Mar 08 05

Don Kixote Mantxa’ko: Kixotearen euskarazko historia laburra

Ez da Kixotea haize errotetan erraldoiak ikusten dituen bakarra. Txikiarena ere bada, ez denean ere oztopoak ikusi beharra, ez daudenean ere topatu beharra. Literatur klasikoetan unibertsalena euskarara itzultzeko saiakerak egin izan dira urteetan zehar, ia mende batez. Zatika egin da itzulpena, galdu egin dira laginak. Historia kixotezkoa inondik inora itzulpenarena. Ia 400 urteko atzerapenez etorri zen Pedro Berrondorena. Aurten berrargitaratuko da.

Mar 03 05

Georges Perec… akordatzen

Gaur bezalako egun batez, 1982ko martxoaren 3an hil zen Georges Perec, Je me souviens… eta beste hainbat libururen idazlea, OULIPO literatur tailerreko kideetarik bat. Pamiela aldizkarian 1985ean Perec-en liburu horretako pasarteak euskaratu zituen Edurne Garitanok, Nik… gogoratzen dut izenburuaz. Georges Perec elkarrizketatua (bideozko formatoan, bi zatitan): 1 eta 2.

Mar 03 05

Lauaxetaren poemak

Aurten beteko da Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena eta izango da ospakizun bat baino gehiago —Sabino Arana Elkargoak berriki aurkeztu du idazlearen liburutegiaren katalogoa—. Egokiera ona da, beraz, laukiztarraren literatur-lanak irakurtzeko (edo berrirakurtzeko). Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bada, noski, Lauaxetaren poemen antologia.

Mar 03 05

100 urte Marcel Schwob hil zela

Duela mende bat, 1905eko otsailaren 26an, hil zen Marcel Schwob idazlea. Chavillen jaioa 1867an, idazle fina eta azterlari zorrotza, liburu eder zenbait egin zituen, eta azterketa kritiko oso interesgarriak (François Villoni buruz, kasu). Euskal idazleak hurbildu dira haren obrara, eta 1986an, Baroja etxearekin, Mimoak lana euskaratu zuen Mikel Lasak. Hurrengo urtean, 1987an, Urrezko maskaradun erregea lana argitaratu zuen Pamielak, Periko Diez de Ultzurrunek itzulia. 2002an, azkenik, Bizi alegiazkoak kaleratu da Literatura Unibertsala bilduman, Ibaizabalek argitaratua, Juan Garzia Garmendiak itzulia (liburu horretako ipuin bat euskaratu eta argitaratua zuen Erein etxearekin, Ipuin gogoangarriak obran). Izan du harrerarik, beraz, idazle sinbolistak gurean. Hiru lanak eskaintzen dizkizuegu, osorik.

Mar 01 05

Ralph Ellison: ahotsik gabekoen ahotsa

Gaurko egunez jaio zen, duela 91 urte Oklahoman (AEB). Ez zituen liburu asko idatzi: nobela bat, saiakera liburu bat, hainbat ipuin egunkari eta aldizkarietan. Gehiago ez. Halere, XX. mendeko libururik garrantzitsuenetako bat utzi zuen: The invisible man. Mendearen lehen erdiko beltz, ikusezin eta baztertuen egoera deskribatzen du bere lanetan. Eta garaiko gizartea. Arrakastaren Amerika zuriaren beste aldea. Gaur gogoratuko dute Ralph Ellison.

Ots 24 05

Salvador Espriuren poemak

1985eko otsailaren 22an, orain 20 urte, zendu zen Bartzelonan Salvador Espriu, XX. mendeko Kataluniako idazle handietako bat. Narradore, antzerkigile eta poeta, bizi izan zuen garaiko erretratua egin zuen bere literaturarekin, bere ahotsa bere komunidadearenean txertatua. Bere poemak, 1965 ezkeroztik, euskaraz irakur daitezke. Sinerako liburua eta Zezen larrua osorik (Juan San Martinek euskaratuak), eta beste zenbait literatur aldizkarietan edo antologietan bilduak. Hementxe eskaintzen dizkizuegu denak.

Ots 24 05

Leuropa

Oraindik ere Konstituzioaren inguruko erreferendumaren oihartzunekin dabilela, Europak hainbat alderdi ezkutu ditu, eta horietako bat erakutsi zigun Pablo Sastrek 2002an, Leuropa eleberrian. Susak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak kaleratua, Tximi eta Sakiren ibilerak irakur ditzakegu, Marokon eta Euskal Herrian. Hizkuntza bixi erakargarri batean idatzia, liburu bikaina eman zigun Sastrek. Osorik irakur dezakezu orain.

Ots 22 05

Laura Freixas: “Emakumea irudikatzeko modua birsortu behar dugu”

Ez da lehen aldia gai beraz hitz egiteko Laura Freixas (Bartzelona, 1958) Euskal Herrira datorrena. Lizarran eta Barañainen Literatura eta emakumeak titulupean hitzaldi bana eskaini zuen joan den ostegunean. Idazlea, egun La Vanguardia egunkariko zutabegilea, Grijalbo argitaletxeko El espejo de tinta saileko arduraduna izan zen 1994ra arte. Hitzaldien eta berriki kaleratu Amor o lo que sea (Destino, 2005) nobelaren aitzakian aritu gara berarekin solasean.

Ots 17 05

Saltzaile baten heriotza

Arthur Millerren heriotza da azken egunotan irakurgai izan duguna, idazle estatubatuarra pasa den 2005eko otsailaren 17an hil baita. XX. mendeko antzerki-autore inportanteenetako bat, haren lan ezagunena, Saltzaile baten heriotza, Xabier Galarretak euskaratua dago. 2001ean plazaratu zuen Hiria argitaletxeak, eta orain osorik dakarkizuegu.

Ots 17 05

Iñigo Aranbarriren poemak entzuteko

1998an kaleratu zuen Iñigo Aranbarrik Harrien lauhazka poema liburua, osorik 155. Literatur Emailuan eskaini genizuena. Poema liburu eder horretara gatoz berriro ere, irakurtzera ez ezik entzutera. Liburuko dozena bat poema grabatu ditu Aranbarrik, eta hemen eskaintzen dizkizugu poetaren ahotsean entzun ahal ditzazun.

Ots 15 05

Gerra ostea eta zatiketa Alemanian

Gerra osteko Alemaniako literatura. Yaltako akordioaren eta Dresden bonbardatu ondoren, II. Mundu Gerra azken fasean sartu zen. Izan zen amaiera bitartean hildakorik, zauriturik, suntsiketarik. Alemania ez zen ekainera arte errendituko, baina gerrak hartuko zuen norabidea erabakita zegoen otsailetik. Literatura, gerra ostean, herri oso baten kontzientzia izango zen. Erruen, akatsen azterketa egingo zuen literaturak. Hor kokatu behar dira 47 taldea eta Uwe Johnson. Alemaniako garai ilun baten lekuko.

Ots 10 05

Bitoriano Gandiagaren poemak

2001eko otsailaren 21ean hil zen Bitoriano Gandiaga. XX. mendeko euskal poesigintzan derrigorrezko erreferentzia, 2003an bere poemak bere ahotsean entzuteko moduan jarri genituen 59. zenbakiko Literatur Emailuan. Irakurtzeko jarriko dugu orain haren poemen antologia. Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman  jasotako Gandiagaren poemak irakurgai dauzkazu.

Ots 10 05

Literatuzta aldizkariak laugarrena

Errepidean doa Literatuzta, izotz gainean ibiltzeko beldurti, gehiegizko jan-edanekin gogaiturik, eta kalean beste egitekorik ez eta, herriko gabon usainetik ihesi-edo, errepidean doa Literatuzta… ez dakigu nora.” Halaxe diote Literatuzta Taldekoek beren literatur aldizkariaren laugarren zenbakiaren Sarrerakoan. Nora agian ez dute jakingo, baina badoala agerikoa da. Azpeitiko Uztarria kultur taldearen bultzadaz sortua, 2003ko uztailean kaleratu zuten lehen zenbakia eta oraindik orain laugarrena. Hainbat testu eta poemak osatua, lau zenbakiak irakur daitezke Interneten, uztarria.com atarian.

Ots 08 05

Amos Tutuola: Afrika magiko hori

Ezezagunetik magikoa. Ezezagunetik beldurra. Ezezaguna Afrika. Afrika zokoratua. Sastraka. Herri kultura eta sinesmenetatik abiatuta berezko mundu bat osatu du Amos Tutuolak bere liburuetan. Mundu bat bere adierazteko modu propioarekin. Ingeles traketsean idatzi izana leporatu zioten, garaiko Nigeria anglofonoan kalean erabili izana. Dylan Thomasen babesari esker bere lanak mundura zabaldu ziren arren, ez zuten berezko izaera galdu Tutuolaren lanek. Sinesmen eta irudimenarena.

Ots 03 05

Lehorreko patera

Ez dira urte asko patera hitza gure hiztegira sartu denik, baina zoritxarrez ugari dira urte horietan itsasoan sartutako paterak. Eta asko onik atera ez direnak. Inmigrazioaren gaiari zuzen helduta Ahmeden bidaia kontatu zigun Iñaki Frierak Lehorreko paterak eleberrian, Susa argitaletxearekin 2001ean kaleratua. Ceutan abiatzen da istorioa, baina iristen da Euskal Herriraino, Ceutatik edo beste edonondik abiatzen diren pateretako bidaiariak bezalaxe. Irakurgai duzu osorik Ahmedek Jezabel arrebaren bila bizi izandakoa.

Agenda

Efemerideak

Kritikak