Mar 16 06

Jose Artetxeren mendeurrena

1906ko martxoaren 12an, duela 100 urte, jaio zen Azpeitian Jose Artetxe. 1936an Francoren lubakian gelditu eta frankismo garaian hala jarduna, idazle eta kazetari zen aldetik, berari buruzko polemikaren iturri da. Gehienbat gaztelaniaz idatzitakoa, euskarari ere emana dio lanik, prentsan beti ere. 1932tik 1935era bitartean, artean EAJko kide zela, El Día eta Argia agerkarietan 70etik gora artikulu sinatuak ditu Joseba Artetxek euskaraz. Euskal Prentsaren Lanak webgunean irakur daitezke. Egan aldizkarian ere idatzi zuen lanik, gaztelaniaz, baina agertu ziren, 1950 eta 52an, ataltxo batzuk, Bidez bide izenaz, Jon Etxaidek euskaratuak, Artetxeren Caminando lanaren zati batzuen itzulpena. Liburu osoaren itzulpena, Bidez bide, Jon Etxaidek euskaratua, Erein argitaletxeak plazaratu zuen 1994an. Osorik eskaintzen dizuegu.

Mar 16 06

Leire Bilbaoren Ezkatak

“Soiltasunaren indarra dute Leireren poemek” adierazi zuen Iñigo Aranbarrik joan den astean Leire Bilbaoren Ezkatak liburuaren aurkezpen ekitaldian: “soiltasuna, ez errazkeria; zintzotasuna, ez inozokeria”. Konposizio laburrez ondurik dator Leire Bilbaoren lehen argitalpena. Hamabi poema dituzu irakurgai Susa literatura webgunean.

Mar 14 06

Odysseus Elytis: hitzez hitz argia

Hamar urte bete dira Odysseus Elytis hil zela; Grezia modernoaren arimetako bat izan zen. Margolari amateurra zen. Poeta gisa ezagunago. Baina poemak, margotzen ariko balitz bezala idazten zituen: marraz baino kezkatuago argiaz, koloreak oihal gainean uzten zuen orbanaz edo islaz, adierazi nahi zuenaz baino. Haren lehen poemak oso bisualak ziren. Naturari begiratu eta bere begiek ikusten zutena erakutsi nahi zuen.

Mar 14 06

Walter Mosley: aingeru beltza beste behin

James Ellroyrekin batera, egungo nobela beltzaren erreferentzia nagusietako bat da. Liburu arrakastatsuak dira bereak: jende askok irakurtzen ditu, denda espezializatuetan ez ezik kioskoetan ere saltzen dira. Zinemara eraman zuten Devil in a Blue Dress 1995ean. Denzel Washington aktore ezaguna zuen protagonista. Eta protagonista horixe da Mosleyren lanen berezitasun nagusia: Ezekiel Easy Rawlins. Bad Boy Brawly Brown (El caso Brown) argitaratu berri du Rocak.

Mar 10 06

Bakarkako isolamendua

Duela 50 urte, 1956ko martxoan, aldarrikatu zuen Marokok independentzia. Europara erbesteratutakoen arazoak, hala ere, urte gehiago ditu, eta ez du independentziarik lortu. Erbeste honen testigantza aparta eskaini zuen Tahar Ben Jelloun idazleak Bakarkako isolamendua lanean. “Erbestea, hori bilo luzeko eta begi beltz handitako estuasuna! Begi handi horietan zehar ibili naiz; horien ertzean bizi izan naiz, betile eta malkoaren artean. Bidaiak egin ditut begirada hutsetan (hustuetan) eta ustezkoak su hartu zuen egunean geratu nintzen. Luzea da esateko. Gogorra da kontatzeko.
Ez galdetu zergatik nagoen hemen lur irmo eta berriro suntsituan. Hartu nire eskua eta pasa ezazu zure titien gainetik, zure sabelaren gainetik, zure sexuaren azal epelaren gainetik. Nire herria esku honena da. Har itzazu atzamarrak ahoan eta dastatu nire lurraren gatza.” Bego Montoriok euskaratua, Susa argitaletxeak kaleratu zuen 1990ean. Osorik eskaintzen dizugu orain.

Mar 07 06

Xose Luis Mendez Ferrin: “XX. mendeak egin nau naizen bezalakoa”

Filologian doktorea, literatura katedraduna, bere ikasleei La Celestina-ren sekretuak irakasten dizkien institutuko irakaslea, A trabe de Ouro aldizkariko zuzendaria. Baina hori baino gehiago. Erreferentzia literario garrantzitsua Galizian bere poesia liburuengatik ez ezik (Com polvora e magnolias, 1976), bere ipuin bilduma bikainengatik (Arraianos, 1991). Erreferentzia literarioa bainoago erreferentzia politikoa.

Mar 02 06

Frederic Mistral eta Mireio

1830ean jaio zen Maianon (Maillane, frantsesez). Zuzenbide ikasketak egin eta gero, Joseph Roumanille poetaren eraginpean eta lankidetzan, Okzitaniaren eta okzitanieraren sustatzaile eta eragile nagusiena bilakatu zen, kultura okzitanoaren berpizkunderako sortutako Felibrige mugimenduaren bitartez. Lan politiko eta sozial honekin batera, literatur lana da handia. Okzitanieraren berreskurapena lortu zuen (ortografia klasikoa ere aldtuz), 1904an Literatura Nobel saria erdietsiz. Bere lehen lan nagusia, Mireio (1859), urte askoren fruitua da. Vincen (Bikendi) eta Mireioren (Mireio) arteko amodioen kontaketa, poema liriko luze ederra. XIX. mende amaierako eta batez ere XX. mende hasierako euskal kultur mugimenduan erreferente oso inportantea izan zen Frederic Mistral, okzitaniera “goien gradora” igotzen egindako lanagatik. Nikolas Ormaetxea Orixe-k Mireio euskaratu zuen, eta Klasikoen Gordailuan osorik irakur daiteke, egileari buruzko aurkezpen eta guzti. Magali poemaren itzultzaile gisa ere ageri da Orixe hainbat katalogotan, baina berau Mireio obran agertzen den kantua da.
Orixeren itzulpenez gain, Santi Onaindiak ere euskaratuak ditu, Olerti aldizkarian, hainbat poema. Bertso eta Olerkien Hemerotekan irakur daitezke denak. (gehiago…)

Mar 02 06

R.M. Azkueren literatur lanak

Resurreccion Maria Azkue lekeitiarraren (1864-1951) lau literatur lanez hornitzera dator gaurko Klasikoen Gordailua. Eta lehendik ere gipuzkera osotuaren eredu izan nahi zuen Ardi galdua nobela eta bi ipuin ospetsu (Bein da betiko eta Batxi Guzur) jarriak baziren sarean, aste honetan poligrafo haren nobela luzaroan argitaratu gabea izango du sare-ibiltariak irakurgai, hots,  Latsibi izenekoa (1920an edo idatzia eta 1989an argitaratua) . Aldi berean, genero dramatikoaren esparruko hiru lan interesgarri ere eskainzen dira osagarri gisa: Vizcaytik Bizkaira (1895), Ortzuri (1909-1910) eta Urlo (1911-1912).

Mar 02 06

Marguerite Durasen Maitalea

Duela hamar urte, 1996ko martxoaren 3an hil zen Marguerite Duras. Frantziako literaturgintzako izen esanguratsuenetako bat, Indotxina, II. Mundu Gerra, erresistentzia, Les Temps Modernes… XX. mendeko Frantziako hainbat “sinbolori” lotua ageri zaigu Marguerite Duras. Bere bizitza idatzietara eramana, eleberri askoren egilea, 1984an Goncourt saria jaso zuen Maitalea lanak, eta hain zuzen eleberri hauxe ekarri zuen euskarara Mikel Garmendiak, eta Ibaizabalek argitaratu Literatura Unibertsala bilduman, 1996an. Lehenago, haatik, Imanol Txabarrik Korridorean jarririko gizona narrazioa argitaratua zuen Maiatz aldizkarian, 1989an, eta 1987an, Maiatzen ere, Aurelia Arkotxak testu labur bat itzulia zuen. Osorik eskaintzen dizkizugu denak.

Ots 28 06

Marguerite Duras: aurpegi suntsitua, bizitza berridatzia

Martxoaren 3an hil zen, duela hamar urte. Hiltzen lehenago hasi omen zen. Hiltzen amaitu, ostiralean hamar urte. Ia hirurogeita hamar liburu idatzi zituen guztira. L’amant liburuarekin (Maitalea, Mikel Garmendiak euskarara itzulia, Literatura Unibertsala bildumarako, Ibaizabal, 1996) irakurleen oniritzia eta Goncourt saria lortu zituen. Minetik eta suntsipenetik bizitza berridazten asmatu zuen idazlea da Marguerite Duras.

Ots 23 06

Joxean Agirreren Elgeta

1906ko otsailaren 10ean jaio zen, mendea bete du, Jazinto Rivas Elgeta trikitilaria. XX. mendeko trikitilarien eta trikitilarietan maisu, bere bizitzak izan zuen osagarririk literaturaren bidez kontatua izateko, eta halaxe egin zuen Joxean Agirre idazleak. 1995ean Gipuzkoa Donostia Kutxaren saria irabazi zuen eleberria idatzi zuen, Elgeta, 1996an argitaratua. Trikitilariaren bizitza barik haren bizitzako azken uneak abiapuntu hartutako fikzioa eraiki zuen Agirrek, gaur osorik dakarkizueguna.

Ots 23 06

Euskal Prentsaren Lanak

Euskal Prentsaren Lanak izeneko webgunea jarri du abian Susa literatur argitaletxeak hemeroketa.eus. Euskal Herriko egunerokoetan (erdal egunkarietako osagarri gisa) eta aldizkako agerkarietan (astekari, hilabetekari eta abarretan) XIX. mendetik aurrera, euskal prentsaren bokazioaz azaldu den euskarazko edukiak jarri nahi ditu erabiltzaile guztien eskumenean, corpus hori ezagutu eta nahi bezala lantzeko aukera egon dadin. Euskal prentsa historikoaren errekuperazio eta berrargitalpenerako gune, lau publikaziorekin abiatu da: Euzkadi eta El Día egunkarien euskal orria (1931-1936), Eskualdun Ona agerkaria (1904-1907) eta Argia asterokoa. Osorik jarria dago Argia asterokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz egindako lana, eta beraz 1921etik 1936ra bitartean agerkari garrantzitsu honen emaitzak ezagutu daitezke. Lan honen bitartez, oraingoz 8.700etik gora orrialde jarri dira on-line.

Ots 21 06

Ammons: bost urte, sei poema

Gaur bost urte hil zen Archie Randolph Ammons, XX. mendeko bigarren erdiko AEBetako poeta garrantzitsuenetakoa. Poeta gisa ezagutzen dugu. Halere izango zen norbaiten bizilagun, senar, osaba. Baina poeta gisa ezagutzen dugu. Bere bizitzan besterik egin ez balu bezala. Harold Bloom kritiko ezagunarentzat, mendeko poetarik garrantzitsuenetakoa zen. Ezezaguna izaten jarraitzen du oraindik koordenada literario hauetan.

Ots 21 06

O’Henry: hiri handia xaloa zenekoa

William Sidney Porterrek (Greenboro, 1862-New York, 1910) O’Henry izengoitiarekin sinatzen zituen bere lanak. New York hiria pertsonaiatzat zuten seiehun ipuin idatzi zituen. Lehendabizi Detroiteko Free Press aldizkarian. Kartzelan idazten hasi zen, eta handik irtetean, New York World egunkarirako. Astero bat idazten eta argitaratzen zuen. Madrilgo Espasa argitaletxeak haren 23 ipuin bildu ditu Cuentos de Nueva York liburuan.

Ots 16 06

Agirre Asteasukoaren lan guztiak

Asteasun erretore izandako Juan Bautista Agirre (1742-1823) dator gaur Klasikoen Gordailura amaitzeke zegoen “erakusaldien” zikloa edo osatzera. Bi obrarekin agertzen da oraingoan. Lehendabizikoa, Konfesioko eta komunioko sakramentuen gañean erakusaldiak izenekoa (1803an idatzia, 1823an argitaratua), ohiko katiximen antzera dago moldatua, hots, galdera-erantzunez taxutua,  lehen komunioa egin behar zuten haurrei zuzendua baita. Bigarrena, berriz, zazpi sakramentuen inguruko hausnarketa-sorta gisa aurkezten da eta Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak du izenburu (1808an idatzia eta 1850ean argitara emana). Honenbestez, bada, Asteasukoaren lan osoa dugu eskuragarri sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak