Zu zara...
BAT
Ansietate zuri harekin nahasturik ere, oraindik musika eroa senti zezakeen, gutien esperoan humanoa izatearen hoztasunean gal zitekeen, pentsamendu guztietatik aparte armonia inposible batetaz hunkitua izan. Krudeltasun guztia barkatuko zuen, bizitza absolutoki benedikatuko zuen, eternidade luzeko bere ritmoa azkenik aurkitu izan balu bezela, emozio enajenatu haren egoetan izanik ere.
Bere buruari esango dio gauza hauek iadanik ez dute zentzurik, baina berriro bere pentsamenduak ahaztutzera saiatzen da, instintoz irrazionalitatez hoztasunez egoera hura bere baitan iraun eraztera. Baina ordurako musika amaitua izango da, eta ansietatearen behatzetan kariziatuko da berriro. Ez luke engaina behar, hau du bere realitatea, bere realitate konszientea ausarta, hemen daduka konozimendua aldakuntza nezesidadea.
Ezin uka harriskua, emozio arraro honetan nola konpreni ezer, kondenaturik bezela beti emozioz gidatua izatera, bizitza mental ororen ahulezia, garai bateko goiz traszendente mitiko haien oroitzapen estrainoa ere hain hurbil. Intelijentziaren obligazio absolutoa.
Baietz esango dut. Ikutzen ez bazaitut berdin izango da. Zu zara. Intensitate honen plazerra ezin ukatu, engaino honen atsedena, mezprezio honen edertasuna.
Momentu honek nere gozamena permiti ezingo balu momentu guztiz dezisiboa izango litzateke hauxe. Egoera bat aski balitz ni gozamenetik apartatzeko, situazio edo kondizio horren mende ni egonaz, momenturik esperogabeenari makur behar banintzaio esanaz zuk ni etsipenera jaurti nazakezu zure menpeko naiz erruki zaite nitaz otoi, momentu horren halabeharrez nere gozamen askatasun guztiak ukatzera ni beharturik geldituaz, momentu hori situazio hori erabat funtsezkoa izango litzateke. Interesatzen da momentu honek gozamena askatasuna ez permititzeko posibilitatetik ba ote duen jakitea.
Gure gozamena gure askatasuna zeri makurturik dagoen jakitearen beharra. Gure antsiarik bortitzena ukatzera atrebi daitekeen momentu hori fik baten ondoren aurkituko bagenu momentu hori fikzio bat dela, ikerketa horrek gure bizitza erabat alda lezake.
Mundu posibleak, momentuak, ahaztutako makina debekatua. Momentu honek nolabaiteko gozamena permiti ezingo balu. Momentu hau negatiboa balitz. Koordenada sare logiko batetan gertakizun guztiak posibletasun guztiak tolestatzerik ez balego, zerbaitek eskapa ahal baleza espazio logiko horretatik, nahasmendura kondenatuak egon bagintezke.
Zeren esan beharra dago askatasuna gozamena iruditzen zitzaiela gauzarik inportanteena, zerbaitetaz arduratzekotan berengan artean lege bati makurtu gabea zegoenaz ardura behar zutela ikusten zuten, gainera hori ez zen ikusten ibili behar zen zerbait, beren izakera osoa horrela egina zegoen, beren jakin nahi guztia horren bila ibilia zen betidanitik.
Esan beharko litzateke baita ere beren gogoetan irekiten zegoen nahia ez zutela hitz baten medioz entenitzen, edo ezin zutela gauza konkreto bat bezala sentitu, musikarik hunkigarrienak ere giro bat besterik ezin zuen sortu beren gogoetan, edozein imajinari eskapatuko zitzaiokeen.
Esan dezakezue hemen zaudetela, momentu honen zai egon zaretela, iadanik ez zaretela ezeren bila arituko. Ba omen dira gauzak ezezagunak baina gozatzera entseia ditzakegunak, nolabait beti posible zirenak. Goza behar dituzuen gauzak interesatzen zaizkizue, edo sufri behar dituzuenak —hitzen arteko mugak. Saia zindezkete mekanismoa entenitzera. Baietz esango duzue.
Ez zuten inorengandik dependitu nahi, askatasuna amesten zuten, bazirudien sufrimendutik humilaziotik bakardadetik heriotzetik eskapatzen jarduteko bizi zirela. Hitzez pentsamenduz sendimenduz baliatzera beharturik zeuden. Mekanismoa erabat nahastutzen zitzaienean izuturik gelditzen ziren.
Esan dezakezue hemen zaudetela, ez dakizuela zergatik etorri zareten, zerbaitera behartuak sentitzen zaretela, ez dakizuela zer ari den gertatzen zer gertatzera doan. Esan dezakezue pentsamenduz baliatzera behartuak zaudetela, pentsamendu hoiek guztiak norbaitek irakatsi obligatu dizkizuetela, badakizuela etorri aurrez ez zaretela hitzetatik eskapatuko aingeru goardakoetatik besoetatik ezpainetatik. Esan dezakezue zer gertatzen ari zaizuen jakin nahi duzuela.
Egitan hau ez da narrazio bat, ez da obsesio bat, egoera bat besterik zer dirudi. Hilargiaren argi palidoaren zuriak nola dezakeen miresgarritasunez estali lurra. Zuhaitz artetik ikus daiteke itsasoaren espilu lasaian erreflejatzen den zuritasunezko foko geldia. Isiltasun majiko haren dardaran iluntzeko hilargitan gehienetan egoera bat besterik ez zirudien, edo teilatu bat, edo aingeru goardakoa, ez narrazio bat, ez obsesio bat.
Asperenak asperen bigunak barrendikako asperenak begirada emean luzean arnasgabean laztanduz kariziatuz arraroki muxukatuz ezpainetan bularrean eskuekin begiekin. Baina zuk egitan ni al nauzu maite, galdetu zion. Begietan zehar arnasa hartzen arnasa guztia begietan edukiaz begiradan bakarrik begietan asperenka arnasa bihurturik. Nor duzu maite, badakizu ez dudala zugan interes handirik, badakizu kasikan obligaturik ekarri nauzula ohe honetara zure arnasaren zure begien indarrez, zerk pizten du zure amodio hau, nor duzu egitan maite.
Ezin esango mente hau linea bat dela, aurpegi bat dela, ordu bat dela, amodio bat dela, zulo bat dela, amets bat dela. Esango bazenit nor duzun maite, zerk jartzen dizun arnasa eztarri-eztarrian, zergatik zaizkizun begiak itxuraldatzen, edo noiztik desiratu nauzun. nauzun.
Gorputz usatua, hiru alabaren ama, berrogeitabi urte, hogeitabat ezkondurik gauero senarrarekin, ia ez dut ezer sentitzen berarekin zion. Zain tiki gorri urdinak begietan, urteak indar galduak grina iraganak. Esaidazu zergatik zauden horrela dardar asperenka, galdetu zion hogei urteko bere lagun adoragarriak.
Argi palidoak miresgarriki ikutzen du guztia. Inoiz ez dugu hain bortizki sentitu kolore baten lilura hotza. Hauek dira gure gorputzak gure menteak, indar hauek danak gureak direla esan dezakegu. Ez dakigu zertan akaba behar duen guzti honek, ez dakigu gure gorputzetan gure sexoetan plazerrik aurkituko ote dugun. Momentu hau gurea dela esango dugu, grina hauek gureak direla, antsia estraino hau begi hauek azal hau gureak direla.
Egia esateko ez zekiten nola iritsi ziren hotel anonimo hartako ohe baten gainean elkarrekin etzatera. Ez zekiten beren artean gertatzen ari zenaren berri, ez zekiten kasikan non zeuden edo nortzu ziren, estrainaturik kontenplatzen ziren, sinis ezinik elkarrekin lo egiteko elkarren ezpainak elkarren besoak elkarren bularrak elkarren sexoak ezagutzeko zeudela han, situazio haren kulpa nori bota jakitea atsegingo zitzaien.
Hauxe da gure gaua, gure ohea, hain itsusiki desiratzen garela dirudi. Gurea da gela gorputzak begiradak asperenak intensitatea guztia. Guk sostengatzen dugu jolas hau larritasuna kulpa. Jolas honen klabeak ezagutzerik bagenu. Amodioa jarriko diogu berriro izena. Gure gogoaren produkto bat, emozio paregabe honetara itzultzen gaituena, esijentzia bat, gure nahiaren sorketa. Betidanitik hemen egon garela esan dezakegu. Oraindik gogoan maitasuna irakatsi egiten zen denbora haien oroitzapena.
Ohearen gainean etzanda zegoen, eta alboan eseri zitzaion bera. Hitzik gabe emeki emeki begiratuz gero bularraren gainean gora begira gurutzatu zitzaion. Asperenez betetako gorputz eme haren pisua bere gain sentitzen gelditu zen. Gero eskua aurpegira eraman zion eta behatz puntaz poliki poliki begiak musuak masailak lepoak ferekatu zizkion. Laister irristatu zitzaion eskua beherago bular arteko sakontasunaren bila. Ez zitzaion atsegin beste gabe bere bularretan eskua jar ziezaion. Argia itzaltzeko baimena eskatu zionean ez lotsatzeko erantzun zion. Ordurako ez zion nazkarik ematen, muxukatzeko prest zegoen.
Hotelean gaua pasatzeko erabakia hartzean amodioa egiteko erabakia hartzen zuten. Ez zituzten inoiz ikusi elkarren gorputzak biluzik. Berrogeitabi urteko hiru alabaren ama, hogei urteko mutil gaztea. Emakume ezkondu batekin egiteak bazuen eszitazio zerbait, nahiz eta bestalde atzerakada ere sentitzen zuen, zain tiki gorri urdinak begietan, sabelean amatasunaren markak, ezpain sikuak, bere indar erotiko guztia asperenetan joaten bezela, asperen gordeak asperen arnasatsuak urteetan debekaturiko desio zuriaren hatsa berotasuna egarria beldurra begirada asperena.
Erotu egin behar nauzu, esan zion. Hantxe bere aurrean zegoen bete betean gorputz gazte hura, begira ziezaiokeen nahi beste, ikutu ziezaiokeen bere eskuekin, gau hartan nolabait pertenezitzen zitzaiola senti zezakeen, bere amets eroa, bere asperen guztien hasea, bere beso dardaratsuetan azkenik, beti inposible izango zitzaiona hantxe egia bihurtzen. Dagoeneko ez zuen kulpabilitaterik sentitzen hasieran bezela, ez zedukan zergatik senarrari esaten ibil beharrik, berak bakarrik sofritzea aski zen.
Obsesionaturik nadukazu, dardara bizian nago, farregarria naiz, emozio guzti hau zeharo estupidoa iruditzen al zaizu, ezin zaitut burutik kendu, ez zaidazu galdetu, ezin dizut ezer esplika, zure begietan halako biguntasun bat ikusi nuen, bai ridikuloa naizela ez. lnteresatzen al natzaizu ezer.
Bere buruko asmakizun bat bazen ere aspaldidanik beragan egona zirudien, haren irudiaren edertasuna nolabait lehenagotik ezaguna zitzaion, amodio hura produzitzea ez zen kasikan aukera bat, derrigortasun bat zen.
Oroitzapena ere badirudi honek, rekonozitzeko manera hain esperogabeak, deseoaren atzetik hain bortizki itsuki estrainioki edertasun zerbaiten pertenentzia sumatzean. Esan dezakegu hemen gaudela, gau honen esperoan luzaro egondu garela, nahitaez parte hartzen dugula hemen zein denboratan murgildurik gauden jakingo ez badugu ere.
Hain debilak, horixe da dana, biguntasun dardaratsuan besoak, bakartatearen ikara melankoniatsua, hainbeste beldurren mende hainbeste laguntzaren beharrez hainbeste justiziaren esperoan. Hemendik ezingo litzateke inor eskapa, denentzat daude obligazioak lezioak bizitza osoak. Hain debilak, hainbeste gorputz beso sabel buru behar, sendimendu lodi zabal harro biskosoan besarkaturik.
Hemendik eskapa hindekeela sinistu nahi izaten huen, sinismenak ezer mejora ote zezakeen probatu behintzat,ez dakik noren esijentziak diren burruka triste hauek guztiak eszitazio hauek guztiak, zergatik aurkitu behar haizen beti etsipen hau ihesten, zergatik galdera hauek egitea ere permititua ote dagoen pentsatzera beharturik hagoen. Gorroto duk debilidade guzti hau. Gogorazioei heltzen diek indarra hiregan sentitzeko edozer posible den momentu honetan. Hire mentearen jabe ez haizela sumatzen duk. Boz monotonoak oraindik jarraitzen dik esaten posible zaik adorea borondatea konprenditze elementala.
Enamoraturik zegoen emakume hari nolabait erantzutearren zegoen ohe hartan. Bere irudiaren tormentotik askatu egin nahi zuen, haren arnasan korapilaturik zegoen antsia hautsi, haren mentean zegoen edertasunezko imajina hura ezagutzeagatik joana zen batik-bat.
Obsesionaturik nadukazu. Hain urruti joanda gero musikarik geldienarekin etzatzen naizenean ere nere inguruan gelditzen zara biraka. Gozamena dastatzen hasi bezain azkar zure zirkuloaren barruan gelditu naizela konturatzen naiz. Zure bila abiatuko naiz eta ez naiz zure besoetan eroriko. Galtzapen neurrigabe bat bezela sentitzen zaitut.
Interesatzen al natzaizu ezer, galdetu, zion hiru alabaren amak. Ezin zion ezetz esan, sufrikario hura ez zitzaiola inporta, azkenean dena komedia bat zela. Zeren berak nahi izan zuen ohe hartan etzan, gorputz hura ikutu, enajenazioa ahal zen neurriraino ezagutu. Bere presentziarik gabe esperimento hura ez zen posible. Gainera bera zen deseoaren objetoa,ametsaren irudia.
Azken batean kulpable sentitzen haiz bere higanako amodioarengatik. Bere gorputzak ez dik hirean erantzunik aurkitzen. Baina bera higatik ari duk sufritzen, eta sufritzen jarraituko dik oraingoz, berak ze kulpa zedukak. Bere mentean dagoen edertasun estrainoak hire imajina zedukak, hi ere konplizea haiz, bere sufrimenduak kulpable egiten hau. Kulpa hori arintzeagatik hago ohe honetan berarekin amodioa egiteko prest. Manifesta nahi diok apreziatzen duala, ez haizela bere maitasunari insensible. Hala ere kulpable haiz, zatiketa horretan harrapatua hago, ez hoa emakumearekin amodioa egitera bere mentean dagoenarekin baizik. Gau honen ondoren hire inkonszientea lasaiago sentituko duk, askatasun gehiago eskuratua izango duk. Heure gogoaren esijentzia bat besterik ez duk izango azkenean, heure konzientzia soportatzeko medio bat, hire kulparen arintzeak adieraziko dik hire eginkizunik espiritualena gau hau zela. Hire ondoan zegok bera, hire besoetan, hire bularrean, hire gogoan, ez dadukak hitz egin beharrik, hire presentzia librea besterik ez duk eskatzen.
Hementxe-zaude-sortzen-zara-pausatu-pausatu-eskuak-oinak-begiak-bihotzak-hesteak-urrunean-lo-dauden-bitartean-kolore-baten-kolorez-musika-baten-musikaz-karizia-baten-kariziaz-obsesio-luzea-ahaztutzeraino-hitz-bat-bezela-irudi-bat-bezela-pausatu-altzatzen-zara-gelditzen-zara-joaten-zara-antsiaz-bilatuko-zaitut-hesteekin-bihotzekin-begiekin-oinekin-eskuekin-ikutuko-nauzu-sortzen-zara-geldi-geldi-eskurik-bihotzik-begirik-gabe-maindira-artean-buruz-behera-etzanda-ere-dibujatuko-zaitut-biluztuko-nauzu-zure-ikutuarekin-geldituko-naiz-zu-zara.
Haizeska perzibigaitz bat bezela inguratuko zitzaion, geldi geldi gorputz inbisiblean ikutuko zion, falta zitzaion atsedena ekarriko zion, egon zedila otoika jarriko zuen, galdetzen bazion non bizi zen edo nondik etorria zen edo noiz arte berarekin geldituko zen ez zion erantzungo, ez zegoen esplikazioetara behartua, bera zen. Hura gabe ez ote zitekeen berdin bizi, zai otoika ez zedin egon, ez zezan ezerengandik dependi, zergatik desiratu behar zuen, zorrik ez zion, beti zintzilik eduki behar al zuen.
Zu zara... |