1944ko abuztuaren 18an zendu zen Jacques Roumain idazle eta politikari haitiarra. 37 urte baino ez zituen, baina ordurako obra poetiko eta literario sendoa uzteaz gain, erreferentzia bihurtua zen bere herriko gizartean. Haitiko Alderdi Komunistaren sortzailea, antiinperialismoa eta behartsuenendefentsa ardatz izan ziren haren jardun politiko eta literarioan. Hil zirela 75 urte bete diren honetan, 1945ean kaleratu zuen Ebano zura (Bois d’ébène) poemategiko Preludioaekarri diogu euskarari.
Bere katalogo osoa ebook euskarrian eskaintzeko ahaleginean, Saiakera bildumako hainbat titulu ekarri ditu Susaargitaletxeak epub formatura, eta argitaletxearen webguneko dendan eskura daitezke orain. Denak kulturgintzaren inguruan ardazturiko lanak izanagatik ere, gai eta estilo oso desberdineko tituluak dira webgunera ere osoan ekarri dituenak: Camembert helburu (Jon Alonso, 1998), Artaziak (Joan Mari Torrealdai, 2000), Gabriel Aresti – biografia (Angel Zelaieta, 2000), Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan (Edorta Jimenez, 2003), Mila ezker (Garbiñe Ubeda, 2009), Ez dago etxean (Jokin Urain, 2010), eta Autopsiarako frogak (Koldo Izagirre, 2010).
1946ko abuztuaren 13an zendu zen zientzia fikzioaren eremuan aitzindarietakoa dugun H.G. Wells idazle, kazetari eta soziologoa. Bestelako idazlanik badu ere, alor zientifiko eta zientzia fikzioarenean zehazki lortu zuen ospea, bereziki bere burua ikusezin egitea lortutako Griffin pertsonaia protagonista duen Gizon ikusezina eleberriarekin. Miren Arratibelek euskaratua, Literatura Unibertsala bilduman kaleratu zen 1997an.
Toni Morrison, Nobel saria irabazi zuen lehen emakume beltza, 88 urte zituela hil da abuztuaren 5ean. Idazle estatubatuarrak, bere nobeletan modu erreferentzialean jorratu zuen arrazagatik, emakume izateagatik eta klaseagatik jasandako zapalkuntza, errealismo gordina eta magikotasuna uztartuz. Beloved (1987) bere obra entzutetsuena euskaraz ere irakurtzen ahal dugu, Anton Garikanoren itzulpenean 2004an argitaratu baitzuten Alberdaniak eta Elkarrek Maitea izenburuaz, Literatura Unibertsala bilduman. Oraingo honetan, Itziar Iriondok euskaratutako Gaueko hitzak dakarkizugu, 1995ean Ereinek argitaratua. Nobel saria jasotzerakoan emandako hitzaldiak osatzen du liburuxka. Hizkuntzaren indar eraldatzailearen aldarria funtsean. Bertako pasarte batean dio: “Hil egiten gara. Horixe da, behar bada, bizitzaren esanahia. Baina hizkuntza egin egiten dugu. Hori izan daiteke gure bizitzen neurria”.
Oso umetatik, bost edo sei urte nituenetik agian, banekien handitan idazlea izango nintzela. Horrela idatzi zuenGeorge Orwell idazleak berak. Eta Ana Moralesek euskarara ekarri, Xerezaderen artxiboan ahotsa jarri eta orain sarean eskaintzen dugu Orwell idazlearen testua: Zergaitik idazten dudan.
