Ots 13 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika (eta III)

1978an izandako “Escritor vasco / Euskal idazlea” eztabaidaren azken atala dakarkizuegu aste honetan. Hierro egunkarian argitaratutako mahai-ingurua, Zer egin? aldizkariko artikulua, eta “Narrativa vasca actual: antología y polémica” liburuko beste testutxo bat, José Luis Merinok idatzia. Antologia hori handik urtebetera argitaratu zen eta zati handi bat eskaini zion aipatu polemikari.

Ots 13 03

Castelao omenduko dute Bilbon

Alfonso Daniel Rodriguez Castelao literatura galegoko maisua omenduko dute otsailaren 15ean (larunbata) 12:00etan Bilboko Txurdinagako parkean. Hil zela 53 urte bete dira (1950eko urtarrilaren 7ko iluntzeko hamaikak bost gutxitan) eta urtero omentzen dute Euskal Herrian bizi diren galiziarrek. Euskal Herriko Galiziar Etxeen hermandadeak antolatutako ekitaldi honetan Xose Estevez pasaitar galiziarrak Cantiga galeuscana do chapapote irakurriko du jendaurrean. Lore eskaintza egingo diote ostean, bere omenez eraikita dagoen oroitarriaren parean.
Castelao museoak eta bere biografia eta bibliografiak idazle galiziarra ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Euskaraz ere baditugu Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an: Zirtzilak – Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak eta Betiko biak Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan Bego Montoriok. Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean ipuin bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailatua.

Ots 13 03

Euzko Gogoa Interneten berrargitaratua

Euzko-Gogoa aldizkariaren berrargitarapen digitala egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jokin Zaitegiren zuzendaritzapean, hasieran Guatemalan eta ondoren Miarritzen kaleratu ziren 44 zenbakiak jarriko dituzte Interneten, osorik. Irakurleak testu guztiak hala-nola orrialde guztien irudiak (faksimileak) eskura izango ditu. Otsailaren 17an (astelehena) aurkeztuko dute Donostiako KMn, baina hemen dituzu aurrerapen gisa bi: 1954ko irail-urriko zenbakia,eta 1959ko urtarril-otsailekoa.
Lehenengoan Gabriel Arestik argitara emandako lehen bi poemak aurki ditzakezu, eta Oscar Wilderen Reading Baitegiko leloa, Bingen Ametzagak euskaratua. Baita Orixeren Guatemalako agurra, Jon Miranderen artikulua irlanderari buruz eta Andima Ibiñagabeitiaren itzulpen lan bat, Virgilio-ren Unai-kantak.
Hainbat poetaren lanak topatuko dituzu bigarrenean: I. Olabeaga, Otsalar (Juan San Martin, Udalaizpe (Jokin Zaitegi), Miren-A (Miren Arrate Ibargutxi), Nemesio Etxaniz; artikuluak —Etienne Salaberry, Gotzon Garate, Eusebio Erkiaga— eta antzerkia, Eskiloren Prometeu burdinetan.

Ots 06 03

Mikel, Antxon, Joxan, Pello eta Sabintxo

Duela 25 urteko Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna elkarrizketa-atalean, Saizarbitoriak eta Izagirrek ikastolako bost gaztetxo eraman zituzten Zeruko Argiako orrialdeetara: Mikel, Antxon, Joxan, Pello eta Sabintxo. Argazkiak ere baziren, baina begiak estalita. Aldizkariko zenbaki hartan, Perturren desagerketari buruzko datu berriak izan ziren gai nagusia, eta Joseba Sarrionandiaren ipuin labur batzuk eta Koro Navarroren liburu kritika ere aurki zitezkeen.

Ots 06 03

Donostiako herri literatura euskaraz.net gunean

Donostiako XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako egileen testuak batu ditu Donostiako Euskararen Patronatuak euskaraz.net gunean. Toribio Alzaga, Martzelino Soroa, Ramon Artola, Pepe Artola, Bitoriano Iraola eta Antonio Arzak idazleen lanak jasoko ditu. Oraingoz, Toribio Alzagaren lau testu (“Neskazar”, “Amantxi”, “Aterako gera”, “Biozberak”) Bitoriano Iraolaren “Au poza senti det eta beste bertso asko”, Ramon Artolaren “Ipuiak edo kontutxoak I eta II” eta Antonio Arzaken “Idazlan-sorta” bildu dituzte herri literaturaren txoko honetara.

Ots 06 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika (II)

Aurreko astean helarazi genizuen1978an izandako “Escritor vasco / Euskal idazlea” eztabaidaren lehen artikulu-multzoa. Oraingoan beste hainbat egileren iritziak gehitu dizkiogu: Elías Amezaga, Martin Ugalde, Ramón Buckley eta Jon Urrujulegi. Datorren astean argitaratuko dugu sail horretako azken emaitza.

