Ira 11 14

Gerla Handia: Irautea da guzia

Iraganak iragan, ikusiak ikusi, biba Frantziako populuaren bihotza! Aste honetan ere batasunaren aldeko aldarria da Eskualduna, besteak beste eliza eta zenbait politikariren kontra aditutakoak isilarazteko. Kazetak gerran ari diren herrialdeen soldadu kopuruak dakarzkigu eta azaletik bada ere, Belgikako frontea eta Errusiaren partehartzea hartzen ditu hizpide. Frontean irautea irabaztea da Eskualduna-rendako. Berri ezean, Baionara ekarri kolpatuen testigantzak agertzen ditu, eta bidenabarkoan alemanen krudelkeriak agerian utzi. Informazio gehiago eskaintzen digu Euzkadi-k eta fronteen egoerari errepasoa eman ondotik zenbait gertakari zehaztasunez agertu. Belgikako Lovaina eta Anberes hirietan jasotakoak, hegazkin alemanek Paris bonbardatzean gertaturikoak eta Errusiako fronteari dagokionez, Lenberg hiriko gudua. Azken honen kontakizunean lerroartean irakurtzera gonbidatzen gaitu Kirikiñok. Bakoitzak bere astoari arre, aste honetan ere aliatuen aldeko agertzen da Euzkadi eta ez du egokierarik galtzen karlisten kazetak egurtzeko.

Abu 28 14

Gerla Handia:
Bonbak sakelara!

Gerrari buruz arrunt informazio gutxi dakar Eskualduna-k abuztuko hondar astean, balorazioak dira nagusi eta gogoeta bat 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa gogora ekarriz. Bi kazetek alemanek Belgikan egin aitzinamendua nabarmentzen dute, baina frantziarrek bai Belgika bai Alsazia-Lorrenako frontean aurre egin dietela garbi utziz; eta biek ere Errusiak ekialdeko frontean egin oldarrak duen garrantzia azpimarratzen dute. Eskualduna-k, berri ezean, Baionako hirira hilaren 24, 25 eta 26an iritsi soldaduen berri ematen du, horietatik hiru mila inguru arrotzak. Espainiar, italiar, errusiar, poloniar, errumaniar, turkiar horiei bi aukera eman diete: Frantzia utzi edota soldadu sartu. Kirikiñok gertakariek Alemaniari ekar diezazkioketen ondorioak aletzen ditu Euzkadi-n. Ingalaterraren aldeko ageri zaigu Kirikiño, haren iritziz Espainiako zamaontziak itsasoan aske dabiltza ingelesen nagusigoari esker eta bestalde, gerra ekonomikoa dela-eta, nabarmentzen du ingelesek bonbak minik handiena hartzen den tokira jaurti dizkiotela Alemaniari: sakelara!

Abu 21 14

Gerla Handia:
Gerlako egiak, gezur

Informazio eskasia nagusi da, eta gezur sasitzan argi printza bilatzen dabiltza hala Eskualduna-koak nola Euzkadi-koak. Gobernuak informazioa atxikitzea erabaki duela-eta apenas dakarren gerrako berririk Eskualduna-k, ontzat hartuz baina informazio-iturriak ixteko Gobernuaren ordrea, gezurren beldur. Euzkadi-k ere informazio nahasien inguruan dihardu, batailen berri ahal duena emanez ordea, baina gezur asko dabilela salatuz (agerkari karlistak barne, aleman zaleak hauek).
Gerlari buruzko desberdintasun handia, bada, ordea: Frantziaren alde bizia ematera doazenak goresten ditu Ipar Euskal Herriko agerkariak, eta nola doazen kartsu mutilak frontera. Bi milioi t’erdi soldadoetatik, alde bietakoak, gehienek etxean nahiko luketela dio, ostera,  Kirikiñok: estatuetako agintari guduzaleek ekarria dela gerra.

Abu 07 14

Gerla Handia: Biba Frantzia!

Oihu horrek betetzen du abuztuko lehen asteko Eskualduna. Mobilizazione orokorra deitua izan da eta “bihotz altxagarria” da ikustea nola erantzun duen Frantzia osoak, Eskual Herria barne. Trenak soldadoz beteta, Euskal Herritik gerlara sendi beretik sei eta zortzi kide bidali dituztenen etsenpluak irakur daitezke. Ezkila joka, afixak nonahi, astekaria ere gerlara jarria da, orain arteko formatua ezinbestean utzi eta txikian kaleratuko da, ahal den arte, gerlaren berri emateko.
Italiak ez omen du Frantziaren aurka egingo, eta Errusia eta Ingalaterra, itsas armada indartsuena duena, Frantziarekin dira. Ez daukate lan erraza doixtarrek!

