Aurkibidea
Teilatupeko emakume(ar)en isileko garrasiak, Saioa Ruiz - Amaia Serrano
Aurkibidea
Teilatupeko emakume(ar)en isileko garrasiak, Saioa Ruiz - Amaia Serrano
Hormako paper horia
Charlotte Perkins-Gilman
itzulpena: Ana I. Morales
Oso gutxitan gertatzen da John eta ni bezalako jende arruntak etxandi zahar bat lortzea uda pasatzeko.
Emadazu etxandi kolonial bat, heredatutako etxalde bat, are etxe sorgindu bat esango nuke... Eta hortxe duzu zorion erromantikoaren gailurra... Baina hori patuari gehiegi eskatzea litzateke!
Eta, hala ere, harro esan dezaket etxe honekin zeozer arraroa gertatzen dela. Bestela, zelan alokatuko lukete hain merke? Eta zergatik egon da hainbeste denboran alokatu barik?
Johnek barre egiten dit, jakina, baina hori espero izatekoa da ezkon bizitzan.
John praktikoa da, muturreraino. Ez dauka pazientziarik fede kontuetarako, higuin izugarria die sineskeriei, eta argi eta garbi mespretxatzen du sentitu, ikusi eta zenbakietara ekarri ezin diren gauzez hitz egitea.
John medikua da eta, beharbada horregatik (hori ez nioke inori esango, jakina, baina hau paper hila baino ez da, eta arindu ederra nire gogoarentzat), beharbada, diot, horrexegatik ez naiz arinago sendatzen.
Pentsa, ez du sinesten gaixorik nagoela!
Eta, zer egingo duzu horren aurrean?
Izen oneko mediku batek ziurtatzen badie lagunei eta senideei benetan ez duzula ezer, depresio nerbioso pasakor bat besterik ez dela —histeriarako joera arin bat—, eta gainera mediku hori zure senarra bada, zer egingo duzu?
Gure neba ere medikua da, izen onekoa bera ere, eta gauza bera dio.
Beraz, fosfatoak edo fosfitoak, edo direna direlakoak, hartzen ditut, eta tonikoak, eta bidaiak egiten ditut, eta airea hartzen dut, eta ariketa fisikoa egiten dut, eta sendatzen naizen arte guztiz debekatuta daukat «lan egitea».
Ni neu ez nator bat ideia horiekin.
Nik uste dut lan egokiak, eta bizitasunak, eta aldaketak, on egingo lidaketela.
Baina, zer egingo duzu?
Debekuak debeku, bolada batean idazten jarraitu nuen; baina neka-neka eginda uzten nau... Isil-ostuka ibili behar izate hori, edo, bestela, aurkako jarrera gogorra jasan beharra...
Batzuetan iruditzen zait nire egoeran, debeku gutxiago eta inguruan jende gehiago eta estimulu gehiago izango banitu... Baina Johnek dio egin dezakedan gauzarik okerrena nire egoeraz pentsatzea dela, eta aitortzen dut txarto geratzen naizela beti.
Beraz, albora utziko dut hori eta etxeaz mintzatuko naiz.
Zer-nolako leku ederra! Bakarturik dago, errepidetik aski apartatuta, herritik bost bat kilometrora. Liburuetako toki ingeles horiek gogorarazten dizkit, landarezko hesiak, eta hormak, eta giltzaz ixten diren burdin ateak dituelako, eta etxetxo bakan pilo bat, lorezainentzat eta jendearentzat.
Lorategi delizios bat dago! Egundo ez dut holako lorategirik ikusi: handia eta itzaltsua, ezpelez hesitutako bidezidorrekin; eta mahats parrek estalitako pergola luzeak ere baditu, eta bankuak, haien itzalpean jesartzeko.
Berotegiak ere bazeuden, baina hondatuta daude denak orain.
Auzi legalen bat egon zen, uste dut, oinordekoen eta oinordekokideen konturen bat; edozer dela ere, lekuak urteak eman ditu hutsik.
Horrek zapuztu egiten ditu mamuei buruz hitz egiteko aukera guztiak, baina berdin zait: etxeak zerbait bitxia dauka, sentitu egiten dut.
Johni ere esan nion, ilargi gau batean, baina esan zidan sentitzen nuena haize korronte bat zela, eta leihoa itxi zuen.
Batzuetan arrazoi barik haserretzen naiz Johnekin. Lehen ez nintzen hain sentibera, ziur naiz. Uste dut nire nerbioen gaixotasun honengatik dela.
Baina Johnek dio, horrela sentitzen banaiz, eduki beharreko autokontrola galduko dudala; beraz, eginahalak egiten ditut neure burua kontrolatzeko, haren aurrean behintzat, eta horrek asko nekatzen nau.
Gure gela ez zait batere gustatzen. Nik beheko pisuko bat nahi nuen, arkupera ematen zuena eta leihoa arrosaz beteta zeukana, eta antzinako gortina loredun polit horiek! Baina Johnek entzun ere ez zuen egin nahi izan.
Esan zuen leiho bakarra zegoela eta ez zegoela tokirik bi oherako, eta handik gertu ez zegoela beste logelarik berak hartzeko.
Oso arduratsua eta maitetsua da, eta ia ez dit uzten zirkinik egiten jarraibide berezirik eman gabe.
Zehaztuta daukat zelan eman eguneko ordu bakoitza; ardura guztiak kentzen dizkit, eta esker txarreko pertsona ziztrin bat sentitzen naiz hori gehiago ez estimatzeagatik.