Urt 30 03

Marisa barra atzean

Koldo Izagirre / Ramon Saizarbitoria bikotearen Baietz astea gaizki bukatu aste batzuez desagertu zen, elkarrizketak egiteari heldu zioten bitartean. Sail berriari Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna ipini zioten izena, eta hurrengo hilabeteetan bost elkarrizketa bururatu zituzten. Lehen-lehenik, prostituta anonimo bat izan zen protagonista, Marisa barra atzean izeneko artikuluan. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan beste hauek ere irakur zitezkeen: Oskorriren "Mosen Bernat Etxepare", J.L. Davanten koplak edo Juan Txillidaren marrazkia.

Urt 30 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika duela 25 urte

1978ko urtarrilean Raúl Guerra Garrido idazle donostiarrak polemika handia piztuko zuen artikulua argitaratu zuen Eginen. Bertan, literatura erdaraz idazten duten euskal herritarrek bazterketa bikoitza jasaten zutela salatzen zuen. Egunkari hartan bertan erantzun zion Xabier Kintanak, Zeruko Argian Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak, Deian Elías Amezagak eta Martin Ugaldek, eta gehiagok, dozena bateko artikulu saila osatu arte.
Geroztik ia kronikoa bihurtu den eztabaida honek, orduko hartan izan zuen agerpenik goriena eta joriena. Hurrengo Emailuetan polemika horretako gainerako artikuluak bilduko ditugu.

Urt 23 03

Claudia Cardinaleren dezepzioa

Aurreko asteko gaiari jarraituta, Claudia Cardinale sekuestratzeko plana zelan amaitu zen kontatzen ziguten aste hartako Baietz astea gaizki bukatu sailean,eskoletan euskara sartzearen eztabaidarekin batera. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan ere Martin Villak esandako “Dos a uno a nuestro favor” esaldi famatuaren sorburuan dauden hilketak izan ziren gai nagusia.

Urt 23 03

Teatroa.com etengabe berritzen

Euskal teatro testuak biltzen duen gunea da teatroa.com. Etengabe berritzen ari da, antzerkigile eta zaleek testuak bidali ahala, eta dagoeneko 77 antzezlan batu ditu Mikel Martinez aktoreak. Horietako 42 euskaraz sortuak dira, 19 itzulpen, haurrentzat sortutako 8 antzezlan eta eskoletako umeek egiteko pentsatutako beste 6 teatrolan. Azken asteotan gehitutako lanen artean: Kontenedore baten istorioa, Errenta, Shakespeareren lan ugari eta Anarkista baten ezusteko heriotza.
Halaber, Mikel Martinez kide duen taldeak, Maskaradak, bere ibilbide osoan taularatutako 22 antzezlanen informazioa publikatu berri du web “entziklopediko” batean (eskuprogramak, kartelak, argazkiak, jantzi eta eskenografien bozetoak, bideoak eta audioak…).

Urt 23 03

Juan Luis Zabalaren Hautsia natza sarean

1999an Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen Juan Luis Zabalak Hautsia natza liburuaz. Hurrengo urtean argitaratu zen paperean eta orain, urte bi pasatu eta gero, Susako web gunean irakur daitezke liburu horretako 67 poemak.

Urt 16 03

Claudia Cardinale sekuestratzeko plan izkutua

Indarberrituta itzuli ziren Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre Baietz astea gaizki bukatu sailaren 1978ko lehen alean. Normalean baino orrialde bat gehiago, tartean Claudia Cardinale sekuestratzeko plana ere definitzen zuten. Zeruko Argia-ko zenbaki hartako beste eduki batzuk: Olariagaren Mozorrozko pertsonaia berria, eta Mitxelena bertsolariari egindako elkarrizketa.

Urt 16 03

Kaleko berbak Txaman fantzinean

Gustauko jakun Txaman kontzeptuen edertasunaz idazten hastie, Mugarrapeko izkribu galdu batzuen alkartziaz, ala kaleko berben indderraz” esanez aurkezten da Durangoko Txaman literatur fantzinea. 2002ko udagoienean lehen zenbakia kaleratu eta dagoeneko edizio bat baino gehiago egin behar izan diete tabernetan banatutako zuri-beltzezko fotokopia aleei. Edizio berriak koloretako fotokopietan paratu dituzte, euro erdian.

Urt 16 03

Hamar mezu eta dei bat

Geu Gasteiz elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, Hamar mezu eta dei bat ikuskizuna prestatu zuten Patxi Zubizarreta idazleak, Mikel Urdangarin kantariak eta Unax Ugalde aktoreak. Aste honetako Emailuan, ikuskizun hartako hamar mezuetatik bederatzi eskaintzen dizkizuegu, eta baita testuok nondik hartuak diren adierazten duen bibliografia ere.

Urt 09 03

Astea gaizki bukatzeko modurik ez

Zeruko Argia-ren urte hasierako zenbaki bikoitzaren (767-768.a) ostean, 1977ko urtarrilaren 8an ez zen Baietz astea gaizki bukatu sailik argitaratu. Aste honetan, beraz, ezin gozatu, Koldo Izagirreren eta Ramon Saizarbitoriaren artikuluez.

Agenda

Efemerideak

Kritikak