Uzt 31 14

Gerla Handiak 100 urte

1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.
Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu webgune berezian. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—. (gehiago…)

Ots 19 13

Rene Char hil zela 25 urte

Gaurko egunez, 1988ko otsailaren 19an, ordu biak laurden gutxitan Rene Char hil zen Parisen. Urte hartako apirilean Maiatz aldizkarian Zazpi poema euskaratu zituen Itxaro Bordak. Eta sarrera lagungarria egin zion Aurelia Arkotxak: “Rene Charrengana lehen aldiz hurbiltzen denak sekulako inarrosaldia sentitzen du (…). Errana izan da idazle zaila dela, baina insistitzen baldin badugu, poetaren munduan sartzen baldin bagara, ohartuko gara hermetismoa gure buruan dagoela bakarrik, guk erabiltzen ditugun hitzen eta hitz multzoen higaduran. Rene Char irakurtzean, kolpez mundu sortu berri baten dentsitatean, bortizkerian, biziaren lehen daldaran, edertasunetik jalgitzen den pindarrean sartzen gara”.

Ots 01 12

Miranderen eta Peillenen
Igela duela 50 urte

Parisen, 1953ko otsaileko igande arratsalde batez supazterrean solasean eta zurrutean ari dira Ibinagabeitia (47 urte) eta Mirande (27 urte). Gazteari galde egiten dio amaitzen ari den lehen poema liburuaren inguruan. Erantzuten dio, laster dela argia ikustekoa; baina tamalez ez zen libururik plazaratu. Hementxe dauzkazu orduko poema haiek faksimilean. Bederatzi urte geroago, 1962ko otsailean, orain 50 urte, Saint Germain boulevardeko 15.ean Txomin Peillenek eta Jon Mirandek Igela aldizkaria sortu zuten: “elkar gorrota, elkar higuin dezazuen, doktrina bezala erabiliko dugu Igela, zuek kontrarioa egingo duzuelakoan”. Bukinista zuberotar batek lagundu zien roneotipoz, eta bigarren zenbakia ahalik eta lasterren maiatzean ager zedin, Ibinagabeitiak dirua bidali zien Caracastik. 1963ko udazkena bitartean sei zenbaki kaleratu zituzten.

Mar 15 11

Duela 25 urte sortu zen Zintzhilik aldizkaria

1986ko martxoan, orain 25 urte agertu zuen Zintzhilik aldizkariak lehendabiziko zenbakia, Gasteizko Filologia fakultatean. Urte hartan bertan, abenduan, ekarri zuen bigarren zenbakia; eta ondoren urtero ale berri bana 1994 arte. Lan gehienak ikasleek eta irakasleek idatzitakoak ziren. Egileen artean (batzuetan ezizenez mozorroturik) idazle ezagun bilakatu direnak irakurriko dituzu: Andolin Eguzkitza, Miel Anjel Elustondo, Xabier Etxaniz Erle, Vicent Gil de Paules, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta.

Aza 03 10

Zubikarairen bost antzezlan

XX. mendeko idazle oparoenetakoa izan zen Augustin Zubikarai. Nobelez eta ipuinez gainera, hogeitik gora antzerki idatzi zituen, lehenengoak gerra aurrean Euzkadi egunkarian; adibidez: Illobearen indarra (1934) eta Itxas lapurrak (1936). Orain Egan aldizkarian argitaratutako bost obra ekarri ditugu teatro-testuak webgunera: Seaska inguruan (1957) eta Jaunaren bidea (1959) erlijiozkoak, Itxasora (1960, Miarritzen 1945ean saritua), Aingira kumak (1969) eta Lurrunpean (1970, Gipuzkoa Saria izan zuena 1968an).

Abu 10 10

Egan aldizkariko hiru antzerki

Egan aldizkarian 80etan argitaratutako hiru antzerki ekarri ditugu Teatro testuak gunera: Jean Etxeberriren Arroltze ohoina; Alejandro Tapia Perurenaren Kattalin umezurtza, gerra aurrean idatzia baina 1985ean plazaratua; eta Xabier Gereñoren Euskal Ikastola, 1970ko abuztuan idatzia eta 1983an argitaratua. Datorren astean Jon Etxaideren hiru antzerki digitalizatuko ditugu.

Uzt 18 10

Duela 25 urte sortu zen Literatur Gazeta

“Gaur, 18 de julio honetan –hala gertatu baita– zure eskuetan paper zuri mordo hau ipini dizugu, irakurle hori”. 1985eko uztailaren 18an sortu zen, duela 25 urte, Literatur Gazeta aldizkaria, Donostiako Konstituzio plazan zegoen La Primitiva Casa Baroja inprimategian egina. Erredakzio idazkariak Koro Baroja eta Koldo Etxabe ziren, eta lehendabiziko alean idazle hauen lanak agertu zituzten: Mikel Lasa, Felipe Juaristi, Joxerra Garzia, Nerea Azurmendi, Mikel Azurmendi, Joseba Sarrionandia, Juan Antton Zubikarai, Bernardo Atxaga, Esteban Antxustegi eta Patri Urkizu; bai eta ere: Miguel Delibes, Mark Twain, Ernesto Sabato, Michel Tournier eta Ernst Bloch. Denera hamaika zenbaki kaleratu ziren: hiru ale 1985ean, urtebeteko geldialdiaren ostean 1987an lau ale, 1988an hiru eta 1989ko apirilean azkenekoa.

Eka 23 10

Hain da triste la vie de l’artiste

Pott aldizkariaren azken alea Pott Tropikala izan zen, duela 30 urte 1980ko ekainean plazaratua. Editorea Jose Irazu eta biltegi arduraduna Joxemari Iturralde zirela, 88 orrialdeko aldizkari handi eta eder haren bi mila ale inprimatu zituzten, izenburu bereko bi hitzaurrerekin: Hain da triste la vie de l’artiste. Lehen hitzaurrea asmo berriez ari zen: “Beti egongo da, orrialde hauetan zehar, lan monografiko bat, gutxienez bat, eta gaur Praga eta Pragako idazle eta giroari buruz bezala, bigarrenean pinturaz luzatuko gara”. Baina ez zen aldizkari gehiago izan. Segidako hitzaurreak bazuen abisu moduko bat azken lerroetan: “Pott Tropikala honetan, ikusten duzuenez, material pilo bat sartu dugu, apika gehiegi. Baina horrek arrazoi bat du: inork ez daki hemen bihar edo etzi bizirik segituko duen, eta jakina, testamendua utzi nahi dugu. Daukagun guztia ahalik eta lasterren bota, zizareak jan gaitzaten baino lehenago”. Pott Bandak sei aldizkari eta Bernardo Atxagaren Etiopia poema liburua argitaratu zituen 1978-1980 urteetan.

maiatza 16 10

Plazara aldizkaria sortu zen duela 25 urte

Plazara aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1985eko maiatzean argitaratu zen Irunen, orain dela 25 urte. Besteak beste Bernardo Atxaga, Hasier Etxeberria, Juan Gartzia, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre eta Joseba Sarrionandiaren lanak zetozen aurreneko ale hartan. Plazara aldizkariaren 20 zenbaki kaleratu zituzten 1992 bitartean, Jorge Gimenez eta Joxan Elosegiren zuzendaritzapean.

Abe 18 09

Susa sortu zela 30 urte

1979ko abenduaren 18an atera zen inprimategitik Susa aldizkariaren lehendabiziko alea. Aurreneko sei urteetan Josu Landa, Pablo Sastre, Iñaki Uria, Xabier Montoia, Mikel Antza eta Eneko Olasagasti izan ziren eragile nagusiak (portadista: Julio Pardo, logotipoa: Rafa Serras). 30 aldizkari argitaratu zituen Susak 1980tik 1994ra, denera 33 zenbaki (hiru ale bikoitzak izan baitziren). Azken zazpi urteetan Gorka Arrese eta Iñigo Aranbarri arduratu ziren aldizkariaren edizioaz, eta azkeneko hiru zenbakiak Lubaki Bandak egin zituen (Asier Serrano, Gari Berasaluze, Xabier Aldai, Harkaitz Cano, Xabier Gantzarain…). Susak 1983an sortu zuen argitaletxea, Montoiaren Anfetamiña poema liburuarekin abiatuta, Landa editore zela.

Aza 01 09

Porrot agertu zela 25 urte

Suizidioa monografikoarekin argitaratu zen Porrot literatur aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1984ko azaroan, Felipe Juaristik eta Koldo Etxabek sortua. “Suizidioaz idazten dugu beste batzuk maitasunez idazten duten bezala, eta euskaraz” adierazi zuten hitzaurrean, “zeren euskara itzulezinezko puntuan baitago, harantzago dena zehazkabea izanik. Suizidio geldoa euskararena”. La Voz de Euskadi egunkarian euskarazko gehigarri bat sortzeko asmoaren huts egitetik datorkio izena Porrot aldizkariari. Bigarren zenbakiak Pereza zeukan izena (1986ko abuztuan); hirugarrenak, Haur gozo horiek (1987ko irailean); eta laugarrenak eta azkenak, Kontra (1990ko otsailean). Besteak beste, Esteban Antxustegi, Mikel Azurmendi, Pako Aristi, Xabier Olarra, Mikel Lasa, Patxi Apalategi, Juan Kruz Igerabide, Patziku Perurena, Joxerra Garzia eta Inazio Mujika Iraolak idatzi zuten.

Agenda

Efemerideak

Kritikak