Esan zidan neugatik bakarrik etorri garela hona, atseden hutsean egon behar nintzela eta ahalik eta gehien egurastu. «Ariketa fisikoa egitea indarren menpe dago, maitea; —esan zidan— eta jatea janguraren menpe neurri batean; airea, berriz, etengabe arnastu daiteke». Beraz, umeen gela hartu genuen, goiko pisuan.
Gela handi eta zabala da, etxearen azalera osokoa ia, leihoak ditu alde guztietara, eta airea eta argia barra-barra. Hasieran umeen logela zen, gero jolas gela eta gimnasioa, esango nuke; izan ere, leihoetan burdinazko barrak ditu umeengatik-eta, eta hormetan uztaiak eta gauzak daude.
Hormako pinturaren eta paperaren egoera ikusita, mutikoen eskola bat ematen du. Paperari puska handiak kendu dizkiote nire oheburuaren inguru osoan, eskuaz hel naitekeen bezain urrun, eta gelaren bestaldean ere, beheko partean, kenduta dago zati handi batean. Nire bizi guztian ez dut paper itsusiagorik ikusi.
Zabal-zabal egiten den azalore itxurako marrazki bitxi horietako bat, egin litekeen arte bekatu ororen erruduna.
Haren arrastoari jarraitu gura izanez gero, begia nahasteko bezain monotonoa da, baina aldi berean norbera etengabe zirikatu eta aztertzera bultzatzeko bezain nabarmena; eta uhin zalantzagarri babo horien bideari tarte batez jarraitu diozunean, bat-batean uhinok bere buruaz beste egiten dute, neurriz kanpoko angeluetan amiltzen dira, beren burua suntsitzen dute sekula ikusi gabeko kontraesanetan.
Kolorea nardagarria da, gomitagarria ia; lizuntzen hasitako hori zikin bat, eguzki argiaren joan-etorri geldoak bitxi maiztu duena.
Laranja motel baina bizia da toki batzuetan, sufre kolore gaixotia beste batzuetan.
Ez da harritzekoa umeek gorrotatu izana! Nik ere gorrotoa hartuko nioke, gela honetan luzaroan bizi beharko banintz.
Hortxe dator John, ezkutatu egin behar dut hau. Gorroto du nik letra bakar bat ere idaztea.
* * *
Aste bi eman ditugu hemen, eta lehen egun hartaz geroztik ez dut gogorik izan idazteko.
Leihoaren ondoan nago orain, umeen gela jasanezin honetan, eta ezerk ez dit eragozten nahi beste idaztea, indar faltak ez bada.
John kanpoan egoten da egun osoan, eta batzuetan gauez ere bai, kasu larriak dituenean.
Eskerrak nire kasua ez den larria!
Baina nerbio arazo hauek ikaragarri deprimenteak dira.
Johnek ez daki benetan zenbat sufritzen dudan. Berak badaki ez dagoela sufritzeko arrazoirik eta horrekin nahikoa dauka.
Nerbioak baino ez dira, jakina. Baina ze nekeza egiten zaidan nire betebeharrak inola ere ez betetzea!
Nire asmoa zen Johni asko laguntzea, atsedena eta sostengua ematea, eta begira orain, dagoeneko karga bat naiz, beste ezer baino gehiago!
Ez luke inork sinetsiko zenbat kostatzen zaidan egitea gai naizen apurra; janztea eta atsegin egotea, eta zerbitzariei aginduak ematea.
Eskerrak Mary hain ona den gure umetxoarekin. Halako umetxo goxoa!
Baina ezin naiz umetxoarekin egon, oso urduri jartzen nau.
Pentsatzen dut John ez dela bere bizi guztian urduri egon. Halako barreak egiten ditu nire lepotik, hormako paper hau dela eta!
Hasieran gelako papera aldatzeko asmoa zeukan, baina gero esan zuen kontuari gaina hartzen uzten ari nintzela, eta nerbioetako gaixoarentzat ez dagoela gauza okerragorik halako fantasiei amore ematea baino.
Esan zidan, papera aldatu ondoren, ohearen armazoi astuna izango zela, eta gero leihoetako burdinak, eta gero eskailera buruko atetxoa, eta abar.
«Ondo dakizu toki hau mesede egiten ari zaizula —esan zuen— eta, benetan, maitea, ez dut gogorik etxea hiru hilabeterako berritzen hasteko».
«Orduan goazen behera» —esan nion— «oso gela politak daude hor».
Bere besoetan hartu ninduen eta txoritxo bihotzekoa deitu zidan, eta esan zidan beheko sotoko hormak ere zuritzeko aginduko zuela nik nahi baldin banuen.
Baina arrazoia dauka oheen kontuan eta leihoen kontuan eta gauzetan.
Edonor gustura egoteko moduko logela zabala eta erosoa da, eta, jakina, ez dut John deseroso sentiaraziko kapritxo bategatik, hain tuntuna ez naiz.
Gustua hartzen hasi naiz gela handi honi, paper nazkagarri horri salbu.
Leihotik lorategia ikusten dut: glorieta sakon gerizpetsu horiek, modaz pasatutako loreen iskanbila, zuhaixkak eta arbola adabegitsuak.
