Aza 20 05

Pablo Sastreren Kristalezko bularrak

Bost urteko isilune luzearen ondoren kaleratu zuen Kristalezko bularrak narrazio bilduma Pablo Sastrek. Merezi izan zuen itxaroteak. Liburuko bederatzi ipuinetan, garaiko gizartearen erretratu gordina bururatu zuen Sastrek, egileak ohi duen moduan errealismorako joera hizkuntzan eta hizkeran uztartuz. Droga, zoratzea, ezkutuko lanak, zahartzaroa eta beste hainbat gairen inguruko puzle bortitza eta aldi berean samurra da 1990eko Kristalezko bularrak liburua orain sarean osorik irakur dezakezuna.

Aza 17 05

Juan Mari Lekuonaren poemak

XX. mendeko euskal literaturako ahots berezi eta indartsua da Juan Mari Lekuonarena. 1966ko Mindura gaur eta 1973ko Muga beroak liburuek bide pertsonala jorratzen zihoan poeta erakutsi ziguten. Bide propio hori unibertso poetiko baten eraikitzea bihurtu zen Ilargiaren eskolan (Erein, 1983) eta Mimodramak eta ikonoak (Erein, 1990) poemarioekin. Lekuonaren poemekin osatutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumako koadernoa osorik dakarkizuegu.

Aza 17 05

Koldo Izagirreren narrazio berriak

Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? liburu berria argitaratuko du Susak Durangoko Azokaren bezperan. Hamazazpi ipuin, errealismo poetikoan kontatuak. Portua dute geografia, eta protagonistak: garabilariak, argizainak, estekariak, zamaketariak, pilotuak, arrantzaleak. Sua nahi, Mr. Churchill? inprimatzen hasi aurretik, liburuko lehen bi ipuinak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa 200. Literatur Emailu honetan. Hemen ontziratu zen Lafayette du izenburua lehenak, eta Idazlea bigarrenak.

Aza 15 05

Fikzioa eta errealitatea batera bazter auzoetan

Paul Smailek idatzitako liburuek bigarren edo hirugarren belaunaldiko etorkin magrebtarren eguneroko errealitatea deskribatzen dute. Parisko bazter auzoetatik beste hirietako bazter auzoetara zabaldu ziren istiluak. Hasieran, prentsak zioenez, autoak erretzen zituzten ganberro eta gaizkile txikiak ziren soilik. Gero, polizia bi gazteren atzetik zebilela, gazteak babestu nahian elektrokutatuta hil zirela eta horri emandako erantzuna zela… eta, azkenean, arazoa handiago dela, baztertuen matxinada dela eta egoera orokor bati erantzuten diola gertatutakoak.

Aza 15 05

Ken Saro-Wiwa: genozidioa, kartzela, urkamendia

Lurrak eman dezakeen lekurik aberatsenetako batean jaio eta ia ezin bizi. Zapaldua, iraindua, kutsatua: Saro-Wiwa (Nigeria, 1941-1995) idazlearen patua. Petrolio konpainien kutsadura eta genozidioa salatu zituen. Lehendabizi idatziz, gero idazteari utzi eta gizarte mugimenduetatik. “Afrikan idazleak ezin ditu artea eta sinesmen politikoak banandu”, semeak berari buruz esana. Euskal Pen Klubak antolatuta, Saro-Wiwaren omenezko ekitaldia egin berri da Bilbon.

Aza 08 05

Jose Manuel Fajardo: “Etorkizuneko ideologiek bizitzaren ospakizunean oinarritu behar dute”

A pedir de boca izena du Jose Manuel Fajardoren (Granada, Espainia, 1958) liburu berriak. Abokatu ikasketak egiten hasi zen. Kazetari lanean hasteko utzi zituen ikasketak eta nobelak idazteko utzi zuen kazetari ofizioa geroago. Bere lehen nobelak, Carta al fin del mundo-k, kritikaren eta irakurleen artean harrera ezin hobea izan zuen. Harrera horrek hainbat hizkuntzatara itzulia izateko aukera eman zion. Gero etorri ziren El converso, Una belleza convulsa eta Vidas exageradas.

Aza 03 05

Mintzategi handi eta zabal baten aldeko poemak

Presoen aldeko poesia irakurraldia burutu zen iragan urriaren 28an Donostiako Lugaritz kultur etxean. Bertan bildutako kulturgileek, azken urteetan espetxean sortutako testuak irakurri zituzten jendaurrean. Hona batu ditugu ekitaldiko testu guztiak, irakurri ziren ordenean emanak.

Aza 03 05

Joseba Sarrionandiaren Gartzelako poemak

Izuen gordelekuetan barrena (BAK, 1981) eta Marinel zaharrak (Elkar, 1987) poemarioen ondoren, 1991n Susa argitaletxearekin kaleratutako Gartzelako poemak liburuan beste jauzi bat eman zuen Sarrionandiak. Izenburuak berak adierazten digunez, espetxean egindako poemak dira, baina ez espetxekoak soilik, borrokakoak, bizitzakoak, sorterrikoak… Hementxe daukazu osorik.

Aza 03 05

Lutxo Egiaren bigarren nobela

Lutxo Egiak datorren astean aurkeztuko du bere bigarren nobela: Ezker hanka falta zuen. Aurrerapen gisa eskaintzen dizugu liburuaren hastapena. Hiru neska-mutilek Iñaki Gerenaren bitartez ezagutu zituzten taberna, portu eta ontziolak: Bizkaiko Ezkerraldeko industriaren arrakalatze sasoia. Gerenak Sestaoko River futbol taldearen kronikak idazten zituen, eta ezker hanka falta zuen.

Aza 01 05

“Malavita”: mafia eta zoritxarra

Tonino Benacquista kultuzko idazle frantziarrak salatari bati buruzko “Malavita” komedia beltzeko liburua argitaratu du. Beste behin gizartea iraultzen du, hankaz gora jartzen du. Familia bat, beste edozein bezalakoa, Cholong-sur-Avren, Normandian. Paristik datoz. Parisen baino lehenago New Jerseyn bizi ziren. Lehendabiziko urratsak ezkutuan egin nahi dituzte. Gauez sartzen dira etxean, ahalik eta bizimodurik diskretuena egin nahi dute.

Aza 01 05

Pasolini polemikoa, Pier Paolo maitatua

Pier Paolo Pasolini (1922-1975). Bihar, azaroaren 2a, 30 urte izango dira hil zela. Oraindik ez da argitu nola hil zen. Nork hil zuen eta nola. Pier Paolo Pasolini unibertsitatean hasi zen idazten, friuleraz eta italieraz, botere faxistari aurre eginez. Jo puntuan egon zen beti. Gerra sufritu zuen, eta anaia Guido galdu eta Friuli maitatua utzi, Erromara joateko, Erroman sufritzeko. Baina garai gogorrenetan ere ez zion idazteari utzi. Literatura izan zuen helduleku, eta geroago, baita zinema ere.

Urr 27 05

Koplari klasikoak

Oro har, baztertuxe dugu Klasikoen Gordailutik zinez eta minez idatzia ez den literatura. Euskal letretan ez da falta ahozko esparruaren eta idatzizkoaren arteko zubian dantzan dabilenik, besteak beste, kantatzeko bertsoak eta koplak ehuntzeaz gain, idatzi ere egin izan duelako delako autore mota horrek. Ildo horretan, eta noraino diren koplari huts eta noraino olerkigile ez jakin arren, Klasikoen Gordailuak Ipar Euskal Herriko otar horretatik jaso ditu oraingoan eta sarean eskaini kopla eta kantu eskutada zenbait. Jean Baptiste Elizanbururen (1828-1891) Koplak dira ospetsuenak, baina ez horregatik Otxalderenak (1814-1897), edota, hirugarren Jean Baptiste bat jartzearren, Larralderenak (1804-1870). Era berean, nork ez ditu oroitzen Piarres Ibarrarten (1838-1919) Koplak (“Nahi zaituzte aurtiki eta khendu bizia./ Bainan Eskualdunak zor du xutik atxikitzea…“), Beñat Mardorenak (XVIII-XIX) (“Ni deitzen nük Beñat Mardo Barkoxe Baxabilako“) edota, izenburu berberarekin jarraitzeko, Jean Robinenak (1758-1821) (“Zer egin zare koplari zaharra, / Gure andderen xaxari suharra, / Zure antzearen eta donuaren/ Behar handi ginduke, hemen gaude eske,/ Hel bada arren“). Bestalde, eta kalitate-mailatik batere jaitsi gabe, kopuruz naroagoak dira Jose Mendiageren (1845-1937) eskutik iritsi zaizkigun Kantak eta baita Salvat Monhoren (1749-1821) Olerkiak ere.. 

Urr 27 05

Hasier Etxeberriaren nobela osorik

“Damian Arruti krimena dagoen tokian da beti, edo… bera dagoen tokian egiten da krimena beti?” zalantza egin zuen Harkaitz Canok Hasier Etxeberriaren Mutuaren hitzak nobela berria aurkeztean. “Berdin dio, hori ez baita nobeletan garrantzitsua izaten, baizik eta horrek zer kontarazten duen eta nola egiten duen ihes eta ihes pertsonaiak, azken ihesaren amaierara iristea atzeratzeko, norberaren burua ispilu aurrean ikustea saihesteko“. Asteazkenean bertan aurkeztutako Mutuaren hitzak sarean ere irakur dezakezu osorik.

Urr 25 05

Guillaume Dustan: ikono baten heriotza

Hilaren hasieran aurkitu zuten hilik, Parisko bere etxean. Autofikzioa gorengo mailetara jaso zuen Guillaume Dustanek, eta bizipenak estilo hotz batean erakutsi zituen liburuetan. Autobiografia edo autofikzioa: lehen pertsonaren erabilera. Egilea eta protagonista bat eta bera direnean. Guillaume Dustan zen autofikzioa gorengo mailetara jaso zuen egileetarik bat. Urriaren hasieran hil zen. Zehazki zein egunetan hil zen ez dakite ongi. Berri agentziek zabaldu zutenez, urriaren lehen astean aurkitu zuten hilik: xehetasun gehiago ez.

Urr 25 05

Kingsley Amis: agure suminduaren hamar urte

Kingsley Amis (1922-1995). Aste honetan betetzen dira hamar urte hil zela. Baleko poema liburu batzuk utzi zituen, zientzia fikzioari eta detektibeei buruzko ikerketa oso interesgarri batzuk… Baina bereziki dozena bat nobela bikain. Ingalaterrako gizartea —Londreskoa bereziki— zorrotz aztertzen zuten nobelak ziren. Garratz eta dibertigarriak aldi berean, etengabeko aldaketan murgildua zegoen Londres baten erradiografiak ziren. Bere seme Martin Amis garratzagoak hartu du suminduen testigua.

Agenda

Efemerideak

Kritikak