Eka 29 14

Ellen Kuzwayok
Soweton kontatuak

Duela 100 urte, 1914ko ekainaren 29an jaio zen Hego Afrikan,  artean Britainia Handiko kolonia zela, Ellen Kuzwayo. Militante politikoa, Afrikako Kongresu Nazionalaren gazte mugimenduko buru izan zen 60etan, eta apartheid osteko legebiltzarreko lehen lehendakaria. Call me Woman liburuan jaso zituen bere memoriak, eta narrazioak berriz Soweton kondatuak liburuan. Aintzane Ibartzabalek euskaratua, Txalaparta argitaletxeak kaleratu zuen 1999an, gaurdanik on-line osorik irakur dezakezuena.

Eka 26 14

Madox Forden
Historiarik goibelena

1939ko ekainaren 26an hil zen, duela 75 urte, II. Mundu Gerraren atarian, Ford Madox Ford idazle ingelesa.  Eta hogeita bost urte lehenago, I. Mundu Gerra betean, kaleratu zuen bere eleberririk ospetsuena, eta XX. mende hasierako literatura ingeleseko gailurretako bat: Historiarik goibelena. Gerra aurreko giroan bi bikote “perfekturen” inguruko narrazioa, Markos Zapiainek eleberriari egindako kritikan dioenez, idazleak “artisau artatsu baten arduraz azaltzen du giza harremanen eta, sentimenduen oreka ederra nolatan doan geldika-geldika ahultzen, azkenik era ikusgarrian zapartatzeraino“. Xabier Olarrak euskaratu zuen eta Igela argitaletxeak argitaratu, 1999an, orain osorik eskaintzen dizuegun eleberri bikain hau.

Eka 24 14

Ambrose Bierceren heriotzaren mendeurrena

1842ko ekainaren 24an jaioa, 1914an desagertu zen Mexikon Ambrose Bierce idazlearen arrastoa, duela ehun urte. Mexikoko Iraultza ezagutzera joana, oraino argitu ez den eran desagertu zen Deabruaren Hiztegia-ren egilea. Xabier Olarrak Literatura Unibertsala bilduman euskarara ekarri zuen bere lan ezagunaz gain, Joanes Urkixok ere Ttu-Ttua aldizkarian eman zuen Gatazka osagabea ipuina, eta Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak umore beltzeko hiru  pieza Hamairu ate liburuan. Azken piezatxo hau ere jarri dugu on-line.

Eka 21 14

Machado de Assisen Alienista

Brasilgo literaturako maisuetarik bat, 1839ko ekainaren 21ean jaio zen Rio de Janeiron Joaquim Machado de Assis. Antzerki idazlea eta poeta, eleberrietan sendotu zuen lehenago beste generoetan lortutako ospea, askoren iritziz Hego Ameriketako XX. mendeko literaturaren aitzindarietako bat bihurtuz. Bere eleberririk ezagunena, On Casmurro, Josu Zabaletak euskaratu eta Literatura Unibertsala bilduman kaleratu zen 2009an. 1990an, baina, Igela argitaletxeak euskarari ekarria zion Alienista eleberria, Joseba Urteagak euskaratua, orain osorik eskaintzen dizueguna.

Eka 18 14

Willa Catherren ipuina

XIX. mende amaierako gizarte estatubatuarraren erretratuak egin zituen Willa Cather idazle eta kazetariak, modernotasunak AEBetara zekarren munduak mundu zaharrekin edo atzerritik etorritakoekin zeukan gatazketan begia jarriz. William Tavenerren sentimentaltasuna ipuina euskaratu du Jasone Larrinagak eta Sherezaderen Artxiboa literatur gune entzutezkoan on-line jarri. Hemen irakur dezakezue.

Eka 16 14

Txillardegiren ekarpena

Donostian EHUren udako ikastaroetan Txillardegik euskal literaturari egin dion ekarpena aztertuko dute ekainaren 23tik 25era bitartean. Fito Rodriguezek, Ander Iturriotzek, Koldo Izagirrek, Alaitz Aizpuruk eta Markos Zapiainek jardungo dute Txillardegiren saiakerez, nobelez, ipuinez, hizkera literarioaz; eta Dorleta Urretabizkaiak Elsa Scheelen eleberriaren irakurketa dramatizatua egingo du. Ekitaldi guztiak Miramar jauregian izango dira goizetik eguerdira.