Beste leiho batetik badia eta etxalde honen kai pribatu txikia ikusten ditut, bista maitagarria. Badago bide eder gerizpetsu bat, etxetik kairaino jaisten dena. Beti iruditzen zait jendea ikusten dudala bidezidor eta pergola ugari horietan, baina Johnek ohartarazi dit ez diodala irudimenari amore eman behar inondik inora. Berak dio nire irudimen handia eta ipuinak sortzeko ohitura ikusita, nire nerbio ahuleziak era guztietako fantasia txoroak sortzera joko duela, eta borondatea eta zentzua erabili behar ditudala joera hori menderatzeko. Beraz, horretan ahalegintzen naiz.
Batzuetan uste dut, apur bat idazteko bezain ondo banengo, ideien presioa arindu, eta atsedena hartuko nukeela.
Baina saiatzen naizenean, asko nekatzen naiz.
Ez daukat inor nire lanaz aholkurik edo laguntasunik emateko, eta jausi egiten zait bihotza horregatik. Johnek dio, ondo osatzen naizenean, Henry lehengusuari eta Juliari esango diegula bisitan etortzeko, baina orain errazago ipiniko lizkidakeela suziriak burkoaren azpian, jende bizigarri hori nire ingurura ekarri baino.
Nahiago nuke arinago osatuko banintz!
Baina ez dut horretan pentsatu behar. Paper honek begiratzen dit jakingo balu bezala zein eragin gaiztoa daukan nigan!
Badago errepikatzen den zati bat; marrazkia erori egiten da, lepoa hautsi izan balitzaio bezala, eta erraboila itxurako bi begik behetik gora begiratzen dizute.
Sutan jartzen naiz lotsa gabezia eta betierekotasun horrekin. Gora eta behera eta alboz narras, eta kliskarik ere egiten ez duten begi absurdo horiek toki guztietan. Leku batean paper xafla bi ez datoz guztiz bat, eta begiak, marraren alde banatan, bata bestea baino goraxeago geratu dira, eta horrela doaz marra osoan zehar, gora eta behera.
Egundo ez dut ikusi halako espresiorik gauza bizigabe batean, eta denok dakigu gauzek zelako espresioa izaten duten! Txikitan esna egoten nintzen ohean, eta ume gehienek jostailu denda batean baino poz eta beldur handiagoa pasatzen nuen horma zuriei eta altzari arruntei begira.
Gogoan dut gure armairu handi zaharreko egurraren begiek zelako keinu atsegina egiten zidaten, eta bazegoen aulki bat, oso lagun sendoa iruditu zitzaidana beti.
Iruditzen zitzaidan, gauzaren batek betizuegi ematen baldin bazuen, aulki horretara jauzi egin eta salbu egongo nintzela.
Gela honetako altzariak ez dira hain txarrak, gehiago da hemen ez dutela ondo ematen, behetik ekarritakoak baitira berez. Pentsatzen dut gela hau jolas gela bihurtu zenean, umeen altzariak aterako zituztela, eta ez da harritzekoa! Sekula ez dut ikusi hemengo umeek egindako barrabaskeriak bezalakorik.
Hormako papera, lehen esan bezala, urratuta dago leku batzuetan, eta itsatsi baino itsatsiago dago! Gogor saiatu beharko ziren altxatzeko, eta gorroto handiz gainera.
Eta zorua ere markatuta, eta urratuta, eta ezpal eginda dago, hormako karea ere zulatuta han-hemenka, eta ohe handi eta astun honek, gelan aurkitu genuen gauza bakarrak, gerra bat baino gehiago pasatutakoa ematen du.
Baina ez dit batere ardura... Tira, paperak bai.
Hemen dator Johnen arreba. Oso neska maitagarria da, eta zelan zaintzen nauen! Ez nau idazten harrapatu behar.
Goitik beherako etxekoandre gogotsua da, eta ez du lanbide hoberako guraririk. Ziur naiz uste duela idazteagatik gaixotu naizela!
Baina bera ez dagoenean idatz dezaket, eta leiho hauetatik oso urrundik ikus dezaket etxerantz datorrenean.
Leihoetako batetik errepidea ikusten da, errepide polit, bihurgunetsu, gerizpetua; beste leihotik mendialdea ikusten da. Ondo ederrak horiek ere, zumar handiz eta belusezko larrez beteak.
Hormako paper honetan azpimarrazki moduko bat dago, kolore diferente batean, marrazki bereziki ernegagarri bat, argi jakin batez bakarrik ikus daitekeelako, eta ez oso garbi orduan ere.
Baina maiztuta ez dagoen tokietan eta eguzkiak horrelaxe jotzen duenean... Forma gabeko figura moduko bat ikusten dut, arraroa, zirikatzailea, aurreko marrazki nabarmen txotxolo horren atzetik ostenduta bezala.
Eskaileretan gora dator koinata!
* * *
Tira, joan da uztailaren 4a! Mundu guztiak alde egin du eta neka-neka eginda nago. Johnek pentsatu zuen agian on egingo zidala konpainia pixka batek, eta ama, Nellie eta umeak etorri ziren astebete pasatzera.
Jakina, ez dut ezer egin. Jennie arduratzen da denaz orain.
Baina berdin-berdin nekatu naiz.
Johnek dio arinago bizkortzen ez banaiz, udazkenean Weir Mitchell doktorearengana bidaliko nauela.
Baina ez dut inondik ere harengana joan gura. Nire lagun bat haren eskuetan egon zen behin, eta dio John eta nire neba bezalakoa dela, are okerragoa!
Gainera, itzelezko esfortzua da haraino joatea.
