Aza 03 10

Zubikarairen bost antzezlan

XX. mendeko idazle oparoenetakoa izan zen Augustin Zubikarai. Nobelez eta ipuinez gainera, hogeitik gora antzerki idatzi zituen, lehenengoak gerra aurrean Euzkadi egunkarian; adibidez: Illobearen indarra (1934) eta Itxas lapurrak (1936). Orain Egan aldizkarian argitaratutako bost obra ekarri ditugu teatro-testuak webgunera: Seaska inguruan (1957) eta Jaunaren bidea (1959) erlijiozkoak, Itxasora (1960, Miarritzen 1945ean saritua), Aingira kumak (1969) eta Lurrunpean (1970, Gipuzkoa Saria izan zuena 1968an).

Aza 01 10

Hitzen uberan
aldizkari digital berria

Uxue Alberdik eta Oier Guillanek Hitzen uberan literatur aldizkari digitala abiarazi zuten joan den astean, Euskal Idazleen Elkartearen babesean. Erreportajea, elkarrizketa, audioak, bideoak, kantua, argazkiak… orotarik bildu dute. Imanol Ubedak hilero kantu bat sortuko du: Itxaro Bordaren Bakarrik nabil poema musikatu du estreinakoz. Elkarrizketa Ur Apalategirekin egina da, Fikzioaren izterrak ipuin liburu berriaren karietara. Eta Literatura Eskolari buruzkoa da erreportajea.

Urr 28 10

Esperpentoa: Buhame-argiak

“Heroi klasikoek, ispilu konkaboetan islaturik, Esperpentoa ematen dute”, esaten dio Max Estrellak Don Latinori; “Espainiako bizitzaren zentzu tragikoa, sistematikoki desitxuratutako estetikaz bakarrik eman daiteke”. Pobrezia, politikoen ustelkeria, langileriaren grebak… orduko giroaren erretratu bat osatu zuen Ramon Valle-Inclan idazleak Buhame-argiak antzezlanean. Duela 90 urte argitaratu zen España astekarian, zatika, 1920ko uztailaren 31n hasi eta urriaren 23ra bitartean; baina 1970era arte ez zen oholtza gainean jokatuko. “Europako zibilizazioaren desitxuratze grotesko bat besterik ez da Espainia”, gaztigatzen digu Max poeta itsuak.

Urr 19 10

Günter Grass, Katua eta sagua

Kontakizun ederrik irakurri nahi baduzu, hementxe duzu Katua eta sagua, 1961ean Günter Grassek idatzia, eta Latorrizko danborra (1959) eta Zakur urteak (1963) eleberriekin batera Danzigeko Trilogia osatzen duena. Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean kontalariak gogoratzen dituen gaztetako bizipen batzuekin abiatzen da Katua eta sagua, Czaika dragamina hondoratu baten inguruan uda osoa murgil eta igeri jolasetan igarotzen duen gazte talde baten istorioa, gerra hasi berritan; bihurkinak baliaturik, itsasontziko piezak askatu eta altxor bitxien jabe egingo dira. Hansjürgen Pohland-ek film bilakatu zuen 1966an, eta Lars eta Peter Brandt anaiek (Willy Brandt politikariaren anaiek) Joachim Mahlke pertsonaiaren paperak jokatu zituzten.

Urr 13 10

Miren Agur Meaberen poema liburu berria: Bitsa eskuetan

Hamar urte dira Miren Agur Meabek Azalaren kodea argitaratu zuela. Urriaren 14an Bitsa eskuetan poema liburu berria aurkeztuko du Susa argitaletxearekin. Paradoxa bat da bitsa: ugaritasunaren eta ezerezaren sinboloa, hedonismoarena eta iragankortasunarena. Desioa, amodioa eta heriotza dira liburuko gai nagusiak, baina funtsean galerei buruzkoa da Bitsa eskuetan, bizitzak eman eta kentzen dizkigun horiei buruzkoa.

Urr 06 10

Gabriel Arestiren lau antzezlan

Gabriel Arestik idatzi izan zituen sei antzezlanetatik lau Egan aldizkarian plazaratu ziren, orain teatro-testuak.com gunean jaso ditugunak. Mugaldeko herrian eginikako tobera obrak Toribio Altzaga Saria jaso zuen 1961ean eta urte berean argitaratu zen. Berehala idatzi zuen beste bat: Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua (1962). Ondoren Arantzazuko fraideen enkarguz egin zuen …eta gure heriotzeko orduan (1964) Aste Santuan taularatzeko, baina azkenean ez zitzaion onartu. 1965ean idatzi zuen Justizia txistulari (1967an argitaratuko zena), azken moldaketa lana egiteko Xabier Leteren esku utzia.

Urr 03 10

Poesia eta kantua Donostian

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako Poesia eta Kantua egitarauan hiru emanaldi izango dira: urriaren 4an (astelehena) 19:30ean Juan Kruz Igerabide eta Iñaki Telleria; ordu berean baina urriaren 5ean (asteartea) Itxaro Borda eta Pierre Paul Berzaitz; eta urriaren 6an Harkaitz Cano eta Xabi San Sebastian.

Ira 28 10

Ur Apalategiren
Fikzioaren izterrak

Ur Apalategik Fikzioaren izterrak ipuin liburu berria aurkeztuko du Donostian urriaren 1ean (ostirala) Susa argitaletxearekin. Zazpi narrazioak fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti. Bikotea batetik, idazletza bestetik, horra Fikzioaren izterrak liburuan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak. Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kimera eskuraezinak? Serioski irri egiteko kontakizunak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak… hori posible baldin bada.

Ira 22 10

Alberto Moraviaren
Erromako emakumea

900 aldizkarian argitaratu zituen bere lehen ipuinak Alberto Moraviak, eta jarraian aurreneko nobela: Gli indifferenti (1929). Bigarren Mundu Gerraren ondoren idatzi zuen Erromako emakumea (1947), gerra aurreko faxismo garaian girotua eta Adriana daukana protagonista, zineman Gina Lollobrigidak egingo zuena Luigi Zamparen filmean (1954). Alberto Moraviaren nobeletan oinarrituta pelikula asko egin izan dira: Vittorio de Sica, Jean-Luc Godard, Mauro Bolognini, Damiano Damiani, Francesco Maselli, Dacia Maraini, Bernardo Bertolucci, Gianni Barcelloni, Aldo Lado, Giovanni Soldati, Doris Dörrie. Erromako emakumea nobela Koldo Bigurik euskaratu zuen 1993an.

Ira 16 10

Urte giroak
Marcovaldoren begian

Biltegi batean lan egiten du Marcovaldok. Porlan, ke eta trafiko handiko hiriaren erdian izadiaren bila abiatuko da. Ba ote da izadirik oraindik? Hogei ipuineko liburua da Marcovaldo edo urtaroak hirian, 1963ko azaroan argitaratua, nahiz eta Italo Calvinok 50etako hamarraldi hasieran idatzi izan zituen liburuko lehen kontakizunak. Alegien antzeko istorioak dira, baina galdutako mundu zoragarri batekiko nostalgiarik gabeak; zibilizazio industrialari egiten zaion kritikarekin batera, paradisu galduaren inguruko ametsen aurkakoa ere egiten du. Koldo Bigurik 1992an ekarri zuen euskarara, Literatura Unibertsala bilduman.

Ira 15 10

Arrats beran duela 75 urte

Ander Aranbaltza adiskideari eskaini zion Lauaxetak bere bigarren poema liburua, Arrats beran, 1935ko ekainean Bilboko Verdes etxean argitaratua. Berrogei poemako bilduma zen, pieza oso ezberdinez osatua: “Itxaso orren narru nabarra pantera batena dirudi” hasten den Espetxekuarena, edo “Etzunik edan daidan neurri-barik” dioen Kanta ariña, edo “Billoxik noruntz ua mutil?” (Narkis), edo “Dana emon biar yako matte dan azkatasunari” amaitzen den Mendigoxaliarena. Lauaxeta honela mintzo zen hitzaurrean: “Elerti-zale nazan onek ziarkeri ta pirtxilleritzat daukodaz olerkijok. (…) Baña ele lander baten seme jayo nintzan ezkero, bertso ñimiño oneik be argittara datorz”. Bide barrijak liburuak zalaparta handia sortu zuen lau urte lehenago, baina Arrats beran gutxi hartu zen ahotan duela 75 urteko udan.

Ira 09 10

Mujica Lainezen demonioak

Manuel Mujica Lainez idazle argentinarra nobela historikoengatik zen ezaguna. Baina bestelakoa da euskaraz daukagun haren eleberri bakarra: Zazpi demonioen bidaia, 1973ko udazkenean idatzi eta 1974an argitaratua, eta Joxe Migel Esnaolak Literatura Unibertsala bildumarako 1998an itzulia. Luzifer, Mammon, Leviatan, Beeltzebul, Satan, Asmodeo eta Belfegor demonioek infernutik mundurako bidaiak egingo dituzte, zazpi bekatu handiak gizakiengana zabaltzera. Umorezko kontakizunak dituzu, turismo bekatarian diharduten alproja batzuenak.

Ira 01 10

Eça de Queirosen
Mandarin zaharra

Parisen kontsul zela, orain 110 urte hil zen Jose Maria Eça de Queiros, Amaro aitaren hilketa nobelaren idazlea, Portugalgo eleberri modernoaren aitzindaria. Bere obra naturalismoaren barruan kokatu behar den arren, fantasiari ere bidea egin zion, deabru eta mamuzko Mandarin zaharra (1880) nobelarekin. Gobernazioko Ministerioan eskribatzailea zen Teodorok ez zuen Deabruarenganako sinesmenik, Jainkoarenganako ez zuen bezalaxe; baina ustekabean bisita egin zion, proposamen berezi eta aberasgarri bat egiteko. Mandarin zaharra Jesus Mari Lasak itzuli zuen euskarara 1992an.

Abu 26 10

Xveik ergelaren menturak

Jaroslav Hasek idazle txekiarra Austriaren kontra borrokatzen zen Legio Txekoslovakiarrean sartu zen Lehen Mundu Gerran, eta 1917az geroztik Armada Gorrian. Etxeratutakoan, Xveiken abenturak idazteari ekin zion: lau zati izatekoa zen nobela, baina amaitu gabe laga zuen, Hasek bat-batean hil baitzen berrogei urte ere ez zituela. Karlos Cid Abasoloren itzulpenez, bi liburukitan argitaratu zen euskaraz Xveik soldadu onaren menturak: 1992an lehen zatia (Atzeguardian) eta 1993an bigarrena (Frontean), biak Josef Ladaren irudiekin apainduta. Ergelarena egiten duen Xveik literatura unibertsaleko pertsonaiarik ederrenetako bat duzu; hainbeste maite zuen Bertolt Brechtek, ezen Xveik Bigarren Mundu Gerran antzezlana idatzi baitzuen 1943an.

Abu 18 10

Jon Etxaideren antzerkiak

Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zen 1950ean Jon Etxaideren lehen antzerki lana: Amayur! (1949ko abuztuaren 28an idazten amaitua). Gaur beste bi obra eskaintzen dizkizugu, Teatro testuak webgunean jasoak: Markesaren alaba (1956an idatzi eta 1958an Egan aldizkarian plazaratua) eta Begia begi truk (1959an idatzi eta 1962an argitaratua). Baina baita ere Arturo Kanpionen Pedro Mari kontakizuna, Etxaidek euskaraz antzerkirako moldatua (1981ean).

Agenda

Efemerideak

Kritikak