Aza 14 06

Zakur ametsa

Natxo Escobar eta Gorka Arreseren spota duzu aste honetakoa, Zakur ametsa. Zakur batek amesgaiztoa kontatzen digu: bere jabeak oporretan asmo bakar bat besterik ez dauka, fikzioak irakurtzea. Datorren astean, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egindako iragarkia.

Aza 12 06

William Saroyan: alfabeto bat

1981ean hil zuen minbiziak. Hogeita bost urte dira aurten. Haren eskelak orri bete hartu zuen The New York Times-en. AEBetako XX. mendearen erdialdeko idazle garrantzitsuenetako bat zen. Bartzelonako El Acantilado argitaletxeak haren obra gaztelaniaz berrargitaratzeko asmoari ekin dio.

Aza 10 06

Juan Ramon Jimenezi Nobel saria duela 50 urte

1956ko urrian, orain 50 urte, jaso zuen Nobel saria Juan Ramon Jimenezek. Poeta espainiarraren lanak, ordurako, irakur zitezkeen euskaraz. 1953an Bingen Ametzagak euskaratutako Platero ta biok argitaratu zen Uruguain, eta 1955ean Gabriel Arestik Euzko-Gogoan Ezerez poema euskaratu zuenetik, gerora beste hainbat poema euskaratu dituzte Nemesio Etxanizek, Juan San Martinek, Luis Mari Muxikak eta Sabin Muniategik. Platero y yo lanak ere ezagutu du beste itzulpen bat, ez osoa: Emilio Masek 31 atal euskaratu eta El Bidasoa astekarian argitaratu zituen 1956-57an. (gehiago…)

Aza 08 06

Jokin Urainen Errotarria

Kartzelatik idatzi izan du beti Jokin Urainek: bi nobela, kronikak, poemak… Hogei urte darama preso. Errotarria liburu berria 1936tik 2005era bitartean jazotako borroken eta derroten antologia bat da, idazleak entzun eta irakurritakotik, hausnartu eta bizi izandakotik ekarria. Kronika bilduma duzu Errotarria, errepresioaz eta kartzelaz eta deserriaz diharduena. Azaroaren 14an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Aza 07 06

Ez dizu onik egingo

Astero spot bat, olgeta moldean egindako iragarkiak erakutsiko dizkizuegu, “Ez dizu onik egingo” leloarekin denak. Aste honetakoak Literatur hautsa du izenburua, Juantxo Sardon eta Eider Rodriguezek errodatua, Lander Garro aktore duela. Hurrengo asteetan gehiago izango dira: Natxo Escobar, Aitor Bengoetxea, Josu Landa eta Oihana Leundak egindakoak.

Aza 06 06

Klasikoen Gordailuko liburuen PDFak, emendatzen

Duela urtebete hasi ginen Klasikoen Gordailuan liburuak PDF formatuan eskaintzen, fotokonposizio gutxieneko bat eginda, inprimatu nahi duenak irakurgai atseginagoa izan dezan. 2006ko urtarrilean lehen liburu saila eman genuen modu horretara, 171 bat, eta oraingoan beste 117 gehiago sareratu ditugu. Une honetan 30 liburu gelditzen dira PDF bertsiorik gabe, baina urtea amaitu baino lehen, horiek ere izango dira eskura. Datorren urtetik aurrera, sareratu berriko liburu guztiek izango dute PDF bertsioa. (gehiago…)

Aza 05 06

Kjell Askildsen: “Zertara dator bat-bateko sinzeritate hau?”

Minimalista dela esaten dute. Sarkastikoa dela ere idatzi dute. Kjell Askildsen ipuingile norvegiarraren ipuinetan errutina, hotza, ezereza, isiltasuna, haustura ikusten dira. Ezdeusa zirudiena garrantzitsua da. Nola deskribatu Kjell Askildsen (Mandal, Norvegia, 1929) liburuetako ipuinak irakurri ez dituen bati. Ez da erraza. Aki Kaurismaki zinema zuzendari finlandiarraren filmak gustatzen zaizkienei gustatuko zaizkie Askildsenen ipuinak.

Aza 03 06

Hasier Etxeberriaren liburuak sarean

Alua mundua! blogean, argitaratutako liburu guztiak pausatzen ari da Hasier Etxeberria. Besteak beste, bertan topa ditzakezu PDF formatuan: Arrainak ura baino (1999), Karramarroaren aztarnak (1997), Inesaren balada (2002), Estatua baten historia (1987), Bost idazle (2002) edo Patri maitea (2003), beste hitzaldi, artikulu eta gastronomi liburuekin batera.

Aza 01 06

250. Emailuko errezitala

Ostegun honetan Literatur Emailuek badute zer ospatua. 2002ko urtarriletik hona ostegunero e-postaz egindako bidalketetan, 250.a izan da aste honetakoa. Zifra biribil hori ospatzeko, bost poetaren errezitala eskaintzen dizugu gaurkoan: Edu Zelaieta, Paddy Rekalde, Xabi Borda, Gotzon Barandiaran eta Leire Bilbao. Zortzina poemaz, ia ordubeteko gozatu ederra entzuteko, aurretik Susaren webguneko audioa atalean zegoen sail luzearen osagarri. (gehiago…)

Aza 01 06

Aranbillaga eta Belapeire

Klasikoen Gordailuak gaurkoan Kontrarreformaren garaian gailendutako bi eredu katolikoren bertsioak eskaini nahi dizkio irakurleari. Batetik, Kempisko Tomas Hermerken-en Jesu Kristoren Imitazionea (1684) izeneko liburuaren hirugarren eta laugarren atalak eskaintzen dizkigu Ziburuko apaiz izandako Aranbillagak. Bestetik, Katexima labürra (1696: 1983) delakoa datorkigu Sorhoetako (egungo Sohütako) erretore Athanase Belapeirek zubereraz ondua. Idazlan biak XVII. mendearen fruitu gordin.

Aza 01 06

Gustave Flaubert euskaraz (Madame Bovaryren 3. emanaldia)

1856ko azaroaren 1ean plazaratu zen La Revue de Paris aldizkarian Madame Bovaryren hirugarren emanaldia, II. zatiko 8-12 atalak.

Ez dira Emma Bovaryren amodioen ingurukoak, baina, euskarara ekarritako Gustave Flauberten lan bakarrak. Trois Contes liburuko lehen narrazioa den Un coeur simple ere euskara eta plazaratu da: birritan euskaratu eta plazaratu, gainera! Bihotz apala izenburuaz, 1988an —Madame Bovary baino lehen, beraz— Kriselu argitaletxeak kaleratu zuen Karlos Santistebanek egindako itzulpena. 1996an, berriz, Erein argitaletxearen Milabidai bilduman kaleratu zuen Patxi Apalategik, Bihotz sinplea izenburuaz.

Urr 29 06

Etgar Keret: hiru ipuin labur

Israelgo literaturaren izen berrienetakoa da. Iraganeko auziak utzi eta postmodernitatea aldarrikatzen duen belaunaldiko adibideetako bat. Netgar Keret (Ramat Gan, Israel, 1967). Holokaustoaren ondorengo lehen belaunaldikoa. Hebraieraz idazten du. Tzinorot (Hodiak) lehen liburutik arrakastaren mamitan hazia. Enfant terrible etiketa darama: jostaria, ironia krudelaren zalea, lotsagaldua, probokatzailea… Belaunaldi berrikoa izan eta literatura berria dakar: “Israelen beti egin den literatura kolektiboa ez, literatura subjektiboa egin nahi dut”. Esperientzia indibiduala esperientzia kolektiboari gailentzen zaio bere lanetan.

Urr 24 06

Galdu arte iruditan

Juan Luis Zabalaren Galdu arte argitaratu zela 10 urte dira oraintxe. Aitzakia horrekin bildu ditugu Zabalak liburuari buruzko solasaldietan erakutsi izan dituen argazkiak. Azkoitiko gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren mobiden inguruan 1984, 1985, 1986 eta 1987 urteetan eginak dira, zerikusi estua dutenak Galdu arte nobelaren oinarrian dagoen giroarekin. Orduko argazkietan ikusiko dituzun gertakari batzuk nobelako pasadizo batzuen oinarri erreal zuzenak dira.

Urr 22 06

Leila Mekki eta Hayet Raies: ahotsak

Tunisiako literaturaren berri eman dute Leila Mekki eta Hayet Raies idazleek Bilbon berriki egin den Poesia Astearen barruan. Bi ahots, bi izateko modu, bi begirada Tunisiatik. Tunisiako literaturaz hitz egin behar zuten: euren poema batzuk irakurri, kantu batzuk erakutsi, Tunisiako literaturaren berri eman. Erreferentziez, errealitateaz, idazten dutenaz aritu dira elkarrekin hizketan, elkar osatzen, elkarri hitza kendu gabe.

Urr 20 06

Sua nahi, Mr. Churchill?

Zer egin ote zuen Ulisek Itakara iritsi zenean? Itsasoan eta munduko portuetan bizitako menturak kontatzeari ekin zion agian? Nolanahi dela, Itakako portuan bertan bazeuden gertatu entzungarririk bizitako garabilariak, estekariak, pilotuak, zamaketariak, arrantzaleak… Portua munduz eta istorioz betea dago, eta badu bere mitologia ere: jainkorik gabekoa, apala, borroka latzetan edertua. Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr. Churchill? liburuan portuko heroi anonimoen hamazazpi ipuin argitaratu zituen iaz, eta hementxe dituzu osorik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak