Abe 05 06

Argi bila

Asteroko spotetan, Argi bila izenekoaren txanda da oraingoan; Franco Matticchio artista italiarraren marrazki batean oinarrituta, Josu Landak sortutako animazioa. Irakurtzeko grinak zertara eraman dezakeen ohartuta, beharbada hobe izango duzu badaezpadako neurriren bat hartzea: Ez dizu onik egingo.

Abe 03 06

Donna Leon: “Literaturan ez dago erantzun zuzen bakarra”

Italian ez bezala, Euskal Herrian arazorik gabe ematen ditu elkarrizketak Donna Leon idazle arrakastatsuak. Horretarako ere baliatu du Donostiako egonaldia.

Abe 01 06

Koioteren arrastoa, Edorta Jimenez

USAko kontakizunak dituzu, humanoak eta dibinoak, Koioteren arrastoa liburukoak. Edorta Jimenezek 2002 eta 2005 urteetan Kalifornia, Nevada, Idaho, Coloradora egindako bidaietan ezagututako jendearen bizimodua erretratatzen du. Euskaldun amerikanoak, Renoko unibertsitateko giroa, mormoien jai bat… eta batez ere Paiute eta Ni Mi Pui herri indigenen kezkak eta sinesmenak.

Abe 01 06

Madame Bovary-ren 5. emanaldia

Duela 150 urte Madame Bovary zatika argitaratzean, nobelaren bosgarren emanaldia eskaini zuen La Revue de Paris aldizkariak 1856ko abenduaren 1ean, eleberriaren III. zatiko 1-6 atalak, hona ekarri ditugunak. Emma Bovary mintzo zaio Monsieur Leoni: “Ni zaharregia naiz… zu gazteegia zara…, ahantzi nazazu!”. Baina maitaketan jarraituko dute: “Hain zeharo galdurik zeuden elkarren gozamenean non, han, beren etxe partikularrean zirela uste baitzuten, eta bertan bizi behar zutela hil arte, bi ezkonberri eternalen gisa”. Hamabost egun barru ekarriko dugu nobelaren amaiera.

Aza 29 06

Hizlandia, Iñigo Aranbarri

Berria egunkarian 2004-2006 urteetan Iñigo Aranbarrik idatzitako artikuluen antologia da Hizlandia liburua. Egunero euskaraz idatziz informatzearen zailaz eta ederraz dihardu. Kazetarien ohiturak eta akatsak, asmazioak eta hiztripuak agerian jartzen ditu, ohar beti bereziekin. Kazetaritza arduratsuaren bindikapena da Aranbarriren artikulu bakoitza. Hizlandia azaroaren 30ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Aza 28 06

Maitaleak

Jon Benito eta Oihana Leundaren Maitaleak spota duzu aste honetakoa. Maitaleak ostendu egin ohi dira ikusleen begiratuetatik, baina idazleek bezalaxe irakurleek ezin eutsi bihotz bazterrak arakatzeko irritsari. Segi kuskusean beti bezain begiluze, hainbeste atsegin baduzue! Hurrengo astean: Josu Landak egindako iragarkia.

Aza 26 06

Kurt Vonnegut: zenbait iritzi petral…

1969an kaleratu zuen “Slaughterhouse-Five or The Children’s Crusade” liburuarengatik ezagutuko dute gehienek. Geroztik liburu gehiago ere kaleratu ditu Kurt Vonnegutek, baina arrazoi sendorik gabe, zientzia fikzioaren apalera gatibatu izan dituzte haren lanak.

Aza 24 06

Rimmel, Koldo Izagirre

Gurasoaren poemak dira Koldo Izagirreren liburu berrikoak. Kantu, asmakizun jolasti eta poemen bitartez istorio oso bat kontatzen digu Rimmel bildumak, lau ataletan: alabaren jaiotza, gero lehen eskolatzea, ondoren nerabezaroa eta, azkenik, etxeko babes girotik askatzea bide berri bila. Liburuko lau ataletatik bina eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

Aza 23 06

Juan Antonio Mogelen lan gehiago

Juan Antonio Mogelen idazlanei berriro ere helduz, Klasikoen Gordailuak hiru izenburu berri dakartza oraingoan. Ipuinak bezala identifikatu bildumak eibartarraren alegia edo fabula ezagun guztiak (laurogeita zortzi, orotara) biltzen ditu bere baitan, hitz lauz zein hitz lotuz idatzi-moldatuak. Mogelengan ohikoegia ez bada ere, haren Konfesio ta komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1800) izeneko liburua gipuzkeraz idatzia dago eta alderdi guztietatik biziki interesgarria den “Erakurle euskaldunari itz-aurrekoa” darama hasierako orrialdeetan. Gaurko eskaintzarekin amaitzeko, Paskalen Gogamenak (1899) edo direnak (hamabost baino ez, eta ez frantsesak idatzitako interesgarrienak, tamalez) luzatzen dizkigu eibartarrak bizkaieraz.

Aza 22 06

Jon Alonsoren Erretzaileen eremua

Jon Alonsori nobelak eta saiakerak ezagutzen dizkiogu lehendik. Susak oraintxe argitaratutako Erretzaileen eremua da bere aurreneko ipuin liburua. Hamahiru narrazioetatik hiru eskaintzen dizkizugu hemen, eta irudizko bideo bat ere bai, liburuaren trailer gisara Alonsok egina. Sekula ezer erre ez dugun erretzaileok ez dugu erretzeari uzteko ametsa alde batera utzi.

Aza 21 06

Begiak galdu arte

“Ez dizu onik egingo” aste honetako spotak ere: Begiak galdu arte, Aitor Bengoetxea eta Xabi Bordak egina. Badira ohean bakarrik irakurtzen duten irakurle porrokatuak, badira ohean sekulan irakurtzen ez duten irakurle amorratuak. Batzuk eta besteak ez dira berdin eranzten oherakoan. Hurrengo astean, Oihana Leunda eta Jon Benitoren iragarkia.

Aza 19 06

Gyula Madarasz: bestiarioak, ez da ez direnik esan behar

Gyula Madarasz ornitologoaren testuek balio literario ikaragarria dute, zientifikoa baino gehiago ia. Arrakasta handiz saltzen dira Hungarian hark idatzitako liburuak, literatur altxor moduan.

Aza 15 06

Joxan Oizen Beñat Dardo nobela

Bernat Etxepare, lehen euskal liburua argitaratu zuen hura bera da Beñat Dardo, Joxan Oizen lehen nobelako protagonista. Paueko espetxetik Garazira preso bidalia izan zenetik Linguae Vasconum Primitiae Morpainen Bordeleko inprimategira eraman artekoak kontatzen ditu eleberriak; baina baita ere gaztetako kontuak, Martin Bereau kartzelazainak arretaz aditzen dituenak. Nobela hau idazteko Jaka Beka saria izan zuen Joxan Oizek. Azaroaren 22an (asteazkena) 11:00etan aurkeztuko du Susa argitaletxeak Donostiako Bilintx liburudendan.

Aza 15 06

Itxaro Bordaren poemak

Sei poema liburu plazaratu ditu Itxaro Bordak 1984an Maiatz argitaletxean Bizitza nola badoan kaleratu zuenetik: Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1986), Just love (Maiatz, 1988), Bestaldean (Susa, 1991), Orain (Susa, 1998), Hautsa errautsa bezain (Maiatz, 2002). Prosan bezalaxe, poesian ere indartsu eta ausart ageri da Borda, bere mundu bakarretik mundu anitz lantzen dituena. 2000. urtean bere poemen selekzio bat kaleratu zen XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman.

Aza 14 06

Madame Bovary-ren 4. emanaldia

Hamabosteroko maiztasunari jarraiki, 1856ko azaroaren 15ean eman zuen argitara La Revue de Paris aldizkariak Madame Bovary-ren laugarren emanaldia, hementxe eskaintzen dizueguna. Emanaldi honetan liburuaren II. zatiko azken hiru kapituluak, 13, 14 eta 15. atalak, publikatu zituen

Agenda

Efemerideak

Kritikak