1937 eta 1958 bitarteko urteetan Gernika eta Bermeo arteko trenbidea berreraiki zuten lan bortxatuetara zigortutako presoek, gerra galdu eta esklabotza-egoeran lan egitera behartuak. Omenaldi instituzionala jaso dute joan den aste honetan. Literaturan omenaldia Edorta Jimenezek egin zien, 1993an Susa argitaletxearekin kaleratutako Azken fusila eleberri bikainean. Osorik irakurgai dagoena, garai ilun eta gogor hartan murgil egin dezakezue Onofre pertsonaia ahantzezinaren uberan.
1902ko otsailaren 26an, jaio zen Jean Bruller Vercors idazlea. Editions de Minuiten sortzaile, erresistente eta kultura alorreko langile, idazlearen heriotzaren 25. urteurrenaren harira Ibon Sarasolak euskaratu zuen haren lanik ezagunena, aurten 80 urte argitaratu zenItsasoaren isiltasuna, online irakurgai dagoena. Euskaraz bi bertsio dituen obra, Booktegi egitasmoan goza liteke Josu Zabaletak egindako itzulpena.
2022ko otsailaren 23an zendu da Abelin Linazisoro idazle, euskaltzale eta aktorea. Frankismo garaitik engaiatua herrigintzarekin, torturak jasandakoa, bereziki euskarararen eta bestelako zenbait konpromisoren aldeko militantea izana da. Hiru lan eman zituen argitara bere idazle ibilbidean: Axun eleberria (Susa, 1995), orainean eta iraganean txirikordatzen den maitasun-istorioa; 2001ean Iraganean galdua, Txalaparta argitaletxearekin, maitasun istorioa hau ere, bi ekintzaileren arteko harreman ezinezkoa. Eta lau urte geroago eman zuen plazara azken lana, Aitortza (Txalaparta, 2005). Hil delarik, Linazisororen lehen bi lanak eskaintzen ditugu irakurgai.
2017ko otsailaren 23an hil zen Marijane Minaberri. 60etan hasia ipuin eta poemak euskal aldizkarietan argitaratzen, antzerkigintza ere landutakoa, haren lanak mugarri dira haur eta gazte literaturan. Irakurleek ez ezik, kantariek ere jo zuten Minaberriren lanetara. Duela 5 urte zendutako idazlearen lanak irakurgai dituzu: Haur antzerki, Itxulingo Anderea, Mari Gorrieta Xoria Kantari.
Emakumeen eskubideen aldarrikapena eta egoeraren salaketa, bereziki emakume beltzen defentsa eta zapalkuntza-egoeraren salaketa, eskubide zibilen aldeko borroka… zenbait eremuk batzen ditu Audre Lorde eta Toni Morrisonen bizitza eta jarduera. Nagusiki poesia eta saiakeraren bitartez lehena; eleberrien bitartez bigarrena. Borroka eremuez gain, beste puntu bat ere bazuten partekatzekoa: hiru urteko aldearekin, otsailaren 18 batez jaio ziren biak, 1934an eta 1931n, hurrenez hurren. Lorderen poema antologia euskaratu zuen Danele Sarriugartek, eta Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitara eman (baita lehenago Elearazi egitasmoan ere testu bat, Nagusiaren tresnek ez dute sekula eraitsiko nagusiaren etxea), biak ere online irakurgai daude. Nobel saria jasotako Morrisonen Maitea eleberria euskaratu zuen Anton Garikanok (Elkar-Alberdania, 2004), eta lehenago Itziar Iriondok Gaueko hitzak narrazioa, Milabidai bilduman plazaratua, hau ere oniine irakur dezakezuna.
1996ko Nobel saria jaso zuenean poetaren lanbideaz eta bere jardunean “ez dakit” hitz xumeek duten garrantziaz jardun zuen Wislawa Szymborskak, horietatik abiatuta eraiki duen munduaz. Josu Jimenez Maiak hitzaldia euskaratu eta Maiatz aldizkariko 67. zenbakian eskaini zigun… 38 poemarekin batera. Poeta poloniarra hil dela 10 urte bete dira otsailean, eta hemen eskaintzen dizkizugu denak.
