Ots 21 07

Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia nobela

Orson Wellesek esan ohi zuenez, sekula egon den magorik handienetakoa zen The Great Iturrino, pertsona bat hiru zatitan egiten duen kaxaren asmatzailea: burua alde batera, oinak bestera eta enborra hirugarrenera. Hasier Etxeberriak Cosme Iturrino magilariaren bizitzako une gogoangarriak agertu ditu Iturrino Handia nobela berrian: Anne eta Belle, Orson Welles, John Huston eta beste zenbait adiskiderekin bizi izandakoak. Liburua aurkezteko Joxerra Garzia izango du lagun, otsailaren 23an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Susa.

Ots 21 07

W. H. Auden-en jaiotzaren mendeurrena

1907ko otsailaren 21ean, duela 100 urte, jaio zen Wystan Hugh Auden, poeta, kritikari eta antzerkigilea, askoren ustez XX. mendeko poesia ingelesaren gailurra. Poems (1928) liburutik hasi eta 1971ko Academic Graffitti libururaino, hala poesian nola antzerkian, mende oso bateko poeta bilakatu zuten. Juanjo Olasagarrek euskaratu zuen haren poemen antologia bat eta Susa argitaletxearekin publikatu, osorik irakur dezakezuna (Poema Antologia, Susa 1994). Rikardo Diaz de Arregiren hitzaurre batekin, liburuak W.H. Audenen bibliografia ere badakar. Horretaz gain, euskaraz Joseba Sarrionandiak jarria zuen Forma fin bat ikus dezazuenean (When you see a fair form) eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan argitaratua (Pamiela, 1985).
(gehiago…)

Ots 20 07

3.000 literatur kritika

Aldizkari eta egunkarietan astero argitaratzen diren literatur kritikak biltzen ditu, 2001. urtetik hona, Susaren webguneko Kritiken Hemeroteka atalak. Antzinako batzuk ere batuak dira, adibidez Zeruko Argia eta Argia-koak (1964-1997) edo Euskaldunon Egunkaria-koak (1990-2000). Denera 3.000 kritika baino gehiagoko bilduma duzu jadanik. Horiek denak, beste era batera antolaturik, Literaturaren Zubitegia gunean ere aurkituko dituzu, idazle bakoitzaren bibliografiaren ondoan.

Ots 20 07

Piarres Larzabalen antzerki lanak (II)

Iragan astean hasitako saioari jarraipena emanez, Piarres Larzabalen antzerki lanen bigarren eta azken multzoa aurkeztu du Klasikoen Gordailuak, 1960tik aurrera idatzitakoek osatzen dutena. Horien artean, gai historikoekin batera egunean eguneko gaiei heltzeko azaldu ohi zuen erabakimen sendoa garbi azaleratzen da. Paper mende (1964), Sarako lorea (1964), Senperen gertatua (1964), Lana eri (1965), Suedako neskatxa (1965), Basabeltz (c. 1966), Ihauteriak (c. 1966), Nor da hobenduna? (c. 1968), Ibañeta (1968), Matalas (1968), Roxali (1970), Angles ginelarik (1973), Otsoak artaldean (1973) eta Pastorala antzeko antzerkiak (1964-1974). Datorren astean, Larzabalen idazlanen bilketa bururatuko dugu, haren prosazko lanak sareratuz.

Ots 18 07

Oscar Wilde: Bizitza artelan

1898ko otsailaren 13an, Oscar Wilderen The Ballad of Reading Gaol argitaratu zuen Londresko aldizkari batek. Bere izenez ez, egon zen ziegaren erreferentziarekin sinatu zuen poema: C33. Bingen Ametzagak ekarri zuen euskarara Euzko Gogoa aldizkarian. Ametzagaren itzulpenetik, Oscar Wilderen (1854-1900) bizitza eta literaturaren hainbat kontu segidan.

Ots 16 07

Utikan Euskadi Sariak

Hogeita bederatzi idazlek eta itzultzailek “Utikan Euskadi Sariak” izeneko agiria kaleratu dute gaur, sari horietan parte hartzeari uko eginez, “hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa”. Bertan salatzen da sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea, eta literaturaren kontzeptu murritz bat hedatzen dutela iritzi publikoan eta irakurlegoan. Agiria osorik irakurtzeko, edota atxikimenduak helarazteko: www.utikan.com.

Ots 14 07

Joseba Alkalderen Babiecaren hotzikarak

Itoizen kantu askoren letraren egilea zelako ezaguna, 1985ean argitaratu zuen Susak Joseba Alkalderen Babiecaren hotzikarak poema liburua. Oraingoz publikatua duen bakarra. Hitzen harreman estetikoarekin eratutako mundua da poema hauetan topatuko duena irakurleak, hitzen arteko harremanak, irudiak, sinboloak, mundu ezkutuak. “Hitz kondensatuek liburu forratuetan ingurua blaitzen duten bitartean“, idazten du Alkaldek. Poema kondentsatuek balitutakoa da orain osorik eskaintzen dugun liburua, Babiecaren hotzikarak.

Ots 14 07

Piarres Larzabalen antzerki lanak

Euskal idazle erraldoia aurkezten du aste honetan Klasikoen Gordailuak: Piarres Larzabal. Euskal antzerkiak izan duen egile emankorrena, eta beharbada onena. Ahozko hizkera eta hizkuntza landua uztartzen maisu izan zen azkaindarra, eta pertsonaien eraikuntzan gutxi izango dira hura bezain iaioak. Haren antzerki lan guztietatik gorde ahal izan zirenak, berrogeita bi denera, Piarres Xarritonek bildu zituen, eta 1991tik aurrera lau liburuki marduletan argitaratu. Gaurko honetan, 1960ra bitartean idatzitakoak aurkezten ditugu: Nork hil du Oihanalde? (c. 1950), Xirristi-mirrixti (c. 1950), Etxahun (1951), Bordaxuri (1952), Portu Txoko (1954), Berterretx (c. 1955), Hila espos (c. 1955), Herriko botzak (1956), Hiru ziren (1957), Mugari tiro (1959)  eta Antzerki laburrak (1934-1966). Pertsonaia historikoak, hauteskundeak, emigrazioa, kontrabandoa, gerra, familia barneko gorrotoa… gai eta korapilo ugari, badu non hautatua irakurleak. Datorren astean, 1960tik aurrera idatzitakoak dastatu ahal izango ditugu.

Ots 13 07

Oscar Wilderen kartzelako balada

Gaurkoa bezalako egun batez, 1898. urtean, Oscar Wilderen The Ballad of Reading Gaol argitaratu zen Londresen, idazlearen izenik gabe baina bera preso egondako ziegari zegokion ikurraz: C33. Oscar Wilde 1895eko maiatzaren 25ean atxilotu eta maiatzaren 30ean kondenatu zuten bi urteko kartzela zigorrarekin. 1897ko maiatzaren 19an askatu zuten Reading presondegitik, eta Frantziara erbesteratuta Berneval-en idatzi zuen poema luze hau, ingeles literaturako ederrenetakoa, kartzelako urkamendian hil zuten gizon bati buruzkoa. Euskaraz Bingen Ametzagak jarri zuen: Reading Bahitegiko Leloa, 1954an Euzko-Gogoa aldizkarian, eta 2006an Itsaso aurrean liburuan berrargitaratua.

Ots 11 07

James Salter: Amodioaren gozoaz, amodioaren garratzaz

Maitasunaz, harremanez ari da James Salter (New York, AEB, 1925) momentuz azkena duen Last Night (La última noche, Salamandra, 2006) liburuan. Hamar ipuin, hamar harreman kontatzen ditu, baina zalantzak ehunka, galderak milaka kontatzen dira. Ez da dena ederra amodioan: denboraren joana, aukera galduak, mina. Hanka artekoak edo biriken azpikoak bideratutako bizitza nora ezean jartzea lortzen duten istorioak dira. Pertsonaia guztietan zoriontasunaren eta estasiaren memoria traizioaren ondorioekin lotuta dago.

Ots 08 07

Fernandez de Larrinoaren Gauerakoan

1984an plazaratu zen Kepa Fernandez de Larrinoa, Gauerakoan olerki liburuarekin (Susa, 1984). Bi ataleko liburua —Bizi naizen mundu honetan eta Zutaz—, izadia eta autorearen mundua dira kantagai, baina haien baitan poetaren minberatsuna, injustizia, ihes-nahia dira kontagai. Bertso normalean laburretan, errimadunak maiz, irudi eta metafora handi eta ederrak baino poema narratiboak, objektiboagoak dira Fernandez de Larrinoarenak. Urteak joan zaizkit poemarioan (Bizkaiko Foru Aldundia, 1991), ildo beretik, idazleago ageri da poeta. Lehen liburuan ere presentzia duen Bilbori, hiriari, poema ederrak eskaintzen dizkio liburu honetan. Gauerakoan poema-liburua eskaintzen dizugu oraingoan osorik.

Ots 06 07

Klasikoen Corpusa

2005ko apirilean abiarazi genuen Klasikoen Gordailua, euskal testu klasikoen gordailua gauzatzeko asmotan, eta urte biotan XX. mendea bitarteko testu klasiko ia guztien bilgunea bihurtzen ari da. Hasieran 205 liburu biltzen zituen, eta 2006ko abendurako 374ra emendatu da sareratutako liburuen kopurua.

Testu asko ezezagunak zaizkie irakurle arruntei, mordoxka bat ezin dira lortu liburutegietan ez baldin bada, eta asko liburutegi gehienetan ere ez daude, atalka plazaratu diren edo argitalpen bateraturik ezagutu ez duten testuak daude.

Klasikoen Corpusa deitzen dugun honen helburua, testu masa hori modu egituratuan eta etengabeko eguneratzean eskaintzea da, dagozkion kontsulta tresnekin batera.
Hauek dira Klasikoen Corpusa osatzen duen materialaren datu zehatzak, gaur egun:

  • 374 liburu
  • 10,4 milioi hitz
  • 64,7 milioi karaktere

Klasikoen Corpusaren aurkezpenean Gotzon Aurrekoetxea irakasleak eskainitako berbaldia.

Ots 04 07

Belea, adur txarreko txoria

1845eko urtarrilaren 29an argitaratu zen lehendabizikoz Edgar Allan Poeren The Raven (Belea) poema ezaguna, New Yorkeko Evening Mirror egunkarian. Oraindik ere konposizio eredu bat da. Irakurri, kantatu eta errezitatu egiten da. Erromantizismo garaian, besteak beste, poesia inspiratu, emozionatu eta espresibo bat indartu zen. Alabaina, bitxia bada ere, erromantizismotik bertatik joera intelektualista bat ere sortu zen, poemagintzan inteligentzia, kalkulua eta metodoa lehen mailan jartzera zetorrena.

Ots 01 07

Iñaki de Juanaren Egunak

87 beteko ditu gaur gose greban Iñaki de Juana Chaos euskal presoak. Bigarren baraualdiko 87 egun. Aurreko 63ei gehitu behar zaizkienak. Egun asko. De Juanarekiko elkartasuna adierazi nahi izan dute hainbat idazle eta musikarik, zenbait kultur eragilek eta berarengana joan dira, bisita egitera. Egun batez. Badaki horretaz donostiarrak: hala bisitez nola egunez, hogei urte baitaramatza preso Espainiako espetxeetan. Eta presoaren bizitzan bisitak oso inportanteak dira, eta egunak, egunen joana, elementu. Milaka dira zigorrek gordetzen dituzten egunak, milaka gatibu daramatzanak. Eta horietako zenbait kontatzea erabaki zuen De Juanak eta Días liburua egin zuen, eta Txalapartarekin kaleratu 2000ko udaberrian. Edizioa bikoitza izan zen, gaztelaniazkoarekin batera euskaraz ere kaleratu baitzuten, Egunak izenburuarekin, Edorta Agirrek euskaratuta. Osorik eskaintzen dizugu

Ots 01 07

Etxeberri Ziburukoaren idazlan guztiak

Esan ohi da gure literaturan maiz aipatuak bezain ezezagunak diren idazleen zerrendan Joanes Etxeberri Ziburukoak hartzen duela lehen tokia. Arrazoiak, beste hainbatetan bezala, obrak eskuratzeko zailtasunarekin lotu izaten dira eskuarki. Horretaz oharturik, Klasikoen Gordailuak sarera igo nahi izan du oraingoan ziburutarraren liburuen artean eskuraezinena suertatzen zena, hots, Elizara erabiltzeko liburua (1636: 1665). Era honetan, gainera, XVII. mendeko idazle nagusienetako honen obra guztiak geratzen zaizkio eskuragarri irakurleari, lehendik Manual debozionezkoa (1627: 1669) eta Noelak (1631: 1665) baitzeuden Klasikoen Gordailuan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak