Bizitzaren joanean, kolkoa zera bihurtu zaigu, iraganaren errautsak gordetzeko urna moduko bat. Baina ez da erraza errautsa aldean erabiltzea begietan azkurarik igarri, azala zikindu edota eztulik egin gabe. Izenburu alegoriko bezain ironikoa dauka Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoanpoema liburu berriak, zeinetan azken hamarkadan hainbat gairen inguruan idatzitako poemak biltzen dituen: nortasuna eta memoria; genealogia femeninoak; bidea locus ideal gisa; desamodioa, dolua, heriotza; indarkeriazko ekintzetan dugun ardura; poesiaren gaineko poesia. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.
Baliteke gaurkoa izatea azken bisita. Eta oraindik ez zaizkio natural ateratzen talegoa bezalako hitzak. Batzuetan fribolo samarrak iruditzen zaizkio haien arteko elkarrizketak, ez dutelako politikaz hitz egiten, baizik eta pelikulez, liburuez, ametsez. Uzkiari buruzko tailer batean ezagututako lagun txiletar batzuen etxean geratu zen lehenengo bisitan. Geroztik, ardo botilak hustu zituzten, “ahizpa” esan zioten elkarri, bizi zituzten biolentziak konpartitu. Baina haiei ez zien kontatu muga gurutzatuta trena hartzean sentitzen zuen izua, Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua gertatu zenetik.
Osorik duzue sarean irakurgai Kattalin Minerren Turista klasea nobela laburra.
Testu teatroaren kalitatearekiko mira, euren sasoiko euskararekiko atxikimendua, eta, kasu askotan, emakumeen begirada sozial bati loturiko jarduna, beren belaunaldiko testuinguruan erreferentzia bakanetakoa izan dena. Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria. 1989an hasi zuen ibilbidea Hika antzerki taldeak, hainbat etapa ezagutu dituena. Eta une batean Arantxa Iturberen hitzak batzu zitzaizkion Agurtzane Intxaurragaren antzerki-senari, eta bien artean hainbat lan osatu dituzte. Ganbilako bildumara ekarri dugun Bidaideak honetan hiru elkartu ditugu: Ai ama!(2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010). Taula gainean bezainbat goza ditzazuela orain paperean.
Lisipe bildumak zortzigarrena du kalean jadanik: Marina Sagastizabalek idatzitako Hiruki gatazkatsua. Eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa da liburua, eguneroko horretan gurutzatzen diren hiru dimentsioren artikulazioan oinarritzen den hirukiaz diharduena: etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hiru eremu horiek nola zeharkatzen dituzten bizitza zikloak, eta hiruren denborak nola uztartzen diren, edo talka egiten duten. Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten duten esperientziak aletzen dira orrialdeotan, eta, esperientza horietatik abiatuta, mugimenduan dauden ideiak eta gogoetak plazaratu.
“Horrek etxeko urak dauzka” esaten da Ondarroan etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela. Bada beraz iturburu bat. Amatasunetik idatzitako liburu bat bainoago, leku batetik idatzitako liburua baita Leire Bilbaoren poema bilduma berria, amatasunetik. Urak botaz hasten da, umearen eta amaren erditzearekin; listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraska inguruko domestikotasuna. Liburua ez dago amatasun idiliko batetik idatzita, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozak eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera. Osorik irakur dezakezue Etxeko urak sarean.
Jostuna bata, brodatzailea bestea. 70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marx eta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dute musika lagunekin, edo abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bide batez, garai batena ere bai. Osorik eskaintzen dizuegu Dendaostekoak sarean.
Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, pailazo sudurra jantzita, eta haren hiletara ez zen ia inor joan. Kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko. Izan ere, zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Zer lotura du haren heriotzak elkar ezagutu zutenean grabatutako VHS zintarekin? Ilehoriak gogoan du Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia iniziatikoa, nola bisitatu zuten Lorcaren herria, nola ezagutu zituzten La Marabunta antzerki konpainiako kideak, nola izan zen hura guztia pizgarri bere ibilbide artistikoarentzat. Gorputz hartara itzuli nahiko luke, orduko sentsazioak berreskuratu, oroitu, baina ezin du. Agian memoria beti delako ariketa kolektiboa. Agian orduko lagunak behar dituelako gertatu zena gogoratzeko. Agian lagun baten heriotza konpondu ezineko matxura delako denboraren makinan. Osorik irakur dezakezue VHS sarean.
Galder Perezen hiru obra biltzen ditu Hiru geltoki lurrun liburuak: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record. Hiru lanok egilearen kezkak islatzen dituen unibertsoa osatzen dute: homosexualitatea, zentsura, Mozal legea, kazetaritzako ustelkeria… umoretik sobera urrun ibili gabe. Eremu ttikiak, espazio itxiak gustukoak ditu Galderrek. Normala, beraz, lan honetako hiru “geltokiak”, sauna bat, erietxe bateko gela bat, eta bulego bat izatea. Eta espazio itxi horretan sartu ditu bere pertsonaiak. Eta iduri du, hiru lanetan bere pertsonaietako bat bederen “ez-lekuan” legokeela. “Ez-lekuan” dago Jesus, “ez-lekuan” gidaria, eta “ez-lekuan” Karmele. “Ez-lekuan”… edo deseroso behinik behin. Sarean duzue osorik irakurgai.
Mami Lebrun antzezlana azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren adibide bat da. Kepa Errastik idatzia, Kepa bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Mami Lebrun antzezlanean amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz hitz egiten du. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.
Eneritz Artetxe Aranazen bi antzezlan bildu ditugu Isiltasuna honetan: antzeztu gabeko Isiltasuna, eta egileak berak Dxusturi bere konpainiarekin taularatutako Karramarroa. Elkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topatuko ditu irakurleak testu hauetan. Isiltasuna ozen mintzo zaigu emakumeen ahotsez, barrenak ateratzen dizkio isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazitakoen ahotsean dagoena arakatzen du. Karramarroan espero ez genuen estetika eta umore gordin batez bete zuen oholtza, bufoiaren kodigoetatik hurbil betiere. Osorik irakur dezakezue orain sarean.
Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, eta lankide antojagarri baten adarjotzeak aguantatu behar ditu. Euskal Herritik Berlinera egin zuen ihes Martinek 80ko hamarkadan, desagertzeko bulkada bati jarraituz. Belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago artista bat, eta Isabelekin izan zuen harremana zelan hondatu zen gogoratuko du. Bikote batek Errioxan erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea, zuhaitz bat ez botatzeko eskatzera. Italian koadro berezi batzuk agertu ostean, aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da Ander. Bost ipuinez osatuta dago Julen Belamunoren Hotz industriala. Izoztutako txori baten begirada, paseo bat ontzi turistikoan laku hutsean, igelak koadro desitxuratuetan. Egunerokotasunaren zama astunegia bihurtzen denean, lanegunaren amaieran hartutako tragoa ere izan daiteke itxaropena. Osorik irakur dezakezue Hotz industriala sarean.
Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da June Jordanen poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsudunak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… Euskarara ekarri dugu orain, Ane Garcia Lopezek egindako itzulpenari esker.
Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Haren lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Euskaraz irakur dezakegu orain, Miren Agur Meabek egindako itzulpenari esker.
Miñan argitaratu eta hiru hilabete geroago, Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat du oinarri ikus-entzunezko honek. Ibrahima Balderen egunerokoa azaldu eta, bide batez, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen aferaz hausnartzen da bertan.