Urr
23
03
1922an kaleratu zen Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk, Katherine Mansfield idazle zeelandarraren azken liburua. Hurrengo urtean hil zen, 1923an, 35 urte zituela. 1888ko urriaren 14an jaioa zen Wellingtonen bizitza labur baina bizia izan zuen emakume hau. Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk narrazio liburua Anton Garikanok euskaratu zuen eta Ibaizabalek kaleratu Literatura Unibertsala bilduman 1998an. Osorik irakur dezakezu euskarazko testua (hala-nola ingelesekoa ere). Autorearen berri Garikanok berak ematen du liburuaren hitzaurrean.
Urr
23
03
Astero liburu bat eskaintzeko ekimenean orain 25 urte kaleratutako hauxe dakarkizuegu: Iztueta’ren olerkiak. Kardaberaz Bilduman argitaratua, Jose Garmendia Arruebarrenarena da edizioa; berak egin zuen J. Ignazio Iztuetaren poesia eta bertsoak biltzeko eta prestatzeko lana. Bere aurkezpenez gain, Manuel Lekuonaren hitzaurre bat ere badu liburuak, eta lanaren mamia: idazle zaldibiarraren 70etik gora olerki.
Urr
16
03
1933ko urriaren 14an jaio zen, Bilboko Berroeta-Aldamar kalean, Gabriel Aresti idazlea. Euskal literaturari astinaldia eman eta gure letren ikur bilakatutakoa, 30 urte zituela jaso zuen, 1963an, Orixe Saria bere lanik izendunena bihurtua den Harri eta Herri liburuak, eta 1964an argitaratu Itxaropenan. Poeta bilbotarraren lanak irakur ditzakezu Susa argitaletxearen web orrialdean, eta bere ahotsean entzun bere lau poema.
Urr
16
03
Orain 80 urte, 1923ko urriaren 15ean jaio zen Italo Calvino, idazle italiarra, Kuban jaio hain zuzen ere. II. Mundu Gerrako bere esperientzia jasoz egin zuen jauzi liburuen plazara, Il sentiere dei nidi di ragno-rekin, eta gerora hainbat eleberri eta narrazio liburu idatzi zituen. Literaturaren baitan eremu oso diferentetan aritutakoa, horren erakusgarri dira euskarara itzuli diren bere bi liburuak: Bizkonde erdibitua eta Marcovaldo edo Urtaroak Hirian, Iñaki Ugarteburuk eta Koldo Bigurik hurrenez hurren euskaratuak. Horiez gain, baina, literatur aldizkarietan Italo Calvinoren beste lan batzuk ere kaleratu dira euskaraz eta hemen eskaini nahi dizkizuegu.
Urr
16
03
Hogeita bost urte bete ditu Pello Lizarralderen Hilargiaren hotzikarak liburuak, aste honetan osorik eskaintzen dizugun honek. Bere estreinako liburua da (gerora E pericoloso sporgersi; Hatza mapa gainean; Sargori…), Ustela Saileko zazpigarrena, eta Joxe Artolaren azal eta irudiez ilustratua dator. Ondorengo lanetan baietsi duen estilo berezi baten jabe, poema, narrazio labur eta apunteen arteko muga lanbrotsuan dabil idazlea Hilargiaren hotzikarak liburuko 18 piezetan.
Urr
09
03
Rafa Egiguren idazleak Tang dinastiako 30 olerki batu ditu disko batean, euskaraz eta txineraz eta Joserra Senperenaren pianuarekin grabatu ditu disko batean kaleratzeko. Urriaren 19an (igandea) 20:00etan errezitaldi musikatu bat egingo dute Bilbon eta poemak txineraz eta euskaraz errezitatuko ditu Egigurenek, Ramon Agirreren laguntzarekin. Irudiak Jose Luis Zumeta pintorearenak izango dira eta pantaila handi batean proiektatuko dituzte.
Urr
09
03
Uda ostean hasi eta Durangoko Azokara bitarte argitaratuko diren liburuen zerrenda eskaintzen du Berria egunkariaren guneak. Orotara 72 egileren lanen berri ematen du guneak; nobelak, ipuin liburuak, poesia, Saiakera, kazetaritza eta lekukotasuna, haur eta gazte literatura, berrargitalpenak eta itzulpenak sailetan.
Urr
09
03
1973ko irailaren 29an zendu zen, Vienan, Wystan Hugh Auden poeta ingelesa. 1907an jaioa, 1928an bere estreinako poema liburua, Poems, argitaratu zuenez gero, sona handia erdietsi zuen. Hainbat poema-liburu eta prosa eta antzerki lanak kaleratu zituen XX. mendeko poesia ingeleseko ahots inportanteena bilakatu zen Audenek. 1994an kaleratu zuen W.H. Audenen poema antologia Susa argitaletxeak, Juanjo Olasagarrek prestatu eta euskaratua. Osorik irakur dezakezu hemen.
Urr
09
03
Izozmendiak izango du izenburua Juan Ramon Madariagaren zazpigarren poema liburuak. Madariagak joan den igandean Cho Oyu mendiko gailurrera igotzea lortu zuela-eta, gure zorionak harentzat eta zuentzat liburu berriko zortzi poema. Izozmendiak bi aste barru aurkeztuko du Susa argitaletxeak Bilbon, idazlea Tibetetik itzulitakoan. Madariagaren Galera errepikatuak liburua osorik emana duzu sarean.
Urr
02
03
Bihotz Bakartien Klubak irakurlearen matxinada aldarrikatzeko Literatura eskola antolatu du urriaren 18an (larunbata) hasi eta ekainaren 12a (larunbata) bitarte. Eskolen ardura Iñigo Aranbarri idazlearena izango da, baina hilero gonbidatuak izango ditu: Jose Luis Otamendi, Mikel Elorza, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre eta Kirmen Uribe besteak beste.
Urr
02
03
Antzerki, zinema eta telebista munduan ezaguna, gidoiak ez ezik poesia ere idatzia eta argitaratua da Eneko Olasagasti. 1985ean kaleratu zuen Gauzurtz baten izenak asmatzen poema liburua, Susa argitaletxearekin. Hain zuzen, garai haietan Susa literatur aldizkariko lan taldean ziharduen Olasagastik. Hemen osorik irakur dezakezun liburuaren azala eta barneko irudiak Joxemi Zumalaberenak dira.
Urr
02
03
Duela bi mende, 1803ko irailaren 28an, jaio zen Parisen Prosper Mérimée idazlea. Erromantizismo garaian molde klasikoez idatzi zuen autore honen lanak ekarri izan dira euskarara: Mateo Falcone, Carmen, Colomba. Korsikan egindako bidaia baten ondoren egindako narrazio indartsua, 1955eko Egan aldizkarian argitaratu zuen Mateo Falcone euskaraz Nemesio Etxanizek; gerora Itxaropenako Kuliska Sortan emana antzerki lanekin batera. Mateo Falcone eta beste zenbait istorio izenburuaz, berriz, narrazio hau eta beste bi (Tamango eta Espainiako lapurrak) euskaratu zituen Koldo Izagirrek eta Elkar argitaletxearekin kaleratu 1995ean. Mateo Falconeren euskarazko bi bertsioak eta jatorrizkoa eskaintzen dizkizugu.
Urr
02
03
Edorta Jimenezen bosgarren nobela argitaratu du Susak: Kilkerren hotsak. Espioi nobela da, eta aldi berean nobela historikoa eta inbestigaziozkoa. Uriarte espioia du protagonista, 36ko Gerran izan zituen aginduak eta lanak kontatzen dituena. Hari horietatik tiraka, dokumentu ezezagunak eta benetakoak ere agertuko ditu, adibidez: Alejandro Mallona alkate errepublikarraren fusilamenduari buruzkoak. Aurkezpena urriaren 9an (osteguna) izango da 11:30etan Donostiako Udal Liburutegian, eta arratsaldez 20:00etan Bilboko Likinianon. Bien bitartean, Kilkerren hotsak nobelako lehen zazpi kapituluak irakurgai dituzu.
Ira
25
03
1985ean plazaratu zuen Susak Lehen Bilduma 82-84, Mikel Antzaren narrazio liburua. Zortzi narrazio dakartza liburuak (tartean Suzko gezi bat bezala, ipuin saritua, 1983an Gipuzkoako Aurrezki Kutxak argitaratua). Bere lehen ipuin-liburua, urte berean Beteluko balnearioko mirakulua antzerki-obra publikatu zuen, Iñaki Uriarekin batera idatzia, eta 1987an beste narrazio-bilduma bat: Odolaren usaina. Hurrengo astean: Gauzurtz baten izenak asmatzen, Eneko Olasagastiren poema-liburua.