Eka 15 14

Pablo Nerudaren
amodio poemak

1924ko ekainaren 15ean argitaratu zen 20 poemas de amor y una cancion desesperada, Pablo Nerudaren liburua, egileak 19 urte zituela. Poeta txiletarraren lanak behin baino gehiagotan izan dira euskaratuak, baita amodio poemok ere. Gabriel Arestik egin zuen lehen saioa, eta bederatzi poema euskaratu, 1986an Susak argitaratutako edizioan irakur daitezkeenak. 1993an Gillermo Etxeberriak XX. poema itzuli zuen, Egan astekarian; eta Annie Etxeberrik bi poema 2000. urtean, Maiatz aldizkarian emanak. 2004an, azkenik, Jose Luis Padronek liburua osorik euskaratu zuen, Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua, Baigorri etxeak argitaratutako edizioan. Denak eskaintzen dizkizuegu.

Eka 11 14

Zu zara…, Joseba Zulaikaren nobela

Joseba Zulaikaren Zu zara… nobela (Hordago, 1982) garaiko narragintzan nagusi ziren korronteen kontrakarreko saio ederra dugu: beren gorputz biluzien lekuko diren hogei urteko mutilaren eta berrogei urteko hiru alaben amaren artekoa sakontzen duen barne-ikerketa. Zeren, amodio hitza kentzen badugu, zer geratzen ote da, zer ote da gure hau, plazera, beldurra, errua, derrigortasun arraroren bat… Momentu desolatu guztien emaitza. Gorputzak, zenbait oroitzapen, senarraren presentzia ikusezina eta lau paretez haratagoko gatazka nabarmen hori, amodioa traizio bihurtu nahi duena. Amodioa da ordea errugabe izateak laguntzen ez duenean mundu posible guztiak bakarrean biltzen duena. Eta zuhaitz parasitoaren fruitu guztiak ezagutu nahi. Ezagutzeko idaztea konpromiso bezala, Zulaikarena. Obra bakan bezain injustuki ahaztua Zu zara…

Eka 05 14

Arsenio Iglesiasen zazpi poema

Ático izenburuko poesia liburua argitaratu zuen Arsenio Iglesias Pazos idazleak 2013an, Positiva argitaletxearekin, Avelina Valladares poesia saria jasotako lana. 1978an Galiziako Fene herrian jaioa, bizitzako pasarteak kontatzen dizkigute bere poemek, eszenak, non egunerokoaren ertzak bihurtzen diren poetaren langai. Liburuko sei poema eta Non navegantes izenekoa euskaratu ditu galizieratik Iñigo Astizek, egilearen beraren laguntzaz, hemen irakurgai dituzuenak.

Eka 03 14

Igor Estankonaren
Ehiza eta nekea

Hirugarren poema liburua zuen Igor Estankonak orain hamar urteko Ehiza eta nekea (Kutxa, 2004), aurreko Anemometroa (1998) eta Tundra (2002) bildumetan ageri zen poeta leun eta indartsuaren heldutasunezko emaitza. Ikusten dena eta ikusten ez dena gogoetaren lagungarri hartuz, doi bat ironiko, doi bat autokritiko, leihoa, etxea, ibaiertza nahikoak ditu frogatu ahal izateko inguratzen gaituen guztia ez dela natura edo eraikidura, “pentsamendu erraldoia” baizik. Errazkeriatik ezin urrunago dauden poema gardenak egiteko ahalmen berezia dauka Estankonak, liburu honen muina izan litekeen “Minutu bat zuretzat” poema eredu. Sentimendua ez ezik, ideia ere pentsamendu erraldoi horren apurretan elikatu behar izan gabe daki bideratzen. Behe lainoak urtuko dira, baina berriro datoz: tolesdurek osatzen dute zoriona. Inoiz oreka galtzen ez duen maitale edo kritiko, tradizio kultuaren onenekoak paletan dauzkan pintore modernoa dugu Igor Estankona.

Mai 27 14

Jule Goikoetxearen Tractatus

Desadostasun kantu bat da Jule Goikoetxearen lehen poema liburua. Tractatus izenburu ironikoaz baliatzen da, adierazteko edozein aukera zientifikoren eta jarrera politikoren atzean esperientzia estetiko bat badela: desiozkoa, borondatezkoa, boterezkoa; eta poetak bere desadostasuna agertzen du politika, ekonomia, artea eta zientzia pentsatzeko eta praktikatzeko modu estandarren aurrean. Zibilizatua dagoen baten zibilizazioaren kritika izan nahi luke Tractatus honek. Disidentzia, egia, beldurra, erresistentzia, umorea, alferkeria, biolentzia, parranda, errepresioa, plazera, heriotza… ez dira hitz erreka soil bat, Jule Goikoetxearen indar espresibo biziaren gaiak baizik.

Mai 22 14

Poeta aleman “dekadenteak”

Ezabatuak eman zion izena Eduardo Gil Berak 1995ean alemanetik euskarari ekarri zion 1933ko nazi festa batean erretako liburu metatik salbatutako zenbait poemaren bildumari. Besteak beste, Elsa Lasker-Schüller, Ivan eta Claire Goll, Klabund eta gaur 75 urte, 1939ko maiatzaren 22an, hildako Ernst Toller. Harrigarria da zenbateraino ziren Reichentzat arriskutsuak poeta espresionistak, alegia, “dekadenteak”. Liburuak erre eta poetak erbestera, suizidiora edo kontzentrazio eremuetara bultzatu. Guztizko botereak, agidanez, guztizko ikara dio hitzaren jarraitasunari: liburutegi pribatu eta publikoen sakeoak eta erreketak lehen mailako jardun politikoa izan ziren 1936ko Nafarroa leialean. Suntsituak, ezabatuak… ez ordea nazismoak edo frankismoak iraun bitarteko. Gerora ere, Gil Berak sarrera argigarrian ohartarazten digunez, 1933 urrun hartan erretako obrak, alegia, naziek kondenatutako egile haien lanak, ez ziren berriro agertzen hasi 1980 hamarraldia arte, eta zatika baino ez. Ezinbesteko liburua, beraz, osorik eskaintzen dugun Ezabatuak.

Mai 20 14

Literaturia Zarautzen

Literaturiaren seigarren edizioa Zarautzen egingo da maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean, bost egunez. Iñigo Aranbarri, Jon Arretxe, Josetxo Azkona, Unai Baztarrika, Lander Garro, Jule Goikoetxea, Juan Kruz Igerabide, Ana Jaka, Juan Ramon Makuso, Ana Malagon, Asier Serrano eta Iban Zaldua idazleek beren liburu argitara berriei buruz solas egingo dute irakurleekin. Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburuaz hitzaldia egingo du Karmelo Landak, Etxepare rap eskainiko du Imanol Epeldek, Hodeien adorea bertsonobela izango da bertsolariekin, idazle zarauztarrek irakurraldia egingo dute, eta poesia errezitaldi batekin amaituko da Literaturia. Antzerki emanaldiak: Bada teatroa, Inpromatxa, Gabrielen Lekua eta Gilkitxaro taldea. Musika kontzertuak: Bide Ertzean, Petti eta Xabier Montoia.

Mai 20 14

Gerra txikia, Lander Garroren nobela berria

Bihar, maiatzak 22, Donostian Lander Garrok bere bigarren nobela aurkeztu aurretik, sarean eskaintzen dizugu osorik. Gerra txikia eleberriko protagonista Xabi Ugarte da. Aita errefuxiatua denez, Hendaiara joango da bizitzera familia osoa. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua. Abenturak eta garai krudelen oroitzapenak, biek bat egiten dute kontakizunean.

Mai 14 14

Harri eta herri, 50 urte

Gaurko egunez 1964an plazaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri, Kuliska Sorta bilduman (55. zenbakia), Zarauzko Itxaropenak inprimatua. Argitalpena 972 alekoa izan zen; horietatik 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 hartu zituen idazleak, 29 zentsurara eta lege gordailura eta liburutegietara eraman zituzten, eta gainerakoak dendetara zabaldu ziren. Profeta bati izeneko poeman Arestik berak argi azaltzen du bere poetikaren ardatzetako bat: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Harri eta herri liburuak zalaparta sortu zuen, Zeruko Argia astekariaren ekaineko eta uztaileko artikuluak lekuko. Irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian egindako hitzaldian Arestik Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea irakurri zituen, Patxi Mujikaren grabazioari esker jasoak izan direnak. Liburuaren lehen edizioari Juan San Martinek egin zion hitzaurrea, eta 2000. urtean egindako edizio berrian Koldo Izagirrek idatzi zuen sarrera.

Agenda

Efemerideak

Kritikak