Iruditzen zait ez duela merezi zirkinik egitea ezertarako ere, eta ikaragarri milika eta kexati bihurtzen ari naiz.
Ez dut ezer behar negarrez hasteko, eta negarretan nago denbora gehienean.
Jakina, ez Johnen edo beste inoren aurrean, bakarrik nagoenean baino.
Eta orain nahikotxo egoten naiz bakarrik. John herrian geratzen da oso sarri larrialdiak artatzeko, eta Jennie jatorra da eta bakarrik uzten nau hala eskatzen diodanean.
Beraz, lorategian edota bidexka polit horretan pixka bat ibiltzen naiz, arkupean jesartzen naiz arrosen azpian, eta etzanda egoten naiz hemen luzaroan.
Benetan gustua hartzen ari natzaio gelari, hormako papera gorabehera. Beharbada hormako paperagatik.
Hainbesteko buru-lana ematen dit!
Ohetzar mugiezin honetan etzaten naiz (uste dut lurrari josita dagoela) eta marrazkiaren arrastoari jarraitzen diot ordubete inguruan. Gimnasia bezain ona da, benetan diotsut. Hasten naiz, adibidez, behetik, horko beheko izkinan, ukitu gabe dagoen lekutik, eta milagarren aldiz erabakitzen dut zentzugabeko marrazki horren aztarnari jarraituko diodala bukaeraren batera heldu arte.
Badakit zertxobait irudigintzaren printzipioez, eta badakit gauza honek ez diola jarraitzen inongo erradiazio, edo txandakatze, edo errepikapen, edo simetria arauri, ezta nik sekula entzundako ezelako arauri ere.
Bai, marrazkia paper xafla bakoitzean errepikatzen da; bestela, ez.
Modu batera begiratzen bazaio, paper xafla bakoitza bereizita dago: uhin hanpatuak eta loramenduak —delirium tremensak jotako halako «erromaniko degeneratu» bat— tarrapaka doa gora eta behera handigurazko zutabe isolatuetan.
Baina, bestalde, alderik alde ere lotzen dira, eta lerroak zabal-zabalka abiatzen dira horrore optikozko uhin zeharkakoetan, ziztuan doazen alga kulunkarien multzo baten moduan.
Eta guztia horizontalean ere ikus daiteke, hala dirudi, behinik behin, eta neure burua akitzen dut norabide horretan zein ordenaren arabera doan bereizteko ahaleginean.
Gainera, xafla horizontal bat erabili dute goiko ertza egiteko, eta horrek ikaragarri nahasiago egiten du dena.
Gelako toki batean ia ukitu barik dago, eta hor, errainuak ezabatzen direnean eta ilunabarreko eguzkiak bete-betean jotzen dionean, ia-ia erradiazioa ikusten dudala iruditzen zait. Ematen du grotesko amaiezina erdigune baten inguruan bildu eta buruz behera erortzen dela horrantz, lehen bezain modu aztoragarrian.
Nekatu egiten naiz arrastoari jarraitzen. Uste dut lo kuluxka bat egingo dudala.
* * *
Ez dakit zergatik idazten dudan hau.
Ez dut gura.
Ez naiz gai sentitzen.
Eta badakit Johni zentzubakoa irudituko litzaiokeela. Baina moduren batean esan behar dut zer sentitzen eta pentsatzen dudan... Ikaragarrizko arindua da!
Baina ahalegina handiagoa izaten hasi da hartutako arindua baino.
Orain denbora gehiena alferkerian ematen dut, eta luzaroan egoten naiz etzanda.
Johnek dio ez dudala indarrik galdu behar, eta bakailao gibelaren olioa eta toniko mordoa, eta gauzak edanarazten dizkit; garagardoa, eta ardoa, eta haragi gordina aipatu barik.
John maitea! Asko maite nau, eta ezin nau gaixorik ikusi. Lehengoan saiatu nintzen berarekin benetako hizketaldi arrazoizko eta serioa izaten, eta esaten zelan nahiko nukeen gure lehengusu Henry eta Juliari bisita egiten joaten uztea.
Baina esan zidan ez nagoela joateko moduan, eta bertara heldu eta gero ez nintzatekeela jasateko gai izango; eta ez nuen neure iritzia oso sendo defendatu, negarrez ari bainintzen berbetan amaitu baino lehen.
Gero eta gehiago kostatzen zait garbi pentsatzea. Nerbioen ahulezia hau izango da.
Eta John maiteak besoetan hartu ninduen, eta gora ekarri eta ohean jarri ninduen, eta nire ondoan jesarri eta niri irakurtzen egon zen burua nekatu zitzaidan arte.
Esan zidan bere kutuna eta bere abaroa naizela, eta daukan guztia, eta beragatik zaindu behar dudala neure burua, eta ondo egon.
Esaten du neuk bakarrik lagundu ahal diodala neure buruari egoera honetatik irteten, eta borondatea eta autokontrola erabili behar ditudala eta ez utzi fantasia tuntunek niri gaina har diezadaten.
Gauza batek behintzat lasaitzen nau, gure umetxoa ondo eta pozik dagoela, eta ez dela umeen gela honetan egon behar, hormako paper gorrotagarri honekin.
Gela guk hartu ez bagenu, ume koitaduak edukiko zuen! Eskerrak ez den halakorik gertatu! Mundua bete urregatik ere ez nioke utziko neure ume bati, txikitxo babesgabe bati, halako gela batean bizitzen.
Ez dut inoiz horrela ikusi, baina, begira, azkenean zortea izan da Johnek ni hemen jartzea; askoz errazago jasan dezaket nik umetxo batek baino.
Jakina, orain ez diet sekula aipatzen —ez naiz tuntuna—, baina erne-erne dauzkat begiak.
Paper honetan badaude gauza batzuk nik soilik dakizkidanak, eta beste inork inoiz jakingo ez dituenak.
Kanpoko marrazkiaren atzeko irudi lausotuak argiagoak dira egunetik egunera.
Beti da irudi bera, baina horietako asko daude.
Eta emakume antzeko bat dabil marrazkiaren atzean, makurtuta eta narras. Ez zait batere gustatzen. Ez dakit, baina... Zera... Bururatu zait... Johnek hemendik betiko aterako banindu!
* * *
Oso gaitza da Johnekin nire egoeraz berba egitea; izan ere, hain da jakintsua eta hainbeste maite nau...
Baina bart gauean saiatu egin nintzen.
Ilargi-argitan geunden. Ilargiak gela osoa argitzen du, eguzkiak bezalaxe.
Batzuetan gorroto dut ikustea, hain astiro dator narras, eta beti sartzen da leihoren batetik.
John lo zegoen eta ez nuen esnatu nahi; halandaze, geldi geratu nintzen hormako paper uhintsu horretan ilargi argiari begira-begira, ikaratu nintzen arte.
Atzeko figura xumeak marrazkia astindu egin zuela iruditu zitzaidan, handik irten gura balu bezala.
Astiro altxatu eta papera ukitzera joan nintzen, ea benetan mugitzen zen, eta ohera itzuli nintzenean, John esna zegoen.
«Zer duzu, neskatila? —esan zidan— Zertan zabiltza bueltaka? Hoztu egingo zara!».
Pentsatu nuen aukera ona zela hitz egiteko, eta esan nion han ez nintzela hobera egiten ari, eta nahiago nuela handik aterako banindu.
«Baina, laztana! —esan zidan—. Alokairua hiru aste barru amaituko da, zelan joango gara lehenago!».
«Etxeko obrak amaitu barik ditugu, eta oraintxe ezin naiz hiritik joan. Jakina, arriskuan bazeunde, ahalko nuke eta egingo nuke, baina benetan hobeto zaude, laztana, zu konturatu ala ez. Medikua naiz, laztana, eta badakit. Kolorea eta pisua hartzen ari zara, hobeto jaten duzu, askoz ere lasaiago nago».
«Ez dut gramo bat ere hartu —esan nion—; areago, galdu ere egin dut pisua; eta agian hobeto jaten dut gauean, zu hemen zaudenean, baina okerrago jaten dut goizean, zu ez zaudenean!».
«Nire bihotzeko laztantxoa! —esan zidan besarkada handi bat emanez—. Gaixorik egon gura badu berak, gaixorik egon dadila! Baina orain joan gaitezen lotara, biharko argi orduak hobeto aprobetxatzeko, eta goizean hitz egingo dugu honetaz!».
«Eta ez zara lanera joango?», galdetu nion goibel.
«Baina, zelan geratuko naiz etxean, maitea? Hiru aste gehiago, eta nonbaitera joango gara egun batzuetarako, bidaiatxo polit bat, Jenniek etxea prestatzen digun bitartean. Benetan, maitea, hobeto zaude eta!».
«Gorputzez bai, beharbada, baina...», hasi nintzen, eta bertan gelditu nintzen. John artez jesarri eta serio eta zorrotz begiratu zidan; nik ezin izan nuen beste berbarik esan.
«Ene maitea —esan zidan— arren eskatzen dizut, nigatik eta gure umeagatik, eta baita zeuregatik ere, sekula ez uzteko, ezta une batez ere, halako ideiarik zure buruan sartzen! Ez dago gauza arriskutsuagorik, gauza liluragarriagorik, zurea bezalako izaera batentzat. Fantasia faltsu eta txatxu bat da. Ezin al didazu sinetsi, mediku gisa, hala esaten dizudanean?».
Beraz, ez nuen horretaz ezer gehiago esan, jakina, eta handik laster lotara joan ginen. Pentsatu zuen neu lokartu nintzela lehena, baina ez, eta orduak eta orduak eman nituen erabaki ezinik ea aurreko marrazkia eta atzeko marrazkia batera mugitzen ziren ala bakoitza bere aldetik.
* * *
Honelako marrazkiek ez daukate hurrenkerarik egun argiz, burla egiten diete legeei, eta hori etengabeko ernegua da buru normal batentzat.
Kolorea nahiko nardagarria da berez, eta nahiko badaezpadakoa, eta nahiko sumingarria; marrazkia, berriz, tortura hutsa da.
Uste duzu menderatu duzula, eta bide erdian zaudenean, arrisku-salto bat egiten du atzerantz, eta horratx: belarrondokoa ematen dizu, lurrera botatzen zaitu eta ostikoz jotzen zaitu. Amesgaiztoa bezalakoa da.
Kanpoko marrazkia arabesko loretsua da, onddoak gogoratzen dituena. Imajinatu onddo pozoitsuen kate bat, onddo pozoitsuen segida amaiezin bat garatzen eta kimutzen kiribil infinituetan... Ba holako zerbait da.
Tira, batzuetan behintzat!
Paper honek ezaugarri oso berezi bat dauka, eta antza denez nik bakarrik antzeman diot: argia aldatu ahala bera ere aldatu egiten da.
Eguzkia ekialdeko leihotik sartzen denean —nik beti bilatzen dut lehen izpi luze, zuzen hori—, hain azkar aldatzen da non inoiz ezin dudan guztiz sinetsi.
Horregatik egoten naiz beti zelatan.
Ilargi argitan —ilargia dagoenean, gau osoan argitzen du gela— ez nuke esango paper bera denik.
Gauean, edozelako argiarekin —dela ilunabarra, nahiz kandela argia, lanpara argia, eta guztietan okerrena, ilargi argia— barroteak agertzen dira! Kanpoko marrazkian, esan nahi dut, eta atzeko emakumea garbi baino garbiago ikusten da.
Luzaroan ez nintzen ohartu atzean zer ageri zen, azpimarrazki lauso hori, baina orain guztiz ziur nago emakume bat dela.
Egun argiz menderatuta dago, geldi. Uste dut marrazkiak eusten diola horren geldi. Guztiz txundigarria da. Orduak eta orduak egoten naiz geldi hari begira.
Orain luzaroan egoten naiz ohean. Johnek dio on egiten didala, eta ahalik eta lo gehien egin behar dudala.
Egia esan, berak sortu zidan lo-kuluxka egiteko ohitura, otordu bakoitzaren ostean ordubete etzateko esaten baitzidan.
Oso ohitura txarra da, seguru nago, ze, ikusten duzu, ez dut lorik egiten.
Eta horrek engainua baino ez dakar, ez diedalako esaten itzarrik egoten naizela. Bai zera!
Kontua da beldur pixka bat hartzen hasi natzaiola Johni.
Batzuetan oso arraro egoten da, eta Jenniek berak ere aurpegiera ulertezina jartzen du.
Batzuetan bururatzen zait, hipotesi zientifiko bat egitearren... Beharbada paperagatik izango dela!
Zelatan egon natzaio Johni, bera konturatu gabe; sartu izan naiz gelan aitzakia inozoekin, eta behin baino gehiagotan zeri eta paperari begira harrapatu dut! Eta Jennie ere bai. Behin Jennie harrapatu nuen esku bat paperean jarrita.
Ez zekien gelan nengoenik, eta umil eta apal galdetu nionean, ea zertan zebilen paperarekin, buelta eman zuen lapurretan harrapatu banu bezala. Haserre zirudien, eta galdetu zidan ea zergatik ikaratzen nuen horrela!
Gero esan zuen paperak zikindu egiten zuela eta orban horiak aurkitu zituela nire eta Johnen arropa guztietan, eta mesedez kontu handiagoz ibiltzeko!
Ze txintxoa ematen zuen, e! Baina nik badakit marrazkia aztertzen zegoela, eta inork ez du haren korapiloa askatuko nik baino lehenago, ez horixe!
* * *
Orain bizitza askoz ere kitzikagarriagoa da. Begira, orain badaukat zeren zain egon, zeren irrikaz, zeren zelatan. Hobeto jaten dut, zinez, eta lehen baino lasaiago nago.
John pozarren dago hobera egiten ari naizela ikusita! Lehengo egunean irribarre eginez esan zidan badirudiela loratzen ari naizela, nire hormako paper hori gorabehera!
Nik ere barre egin nuen. Ez neukan asmorik esateko hormako paperagatik dela: iseka egingo zidan. Beharbada, hemendik atera eta guzti egingo ninduen.
Ez dut joan gura korapilo hau askatu arte. Astebete geratzen zaigu, eta uste dut nahikoa izango dela.
* * *
Askoz hobeto nago! Gauez ez dut lo asko egiten, oso interesgarria delako nobedadeak ikustea; baina egunez lo dezente egiten dut.
Egunez nekagarria eta nahasgarria da.
Beti ageri dira kimu berriak onddoan, eta hori kolorearen tonu desberdinak toki guztietan. Ezin dut haien kontua eraman, buru-belarri saiatu naizen arren.
Oso hori arraroa da, paper honena! Bizitzan ikusi ditudan gauza hori guztiak gogorarazten dizkit... Ez gauza politak, loretxoak, adibidez, gauza hori txar nazkagarriak baino.
Baina paperak badauka beste gauza bat ere: usaina! Gelan lehenengoz sartu ginen momentuan sumatu nuen, baina hainbeste aire eta eguzkirekin ez zen hain txarra. Orain lanbroa eta euria izan ditugu astebetez, eta leihoak zabaldu nahiz ez, usaina hemen dago.
Etxe guztian dabil narras.
Jangelako airean zintzilik aurkitzen dut, egongelan kiribilka, sarreran ezkutatuta, eskaileretan etzanda, nire zain.
Ilean sartzen zait.
Zaldian ibiltzera noanean ere, burua bat-batean jiratu eta ezustean harrapatzen badut, hortxe dago usaina!
Hain da usain bitxia! Orduak eman ditut zeren antzekoa ote den analizatzen.
Ez da txarra... hasieran. Eta oso arina da. Baina, benetan, sekula aurkitu dudan usainik sotilena, iraunkorrena ere bada.
Eguraldi heze honetan izugarria da, gauez esnatzen naiz eta nire gainean dingilizka igartzen dut.
Hasieran aztoratu egiten ninduen. Serio pentsatzen nuen etxeari su ematea, usaina harrapatzeko.
Baina dagoneko ohitu egin naiz. Bururatzen zaidan haren antzeko gauza bakarra paperaren kolorea da! Usain horia.
Oso marka xelebrea dago hormaren behe-behean, zokaloaren gainean. Gela osoaren jira egiten duen marra bat. Altzari guztien atzetik doa, ohearen atzetik izan ezik: orban luze, zuzen, erregularra, horma behin eta berriro igurtzi balute bezala.
Nola egin ote zuten, eta nork, eta zertarako? Buelta, eta buelta, eta buelta... Buelta, eta buelta, eta buelta... Zorabiatu egiten nau!
* * *
Azkenean, gauza bat deskubritu dut.
Gauez, zaintzearen zaintzeaz, hainbeste aldatzen denean, azkenean aurkitu egin dut.
Aurreko marrazkia mugitu egiten da... Eta ez da harritzekoa, atzean dagoen emakumeak astindu egiten du eta!
Batzuetan, iruditzen zait hor atzean emakume piloa dagoela, eta, beste batzuetan, bat bakarra dela, eta arin-arin ibiltzen dela narras, eta ibiltzean dena astintzen duela.
Gero, gune oso argietan geldi geratzen da, eta oso gune gerizpetsuetan barroteei heldu eta gogor astintzen ditu.
Eta beste aldera pasatzen ahalegintzen ari da uneoro. Baina inor ez litzateke marrazki horretatik zehar pasatuko, itogarria da eta; uste dut horregatik dauzkala hainbeste buru.
Pasatu egiten dira beste aldera, baina orduan marrazkiak lepoa estutzen die eta buruz behera jartzen ditu, eta begiak zuritu egiten zaizkie!
Norbaitek buru horiek tapatu edo kenduko balitu, ez litzateke inondik ere hainbesterako izango.
* * *
Uste dut emakume hori egunez irteten dela!
Eta esango dizut zergatik —gure artean—: ikusi egin dut!
Leiho bakoitzetik ikusten dut!
Emakume bera da, ondo dakit, narras dabilelako beti, eta emakume gehienak egun argiz ez dira narras ibiltzen.
Bidexka luze gerizpetsuan ikusten dut, narras gora eta behera. Mahats parrez estalitako pergola ilun horietan ikusten dut, lorategi osoan zehar narras.
Ikusten dut errepide luze horretan zehar, zuhaitzen pean narras, eta zaldi kotxe bat datorrenean, ezkutatu egiten da masustondoen atzean.
Eta guztiz normala iruditzen zait. Oso umiliagarria izan behar da argi betean norbaitek narras harrapatzea!
Nik neuk beti ixten dut atea giltzaz egun argiz narras nabilenean. Ezin dut gauez egin, badakidalako Johnek segituan zerbait susmatuko lukeela.
Eta John arraro dago orain; ez dut ernegarazi nahi. Nahiago nuke beste logela batera joango balitz! Gainera, ez dut gura nik beste inork ateratzea emakume hori kanpora gauetan.
Askotan pentsatzen egoten naiz, ze ondo leiho guztietatik aldi berean ikustea lortuko banu.
Baina ahalik eta azkarren buelta eman arren, begiratu bakoitzean leiho bakarretik ikus dezaket.
Eta beti ikusten badut ere, agian ni jiratu baino arinago mugi daiteke bera.
Batzuetan begira egon naiz nola urruntzen den, narras, zelaietatik, laino baten itzala haize betean baino arinago.
* * *
Ai, gaineko marrazki hori kendu ahal izango banu! Saiatzeko asmoa daukat, apurka-apurka.
Beste gauza xelebre batez konturatu naiz, baina oraingoan ez dut esango! Ez da komeni jendeaz larregi fidatzea.
Bi egun baino ez zaizkit geratzen paper hau kentzeko, eta uste dut John ohartzen hasi dela. Ez zait gustatzen haren begirakunea.
Behinola entzun nion Jennieri galdera profesional asko egiten niri buruz. Jenniek oso datu onak eman zizkion.
Esan zion lo piloa egiten dudala egunez.
Johnek badaki ez dudala oso ondo lo egiten gauez, nahiz eta ni geldi-geldi egon!
Denetariko galderak egin zizkidan niri ere, eta oso maitetsu eta goxo-plantak egin zituen.
Niretzat liburu irekia ez balitz bezala!
Dena dela, ez da harrigarria hala jokatzea, paper honen ondoan lo egiten hiru hilabete eman eta gero.
Niri bakarrik interesatzen zait, baina ziur naiz Johni eta Jennieri ere eragin egiten diela, ezkutuan gorde arren.
* * *
Biba! Gaur azken eguna da, baina nahikoa dut. John hirian geratuko da gaua pasatzen, eta ez da iluntzera arte etorriko.
Jenniek nirekin lo egin gura zuen... Sorgintxoa halakoa! Baina esan diot, duda barik, gau batez hobeto atseden hartuko dudala bakarrik egonda.
Grazia izan du ateraldiak, ze ez naiz batere bakarrik egon! Ilargia azaldu eta koitadu hori batetik bestera narras egiten, eta marrazkia astintzen, hasi bezain laster, ohetik altxatu eta laguntzera joan naiz.
Tira egin dut eta berak astindu egin du, nik astindu eta berak tira, eta eguna argitu baino lehen metroak eta metroak genituen kenduta.
Nire altuerarainoko zinta bat, gelaren bueltaren erdia luze.
Eta eguzkia irten denean eta marrazki nazkagarri hori barreka hasi zaidanean, erabaki dut gaur bukatuko dudala.
Bihar joango gara, eta altzari guztiak behera eramango dituzte, gauzak zeuden moduan uzteko.
Jenniek txundituta begiratu dio hormari, baina nik alai esan diot gauza zital horren mespretxu hutsagatik egin dudala.
Barre egin du, eta esan dit ez zitzaiola axola izango berak egitea, ez naizela nekatu behar.
Zelan igarri zaion oraingoan!
Baina hemen nago, eta nik beste inork ez du ukituko paper hau... Bizirik irten nahi badu!
Ni gelatik ateratzen saiatu da... Begi bistan zegoen! Baina esan diot hain lasai, hutsik eta garbi zegoela orain, uste nuela berriz ere etzango nintzela eta ahalik eta luzeen lo egingo nuela; eta ez esnatzeko ezta afarirako ere, neuk abisatuko nuela itzartzen nintzenean.
Beraz, joan da, eta zerbitzariak joan dira, eta gauzak ere eraman dituzte, eta ez da ezer geratzen lurrari jositako ohetzar hau baino, bere olanazko koltxoiarekin.
Gaur behean egingo dugu lo, eta bihar barkua hartuko dugu etxerako.
Nahiko gustura nago gelan orain, berriz ere hutsik dagoela.
Ene, zelako urratuak egin zituzten ume haiek!
Ohe hau ederto saskilduta dago!
Baina lanari ekin behar diot.
Atea itxi eta giltza leihotik bota dut, aurreko bidera.
Ez dut irten nahi, eta ez dut nahi inor hona sartzerik John etorri arte.
Txunditu egin nahi dut.
Soka bat ekarri dut hona gora Jennie konturatu barik. Emakume horrek ateratzea lortzen badu eta alde egiten saiatzen bada, lotu ahal izango dut!
Baina ahaztu egiten zait ez naizela oso gora heltzen zerbaiten gainean igo barik!
Eta ohe hau ez da mugitzen!
Saiatu naiz igotzen, eta bultzatzen, gorputz osoa minberatu arte, eta gero hainbeste amorratu naiz, non haginka egin diodan izkina batean eta puska bat kendu... Baina mina hartu dut hortzetan.
Gero, paper guztia altxatu dut lurrean zutunik egonda ailegatzen nintzen lekuraino. Ikaragarri itsatsita dago, eta marrazkiak gozatu egiten du! Lepoa estututako buru horiek, eta erraboila begiok, eta mandaz manda baldar dabiltzan onddo horiek intziri egiten didate mespretxuz!
Asko haserretzen ari naiz, ez egitekoren bat egingo dut. Leihotik salto egitea ariketa fisiko miragarria litzateke, baina barroteak sendoegiak dira saiatu ere egiteko.
Gainera, ez nuke egingo. Jakina ezetz. Ondotxo dakit halako urrats bat ez dela itxurosoa eta txarto interpreta litekeela.
Leihoetatik begiratu ere ez dut egin nahi... Dena emakumez beterik, guztiak narras, eta ze arin gainera.
Paper horretatik atera ote dira guztiak, ni bezala?
Baina orain ondo lotuta nago, ezkutatuta eduki dudan sokarekin... Ni ez naute, ez, hain erraz eramango errepide horretara!
Gaua datorrenean, berriz ere itzuli egin beharko naiz marrazkiaren atzera, eta hori gogorra da!
Hain da atsegina kanpoan egotea, gela handi honetan, eta narras ibiltzea, bueltaka, nahierara!
Ez dut kanpora joan gura. Ez naiz joango, Jenniek esan arren.
Ze, kanpoan, lurretik egin behar da narras, eta dena da berdea, eta ez horia. Baina hemen suabe-suabe egin dezaket narras zoruaren gainean, eta sorbalda justu-justu sartzen zaidanez horman zeharreko orban honetan, ezin naiz desbideratu.
Ene, John atean dago eta!
Alferrik da, mutila, ezin duzu zabaldu!
Hori da hori deitu eta atean jo beharra!
Orain aizkora eske dabil oihuka.
Lastima litzateke ate eder hori botatzea!
«John, maitea! —esan dut ahotsik goxoenaz— Giltza behean dago, ate nagusiaren ondoan, zuhaitzaren hosto baten azpian!».
Horrek isilik eduki du tartetxo batez.
Gero esan du, oso-oso apal, «Zabaldu atea, laztana!»
«Ezin dut», esan dut. «Giltza behean dago, ate nagusiaren ondoan, zuhaitzaren hosto baten azpian!»
Eta gero berriro esan dut, hainbat aldiz, oso goxo eta astiro, eta hainbeste aldiz esan dut, non ikustera joan behar izan den, eta hartu du, jakina, eta barrura sartu da.
Atean geratu da, izoztuta.
«Zer gertatzen da? —egin du aldarri— Jainkoarren, zertan zabiltza!».
Jarraitu dut narras, baina sorbaldaren gainetik begiratu diot.
«Atera egin naiz azkenean —esan diot— zu eta Jennie gorabehera. Eta paper gehiena altxatu dut, eta, beraz, ezin nauzu berriro sartu!».
Eta zergatik galdu ote du gizonak konortea oraintxe? Ziplo erori da, eta nire bidean trabeska, gainera, halandaze gainetik pasatu behar izan naiz buelta bakoitzean bertara ailegatzean.