Aza 04 21

Hedoi Etxarteren Usozaleak poema bideoan

Hedoi Etxarte idazleak Sortaldetik liburuko Usozaleak poema bideoan eskaini digu oraingo honetan. Xabier Apestegi arduratu da irudiaz, eta soinua Xabi Erkiziaren egitekoa izan da. Ahotsa Hedoi Etxartek jarri dio poemari.

Urr 28 21

Saint-John Perseren poema antologia

Saint-John Perse guadalupearra dugu berrogeigarrena Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman. Antilletako klase altuko zuria, garaiko abangoardia poetikoa landu zuena, sinbolismoaren bidetik. 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Aberastasun horrek konplexutasuna esan nahi du, halaber, eta egiazki, irakurleari eskarmentu literarioa eta irakurketa zolia eskatzen dion poesia da berea. Forma aldetik, normalean, txatal edo bertsetak idazten zituen, prosa poetikoetara gerturatzen diren piezekin, Santi Leoneren euskaratze-lan bikainak euskarara ekarriak.

Urr 27 21

Alda Meriniren poesia kaiera

XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa da Alda Merini. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Bere izen-abizenak ospitale psikiatrikoari lotuta ageri dira, haren poesia esperientzia hura gabe esplikatzea kasik ezinezkoa balitz bezala. Dena den, kasu honetan berebiziko garrantzia izan zuten ospitale psikiatrikoko aldiek, obran arrasto nabaria utzi zutelako. Buru gaixotasuna, giza duintasunaren galera, bazterkeria eta beste landu zituen ildo poetiko oso espezifikoa eratuz, baina bestelako gai unibertsalei, hala maitasuna nola heriotza, uko egin gabe. Aiora Enparantzaren itzulpenaren iragazitik, hemen duzue Meriniren poemen antologia, Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan.

Urr 16 21

Gorputz iraultzaile baten sorkuntza, Virginie Despentesen mintzaldia

Duela urtebete doi, 2020eko urriaren 16an, etxeratze agindua indarrean jartzekoa zen arrats berean, Virginie Despentesek irakurraldia egin zuen Parisen, Gorputz iraultzaile baten sorkuntza izenekoa. Pandemiaren erdian, covidaren irakaspenez ari da, iraultzaren aldeko aldarri tinkoan. “Propaganda orok trabeskatzen nau, propaganda oro mintzo da ene ahotik. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean“. Mikel Antzak euskarari ekarri dio hitzaldi hori, eta itzultzaileak berak bere ahotsez grabatua entzun ere egin daiteke testua.

Urr 14 21

Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburua: Sortaldekoak

Landak eta Marxen burua, makilak eta Iruñeko Gaztelu Plaza, ZIUa eta Louise Michel, 1998ko Gabonak Lisboan, Dragoien batailoia Intxortan. Liburutegiak konpartitzen dituztenak, greba orokorreko egunetatik ahots apurtuekin itzultzen direnak, depilatu gabe sexuaz gozatzen dutenak. Gerra Hotza eta Zizur Nagusia, Ford Escort Nomade gorri purpura eta Audi A4 zuria. Egunerokoaren detaileari erreparatzen dio Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuak: Sortaldekoak. Osorik irakur dezakezue sarean.


Urr 12 21

Miñan audioliburua

Ikastetxe, euskaltegi, irakurle talde… bide oparoa egin du azken urte biotan Miñan nobelak, 2019an Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallus Antiak eskuz idatzia. Oraingoan, audioliburu formatuan ere gozatzen ahal da liburu hori, Arzallus Antiak berak grabatua.

Urr 07 21

Gurea falangista zen aurkeztu du Alberto Barandiaranek

80 urte bete zituenean, luzez gordean izandako libreta gris bat erakutsi eta “egin nahi duzuna” esan zion amaginarrebak Alberto Barandiaran Amillanori. Honek ziztuan ulertu zion esaten ari zitzaiona: “Egin ezazu zerbait“. Libreta hura Luis Fernandez Arregirena zen, Errepublikaren kontra 1936an altxatu zen anaia zaharrenarena. Lemoaitzen hil zuten arteko gerra ibilerak idatzita zituen han. Eta libretaren lerroen artean, galderak ondorengoentzat: zerk eraman zuen udal idazkari izan nahi zuen 18 urteko gazte hura Falangen izena ematera? Zerk, aurretik EAJn militatu zuen hura, garaiko Altsasun halako tradiziorik ezagutu gabea zena?
Haren arrastoari segika abiatu zuen erreportaje-kronika hau Barandiaranek. Artean ez zekien, ordea, beste izen bat aterako zitzaiola bidera: Pablo Amillano Baztan. Bere aitona falangista. Sarean osorik daukazu irakurgai.

Urr 01 21

Hedoi Etxarte Zerua eta sua abestia eta bideoa

Zerua eta sua Hedoi Etxartek plazaratuko duen Sortaldekoak poema liburuaren preludioa da: liburu guztian zehar dauden aipuekin osatuta daude hitzak eta irudietan poemetan agertzen diren objektuak, keinuak eta bulkadak daude. Ion Celestino eta Moisés No Duerme izan dira soinuzko piezaren buru eta Arrigurikoak ikus-entzunezkoarenean, denera 15 lagunek parte hartu dute. Sortaldekoak liburua urriaren 14ean aurkeztuko du Hedoi Etxartek Susa literatura argitaletxearekin.

Ira 27 21

Lutxo Egiaren Itzalak

Iragan asteburuan pasatu da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Sarrerako errezitala Lutxo Egiak egin zuen, Itzalak izenekoa. Ez alferrik, “Itzala, hitzaren ahala” zuen leloa aurtengo ekitaldiak. Aurrez aurre gozatu ahal izan genuen hura, orain gutienik testuz irakurtzen ahalko duzue.

Ira 24 21

Bihotz-begietan poema liburuaren berrargitalpena

Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe. Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz. Osorik irakur dezakezue sarean.

Ira 23 21

Jaroslav Seiferten poemak

Heriotza hartu zuen kantagai bere bizitzaren azken zatian Jaroslav Seifert poetak. Heriotza, bizitzari kantatzeko, bizitzaren aldarria egiteko: “Baina nire bizitza hala bota, / ezertarako ez – hori, / ez dut egingo“, dio Izurri zutabea poema ederrean. XX. mendea bere herriarekin batera gurutzatu zuen idazlea, Txekiako idazle belaunaldi baten nolabaiteko ordezkari 1984an Nobel saria jaso zuenean, jaio zela 120 urte bete direlarik irailaren 23an, Iñigo Astizek, lan bikain askoan, euskarari ekarritako Seifert-en 14 poema dakartzagu.

Ira 22 21

Literaturiaren itzala

Literaturiaren edizio berri bat  egingo da irailaren  24tik 226ra bitartean Zarautzen, Itzala, hitzaren ahala lemapean. Lutxo Egia idazleak irakurriko du hasierako manifestua ostiral arratsaldean, eta ekitaldi sorta oparo bati emango zaio hasiera horrela.

(gehiago…)

Ira 17 21

Alfonso Sastreren heriotza

Bere obrarekin erabat engaiaturiko idazlea izan da Alfonso Sastre, eta horren ondorioz, bizi izan zuen garai eta borrokekin. Ekintzaile antifrankista, askatasunaren aldeko langile Franco hil ondorenean ere, dramaturgoa da, ororen gainetik, Sastre. Antzerki-mugimendu eta konpainien sortzaile eta sustatzaile, XX. mendeko bigarren erdialdeko antzerkigintza modernoa zeharkatzen du bere obrak, salaketa, aktibismoa eta oholtza gaineko grina batuz bere testuetan. Espainiako antzerkigintzan izen ezinbestekoa, aspaldi euskal herritartutako autorearen zenbait lan ekarriak izan zaizkio euskarari, eta gaur, haren heriotzaren karietara, haietako lau hemen eskaintzen dizkizuegu: Bazterrean utzitako panpinaren istorioa (Antzerti, 1983); Ez da pale egiteko ordua (Susa, 1986); Gillermo Tellek triste ditu begiak (Hiru, 1990); eta Komando baten analisia (EIZIE, 2002).

Ira 10 21

Herri honen erraietan, Manex Erdozaintzi-Etxart

Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide  horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen,  Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.

Ira 03 21

Katharine S. Pricharden Ihesaldia

Kazetari, ezkerreko aktibista politiko eta idazlea izan zen Katharine Susannah Prichard (1883-1969). Haurtzaroan Fijitik Melbournera aldatua, unibertsitate-ikasketarik egin ezinik, etxe-irakasle gisa jardun zuen gaztetxotan. Gerora, kazetari-lanetan hasi zen eta 1908an Londresera joan zen, eta freelance gisa lan egin zuen, baita Parisen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Asian ere.  1916an itzuli zen Australiara. Australiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, eta bizitza osoan jardun zuen justizia sozialaren aldeko ekimenetan, ezkerreko emakumeen taldeetan eta idazle-elkarteetan. Hainbat eleberriren egilea (The Pioneers izan zen arrakastatsuena), ipuinak, poesia eta antzerki-lanak ere idatzi zituen. Baita testu espreski politikoak ere, Espainiako Errepublikaren alde, kasu. Autoreak arreta berezia jarri zuen herri aborigenen eta emakumeen zapalkuntza-egoera bere lanetan islatzen eta salatzen, eta haren lanak mende hasierako narraziogintza sozialean kokatu ohi dira. Jone Makazaga Irurtiak euskarara ekarri digun Ihesaldia (Flight, 1938), adibidez, beren familietatik erauzitako neskatila natiboen inguruko narrazio indartsua da.

Agenda

Efemerideak

Kritikak