarazi zituen hainbat Paul Nizanek 1931n, Aden Arabie bere lehen liburua plazaratu zuenean: “Hogei urte nituen. Ez diot inori esaten utziko bizitzaren adinik ederrena dela”. Idazle bainoago pentsalaritzat aurkezten da Paul Nizan, baina ukaezina da haren idatziek duten literatur balio handia. Intelektual konprometitua, 20 eta 30etako idazle giro ezkertiarreko kide izan zen: Aragon, Gide, Malraux, Rolland…,  eta duela 75 urte Dunkerkeko guduan, II. Mundu Gerran, hil zen. Koldo Izagirrek ekarri dio euskarari Aden Arabie obraren hasierako zati bat.

Mai 26 15

Izagirreren nobela berria: Lorea Gernika, andrazko bat

Hiru bider ezkondu zen Lorea Gernika, eta beste horrenbesteko banantzeen edo alarguntzeen ondorioz –ez dago garbi– nahikoa eusko bildu ahal izan du bizimodu erosoan laketzeko. “Hortxe kokatu dut protagonista” azaldu digu Koldo Izagirrek, “mundua ulertzeko arazoekin, hunkiberatasunean, alegia, gizonezkook emakumea kondenatu izan dugun topikoan”. Lorea Gernika, andrazko bat nobela sarean osorik emana duzu jendaurrean aurkeztua izan aurretik. “Topikotik irteteko Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburu hau”. Umorea eta malenkonia.

Mai 21 15

Literaturia, euskal letren plaza

Literaturiak Zarautz hartuko du maiatzaren 28tik 31ra. Odolean daramagu lelopean, ardoa izango da aurten literatur ekitaldien hari gidaria: “Ardoa idazle askoren inspirazio iturri izan da historikoki, baina baita galbide ere. Asko dira ardoaren inguruan idatzitakoak. Era berean, ez dugu ahaztu behar zer-nolako garrantzia duen Euskal Herrian gastronomiak, jateak eta edateak, eta, horri lotuta, Zarautzek eta inguruak txakolinarekin egiten dion ekarpena”. Euskal literaturak herrigunea hartuko du hiru egunez, ekitaldi asko Modelo aretoan eskainiko dira, liburu berriak Garoa liburu-dendan aurkeztu eta liburu azoka izango da bi egunez Zigordia kalean. Hainbat idazlek hartuko dute parte Literaturian: Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Jon Alonso, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Jule Goikoe­txea… besteak beste.

Mai 20 15

Dena bestelakotzeko eztenak

Gorka Trintxerpek bigarren poema bilduma zuen  Ezten gorriak (Idatz, 1975). Eztenak ez min emateagatik, akuilagarri gisa baizik, eta gorriak ezinbestez sozialismoko plazan elkar topatuko bagenuen. Zentsurak bahitu zion Zorion baten zainak (Gero, 1972) hartan ageri ziren ildoen segida dugu bigarren hau, biluziagoa, zuzenagoa, baina egilearen nortasuna ezabatu gabe: maitasuna ageri da plusbalioaren eta alienazioaren artean, eta malenkonia tantak han-hemen aldarri gordinaren ondoan. Edertasuna eraikitzeko gogo handi batek gidatzen zituen eskua eta burua. Dena zegoen bestelakotzeko. Eta egiten ahal zuela sumatzen zuen belaunaldi berriak. Argitaletxe bat, esaterako, Idatz izan behar zuena. Eta halakoxea liburua bera, fisikoki: ezohikoa, apaina, marrazkiduna, eskurakoa, gordegarria. Garaiaren lekuko.

Mai 19 15

Book trailerra Lorea Gernika, andrazko bat

Koldo Izagirreren Lorea Gernika, andrazko bat nobela iragartzeko irudi aurkezpena prestatu dute Imanol Zinkunegik eta Juanba Berasategik.

Mai 14 15

Saizarbitoria eta iragana, Zapiainen saiakera berria

Nola jokatzen dute Ramon Saizarbitoriaren ipuin eta nobeletako pertsonaiek? Markos Zapiainek saiakera liburu berria aurkeztu du maiatzaren 13an: Saizarbitoria eta iragana. Errua, maitasuna, jelosia, fideltasuna, egia, sekretua, oroimena, damua, mendekua, patua, kontzientzia, beldurra nola bizi dituzten erakutsiko digu Zapiainek. Pertsonaiek arazoak dituzte beren burua onartzeko orduan, ez dituzte gertaerak osasuntsuki digeritzen. Pasioek erasaten diete. Identitatea kuestionatzen dute. Saizarbitoriaren obrak bekoz beko jartzen du irakurlea bere iraganeko alderik mingarrienarekin.

Agenda

Efemerideak

Kritikak