XX. mende hasieran AEBetan izan zuen indarrik “literatura proletarioa” izendatu zen mugimenduak, zenbait egile eta intelektual erakarri zituena. Haien emaitzaren “izpi” batzuk bildu nahi izan ditu Ekida egitasmoak, eta euskarara ekarri ditu bost poema, Carl Sandburg, Michael Gold, Stanley Burnshaw eta Joy Davidmanenak. Hementxeirakur ditzakezu.
The Velvet Underground taldearen 1968ko White ight/White Heat diskoan argitaratu zen Oparia, Lou Reed-ek idatzitako ipuina, John Calek errezitatua. Xabier Montoiak ekarri du euskarara istorioa, eta Booktegi-n irakur daiteke. Eta irakurtzeaz gain, entzun ere egin daiteke, Amaia Lainontzik irakurria; Nagore Legarretarenak dira irudiak eta Montoiak berak eta Javi Pezek jarri diote musika.
Sukaldeko Solasaldiak jardunaldien baitan, Uxue Alberdik Hizkuntza gutxitu batean kozinatzeahitzaldia prestatu eta zerbitzatu zuen 2021eko irailaren 28an, munduko bost hizkuntza zailenen artean omen dagoen mintzaira honetan sortzen dutenek ere ez daukatela erraza erakutsiz, lapiko eta su artean ondutako mintzaldi batean, entzuleei oso plater ederra eskainiz. Irakurtzeaz gain, solasaldiaren bideoa ere ikusgai dago.
Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Antzeko eskaera egin zioten Hea kultur elkartekoek Miren Agur Meaberi. Eta aurreko larunbatean, eta idazleakNola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia prestatu zuen, beren beregi. Zaldiarri bilduman argitaratu dute antolatzaileek, eta gaur Virginia Woolf idazlea omentzeko xedez, osorik dakargu sarera.
Euskal Herriko 128 idazlek eta editorek adierazpen bat plazaratu dute,Eman bakea izenburupean, Mikel Antza idazleari babesa eskaintzeko. Adierazpenak hau dio, hitzez hitz:
Mikel Antzak 20 urteko kondena betea dauka Frantzian.
Orain, Espainian berriro ere zigortu nahi dute, Frantzian bete duen zigorraren arrazoi berdintsuengatik, inolako froga materialik gabe.
Euskal Herrian askatasuna eta bakea behar dugu.
Ia hiru urte dira Mikel gure artean dagoela, bere sorkuntza libreki eskainiz.
Idazki hau sinatzen dugunok geure artean jarrai dezan nahi dugu.
Idatzia eta idazle eta editore sinatzaileen zerrenda irakurgai daude sarean.
Lau mende bete dira urtarrilaren 15ean Jean-Baptiste Poquellin; Moliere, jaio zela. La Comédie Francaiseren sortzailea, antzerkigile frantses handia, komedia eta satira ezagunen autorea da, boterea eta hainbat estamentu bere testuen ituan jarri zituena. Teatro klasikoaren izen handietako bat, Tartufo eta Zekena obrak euskaratuak dira EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman, baina 1951n kaleratu zen Baionan haren lan baten lehen itzulpena, Paul Guilsou idazle eta itzultzaileak egina (Guilsouz artikuluaPiarres Xarritonek idatzi zuen Euskera aldizkarian). Petan Mihiku lana Molièreren Le mèdecin malgré lui lanaren itzulpen/moldaketa da, Klasikoen Gordailuan osorik irakur daitekeena.
Txillardegik Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, Argia eta batez ere Zeruko Argia-n 1968 eta 1986 artean argitara emandako kronikak biltzen ditu liburu honek. Belgika, Norvegia, Estatu Batuak, Gales, Galizia eta Andorratik bezala, Barkoxe, Altzürükü edo Berrizaundik idatziz bere kezka nagusien berri ematen du idazlan hauetan Txillardegik, jakin-min zabalez, begirada zorrotzez eta irakurleari berarekin batera bertan dagoela sentiaraziz. Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabalak atondutako edizioa da Susak argitara eman duen Kronikak liburua.
Poesiaren aldeko ekintzaile aski ezaguna da Auxtin Zamora, urtetan “Hatsaren Poesia” izeneko jardunaldien eta argitalpenen motorra eta gidaria. Alta, poeta ere bada Zamora, eta oraingoan bere lehen poema bilduma ekarri nahi izan dugu akordura, Ezin errana izenburukoa, Maiatz-ek 1986an argitaratua. “Nigar egin dut karrikaz karrika, / xingar eta amodio galdeka, / izarrek zilatu arte zerua”.