Ots 24 05

Leuropa

Oraindik ere Konstituzioaren inguruko erreferendumaren oihartzunekin dabilela, Europak hainbat alderdi ezkutu ditu, eta horietako bat erakutsi zigun Pablo Sastrek 2002an, Leuropa eleberrian. Susak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak kaleratua, Tximi eta Sakiren ibilerak irakur ditzakegu, Marokon eta Euskal Herrian. Hizkuntza bixi erakargarri batean idatzia, liburu bikaina eman zigun Sastrek. Osorik irakur dezakezu orain.

Ots 22 05

Laura Freixas: “Emakumea irudikatzeko modua birsortu behar dugu”

Ez da lehen aldia gai beraz hitz egiteko Laura Freixas (Bartzelona, 1958) Euskal Herrira datorrena. Lizarran eta Barañainen Literatura eta emakumeak titulupean hitzaldi bana eskaini zuen joan den ostegunean. Idazlea, egun La Vanguardia egunkariko zutabegilea, Grijalbo argitaletxeko El espejo de tinta saileko arduraduna izan zen 1994ra arte. Hitzaldien eta berriki kaleratu Amor o lo que sea (Destino, 2005) nobelaren aitzakian aritu gara berarekin solasean.

Ots 17 05

Saltzaile baten heriotza

Arthur Millerren heriotza da azken egunotan irakurgai izan duguna, idazle estatubatuarra pasa den 2005eko otsailaren 17an hil baita. XX. mendeko antzerki-autore inportanteenetako bat, haren lan ezagunena, Saltzaile baten heriotza, Xabier Galarretak euskaratua dago. 2001ean plazaratu zuen Hiria argitaletxeak, eta orain osorik dakarkizuegu.

Ots 17 05

Iñigo Aranbarriren poemak entzuteko

1998an kaleratu zuen Iñigo Aranbarrik Harrien lauhazka poema liburua, osorik 155. Literatur Emailuan eskaini genizuena. Poema liburu eder horretara gatoz berriro ere, irakurtzera ez ezik entzutera. Liburuko dozena bat poema grabatu ditu Aranbarrik, eta hemen eskaintzen dizkizugu poetaren ahotsean entzun ahal ditzazun.

Ots 15 05

Gerra ostea eta zatiketa Alemanian

Gerra osteko Alemaniako literatura. Yaltako akordioaren eta Dresden bonbardatu ondoren, II. Mundu Gerra azken fasean sartu zen. Izan zen amaiera bitartean hildakorik, zauriturik, suntsiketarik. Alemania ez zen ekainera arte errendituko, baina gerrak hartuko zuen norabidea erabakita zegoen otsailetik. Literatura, gerra ostean, herri oso baten kontzientzia izango zen. Erruen, akatsen azterketa egingo zuen literaturak. Hor kokatu behar dira 47 taldea eta Uwe Johnson. Alemaniako garai ilun baten lekuko.

Ots 10 05

Bitoriano Gandiagaren poemak

2001eko otsailaren 21ean hil zen Bitoriano Gandiaga. XX. mendeko euskal poesigintzan derrigorrezko erreferentzia, 2003an bere poemak bere ahotsean entzuteko moduan jarri genituen 59. zenbakiko Literatur Emailuan. Irakurtzeko jarriko dugu orain haren poemen antologia. Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman  jasotako Gandiagaren poemak irakurgai dauzkazu.

Ots 10 05

Literatuzta aldizkariak laugarrena

Errepidean doa Literatuzta, izotz gainean ibiltzeko beldurti, gehiegizko jan-edanekin gogaiturik, eta kalean beste egitekorik ez eta, herriko gabon usainetik ihesi-edo, errepidean doa Literatuzta… ez dakigu nora.” Halaxe diote Literatuzta Taldekoek beren literatur aldizkariaren laugarren zenbakiaren Sarrerakoan. Nora agian ez dute jakingo, baina badoala agerikoa da. Azpeitiko Uztarria kultur taldearen bultzadaz sortua, 2003ko uztailean kaleratu zuten lehen zenbakia eta oraindik orain laugarrena. Hainbat testu eta poemak osatua, lau zenbakiak irakur daitezke Interneten, uztarria.com atarian.

Ots 08 05

Amos Tutuola: Afrika magiko hori

Ezezagunetik magikoa. Ezezagunetik beldurra. Ezezaguna Afrika. Afrika zokoratua. Sastraka. Herri kultura eta sinesmenetatik abiatuta berezko mundu bat osatu du Amos Tutuolak bere liburuetan. Mundu bat bere adierazteko modu propioarekin. Ingeles traketsean idatzi izana leporatu zioten, garaiko Nigeria anglofonoan kalean erabili izana. Dylan Thomasen babesari esker bere lanak mundura zabaldu ziren arren, ez zuten berezko izaera galdu Tutuolaren lanek. Sinesmen eta irudimenarena.

Ots 03 05

Lehorreko patera

Ez dira urte asko patera hitza gure hiztegira sartu denik, baina zoritxarrez ugari dira urte horietan itsasoan sartutako paterak. Eta asko onik atera ez direnak. Inmigrazioaren gaiari zuzen helduta Ahmeden bidaia kontatu zigun Iñaki Frierak Lehorreko paterak eleberrian, Susa argitaletxearekin 2001ean kaleratua. Ceutan abiatzen da istorioa, baina iristen da Euskal Herriraino, Ceutatik edo beste edonondik abiatzen diren pateretako bidaiariak bezalaxe. Irakurgai duzu osorik Ahmedek Jezabel arrebaren bila bizi izandakoa.

Ots 03 05

Patricia Highsmith hil zela 10 urte

1995eko otsailaren 4an, orain dela 10 urte, zendu zen Patricia Highsmith idazlea. AEBetako Texasen jaioa, 1912an, Arrotzak tren batean (1950) eleberriak egin zuen ezagun, lehenengoz, eta gerora izen handia eman Tom Ripley pertsonaiak. Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak, hain zuzen, euskaratuak dituzte Maria Garikanok eta Asun Garikanok, eta Igela argitaletxeak kaleratuak 1995 eta 1999an. Eleberrigile trebe honen euskaratutako lehen lanak ez dira horiek, ordea. Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan (Slowly, slowly in the wind, 1979) narrazio bilduma euskaratu baitzuen 1988an, Elkar argitaletxeak argitaratua. Bost narrazio erakargarrik osatua, misterioa bezala pertsonaien arima protagonista diren bost narraziok osatua, osorik eskaintzen dizugu.

Ots 01 05

Adam Zagajewski: bi aberri galdu zituena

Czeslaw Milosz eta Wislawa Szymborskaren itzala luzea da Polonian. Poesiaren erreferentzia nagusiak izan dira biak ala biak. Azken urteetan, baina, Adam Zagajewski gehitu zaie. Bereziki poesia eta saiakera landu ditu. Frantzian ezagunagoa —Parisen egon zen erbesteratuta—, Bartzelonako Acantilado argitaletxeak haren lanak argitaratuko ditu datozen hilabeteotan. Mende baten eta herri baten sentipena dira beste testuok. Poloniarrena eta XX. mendearena.

Urt 27 05

Pirineoak eta poesia

Lau poeta katalan (Marc Granell, Marta Pessarrodona, Josep Palau i Fabre eta Gemma Gorga) eta lau euskaldun (Jean Louis Davant, Tere Irastortza, Arantxa Urretabizkaia eta Felipe Juaristi) errezitalak ematen arituko dira datozen egunetan Idazle Elkarteak antolatutako Pirinioak Pirineus ekimenean. Saiook, urtarrilaren 27an (osteguna) 19:00etan Andoainen, urtarrilaren 28an (ostirala) 19:00etan Altsasun,  urtarrilaren 29an (larunbata) 19:00etan Bilboko Kalderapekon eta urtarrilaren 30ean (igandea) 19:00etan berriz ere Andoaingo Bastero kulturgunean. 

Urt 27 05

Nemesio Etxanizen poesia

Urtarrilaren 27an hil zen, 1982an, Nemesio Etxaniz. 1899an jaioa, gerra aurreko aldizkarietan jardun eta olerkari gisa ezaguna egin zen. Kartzelaratua, gerra ondorengo euskal literaturako pertsona inportantea izan zen, eta halaxe bere jarduera bertako eta erbesteko aldizkari eta liburugintzan. Jakin zuen, horretaz gain, idazle eta kulturgile gazteenekin harremana egiten eta 60-70etako kultur giroan ere aritu zen. Hainbat lanen egile, bere poesia lanen antologia kaleratu zuen Susak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman. Hementxe duzu osorik.

Urt 20 05

2004an 238 literatur kritika

2000. urteko abenduan hasi ginen prentsako literatur kritikak batzen. Euskal liburuen kritikak agertzen diren medio guztiak hustutzen ahalegintzen gara, eta dagoeneko 1000tik gora kritika batu ditugu azken urteotan. Iazko guztiak batuta daude jada, eta guztira 238 liburu kritika batu ditugu kritiken hemerotekara. Kritikok bilatzeko modua dago Susaren kritika hemerotekan; liburuaren arabera, egilearen arabera, argitaletxeka, kritiken egileka edota agertu den komunikabidea galdetuz. Bilatzaileak horrek datuok guztiok emango dizkizu.

Urt 20 05

Miguel Torga hil zela 10 urte

1995eko urtarrilaren 17an hil zen Miguel Torga idazle portugaldarra. S. Martinho de Antan 1907an jaioa, Adolfo Correia da Rocha benetako izena zuena, XX. mendeko Portugalgo ahots inportanteenetako bat izan da. Jenero guztiak landu zituen, eta lan inportanteak dauzka hala poesian nola narratiban. Piztiak narrazio liburua (Os Bichos, 1940), bere narratiban erreferentzietako bat, 1997an euskaratu zuen Bego Montoriok, eta Alberdania argitaletxeak argitara eman. Ipuin bilduma interesgarri horretako bi ipuin aurkezten dizkizugu, Nero eta Vicente, eta hitzaurrea, Miguel Torgaren eta liburu honen aurkezpena dakarrena.

Agenda

Efemerideak

Kritikak