50 urte uztailaren 20/21ean Neil Armstrong eta bere espediziokideek Ilargia zapaldu zutela. 50 urte, beraz, haien bandera han jartzeaz bat, guztion begietan iltzatu zutela. Espazioko lasterketa deituaren puntu gorenetako bat izan zen, urte batzuk lehenago Sobietar Batasunak gizakia lehen aldiz orbitan jarri izana bezala, koheteak, Laika zakurraren txango espaziala… Ilargiarena bezala, lasterketa horren alderdi bakar bat gogoratu eta erakusten den egunotan, gertakari hark, gertakari haiek urte haietan gure letretan izan zuten islaren ale bakan batzuk elkartu ditugu. Gehiago izango dira, jakina, baina hona hemen bost: A. Letek Karmel aldizkarian argitara emandako olerkia, espazioaren konkista fedearen teleskopiotik begiratzen duena; Ayalderen kronika bat, Sputnika aipatuz; Orixeren Beti dantza poema, bere azken poema omen, Pioner V.a eta ni azpizenburua duena; Txillardegiren Kosmodromoipuina eta artikulu bat; eta azkenik Xalbadorren Mendian galdu direneri, hizketagaia beste bat izanik ere, ilargiratzea aipagai duena
Roberto FontanarrosaEl Negro idazle eta umoregile grafiko argentinarra izan zen. Rosarion jaio zen 1944an eta bertan hil 2007ko uztailaren 19an. Haren bokazio artistikoa 60ko hamarkadan hasi zen marrazkilari komiko gisa, eta Boogie koipeztoa eta Inodoro Pereyra bezalako pertsonaiak nabarmentzen dira bere biñeten artean. Baina literatura ere landu zuen eta literaturan futbolaren pasioa erakusten digu. Rosario Central taldearen zale sutsua izanik, umorez betetako parodia biziak eskaintzen dizkigu bere ipuinetan. Hona hemen haietako bi, Xabier Bovedak euskaratu eta Idatz & Mintz aldizkarian emanak.
Genero beltzaren maisuetako bat hil berri da, uztailaren 17an, 92 urte zituela: Andrea Camilleri. Salvo Montalbano inspektorearen liburuengatik ezaguna, arrakasta adinean oso gora zela lortutako idazleak arrakasta ez ezik literatura munduaren ezagutza ere jaso zuen. Euskaraz hiru lan ditu emanak, Igela argitaletxeak Hilabete bat Montalbanorekin (2011, Fernando Rey itzultzaile) eta Uraren forma (2012, Ander Irizar itzultzaile) eman zituen, eta Erein argitaletxeak Gauaren usaina (2011, Josu Zabaleta). Siziliarraren heriotzan, Hilabete bat Montalbanorekin laneko lau narrazio dakartzagu.
1904ko uztailaren 12an jaio zen Pablo Neruda idazle txiletarra. Literatur Emailuetan eman izan ditugu haren poemak, hala literatur aldizkarietan argitaratutako poema solteak nola Amodiozko hogei poemaliburu osoa. Efemeridearen harira, beste bost dakartzagu gaur, Xabier Bovedak euskaratuak eta Idatz & Mintz aldizkarian plazaratuak 2015ean, poetaren bost liburutako lagin bana eskainiz.
Hogeita hamasei urte zituela, 1972kouztailaren 8an hil zuen Mossadek Gassan Kanafani idazle palestinarra. Israeldarrek 1948an haien lurrak okupatu eta familia Libanora erbesteratua, idazletza eta kazetaritza gaztetandik landu zituen Kanafanik, hainbat aldizkaritan jarduna, oso epe laburrean literatur lan inportante bat emana, bere herriaren eskubideen aldeko ekintzailetzan FPLP alderdiaren fundatzaileetakoa. Literatura palestinar eta arabiarrean mugarri bat izan zen Gizonak eguzkitan eleberria, 1963an argitaratua, eta haren atal bat euskaratu zuen Iñigo Aranbarrik, eta Susa aldizkarian plazaratu 1993an. Hona hemen.
Aldarrikapena argia da: “Horiek libertaterik/ ekarriko baligute bezala./ Ta ez horiengatik, ezpada/ guzti horien kontra/ nahi dugu libre izan/ kondaira guztiaren kontra”. Zeintzuk dira horiek? San Inazio, Xabier, Txurruka, Elkano… eta aise gizendu litekeen zerrenda. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua poemaren pasarte bat duzu, Espainiako Armadaren ikur-ontzia Euskal Herrian bisitan, eta euskal deiturako gizonen balentriak kantagai diren egunotan gogoratzeko egoki askoa. Poema idatzi eta 50 urtera, ezin gaurkoagoa. Hementxe duzu.
Aurtengo otsailean argitaratu zuen Jose Luis Otamendik bere orain arteko azken poema liburua: Disoluzio agiriak. Bizi dugun uneak beharrezko duen poesia molde berria proposatu zitzaigun poemotan. Oraingo honetan, egilearen beraren ahotsean, sei piezaren berrikustea eta gozatzea proposatzen dizuegu: