Mar 07 20

Slawomir Mrozek-en bost kontakizun

Umore surrealistaz eta ukitu groteskoz zipriztindutako kontakizun gogoangarrien idazletzat aurkeztu genuen duela zazpi urte, abuztuan zendu zelarik, Slawomir Mrozek, antzerkigile eta marrazkilari aparta ere izan zena. Poloniako literaturako erreferenteetako bat XX. mendean, bost narrazio euskaratu berri ditu Xabier Bovedak, eta Labayru aldizkariaren 67. zenbakian kaleratu. Hemen irakur ditzakezu.

Ots 27 20

Ursula K. Le Guin poeta

2017ko udazkenean hiru solasaldi luze izan zituen Ursula K. Le Guin-ek David Naimon-ekin Oregongo (AEB) KBOO irrati komunitarioan. Ez ziren izan ohiko irrati elkarrizketak. Naimonek idazlearen obra ongi ezagutzen zuen eta bere lanetako kezkak partekatzen zituen. Gerora Idazteari buruzko solasaldiak (Conversations on Writing) gisa argitaratuko zituzten, Le Guinen sarrera batekin eta hiru ataletan: Narratibari buruz, Poesiari buruz eta Saiakerari buruz. Lehenengo eta hirugarren generoen lanketak dira Le Guinen alor ezagunenak, baina poesia ere idatzi zuen. Orain dakarzkizuegun lau olerkiak irratian aipatu eta, gerora, solasaldian argitaratutakoak dira.

Ots 12 20

Pertsegitzailea, Julio Cortazar euskarari ekarria

Jonhy Carter jazz saxofoi-jolea eta Bruno kritikariaren istorioak batzen ditu Pertsegitzailea ipuinak. 50eko hamarkadako Parisen kokatua, Julio Cortazar idazleak 1959. urtean argitaratu zuen ipuina.  Iragan abenduan Ean egin zituzten jardunaldien karietara kaleratu du ipuina Hea elkarteak Zaldiarri bere bilduman. Erramun Mendibelanda margolariaren azala eta irudiekin batera egindakok argitalpena orain sarean eskaintzen dizugu osorik, Cortazar hil zen eguna gogora ekarriz. Harkaitz Canok Earako beren beregi prestatutako hitzaurrean dioenez, “itzulpen oro bariazio den heinean, bariazioen erresuma den jazzaren gaineko testu bat itzultzea baino sormen ariketa ederragorik ezin nezake irudika“. Jon Muñoz arduratu da Julio Cortazarrarren Pertsegitzailea ipuina euskarara ekartzeaz.

Ots 06 20

George Steinerren heriotza

Otsailaren 3an zendu da George Steiner pentsalari  eta literaturaren teorikoa. Literatura konparatuan eta itzulpengintzaren alorreko ikerlaria,  lan esanguratsuak egin zituen literatur-kritikaren eremuan, Mendebaldeko literaturaren eremuan. Hainbat egunkari eta aldizkaritako kolaboratzailea, fikzioa eta poesia ere idatzi zituen. Zubizabal aldizkariak haren artikulu bat argitaratu zuen 2001ean, Kontraesanen eremu neutrala dira ametsak , haren heriotzan irakurgai jarri duguna.

Urt 30 20

Olga Tokarczuken bi testu

1962ko urtarrilaren 29an jaio zen Olga Tokarczuk idazlea, Poloniako Sulechown. Ez da gure artean ezaguna izan 2019n Nobel saria jaso duen arte. Poesia, eleberriak, ipuinak (filmen oinarri izan direnak), obra anitza egina du. Ohar eta testu laburrez osatutako Lasterkariak (Bieguni, 2007) liburuak Poloniatik at haren izena zabaltzen lagundu zuen. Hango bi testu ekarri ditu euskarara Uxue Alberdik, hemen eskaintzen ditugunak.

Urt 28 20

Lina Ben Mhenniren heriotza

2011n ezagutu genuen Lina Ben Mhenni, Tunisiako Ben Ali presidentearen aurkako errebolten kronika egin zuelarik Tunisian girl blogetik. Debekuak debeku, sarean jaso zituen erregimenaren aurkako iritzi eta gertakizunen kronikak. Eta euskaraz irakurri  ahal izan genituen hainbat  Denonartean argitaletxeak 2012an kaleratu baitzuen Tunisian girl liburua, Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua. Urtarrilaren 27an zendu da Ben Mhenni, 36 urte zituela, eta haren oroimenez hona hemen liburua osorik.

Urt 26 20

Poesiaren kriminalak

Urtarrilaren 26an amaitu da (h)Ilbeltza jardunaldien 2020ko emankizuna. Astean zehar hitzaldi, mahai-inguru, solasaldi, erakusketa eta bertzerik izan da, genero beltzaren inguruan, eta amaitzeko Poesiaren Kriminalak izeneko errezitaldia antolatu dute. Literatura beltzean jardun duten idazle batzuen poesia-lanaren lagin txiki bat: “Poesiaren kriminalak dira, beren lanarekin demostratu zutenak generoen gainetik idazleak zirela; eta etiketen gainetik, literatura egiten zutela”. Eta hementxe aurkituko dituzu  Izzo, Christie, Vazquez Montalban, Borda, Nabarro, Hughes, Sciascia.

Urt 12 20

Haruki Murakamiren Samsa maiteminez

Literatura unibertsaleko kontakizun ezagunenetako bati ematen dio buelta Haruki Murakami idazle japoniarrak. “Esnatu zenean, itxuraldatu eta Gregor Samsa bihurtua zela ohartu zen” esaldiarekin hasten da Samsa maiteminez narrazioa. Eta atzera itxuraldatutako Gregor Samsaren gizakiratze berriaren fikzioa egiten du. Idazle japoniar arrakastatsuaren ipuin gozagarri hau ekarri du euskarara Ekaitz Sirvent Auzmendik, Murakamiren jaiotza egunez, urtarrilak 12, eskaintzen dizueguna.

Urt 02 20

Vicente Huidobroren sei poema

Urtarrilaren 2arekin hil zen Vicente Huidobro, 55 urte lehenago, urtarrilean baita ere, Txilen jaioa. Parisera gaztetan joana, abangoardiari hasieratik atxiki izan zitzaion poeta da, XX. mendearen lehen erdian Hego Amerikako poesiaren berrikuntzan erreferentea izandakoa. Literatur aldizkarietan plazaratu da euskaraz. 1960an Antonio Valverde Ayalde-k ekarri zuen, Olerti aldizkarian plazaratutako hiru poemaz, eta Santi Onaindiak ere agerkari berean eman zigun poema bat 1968an. Geroago Tere Irastortzak itzuli zuen haren poema ezagun baten zatia (Kandela, 1984) eta Jesus Lete Ibaiertz-ek beste bat, Egan-en 1992an argitara emana. Hemen dituzu guztiak.

Abe 27 19

Julio Cortazar (H)Ean

H-a galdu zuen Eak. Gabriel Arestiren Harri eta herri maiz gogoratu ditu Eak. Arestiren Etxea izan da Ea. Poesia egunak antolatu dituzte luzaroan, eta urteko azken egunak,  H-a galdu zuen herria egitarauarekin historia eta literatura uztartzen emango dituzte.
Urrats galduen herria
hitzaldia eskainiko du Iñigo Aranbarri idazleak abenduaren 28an (larunbata) 12:15ean Eako Eskolondon. Biharamunean, abenduaren 29arekin (igandea)  Julio Cortazar ekarriko dute hizpidera. Mikel Sotok Julio Cortazar eta Ea batuko ditu bere hitzaldian eta ostean Pertsegitzailea ipuin euskaratuaren irakurketa dramatizatua egingo du Oier Guillan poeta eta aktoreak. Jon Muñozek ekarri du euskarara Julio Cortazarren ipuina eta Harkaitz Canok egin dio hitzaurrea. Ea eskuragai egongo da Zaldiarri bildumaren barruan.

Aza 12 19

Lucia Berlinen hiru ipuin

68 urte bete zituen egunean, 2004ko azaroaren 12an, hil zen Lucia Berlin idazlea, duela hamabost urte. Bere literaturak egoki islatzen duenez, maizenik bere bizitza abiapuntu edo begiratoki baitu, 360 gradukoa izan zuen bizimodua, orain goian, orain behean, albo batean orain, gero bestean; baina bizitzen, gelditu barik. Irakurle eta kritikaren ezagutza berandu xamar ezagutua, azken urteotan izan du oihartzuna haren obrak Europan, Manual For Cleaning Women ipuin-bildumak batez ere.  Liburu horretako hiru ipuin dakartzagu, Ainhoa Mendiluze Ormaetxea eta Isabel Etxeberria Ramirezek euskaratuak, idazle handi honen sormenaz gozatzeko lagin eder askoa.

Urr 21 19

Daniel Salgado poeta galegoa eta Vietcong

Daniel Salgado galizierazko poesiagintza berriak duen egilerik nabarmenetakoa da. O Gran Rexeitamento / Flores para Albert Ayler (2017) da argitaratu duen azken lana. Lan horretako pasarte batzuk dira, besteak beste, Vietcong musika talde esperimentalean errezitatu ohi dituenak. Urrian Euskal Herrian izango ditugu, Azkoitiko Mataderoan (24), Bilboko Le Larraskito Kluban (25) eta Errenteriako Mikelazulon (26). Salgadoren eta Vietcongen etorrera baliatuta, bi olerki ekarri ditu Ibon Rodríguez Garcíak. Rodríguez bera Itxaro Bordarekin batera arituko da 24 eta 26ko emanaldietan.

Urr 16 19

John Bergerren poema antologia

Motz geratzen zitzaizkion John Bergerri diziplina artistikoen arteko bereizketak ez ezik literatur generoen arteko mugak, eta hala, bere lan guztiek zuten arte plastikoetatik, poesiatik, saiakeratik, narraziotik, eta abar. Horregatik, ia poema libururik atera ez zuen poeta izan zela esan dezakegu (bi poema liburu baino ez zituen argitaratu), baina aldi berean, munduari begiratzeko eduki zuen modu berezi hori izan zen bere poesia lanik emankorrena. Euskarara ekarri dugu orain, Iñigo Roque Eguzkitzak egindako itzulpenari esker.

Urr 15 19

Louis Aragonen poema antologia

XX. mendeko poesiaren testigu eta partaide behinenetakoa izan genuen Louis Aragon. Mendebaldeko tradizio poetiko indartsuenetako batean –frantsesean– kokaturik, ia mende guztia hartu zion bere bizitza eta poesiak. Dadaismoko eta surrealismoko poeta handienetako bat izanagatik, ez zen horretan geratu Aragonen ekarpen poetikoa. Poeta petoa izan zen, eta inork ez bezala menderatzen zuen lengoaia poetikoa. Poemen barneko erritmo, hoskidetasun eta errimek garrantzia handia dute bere poesiagintzan. Euskarara ekarri dugu orain, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalàk egindako itzulpenari esker.

Urr 14 19

Izan dezagun adorea, Lledonerseko kartzelatik

99 urte eta 6 hilabeteko espetxealdia, horixe Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako politikariei ezarri berri dien zigor urte kopurua. Duela bi urte hasitako errepresio baten puntu gorena, hona hemen iazko abenduan Lledonerseko espetxean Jordi Cuixartek egindako aldarria: Izan dezagun adorea poema.

Agenda

Efemerideak

Kritikak