Mar 18 07

Alan Furst: Nor da heroia orain?

Gerraren egunerokoa. Erresistentzia eta maitasuna. Bi oinarri horien inguruan lotzen dira Alan Furst-en liburuak. Fursten “The Foreign Correspondant” (“El corresponsal”) liburua argitaratu du Seix Barral etxea Fursten lanei eskainiriko saila zabalduz.

Mar 13 07

Zakur kale Harkaitz Zubiriren narrazioak

Gaur egungo donostiarrak dira Zakur kale liburuko bizilagunak, estuasun eta azpikerien artean nor gehiago, etorkizun oparoago baten bila aztarrika. Burgesiaren erretratu bat egiten du Harkaitz Zubirik bere lehen narrazio liburuan. Martxoaren 15ean (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du, Harkaitz Cano duela lagun. Zakur kaleko bi ipuin eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa. Argitaldaria: Susa.

Mar 12 07

Gorka Setienen Ez sinkronia

Gorka Setienen bakarkako lehen liburua —eta oraingoz azkena— da Ez sinkronia, Susa argitaletxeak 1985ean argitaratua. Eta zergatik ez… Sigrid? liburuan plazaratuak zituen hainbat poema, eta baita lehenago narrazioak ere. Bakarka ekin zion 1985ean, poesiaren bidezko bere bilaketari. “zer ari zara bilatzen / zer bilatzen / egi librea akaso / edo gerri perfektoaren insinuazioa?“. Bost ataleko liburua, erritmoz betetako poemetan bere barne-mundua ehuntzen du Gorka Setienek. Osorik irakur dezakezu Ez sinkronia.

Mar 11 07

Ehun bakardade urteren eskasia urteak

Laurogei urte bete dituelako gogoratu dute asteon. Berrogei urte bete direlako ‘Cien años de soledad’ argitaratu zela. Mende laurden delako Nobel Saria eman ziotela. Gabriel Garcia Marquez.

Mar 09 07

Bazka aldizkari berria

“Literaturaren soziologia baterako” azpi-tituluarekin agertu da Bazka aldizkari elektronikoa. Gaurko gure literaturaz azterketa eta gogoeta egitea du xedea. “Uste dugu inpartziala izan nahi duen soziologia ez dela benetako soziologia: arrazoiak erakutsiko ditugu inpartzialak ez izateko”, adierazi du Gorka Arresek, aldizkariaren zuzendariak; “gure iritziak arrazoietatik atera nahi ditugu, eta ez gure iritzien araberako arrazoiak”. Azken asteetan Euskadi Sariek hartu dute gure letren munduan eremu handiena, eta horri buruzkoekin abiatu da Bazka. Oier Guillanek idatzi du lehen artikulua, Jose Luis Otamendik bigarrena. Artikuluez gainera, datutegi bat eta kontzeptu sozio-literarioen hiztegi bat dituzu.

Mar 08 07

Gema Lasarteren Hitz antzuen azokan

1985ean plazaratu zuen, Susa argitaletxearekin, Hitz antzuen azokan poema liburua Gema Lasartek. Eta hitz antzuak akaso, eta baita hitz hutsak, arrotzak, alperrak, kamutsak, zaurituak… aurkituko dituzu poemarioan. Bere gorputz barrenetik kanporantz indarrez jaulkitako hitzak, idazlearengandik mundura indarrez datozenak: “Nere despoesia kaxkarra, labaina bihurtu / nahi nuke, / hitzak zorroztuz, esanahiak mikaztuz“. Azoka horretan buelta bat emanez, osorik irakur dezakezu Hitz antzuen azokan.

Mar 05 07

C. Day Lewis-en Nabarra

1937ko martxoaren 5ean, orain dela 70 urte, Matxitxakoko lurmuturraren aurrean, itsas bataila handia izan zen Espainiako Gerraren baitan. Francoren Armadako Canarias gurutzuntziari aurre egin zieten Euzko Gudontzidiko bouek. Matxitxakoko guda historiko hartan Nabarra ontzia azkeneraino borrokatu eta Kantauri itsasoko uretan hondoratu zen. Hantxe segitzen du. Batailaz George Steer kazetariak egindako deskribapena baliatuta, The Nabarra poema idatzi zuen Cecil Day Lewis poeta ingelesak 1938an, artean gerra amaitu gabe zegoela (Overtures to Death liburuan plazaratu zuen). Idatz & Mintz aldizkariaren 37. zenbakiak separata moduan plazaratu zuen poema, bertsio elebidunean, jatorrizkoa eta Luigi Anselmik egindako itzulpena. Hala batailaren ingurukoak nola bereziki Day Lewisen bizitza eta lanari dagozkionak Jesus A. Etxezarragak azalduta datoz, bestalde, liburuari egindako sarreran. 2006an Bassaraik argitaratu du berriro poema euskaraz, Jose Luis Padronen itzulpenarekin. Osorik eskaintzen dizugu Nabarra, Luigi Anselmik egindako itzulpenean.

Mar 04 07

Philip K. Dick: Errealitatea eta eldarnioak

XX. mendeko erreferentziazko idazleetako bat bada ere, Philip K. Dick, bizi zela, ez zen oso estimatua izan. Gremiokoek bai, Stanislaw Lemek edo Robert A. Heinleinek estimatu zuten, baina generora menostua zegoen zientzia fikzioa, eta ozta-ozta eman zion literaturak bizitzeko. Literatura bizibide eta askabide izan zuen: terapia eta eldarnio.

Mar 01 07

Iñigo Barandiaranen Klick ssssh klack

1984an argitaratu zuen Iñigo Barandiaranek oraingoz bakarra den bere liburua, Klick ssssh klack poema liburua. “Olerkia poliki irakurri, eta interpretatzen gostu duen edonorentzat oso liburu atsegina gerta liteke”. Argia aldizkarian egin zion kritikan halaxe zioen Iñaki Caminok. 34 poemaz osatutako liburua, irudi aberatsez apaintzen ditu Barandiaranek gehienetan bigarren pertsonari hizketan egiten dioten poemak. Osorik eskaintzen dizugu Klick ssssh klack.

Ots 28 07

Piarres Larzabalen prosa lanak

Aste honetakoarekin bururatzen dugu Klasikoen Gordailuak Piarres Larzabalen lanei eskainitako tartea. Oraingoan, haren obran ospe txikiena duen zatia aurkezten dugu: prosa lanak. Oroitzapenak izenekoan, hil ostean argitaratutakoan, bizi izandako ugari kontatzen ditu: haurtzaroa, gerla, apaizgoa, errefuxiatuak…
Gainerako lanak bi titulutan bilduta daude:
Ipuin eta ixtorio, eta Hitzaldi eta mintzaldi. Guzti-guztiak, 1930ean hasi eta 1988ra bitarteko tarte luze bezain jorian idatzitakoak.

Ots 28 07

Maiatz literatura aldizkariak 25 urte

Maiatz aldizkariak zenbakia kaleratu zenetik 25 urte iragan dira, eta beti hor. Tarte horretan, 43 zenbaki, 55 bat liburu, erdiak poesia, dena hirurogei bat idazleren adierazpide. Eta oraino ez du azken hitza errana, iduriz. 44. zenbakia bidean dauka. Hori bai, beti bezala, “diskretuki”, errepikatzen du Lucien Etxezaharretak, Maiatz aldizkariaren sortzaile bat denak eta aldizkariak zein argitaletxeak bizirauteko ezinbesteko lana eramaten duenak.

Ots 25 07

Eta orain, Iran?

AEBek ustez Iran erasotzeko dituzten planak agertu dira egunotan hedabideetan. Zigor ekonomikoen bidez, Iranek uranioa aberasteari utz diezaion saiatzen ari direla diote. Iran jopuntuan dute AEBek, beraz. Eta guk, Iranen eta AEBen artean gaudenok, zer dakigu Irango herriaz eta hango literaturaz?

Ots 21 07

Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia nobela

Orson Wellesek esan ohi zuenez, sekula egon den magorik handienetakoa zen The Great Iturrino, pertsona bat hiru zatitan egiten duen kaxaren asmatzailea: burua alde batera, oinak bestera eta enborra hirugarrenera. Hasier Etxeberriak Cosme Iturrino magilariaren bizitzako une gogoangarriak agertu ditu Iturrino Handia nobela berrian: Anne eta Belle, Orson Welles, John Huston eta beste zenbait adiskiderekin bizi izandakoak. Liburua aurkezteko Joxerra Garzia izango du lagun, otsailaren 23an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Susa.

Ots 21 07

W. H. Auden-en jaiotzaren mendeurrena

1907ko otsailaren 21ean, duela 100 urte, jaio zen Wystan Hugh Auden, poeta, kritikari eta antzerkigilea, askoren ustez XX. mendeko poesia ingelesaren gailurra. Poems (1928) liburutik hasi eta 1971ko Academic Graffitti libururaino, hala poesian nola antzerkian, mende oso bateko poeta bilakatu zuten. Juanjo Olasagarrek euskaratu zuen haren poemen antologia bat eta Susa argitaletxearekin publikatu, osorik irakur dezakezuna (Poema Antologia, Susa 1994). Rikardo Diaz de Arregiren hitzaurre batekin, liburuak W.H. Audenen bibliografia ere badakar. Horretaz gain, euskaraz Joseba Sarrionandiak jarria zuen Forma fin bat ikus dezazuenean (When you see a fair form) eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan argitaratua (Pamiela, 1985).
(gehiago…)

Ots 20 07

3.000 literatur kritika

Aldizkari eta egunkarietan astero argitaratzen diren literatur kritikak biltzen ditu, 2001. urtetik hona, Susaren webguneko Kritiken Hemeroteka atalak. Antzinako batzuk ere batuak dira, adibidez Zeruko Argia eta Argia-koak (1964-1997) edo Euskaldunon Egunkaria-koak (1990-2000). Denera 3.000 kritika baino gehiagoko bilduma duzu jadanik. Horiek denak, beste era batera antolaturik, Literaturaren Zubitegia gunean ere aurkituko dituzu, idazle bakoitzaren bibliografiaren ondoan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak