Jean Pierre Cenon-entzat, begiak berde

 

Marguerite Duras

euskaratzailea: Aurelia Arkotxa

 

        Zato, zato elgarrekin joan gaitezen udaberriko arratsalde honetan joan gaitezen hirian barrena, mintza gaitezen, gauza guztietaz, bizi zoriona da, mugimendua begira dezagun, mitren gibeletik hiria, argi horia, beti joan gaitezen, beti, geldi gaitezen, beti, hor, eta hor oraino, mitren gibeletik hiriari begira, argi hori ixuria, niintza gaitezen, partitzeaz, gelditzeaz, idazteaz, bere buruaz beste egiteaz, ikusten duzu, zato, deusezendako, asotsa entzuteko, hizkuntz arrotzen asotsa, oihuak, zarata, ibaia, elgarrekin mintzatzearen goxotasunaz, begira ezazkizu, beren bazkaren bila, gerlak, badakizu, deportatze lekuak, bai, entzun, trenak, badoaz Europan zehar, gosetiaz erraten da, eta hil direnetaz, oraino, bai, badakizu, bai, dena berdin da eta deusik ez gu hor bait gaude, gu, bai, entzun, entzun ezazu, heldu den hutsune hori, berria, abentura berria, elgarrekin geldi gaitezen arratsa artio, begira ditzagun gure itzal luzeak espaloietan, elgarrekin geldi gaitezen argi zeiharkatua artio, arratsean, gaua etortzen begira dezagun, biziaren beste alderdia, itzultze hori, ez da kasik ikusten, ez da kasik senditzen, lerrakada hori, partadera errex hori, eta horra, horra heldu dira, genioak, beltzaren genioak, urrats ixilez, heldu dira, entzun, badakizu, uzta berriak, ezlangileen uztak, gehiago lanik eginen ez dutenenak, gehiago sufrituko ez dutenenak, biziak daukan asti mugagabean beren konbenientzia atxemanen dutenenak, begira, entzun, denbora estraino hau, heldu da, luzea, luzea da, nagia, ez da lanik gehiago, ez da gehiago lanik izanen, hogeigarren mendeko langabezi luzeak, entzun duzu, diotela, hasi dira, hor egonen dira, mendeak bezein luzeak bilakatuko dira, gauza bera erran dezagun udaz, uda hasten da, horrela erran dezagun, uda hasten da, udako egun luzeak, nagiak eta sakonak dira, hor geldituko dira betirako, zato, enpleoen multipliketa bukatu da, penaren multipliketa ere, ez du gehiago balio ere, ez dute gehiago gezurrik erraten, lanik gehiago ez, gehiago ez langilerik, zato, mintza gaitezen, berriz, denetaz, biziaren zoriona da, hiri ozeano hohena, hortik da uretatik jalgiko, ibai horretatik, beste aldekoa da, entzun, begira iezaiozu, heldu da, heldu dena da, hura, munduaren galpena, begira, hor da, ezagutzen duzu, gure ahizpa, gure arreba da, gure bibiroa, heldu da, kaixo, irri egiten diogu, hain gazte da, hain eder, larru xuriz beztitua, begiak berde.

 

        Textu hau 1980.eko ekainean agertu zen lehen aldikotz in «Cahiers du Cinéma» 312/313, titulu honen pean: «Jean Pierre Cenon-entzat, begiak berde». Aldizkariaren zenbaki bikoitz hori osoki Marguerite DURAS-i dedikatua.4a.

 

Maiatz, 14. zkia, 1987ko abendua

 

 

"Marguerite Duras - Maitalea" orrialde nagusia